Europako Epaitegiek IRPHa epaitu atarian gobernuari galdera egin dio En Marea – Unidos Podemos taldeak

Aurrez EH Bildu izan bazen Kongresuan Gobernuari galdera egin ziona Europako Epaitegiek IRPHaren gaia aztertu behar dutela eta izango duen jarreraren inguruan, orain En Marea (Unidos Podemos) izan da, Senatuan.

Galderak (hemen eskuragarri dituzunak), Marcos Guerreiro IRPHaren aurkako aktibista eta adiskideak bultzatu ditu Galizatik, eta En Marea (Unidos Podemos) taldeko Vanessa Angustiak aurkeztu ditu. Talde honek Maite Ortiz eta José María Erauskinen agerraldia ere eskatu du gainera.

EH Bilduk Espainiako gobernuari galdetu dio Europar Batasuneko Epaitegietan IRPHaren inguruko kasuan izango duen jarrerari buruz

EH Bilduko Marin Beitialarrangoitia diputatuak idatzizko erantzuna eskatzen duen galdera sorta bat luzatu dio Espainiako gobernuari, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPHaren inguruan tramitera onartu duen IRPHaren inguruko kasua dela eta. EH Bilduren galderak hemen klik eginda eskuratu ditzakezu.

EH Bilduk gobernuari galdetu dio ea auzibide honetan Europako epaitegiari idatzizko oharrik helarazteko asmorik ba ote duen, Europar batasuneko estatu bezala aukera hori baitu eta aurrez zoru klausulen kasuan aukera hori baliatu baitzuen. Beitialarrangoitiak aurpegiratzen dio kasu hartan Espainiako gobernuak banketxeen alde eta kontsumitzaileen aurka egin zuela Europar Batasuneko epaitegiaren aurrean, eta gainerako talde parlamentarioekin eztabaidatu gabe egin zuela. (Hemen ikus dezakezu Gobernuak aurkeztu zuen txostena)

EH Bilduk gogorarazten du Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak erantzun behar duena dela ea IRPHa bezalako indize ofizial bat kontratuan sartzeak ez ote duen inolako gardentasunik behar (2017ko abenduaren 14ko 669/2017 epaian Espainiako Auzitegi Gorenak esan duen bezala) edota IRPHaren inguruko klausulak gardena izan behar ote duen (lehen eta bigarren instantziako epaitegi askok eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk 669/2017 epaiari egin dioten boto partikularrean defendatzen duten bezala). Beitialarrangoitiak gehitzen du gardentasun beharraren inguruko eztabaida horretan zuhur eta arrazoizkoa dela gardentasunaren alde egitea.

Zortzi galderen artean azkena erabili du EH Bilduk Gobernuari esateko gardentasunaren alde egin behar ez badu hobe lukeela inolako iritzirik ez helaraztea kasu honetan.

IRPH Stop Gipuzkoatik EH Bilduren ekimena eskertzen dugu eta Espainiako Gobernuari eskatzen diogu hiritarren alde egin dezala edo egon dadila isilik.

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPHaren inguruko prozedura abian jarri du, baina ez premiazko bidetik

Martxoaren 21eko data duen dokumentu baten bidez (hemen eskuragarri duzuna), Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak C-125/18 prozedura abian jarri du, IRPH erreferentzia indizearen gaineko galderaren inguruan.

Bartzelonako Lehen Instantziako Epaitegiak gaia premiazko bidetik aztertua izan zedin eskatu zuen arren, Europar Batasuneko Epaitegiak aukera hori baztertu egin du. Ez da berri ona kaltedunontzat, prozesua zenbait hilabetez luzatzea baitakar (bi urte inguru arte, iturri batzuen arabera). Baina eragozpen honek ezin dio garrantzirik kendu IRPHaren salaketa Europako epaitegietara iritsi izanak suposatzen duen lorpenari. Duela lau urte baino gehiago IRPHaren aurkako epaitegietako borroka hasi genuenean ia pentsaezina zen aukera hau.

Bartzelonako epaitegitik Europar Batasuneko Epaitegiari galdetzen zaiona da, funtsean, ea IRPHa bezalako indize ofizial bat kontratuan sartzeak ez ote duen inolako gardentasunik behar (2017ko abenduaren 14ko 669/2017 epaian Espainiako Auzitegi Gorenak esan duen bezala) edota IRPHaren inguruko klausulak gardena izan behar ote duen (lehen eta bigarren instantziako epaitegi askok eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk 669/2017 epaiari egin dioten boto partikularrean defendatzen duten bezala). Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna erabakigarria izango da IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan. Horregatik IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik dei egiten diegu epaitegietan indize honen aurkako auzibidetan diren guztiei prozedura behin behin behinean gelditzeko eskaera egin dezaten, Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna ezagutu artean.

Europar Batasuneko Epaitegiaren dokumentuan irakur daitekeenez, bi hilabeteko epea zabaldu da idatzizko oharrak jasotzeko auzitan diren bi aldeetatik eta baita beste eragileetatik ere, tartean batasunko estatuetatik. Honek esan nahi du Espainiako estatuak aukera duela txosten bat aurkezteko, zoru-klausulen auzian egin zuen bezalaxe. Kasu hartan Espainiako gobernuak Europako Batasuneko Epaitegiari helarazi zion txostenean zoru klausulen gaian atzera eraginkortasunaren aurka egin zuen, hau da, banketxeen interesen alde eta kontsumitzaileen eskubideen aurkako jarrera bat izan zuen. Zorionez Europako Epaitegiak Espainiako gobernuaren txostenaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako epaia ebatzi zuen, eta ondorioz zoru-klausulen atzerako eragina osoa da. Espero dezagun kasu honetan Espainiako gobernuak berriz ere hiritarren aurka ez egitea, eta edozein kasutan Europako Epaitegiak berriz ere kontsumitzaileon alde egitea.