HEGO EUSKAL HERRIKO LAU HIRIBURUETAKO EPAITEGIEK IRPHa BALIOGABETU DUTE ABUSUZKOA DELAKO
IRUÑEKO EPAITEGI BAT IZAN DA AZKENA, KUTXABANK ZIGORTZEN DUEN EPAI BATEN BIDEZ
Donostia, 2017-4-26
Iruñeko Lehen Instantziako 1 zenbakidun epaitegiak IRPHa baliogabetzen duen epai bat ebatzi du, Kutxabank zigortzen duelarik abusuzko indize hau etxebizitza-mailegu batetan aplikatzeagatik. Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek lortu dute epaia, eta modu honetan Iruñea honelako epai bat ebazten duen Hego Euskal Herriko azken hiriburu bihurtu da.
Donostia izan zen lehena (bai Hego Euskal Herrian eta baita estatu espainiar osoan ere). Bertan IRPH Stop Gipuzkoa plataformak, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen doako laguntzarekin, 30 epaitik gora lortu zituen. Horien artean lehenak 2014ko apirilaren 29ko data du, eta beraz laster izango da hirugarren urteurrena. Baina epai haiek guztiak bertan behera utzi zituen Gipuzkoako Probintzia Epaitegiak. Epaitegi honek IRPHa baliogabetzearen aurkako jarrera du orokorrean. Hala ere, kasu partikular batzuetan Kutxabank kondenatu du, iruzurrezko praktikak egon direla ebatziaz gainera.
Araba eta Bizkaiko kasuetan, bi probintzia auzitegiek berretsi dituzte jadanik IRPHa baliogabetzen duten zenbait epai. Ikuskizun dago Nafarroan zer gertatuko den, baina eztabaida Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko da laster. Bertan erabakiko da IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen kalkuluen arabera estatu osoan 1.3 milioi hipotekatik gora kaltetu ditzakeen interes tipoa abusuzkoa ote den.
Azpimarratzekoa da erakunde askok jadanik azaldu dutela IRPHa abusuzkotzat hartzearen aldekoa dela euren iritzia. Adibidez Gasteizko Legebiltzarrak, zeinak adierazi zuen «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa». Hala eta guztiz ere banketxeek (berriz ere zigortua izan den Kutxabank barne) IRPHa aplikatzen jarraitzen dute, ezagunagoa den Euriborraren gainetik egotean ematen dien etekinei eusteko asmoz.
Epaia, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuei esker, dagoeneko eskuragarri dago gure webguneko Epaitegiak atalean.