Legebiltzarra desobedituz Auzitegi Gorenera joko du Kutxabankek

Logo_naranja_tx

KUTXABANKek IPRHa BALIOGABETU ETA KOBRATURIKO INTERESAK ITZULTZERA ZIGORTZEN DUEN ARABAKO AUZITEGIAREN EPAIARI HELEGITEA JAR LIEZAIOKE ESPAINIAKO AUZITEGI GORENEAN

GASTEIZKO LEGEBILTZARRAREN AGINDUA DESOBEDITUKO LUKE HORRELA

KUTXABANKen GAINEKO KONTROL PUBLIKO ETA SOZIAL EZA SALATU ETA VILLALABEITIAren AGERRALDIA EXIJITZEN DU IRPH STOP GIPUZKOAk

Donostia, 2016-3-29

IRPH Cajas eta IRPH Entidades indizeak baliogabetu eta Kutxabank salaketa jarri duenari kobraturiko interesak itzultzera zigortzen duen Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiari helegitea jar liezaioke Kutxabankek. Gero eta zabalduago daude horren inguruko zurrumurruak, eta eldiario.es komunikabideak atzo argitaraturiko albiste baten bitartez konfirmatu ditu.

Baieztatuko balitz, Kutxabankek Espainiako Auzitegi Gorenera joko luke EAEko Merkataritza Arloko Epaitegi guztiek eta orain dela gutxi Arabako Probintzia Auzitegiak jarri dizkioten zigorrei aurre egiten saiatzeko. Arabakoa estatuan IRPHa baliogabetuz probintzia auzitegi batek ebatzi duen lehen epaia da.

Azpimarratzekoa da epaitegietako zigor hauetaz gain pasa den otsailean Gasteizko Legebiltzarretik agindu zuzena jaso zuela Kutxabankek. Legebiltzarraren testuak IRPHa erabiltzen duten banketxe guztiei eskatzen die «utz diezaiotela bera aplikatzeari» eta «itzul diezazkietela pertsona kontsumitzaileei indize horretan erreferentziaturik kobratutako interes guztiak» eta baita «IRPHko edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere. Legebiltzarraren testua oso gogorra da eta adierazten du «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».

Ondorioz, Kutxabankek Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeak Legebiltzarraren aginduari desobeditzea suposatuko luke.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik uste dugu eskandalagarria dela Kutxabank legebiltzarrari desobeditzen aurrena izatea, kontsumitzaileentzat hain kaltegarria den indizeari eusteko. Herritarren aurrezkiekin sorturiko aurrezki kutxetatik jaiotako banketxea, bere izaera eta helburu sozialak gorde beharko lituzkeena, ezin da izan banketxe guztien artean zitalena. Berriz ere Kutxabanken gaineko kontrol publiko eta soziala exijitzen dugu, eta bere pribatizazio prozesua salatu. Aurrezki kutxak banku-fundazio bihurtzea eta batez ere inolako kontrol publiko edo sozialik ez duten 15 kideren eskuetan uzteko erabakian atzera egin beharra dago berehala. Horrela bakarrik bermatuko dugu legebiltzarraren aginduaren aurkako desobedientzia hau bezalako beste astakeriarik ez egitea.

IRPH Stop Gipuzkoak dei egiten die legebiltzarkide taldeei Gasteizko Legebiltzarrean Gregoria Villalabeitiaren agerraldia premiaz eska dezaten.

Azkenik, Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatuen lanean dugun konfiantza berresten dugu. Badakigu IRPHa abusuzkoa dela frogatuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean eta baita beste edozein auzitegiren aurrean ere.

Nola eskatu zure dirua itzultzea

kontsumobide_logo

Orain dela gutxi Gasteizko Legebiltzarrak esan du IRPHa abusuzkoa dela, eta kobraturiko interes guztiak itzuli egin behar direla gehitu du. Bestalde, Arabako Probintzia Auzitegiak IRPHa baliogabetu eta Kutxabank zigortu du kobraturiko interes guztiak itzultzera. Zure garaia da, exijitu zure dirua itzultzea. Horretarako:

  • Sartu eskabide bat zure banketxean: jarraitu “Zer egin” ataleko argibideak.
  • Aurkeztu erreklamazio orri bat: jarraitu “Kontsumobide” ataleko argibideak.

Probintzia Auzitegi batek IRPHa baliogabetu du lehen aldiz!

justicia-irph

PROBINTZIA AUZITEGI BATEK IRPHa BALIOGABETZEN DUEN EPAIA EBATZI DU LEHEN ALDIZ

ARABAKO AUZITEGIAK IRPH ENTIDADES ETA IRPH CAJAS BALIOGABETU DITU

KUTXABANK KOBRATURIKO INTERES GUZTIAK ATZERAKO ERAGINEZ ITZULTZERA ZIGORTUA IZAN DA

IRPH STOP GIPUZKOAK USTE DU EPAI HISTORIKOA DELA, ETA KALTETURIKO FAMILIA GUZTIEI DIRUA ITZULTZEKO PROZEDURA ABIAN JARTZEKO ESKATU DIO KUTXABANKi

Donostia, 2016-3-15

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek gaur ezagutzera eman duten epaia IRPHa baliogabetuz Probintzia Auzitegi batek ebatzi duen lehena da. Orain artean lehen instantzian hainbat epai izan dira IRPHaren aurka, baina gaur ezagutu dena Probintzia Auzitegi batek eman duen lehena da, eta Araban ebatzia izan da Kutxabank zigortuaz.

Aurrez Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 40 kasu baino gehiago aztertu zituen. Tartean ziren IRPHaren aurka estatuan lortu ziren lehen epaiak, Ortiz eta Erauskin abokatuen lan boluntarioarekin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak lortuak. Kasu horietan guztietan Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak epaiak bertan behera utzi eta IRPHa onetsi zuen. Honek bakardade egoera gero eta nabarmen eta susmagarriagoan jarria du Gipuzkoako Auzitegia, izan ere estatuko merkataritza arloko hainbat epaitegik IRPHa baliogabetzen jarraitu dute. Arabako epaia historikoa da, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren isolamendua azpimarratzera dator.

Gaur ezagutu den epaiak maileguak erreferentziatzat zuen IRPH Entidades indizea baliogabetzen du abusuzkoa delako, eta baita ordezko bezala aurreikusia zeukan IRPH Cajas ere. Ondorioz, mailegua inolako interesik gabe geratzen da, eta salaketa jarri duenak ez du batere interesik ordainduko. Epaiak, gainera, Kutxabanken kontratuetan ohikoak diren beste abusuzko klausula batzuk ere baliogabetu ditu, adibidez %15etik gorako berandutze interesak.

Zigor honen ondorioz, Kutxabankek kobraturiko interes guztiak itzuli beharko ditu, atzerako eraginez. Kasu honetan 75.000 eurotik gorako dirutza da Kutxabankek itzuli beharrekoa.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik oso balorazio baikorra egiten dugu epai historiko honen inguruan, eta sekula hasi behar ez zen borroka judizial bati amaiera emango diola espero dugu. Banketxe guztiek, eta batez ere Kutxabankek, bere jatorri eta ustezko gizarte helburuak direla eta, epaitegietan helegiteak jartzeko bidea utzi behar dute. Guztiek hasi behar dute IRPHa aplikatuz kalteturiko familia guztiei kobraturiko interes guztiak itzultzen. Gainera, IRPHari loturiko hipotekak exekutatzearen ondorioz desjabeturiko etxebizitza guztiak euren jabeei itzuliak izan behar dira lehenbailehen.

Azpimarratzekoa da epai hau ezagutu baino lehentxeago, pasaden otsailaren 4ean, Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak zera adierazi zuela: «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa». Legebiltzarrak, gainera, banketxeei eskatu zien «itzul diezazkietela pertsona kontsumitzaileei indize horretan erreferentziaturik kobratutako interes guztiak» eta baita «IRPHko edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere.

Legebiltzarrak onarturiko testuak Lakuari eta Kontsumobideri dei zuzena egiten zien, eta ondorioz kalteturiko familiok espero dugu neurriak hartuko direla iruzur honi behin betiko amaiera emateko.

Euribor-a desagertzen ez den bitartean IRPH-rik ez duela aplikatuko erantzun du ING-k

ing_respuesta

Euribor zeron edo zero azpitik baldin badago ING-ren hipotekatan IRPH-a aplikatzeko arriskuari buruz gure wbgunean eman genuen berriari lotuta, banketxeak gure Twitter kontuan erantzun digu ez duela IRPHrik aplikatuko Euribor-a desagertzen ez den bitartean.

Berri ona da INGren bezeroentzat, baina esandakoari eusten diogu: ez da ideia ona IRPHa ordezko bezala izatea, eta are gutxiago Euribor-ari aplikaturiko diferentzial berdinarekin.