IRPH arriskua ING Direct-en hipotekatan

ing

ING Direct banketxea eskaintzen ari den hipoteken baldintzak aztertu ondoren (ikusi irudia), hiru puntu arriskutsu topatu ditugu:

1.- Euribor indizearen ordezko bezala IRPH Entidades ezartzen du, gardentasunik ez duen eta banketxeek manipulatu dezaketen indizea. Ordezko hau baztertu eta beste bat negoziatzea gomendatzen dugu.

2.- IRPH Entidades ordezkoa aplikatu ezkero Euribor-ari aplikaturiko diferentzial berdina gehitzea aurreikusten du kontratuak. Hau kontsumitzailearentzat oso kaltegarria litzateke. Euribor-a momentu hauetan %0 inguruan dabil, eta IRPH Entidades aldiz %2 inguruan. Horrela, Euribor+%1 hipoteka bat, interesetan gutxi gora behera %1 ordaintzen ari dena, IRPH+%1 izatera pasako litzateke, eta interesetan hirukoitza ordaindu beharko luke: %3a. Ordezko bezala IRPHa onartu ezkero diferentziala zero izatea gomendatzen dugu.

3.- Kontratuak ordezkoa aplikatzea aurreikusten du Euribor-a argitaratzen ez bada eta baita “inexistente o igual a cero” baldin bada. Une hauetan Euribor-a zerotik oso gertu dago eta zenbait kontsumitzailek ING-ri galdetu diote, eta hurrengo rebisioan IRPH aplikatuko dietela esan diete, Euriborra zeron edota balio negatibotan baldin badago. Ez dugu uste azken hau egin dezaketenik, kontratuak ez baitu salbuespenik aurreikusten Euribor-aren balio negatiboetarako, eta beraz ING-k ofizialki gezurtatzea espero dugu. Baina edozein kasutan ez dugu horrelako kontraturik sinatzea gomendatzen, ez baitago batere garbi zer gertatzen den Euribor-a %0.00 edo balio negatibotan dagoenean.

Gasteizko Legebiltzarrak IRPHa abusuzkoa dela adierazi eta dirua itzultzeko eskatu du

parlam_irph

GASTEIZKO LEGEBILTZARRAK IRPHa ABUSUZKOA DELA ADIERAZI ETA KOBRATURIKO INTERES GUZTIAK ITZULTZEA ESKATU DU

LAKUARI ESKATU DIO GAINERA ESKURA DITUEN BALIABIDE GUZTIAK ERABILI DITZALA IRPHak KALTETURIKO PERTSONEN DEFENTSAN

IRPH STOP GIPUZKOAK OSO BALORAZIO ONA EGITEN DU, ETA KUTXABANKi ESKUA LUZATZEN DIO DIRUA NOLA ITZULI NEGOZIATZEKO

Gasteiz, 2016-2-4

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak legez besteko proposamen bat onartu du gaur, non zera adierazten den: «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».

Legebiltzarrak, gainera, banketxeei eskatu die «itzul diezazkietela pertsona kontsumitzaileei indize horretan erreferentziaturik kobratutako interes guztiak» eta baita «IRPHko edozein motatan erreferentziatutako hipotekak exekutatzeagatik utzarazitako etxebizitzak» ere.

EAEko hiru hiriburuetako merkataritza arloko epaitegiek dagoeneko ebatzi dituzte zentzu bereko epaiak, baina Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi ditu Gipuzkoako guztiak, eta beraz legebiltzarraren adierazpena oso garrantzitsua da eta funtsezkoa den une batetan dator.

Gaur onartua izan den testua IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak proposatu zuen bere ordezkari José Mari Erauskinek parlamentuan egin zuen agerraldian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformen babesa du. Izan ere, plataforma hauek IRPHaren desagertzea etxegabetzeak, pobrezia eta berdintasunik ezaren aurkako beraien dekalogoan sartua dute.

Mozioa puntuz puntu izan da bozkatua. IRPHa abusuzkoa dela eta interesak itzuli beharra dagoela dioten puntuak EH Bildu, PSE-EE eta UPyDren botoekin izan dira onartuak, eta EAJ-PNV eta PP abstenitu egin dira.

Gainontzeko puntuetan, Estatuko agintari eskudunei eskatzen zaie dekreta dezatela IRPHaren berehalako indargabetzea, eta Lakuari berriz «abian jar ditzala eskura dituen bitarteko guztiak, Kontsumobide Kontsumo Institutua barne, indize honek kaltetutako pertsona guztiak defendatzeko». Europako agintariei ere egiten zaie eskaera bat: erreferentzia-indizeei buruzko Europako erregelamendu berria IRPHa bezalako indizeei ere aplikagarria izan dadila. Puntu hauek aho batez izan dira onartuak.

IRPH Stop Gipuzkoaren balorazioa oso positiboa da, eta uste du IRPHaren aurkako borrokan mugarri oso garrantzitsua dela. Legebiltzarrak guk bezalaxe IRPHa abusuzkoa dela esatea eta banketxeei kobratu duten guztia itzul dezatela eskatzea pausu historiko bat da.

Ekimena nola gauzatzen den gertutik zainduko du orain plataformak, eta egiaztatuko du eskaera Espainia eta Europako agintaritzei helarazten zaiela.

Banketxeei ere helarazi beharko zaie, eta ikusiko dugu zer modutan erantzuten duten, tartean Kutxabankek, EAEko hiritarrok eraikitako aurrezki kutxetatik sortu zena eta legebiltzarrak abusuzkotzat jo duen indize hau aplikatzen nabarmendu dena. Gure plataformatik Villalabeitia jaunari berriz ere eskua luzatzen diogu dirua nola itzuliko diguten negoziatzen hasteko.

Azkenik, azpimarratzekoa da legebiltzarrak dei zuzena egin diela Lakuari eta Kontsumobideri, eta azken honek zigorrak jartzeko ahalmena duela, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak oso gertutik jarraituko du gobernuak eta Kontsumobidek legebiltzarrak emandako agindua betetzen dutela.

EH Bildu, PSE-EE eta UPyD-k emandako babesa eskertzen dugu, eta PP eta PNVk testua bere osotasunean babesteko ausardiarik erakutsi ez izana tamalgarritzat jotzen dugu. Koherentzia ez nabarmena erakutsi dute, indizea bertan behera uzteko eskatu ondoren egindako kaltea konpontzea ez baitute babestu.

Gasteizko Legebiltzarrak IRPHa eztabaidatuko du ostegunean

parlam_irph

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak ostegun honetan, otsailak 4, IRPHaren aurkako mozio bat eztabaidatuko du, IRPH Stop Gipuzkoa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteek aurkeztua izan zena.

Testua gure abokatu eta adiskide den Jose Mari Erauskinek aurkeztu zuen 2015 azaroaren 16an Legebiltzarrean egin zuen agerraldian (hemen duzu ikusgai agerraldi osoa), eta onartua izaten bada Legebiltzarrak adieraziko du IRPHa gardentasunik gabea dela, banketxeek bere balioan eragina izan dezaketela, ez dela merkatuaren errealitatearen isla eta kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela. Gainera, Legebiltzarrak honakoak galdegingo lituzke:
1. estatu mailan dagokion agintaritzari, bertan behera uzteko lehenbailehen.
2. banketxeei, aplikatzeari berehala utzi eta kobraturiko interesak familiei itzultzea, IRPHari loturiko maileguen exekuzioen ondorioz desjabeturiko etxebizitzekin batera.
3. Lakuako gobernuari, eskura dituen baliabide guztiak abian jartzea indize honek kalteturikoen defentsan eta etorkizunean maileguak sina ditzaketenen babeserako.
4. Europako agintaritzei, erreferentzia indizeen inguruko europar araudi berria aplikagarria izan dadila IRPHa bezala banku zentralek prestatuak diren indizeei ere.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak, Kaleratzeak Stop elkartearekin batera, gutun bat igorri die legebiltzarkide taldeei, ostegunerako bozketan izango duten jarrera ezagutzeko. UPyD izan zen gure mozioa aurkeztu zuena (guk talde guztiek elkarlanean egitea nahiago izan bagenu ere), eta ondorioz babestuko duela pentsa daiteke. EH Bilduk baieztatu du babestu egingo duela, eta PP eta PSEk ez dute erantzun.

PNVk osoko zuzenketa bat aurkeztu du, ekimena edukiz hustuko lukeena. Izan ere, proposatzen duena hau da:
• IRPHa gardentasunik gabea dela, banketxeek beregan eragin dezaketela, merkatuaren isla ez dela eta kontsumitzaileentzat kaltegarria eta abusuzkoa dela adierazten duen zatia kentzea.
• banketxeei aplikatzeari utzi eta kobraturiko interesak eta desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko eskaera kentzea.
• Europako agintaritzek erreferentzia indizeen inguruko araudi berrian banku zentralek prestaturiko indizeei salbuespenik ez egiteko eskaera kentzea.

Zuzenketa hori baztertu eta jatorrizko mozioa babesteko eskatzen zion gure gutuna aztertu egingo zuela esanaz erantzun zigun PNVko ordezkariak, baina ez du konfirmatu zein izango den azkenean bere jarrera.

Ostegunean, hortaz, Gasteizko Legebiltzarrean gertatzen denari adi-adi egongo gara. Eztabaida zuzenean jarraitu dezakezu Legebiltzarraren webgunetik, eta berri guztiak une oro ezagutu Twitter bidez gure @irphstop_gpzkoa kontua jarraituz.

IRPHa aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako lehen epaia Bilbon

justicia-irph

IRPHa BALIOGABETU ETA KUTXABANK ZIGORTZEN DUEN LEHEN EPAIA BILBON

KUTXABANKek 40 ZIGORTIK GORA JASO DITU IRPH APLIKATZEAGATIK EAEko HIRU HIRIBURUETAKO EPAITEGIETAN

GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIAK DONOSTIAKO EPAIAK BERTAN BEHERA UZTEN DITU, BAINA GERO ETA ISOLATUAGO DAGO IRPHaren DEFENTSAN

Donostia, 2016-1-21

Valentziako epaitegi batek IRPHa baliogabetzen duen lehen epai irmoa ebatzi duela jakin eta bi egun bakarrik igaro direnean, IRPHaren aurkako borrokan aitzindari diren Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek IRPHa aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako Bilboko lehen epaia eman dute ezagutzera euren webgunean.

2016ko urtarrilaren 15eko data du epaiak (gure webguneko “Epaitegiak” atalean eskuragarri dago jadanik), eta Kutxabank IRPHa aplikatzeagatik dagoeneko EAEko hiru hiriburuetako epaitegiek zigortu dutela esan nahi du.

Kutxabank zigortu zuen legen epaitegia, estatuan IRPHa baliogabetu zuen lehen epaia ere izan zena, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak eman zuen. Izan ere, Kutxa da abusuzko indize hau EAEn gehien erabili duen entitatea. Baina Donostiaren atzetik Gasteizen Vital Kutxaren aurkako zigor bat etorri zen, eta orain BBK izan da zigortua Bilbon. Hiru kutxetako maileguetan IRPHa aplikatzeagatik izan da beraz zigortua Kutxabank.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Donostian IRPHa baliogabetzen duten epai guztiak bertan behera uzten ditu, baina ikusteke dago beste probintziatako auzitegiek zer egingo duten. Izan ere, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiaren doktrina, Probintzia Auzitegiak behin eta berriz baliogabetu duen arren, beste hiri askotako epaitegiek balekotzat jo dute. Horrela, Gasteiz eta Bilboz gain Bartzelona, Guadalajara edota Valentziako Merkataritza Arloko Epaitegiek ere Donostiako bidetik egin dute, eta IRPHa baliogabetu dute. Kasu guztietan IRPHaren aurkako salaketak ontzat hartuak izan dira, eta azpimarratzekoa da epaile hauen artean gutxienez hiru magistratuak direla.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegia nabarmenki isolatuta geratzen ari da berazn, eta susmagarria dela uste dugu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik.

Espainiako Bankuak berak entitateek IRPHarengan eragina izan dezaketela onartu duen honetan, eta estatu guztiko Merkataritza-Arloko Epaitegiek IRPHa baliogabetzen darraiten bitartean, Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak IRPHa babesten du, ondorengo bi argudio hauek bezalako arrazoi barregarri eta eskandalagarriak erabiliaz gainera:
1, ez omen dela manipulazioa frogatu, nahiz eta epaitzen dena ez den hori, baizik eta entitateek eragina izateko aukera hori izan baduten ala ez.
eta 2, ez omen da Euriborra baino manipulagarriagoa. Hau gezurra izateaz gain barregarria ere izan daiteke: lapur bat libre uzteko nahikoa arrazoi ote da hura baino okerragoak egotea?

Jarrera horren atzean nolabaiteko presioak egongo ote diren susmoa daukagu, bestela ezin baita ulertu. Izan ere, gure kalkuluen arabera estatuan 1,3 milioi familia baino gehiago kaltetzen dituen milioi askoko iruzurra da hau. Kaltedun guztiek dute kalte hori konpontzeko eskubidea, eta horregatik exijitzen dugu premiazko konponbide bat kobratu diren interes guztiak eta desjabetu diren etxeak kalteturiko familiei itzuliak izan daitezen.

IRPHa baliogabetzen duen lehen epai irmoak Gipuzkoako Probintzia Auzitegia gero eta isolatuago uzten du

justicia_irph_multi

IRPHA BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAI IRMOA

DONOSTIAN HASI ETA GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIAK BAKARRIK BAZTERTZEN DUEN DOKTRINAREKIN BAT EGIN DU VALENTZIAKO EPAITEGIAK

GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIA IRPHaren BABESEAN GERO ETA ISOLATUAGO, MODU SUSMAGARRIAN

Donostia, 2016-1-19

Duela gutxi jakin da Valentziako Merkataritza-Arloko hirugarren Epaitegiak 2015eko azaroaren 18an IRPHa baliogabetuz ebatzi zuen epai bat, aldeek helegiterik ez jartzean, IRPHa abusuzkoa izateagatik baliogabetzen duen lehen epai irmo bilakatu dela.

IRPH Stop Gipuzkoak epaia ikusi ahal izan du (dagoeneko Epaitegiak atalean duzu eskuragarri) eta ikusi duenez Valentziako epaitegiaren ebazpenak estatuan IRPHa baliogabetu zuen lehen epaiko argudioak erabiltzen dituela. Lehen epai hura plataforma honen abokatuek lortu zuten Donostian, 2014ko maiatzare 7an. Valentziako epaiak Donostiakoaren zatiak hitzez hitz erabiltzen ditu, zalantzarik gabe ezartzen du IRPHa influentziagarria dela eta abusuzkoa delako baliogabetzen du.

Epai honekin 40tik gora dira jadanik Donostia, Guadalajara, Bartzelona eta Gasteizen ebatzi diren IRPHaren aurkako epaiak, eta gutxienez sei dira IRPHa abusuzkotzat hartu duten epaileak. Guztiek babesten dute modu honetan Edmundo Rodríguez Achútegi magistratuaren doktrina, zeinek hogeita hamar epaitik gora ebatzi zituen IRPHa baliogabetuz.

Azpimarratzekoa da epai hauetariko asko eta asko Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak herrialde honetan ebatzi ziren epai guztiak bertan behera utzi ondoren ematen ari direla. Argi ikusten da beraz Merkataritza-Arloko Epaitegiek ez dutela Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren ikuspegiarekin bat egiten eta bere aurka agertzen direla. Izan ere, IRPHa baliogabetzen jarraitzen dute, Probintzia Auzitegiak bertan behera utzitako epaiak oinarritzat hartuta.

Probintzia Auzitegia nabarmenki isolatuta geratzen ari da bere jarrerarekin, eta susmagarria dela uste dugu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik. Espainiako Bankuak berak entitateek IRPHarengan eragina izan dezaketela onartu duen honetan, eta estatu guztiko Merkataritza-Arloko Epaitegiek IRPHa baliogabetzen darraiten bitartean, Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak IRPHa babesten du, ondorengo bi argudio hauek bezalako arrazoi barregarri eta eskandalagarriak erabiliaz gainera:
1, ez omen dela manipulazioa frogatu, nahiz eta epaitzen dena ez den hori, baizik eta entitateek eragina izateko aukera hori izan baduten ala ez.
eta 2, ez omen da Euriborra baino manipulagarriagoa. Hau gezurra izateaz gain barregarria ere izan daiteke: lapur bat libre uzteko nahikoa arrazoi ote da hura baino okerragoak egotea?

Jarrera horren atzean nolabaiteko presioak egongo ote diren susmoa daukagu, bestela ezin baita ulertu. Izan ere, gure kalkuluen arabera estatuan 1,3 milioi familia baino gehiago kaltetzen dituen milioi askoko iruzurra da hau. Kaltedun guztiek dute kalte hori konpontzeko eskubidea, eta horregatik exijitzen dugu premiazko konponbide bat kobratu diren interes guztiak eta desjabetu diren etxeak kalteturiko familiei itzuliak izan daitezen.

Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskinekin elkartasuna

utzi_bakean_abokatuak

Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPHaren eta etxegabetzeen aurkako borrokak babesten dituzten abokatuen aurkako espediente baten irekiera eskatu du Oviedoko Probintzia Auzitegiak. Maite Eta Jose Marik gure taldea hasieratik babestu dute, IRPHaren aurako epaitegietako borrokan aitzindariak dira, IRPHa baliogabetzen duten estatuko lehen epaiak lortu dituzte eta Europako Parlamentuan ere ordezkatu izan gaituzte. Gainera, PAH/Kaleratzeak Stop eta animalien eskubideen aldeko plataformekin ere lan egiten dute, modu boluntarioan.

Orain jakin dugunez Oviedoko Probintzia Auzitegiak espedientea ireki nahi die, ulertzen baitu euren jarrerarekin Maite eta Jose Mari Avilés-en bi agureren etxegabetzea oztopatzen ari direla.

Maite eta Jose Mariren bezeroa adineko emakume bat da, etxe baten jabe dena, eta etxe horrekin bere senarraren sozietate merkantilaren mailegu bati bermea eman ziona. Emakumeak ez du inolako loturarik sozietate honekin, ezta bere ezkontzaren bitartez ere, ondasunen banantzearekin ezkondu baitziren. Enpresak, beste hainbatek bezalaxe, porrot egin zuen, eta banketxeak emakumearen etxea eskatzen du orain. Abokatuek ulertzen dute emakume hau kontsumitzaile bat dela, kontsumitzaileek sinaturiko kontratuen abusuzko klausulen inguruko araudi europarra eta Espainiako legediak ezartzen baitute kontsumitzaile dela bere zeregin profesionaletik at dabilen oro. Kontsumitzailetzat hartua izatea garrantzitsua da, kontratuan abusuzko klausulak salatzeko aukera ematen baitu, eta abokatuek, prozedimentu honetan lanean jarri ziren une beretik emakumea kontsumitzailea dela defendatu dute. Horrela, legediak aurreikusten dituen aukera guztiak erabili dituzte, baina beraien azken helegitea baztertua izan da eta epaileak espediente bat irekitzea erabaki du gainera, ulertzen baitu modu ausartegi edo temerarioan ari direla eta zuzenbidea abusuz erabili dutela.

Baina bitarte horretan Europako Justizia Epaitegiak epai bat ebatzi berri du, non abokatuek defendatzen dutena konfirmatzen den: pertsona fisiko batek banketxe batekin sozietate merkantil baten zorra bermatzeko kontratu bat sinatzean pertsona hori kontsumitzailetzat hartua izango da bere jarduera profesionaletik at ari baldin badabil eta sozietatearekin loturarik ez badu. Ondorioz, Maite eta Jose Mari epailearen aurkako neurriak hartzea aztertzen ari dira orain, Europako araudiaren interpretazio oker baten bitartez abokatuak beldurtu nahi izan dituelako eta etxegabetze bat burutu nahi izan duelako, abokatuei etxebizitza eskubidea bermatzen saiatzea leporatuaz gainera.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi dizkiegu Maite eta Jose Mari gure lagunei. Beraietaz harro gaude eta badakigu etorkizunean ere, zigortzen badituzte, bidegabe izango dela, ahulenak babesten dabiltzalako.