IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bizkaian: lau bigarren instantzian eta bi irmo lehen instantzian

Dagoeneko lau dira Bizkaiko Probintzia Auzitegiak IRPH erreferentzia indizea baliogabetuz ebatzi dituen epaiak, Javier Viaña abokatuak emandako epaiak ikusi ondoren IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak baieztatu ahal izan duenez.

2017ko otsailean ebatziak izan diren epai hauekin, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Arabakoarekin bat egiten du, Espainiar estatuan IRPHa erreferentzia indize bezala ezartzea baliogabetzen duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik. Irizpide honek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak duenarekin talka egiten du, Gipuzkoakoa delarik EAEn IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu ez duen bakarra. Bi kasu partikular dira salbuespena, non Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Kutxabank zigortu zuen bezeroei iruzur egiteagatik gaur egun desagerturik dagoen IRPH Cajas indizearen ordez IRPH Entidades aplikatzean.

Bestalde, Barakaldoko Lehen Instantziako Epaitegiak ebatziriko bi epai irmo dira dagoeneko, banketxeak ez baitu helegiterik aurkeztu. Javier Viaña abokatuak lorturiko epaiak dira hauek ere, eta garrantzitsuak dira halaber, orain artean estatu osoan IRPHa baliogabetu eta irmo diren lau epai bakarrik ezagutzen baitziren.

Kasu guztietan IRPH Entidades indizean oinarrituriko interesak itzultzera zigortzen da Banco Popular banketxea.

IRPHaren kaltedun guztientzat oso berri pozgarriak dira. Espainiako Auzitegi Gorenak laster aztertu beharko du gaia, eta indizea baliogabetzearen aldeko argumentuak indartzera datoz Bizkaiko epai hauek guztiak. Izan ere, Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiei helegitea jarri zien Kutxabankek, eta beraz hurrengo borroka garrantzitsua Gorenean izango da.

Aipaturiko epaiak eskuragarri daude dagoeneko gure webguneko “Epaitegiak” atalean, eta esteka hauen bitartez ere bai: AP1, AP2, AP3, AP4, Irmoa.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatuek agerraldia egingo dute Kongresuan

Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatuek, agerraldia egingo dute Espainiako Diputatuen Kongresuan. Agerraldia Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea talde parlamentario konfederalak eskatua da, eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Komisioan emango da, nahiz eta oraindik ez den ezagutzen data zehatza.

Maite Ortiz eta José María Erauskin aitzindariak dira IRPHaren aurkako borroka juridikoan, eta aurretik ere azaldu dituzte IRPHaren irregulartasunak Europako Parlamentuan eta EAEko Legebiltzarrean. Oraingoak kaltedunon ahotsa Espainiako Diputatuen Kongresura eramango dute. Bertan IRPHaren funtzionamendua azalduko dute, talde parlamentarioek errealitate hau ezagutu dezaten. Indizea jasanezina, abusuzkoa, manipulagarria eta bi aldiz ordaintzea dakarrena dela azaltzea da helburua.

Agerraldiak kutsu juridikoa izango du, baina Maite Ortiz eta José María Erauskinek IRPHak kaltedunengan eragiten duen sufrimendua ere azaldu ahal izango dute. Izan ere PAH elkartean etxegabetze prozesua pairatu duten dozenaka familien alde egin dute lan, IRPHarekin erlazioa izan ala ez.

Azpimarratzekoa da agerraldi honetan IRPHaren irregulartasunak azalduko direla baina ez dela hura ordezkatzeko formularik defendatuko. Uste dugu hori hurrengo pausua litzatekeela, eta injustizia honi amaiera emateko konpromisoa hartzen duten talde parlamentarioei gure proposamenak helarazi beharko genizkieke kaltetuon plataformetatik. IRPH Stop Gipuzkoa plataformak oraindik ez du honen aurreko bere jarrera ezagutarazi, eta beraz agerraldi honetan ez da inolako formularik defendatuko, ez eta horren inguruko Legez Besteko Proposamenik.

IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bartzelonan

Bartzelonako probintziatik IRPHa baliogabetzen duten bi epai berri iritsi zaizkigu, eta dagoeneko zintzilikatu ditugu Epaitegiak atalean, IRPHaren inguruko epaien datu-baserik handienean.

Lehenbizikoa Bartzelonako Merkataritza Arloko 3. Epaitegikoa da, eta 2016ko ekainekoa da, nahiz eta guk gaur jaso dugun. Gogoratu kaltetua edota abokatua baldin bazare eta epai bat helarazi nahi badiguzu irphstop@gmail.com helbidera bidali dezakezula. Epai honek Bankiaren mailegu bateko IRPH Cajas indizearen aplikazioa baliogabetzen du. Epailea Isabel Giménez García Anderea da, eta Magistratu-Epailea da.

Bigarren epaia Mataró-ko Lehen Instantziako 1. Epaitegikoa da, eta 2017ko otsailaren 10ko data du. BBVAren mailegu batetan IRPH Cajas indizearen aplikazioa baliogabetzen du, mailegua interesik gabe gelditzen delarik. Epailea Pablo Izquierdo Blanco, hau ere Magistratu-Epailea eta Mataró-ko epaitegietako dekanoa. Epai oso garrantzitsua da. Badakigu komunitate juridikoan epai honen zain jende asko zegoela.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak IRPHa baliogabetu du abusuzkoa delako, estatu osoan hori egin duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioko bi epaiek IRPH indizea baliogabetu dute. Modu honetan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Arabakoarekin bat egin du, espainiar estatu osoan IRPH indizea baliogabetu duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik. Irizpide honek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiarenarekin talka egiten du, Gipuzkoakoa delarik EAEn IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu ez duen Probintzia Auzitegi bakarra. Izan ere, Auzitegi gipuzkoarrak Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak ebatziriko dozenaka epai utzi ditu bertan behera, IRPHaren aplikazioa ontzat emanez. Salbuespen bakarra bi kasu konkretu lirateke, non Gipuzkoako Auzitegiak Kutxabank zigortu zuen bi familiari iruzur egiteagatik, IRPH Cajas indizea IRPH Entidades-ekin ordezkatu baitzien kontratuan aurreikusia zuten Euribor ordezkoa ez aplikatzeko asmoarekin.

Gipuzkoan Merkataritza Arloko Epaitegiaren eta Probintzia Auzitegiaren artean ematen den aurrez aurreko hau espainiar estatuko beste probintziatan ere errepikatzen da. Izan ere, zenbatezinak dira jadanik merkataritza arloko eta lehen instantziako epaitegiek IRPHaren aurka ebatzi dituzten epaiak, baina orain arte Arabakoa zen irizpide horrekin bat egin zuen Probintzia Auzitegi bakarra.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaiek, IRPH Stop Gipuzkoak eskuratu ahal izan dituenak eta laster gure datu basean zintzilikatuko ditugunak, 2017ko otsailaren 8ko data dute eta Banco Popular banketxea zigortzen dute babes ofizialeko bi etxebizitzen gaineko maileguetan bidegabe kobraturikoak itzultzera. Ñabardura garrantzitsua da, asko baitira IRPHari loturiko mailegua duten babes ofizialeko etxebizitzak.

Orokorrean berri bikaina da IRPHaren kaltedun guztientzat, gure irizpidea indartzen baitu Espainiako Auzitegi Gorenak auzia aztertu beharko duen honetan. Izan ere, Arabako epaiei helegitea jarri zien Kutxabankek, eta hurrengo borroka garrantzitsua Gorenean emango da beraz.