IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Cádiz, Castelló, Valentzia eta Gasteizen

justicia_irph_multi

IRPHa baliogabetu eta banketxeak abusuzko indize horren arabera kobraturikoak itzultzera zigortzen dituzten epai berriak etengabe ari gara ezagutzen. Azken egunetan ezagutu ditugunak honako hauek dira: Cádiz (Lehen Instantziako 1. Epaitegiak BBVA zigortu du), Castelló (Lehen instantziako 3. Epaitegiak La Caixa zigortu du), Valentzia (Merkataritza Arloko 3. Epaitegiak Banco Popular zigortu du) eta Gasteiz (Lehen Instantziako 5. Epaitegiak Kutxabank zigortu du).

Epai berri hauetako batzuk jadanik zintzilikatu ditugu gure webguneko Epaitegiak atalean. Bertan duzu IRPHaren inguruko epaien datu base handiena. Zerrendan ez dagoen epairen bat baldin baduzu, posta elektroniko bidal diezagukezu.

IRPHa Twitter-eko hauteskunde kanpainan, oraingoan Ciudadanos-en eskutik

160613_tweet_Rivera

IRPHaren hainbat kaltedun Twitter sarean egiten ari den lana nekaezinari esker, eta hauteskunde kanpainan politikariek izan ohi duten sentsibilitatea medio, IRPHa albiste da berriz ere. Aurreko batean kontatu genuen Unidos Podemos koalizioko hainbat politikarik, Pablo Iglesias eta Alberto Garzón barne, IRPHaren iruzurraren aurkako txioak argitaratu zituztela. Egun batzuk beranduago Albert Rivera-ren txanda iritsi da. Honek ere #IRPHestafa traola erabili du eta konponbideak topatzeko garaia dela esan du.

Hauteskunde garaiko mezuak zuhurtziaz hartu behar dira, eta kontuan hartu behar da gainera ez dutela IRPHaren aurkako neurri konkreturik zehaztu. Baina hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernurako bi presidentegaik IRPHaren iruzurra ahotan izatea garrantzitsua da. Espero dugu keinu hauetaz haratago IRPHaren desagertzea eta kalteak konpontzea hautagai guztien programetan sartzea. Eta batez ere, ekainaren 26aren ondoren agindutakoak betetzea. Guk hementxe jarraituko dugu, horiek betearazteko.

Bitartean, jarrai gaitzazu Twitter-eko gure @irphstop_gpzkoa kontuan IRPHaren inguruko albiste guztien berri izateko.