IRPH Entidades baliogabetzen duen lehen epaia

justicia-irph

IRPH ENTIDADES BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAIA

ORAINDIK APLIKATZEN DUEN INDIZE HONEKIN KOBRATURIKO GUZTIA ITZULTZERA ZIGORTUA IZAN DA KUTXABANK

MAILEGUA INTERESIK GABE GELDITU DA ORAIN, ETA BERAZ FAMILIAK EZ DU INOLAKO INTERESIK ORDAINDUKO

Donostia, 2015-2-10

Gaur ezagutu den epai baten bitartez, Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak estatu espainiarrean IRPH Entidades delako indizea baliogabetzen duen lehen epaia ebatzi du.

IRPH Entidades delakoa da gaur egun oraindik indarrean dagoen IRPH aldaera bakarra, eta Kutxabank-ek aplikatzen jarraitzen du zenbait mailegutan. Gainera, estatu mailan milioi inguru izan daiteke kalteturiko familia kopurua, eta beraz IRPH Entidades baliogabetu duen lehen epai hau mugarri oso garrantzitsua da indize hauen aurkako borrokan. Epai historikoa da.

Epaiak IRPH Entidades abusuzkoa dela-eta baliogabetu egiten du, eta Kutxabank zigortzen du indize honen arabera kobraturiko guztiak itzultzera. Gainera, Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek informatu dutenez, maileguaren kontratuan ordezko interes egoki bat ez zegoenez mailegua intereskik gabe geratzen da, eta ondorioz kaltetuek ez dute inolako interesik ordainduko aurrerantzean, eta jadanik ordaindurikoak itzuliko zaizkie.

Epaia ebatzi duen epailea Edmundo Rodríguez Achútegui da, Arabako Entzutegi Probintzialean magistratu dena. Ospe handiko epailea da, Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian laguntza lanetan dabilena.

Epai hau Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epaile honek berak ebatzi eta Kutxabankek helegitea jarri zion IRPH Cajas indizea baliogabetu zuen lehen epaia atzera bota ondoren iritsi da. Gaur ezagutu den epaia Entzutegi Probintzialaren erabakia ezagutu ondoren ebatzi izanak frogatzen du Entzutegiak IRPH Cajas baliogabetu zuen lehen epaia atzera botatzeko erabili dituen argudioak ez direla nahikoa IRPH indizeak abusuzkoak direnik baztertzeko.
Hau ez da harritzekoa, izan ere Entzutegi Probintzialak bere epaian onartu zuen gaiak zalantza larriak sortzen dituela eta berria eta konplexua dela.

Entzutegi Probintzialak IRPH Cajas baliogabetzen duten beste 30 epaitik gora aztertu behar ditu orain, Kutxabankek helegitea jarri baitzien guztiei. Gaur ezaguturiko epaiari esker kaltetuak baikor daude eta uste dute oso litekeena dela beste 30 epaien kasuan Entzutegi Probintzialak epaiak berrestea. Izan ere, auzibide horietan argudio gehiago erabili zituzten eta honek Entzutegi Probintzialaren zalantzak argitzeko balio dezake.

Oharra: epai hau eta beste guztiak eskuragarri dituzu “Epaitegiak” atalean.

Entzutegi Probintzialaren epaiari premiazko erreakzioa

IRPHaren BALIOGABETZEA ATZERA BOTAZEN DUEN ENTZUTEGI PROBINTZIALAREN EPAIAREN AURREKO PREMIAZKO ERREAKZIOA

EPAIAK EZ DU ARGUDIO SENDORIK ERABILTZEN ETA ONARTZEN DU IRPHak ZALANTZA LARRIAK SORTZEN DITUELA ETA KONPLEXUA DELA. ENTITATEEK IRPHan NOLABAITEKO ERAGINA IZAN DEZAKETELA ERE ONARTZEN DU

PLATAFORMAK USTE DU BESTE 30 EPAIAK BAIEZTATUAK IZAN DAITEZKEELA, ETA EDOZEIN MODUTAN AUZITEGI GORENERA
ETA EUROPAKO EPAITEGIETARA IRISTEKO PREST DAGO

Donostia, 2015-1-29

Gaur ezagutu den epai baten bitartez, Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak IRPHa baliogabetu eta Kutxabank bidegabe kobraturikoak itzultzera zigortzen duten 30 epaitetatik lehena atzera bota du.

Premiazko erreakzio honen bitartez, IRPH Stop Gipuzkoa plataformak indize hauek kalteturiko milaka familiei itxaropenerako mezua luzatu nahi die. IRPHaren baliogabetzea, lapurturikoa itzultzea eta desjabeturiko etxebizitzak berreskuratzea helburu duen borrokak aurrera darrai, eta IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop plataformen talde juridikoa, Maite Ortiz eta José María Erauskin buru duela, jadanik lanean dabil bide judizialarekin jarraitu eta Epaitegi Gorenera edota Europako epaitegietara ere iristeko.

Epaiaren lehen irakurketa batetan, azpimarragarria egiten da Kutxabanken helegitea ez dela guztiz onartua izan, eta Entzutegi Probintzialak onartzen duela gaiak zalantza larriak sortzen dituela eta berria eta konplexua dela.

Onartezina da Entzutegi Probintzialak, gaiak zalantzak sortzen dizkiola onartu ondoren, kontsumitzailearen aurkako epaia ebaztea, kontsumitzaileek sinaturiko kontratuetan abusuzko klausulen inguruko 93/13/CEE Direktiba urratzen baitu. Europako direktiba horrek argi ezartzen du zalantzarik izan ezkero beti kontsumitzailearen alde egin beharra dagoela. Gainera, Entzutegiak zalantzak dituenez arrazoizkoena Merkataritza Arloko Epaitegiak esandakoa berrestu izana litzateke, gaian aditua baita. Gogoratu behar da Gipuzkoan Entzutegi Probintziala ez dagoela merkataritza arloan espezializatua.

Epaiak dio IRPH Cajas indize ofiziala zela, eta hori ez dute sekula ukatu kaltetuek. Gainera, kaltetuen argudio asko gezurtatu gabe baztertu egiten ditu, salaketan ez zeudela eta aurretiko bistan zehar gehitu zirela ulertzen baitu. Merkataritza Arloko Epaitegiak emandako eta Kutxabankek helegitea jarritako beste 30 salaketek argudio askoz gehiago dituzte, eta beraz oso litekeena da Kutxabankek errekurritu zituen beste 30 epaien kasuan Entzutegi Probintzialak epaiak berrestea.

Bestalde, epaiak dio ez dela frogatu entitateek IRPHarengan influentzia izan dezaketenik, baina horren segidan onartzen du nolabaiteko eragina izan dezaketela. Gauza bat eta bere aurkakoa esate hau guztiz onartezina da. Nolabaiteko eragina izan badezakete, bistan da influentzia izan dezaketela, eta ondorioz banketxeek indize hori inposatzea abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa da.

Entzutegi Probintzialaren jokaeran zalantzak dakusatzagu, eta suposatzen dugu presio handiak izan dituela batere argudio sendorik gabeko epai hau ebazteko.

Arlo politikoan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak hausnarketarako deia egiten die Kutxabanken jokaeraren erantzule diren PNV, PSE eta PP alderdiei. Herritarron aurrezkiekin eta helburu sozial batekin sorturiko gure aurrezki kutxak hartu duten bidea onartezina da. Gupidarik gabeko banketxe bat da gaur egun Kutxabank, eta herritarrek epaitegietara jo behar dute babes eske. Onartezina da epaitegietako borroka horretan Kutxabankek bere makineria guztia herritarren aurka abian jarri eta epai guztiei helegiteak jartzea, zalantza larriak sortzen dituen gaiak justifikatzen saiatuaz.

Pobreziaren aurkako manifestazio jendetsua

mani20D_01

mani20D_02

Abenduaren 20an pobreziaren, berdintasunik ezaren eta bere errudunen aurka ospatu genuen manifestazioa oso jendetsua izan zen. Hona hemen amaiera-ekitaldian irakurri zen komunikatua:

Nelson Mandelak esana da: “Esklabotasuna eta apartheid-a bezalaxe, pobrezia ez da fenomeno natural bat. Gizakiak eragiten du eta gizaki horren beraren eraginez gainditu eta ezabatu daiteke. Pobreziarekin akabatzea ez da karitate keinu bat; justizia ekintza bat da. Oinarrizko giza-eskubide bat defendatzea da, duintasunerako eta bizitza egoki bat izateko eskubidea. Pobreziak dirauen bitartean ez da benetako askatasunik izango”.

Gaur Donostian gizarte eragileak, sindikatuak eta alderdi politikoak irten gara manifestazioan, baina batez ere herritarrak izan gara, Nelson Mandelak bezalaxe pobrezia ezabatu daitekeela uste dugulako. Guztiok batera egin dugu POBREZIAREN ETRA BERE ERRUDUNEN AURKA: BANKU ETA MULTINAZIONALAK ETA EUREN ZERBITZURA DAUDEN GOBERNU USTELAK, ETA ERRUDUNENTZAT EPAIKETA ETA ZIGORRA ESKATU DITUGU. Nelson Mandelak esan zuen bezala pobrezia ez baita fenomeno naturala, eta badira errudunak.

Munduan 1.300 milioi pertsonatik gora egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi da. Pertsona horien %70a emakumeak dira. EAE-n 250.000 pertsona inguru dago ezegonkortasun egoeran, horietatik 127.000 jada pobrezian bizi direlarik.

Euskal autonomia erkidegoan konponbideak ditugu arazo hauentzat, gobernu, legebiltzar eta bestelako erakundeetatik borondate politikoa baldin badago behintzat. Guztiei exijitzen dizkiegunak hauek dira:

– Etxerik gabeko jendeari eta jenderik gabeko etxebizitzei Stop! Etxebizitzaren euskal lege bat exijitzen dugu,
banketxeen esku dauden etxebizitzak zigortu eta desjabetuko dituena eta etxebizitza sozialen parkean sartzera derrigortuko duena.

– Pobreturik edota langabezian dauden familien, porrot egin duten autonomoen eta horien guztien abal emaileen
etxegabetzeei Stop! Etxea ordainetan eman eta alokairu soziala exijitzen ditugu.

– IRPHaren lapurretari STOP. Lapurturikoa itzultzea exijitzen dugu.

– Pobrezia energetikoari STOP. Pobreturiko familiei argindar edota gas mozketarik ez.

– Ahulenen pobrezia eta bazterketari STOP, adibidez haurren malnutrizioa, adingabeak bere kargu dituzten
emakumeak edota pentsio oso txikiak dituzten edadetuak, batez ere alargunak, askok gainera langabezian dauden
senideak mantentzen dituztelarik. 2015eko aurrekontuetan RGI eta gizarte laguntzetarako diru gehiago exijitzen dugu.

– Iruzur fiskalari STOP. Batez ere aberatsenen kasuan: enpresa eta ondasun handiak , izan ere zerga bidezkoago
batzuekin gizarte gastu handiagoak ordaindu eta pobrezia txikitu dezakegu.

– Zerbitzu publikoak deusezteari STOP. Zerga sistema bidezko eta birbanatzailea behar dugu, gehien dutenek
gehiago ordain dezaten. Horrela osasun zerbitzuak, hezkuntza eta gizarte laguntzak ordaindu ahal izango ditugu.

– Kutxabanken pribatizazioari eta gizarte ekintza deusezteari STOP. Kudeatzaile politikoei (PNV, PSE eta PP) eta zuzendaritzako kideei exijitzen diegu euskaldun guztion ondarea inbertitzaile pribatuei ez saltzeko. Kutxa publikoa eta kontrol soziala duena izan dadila, gizartearen eta bere industriaren zerbitzura.

Gainera, gaur Donostian, estatuko beste hainbat herritan bezalaxe, mozalaren lege edo “ley mordaza” delakoari ere STOP esaten diogu. Ez gaituzte isilduko.

GUZTIOK ELKARREKIN AHAL DUGU, eta gaur frogatu dugu.
EPAIKETA ETA ZIGORRA ERRUDUNENTZAT!

PNV, PSE eta PPk IRPHaren alde egin dute Donostian

firmas_donos

PNV, PSE ETA PPk IRPHaren KALTETUEK EUREN DIRUA BERRESKURATZEAREN AURKA GIN DUTE

PNV, PSE ETA PPk IRPHaren ALDE INDARRAK BATU DITUZTE DONOSTIAKO UDALBATZAN

DAGOENEKO 30etik GORA EPAIEK EBATZI DUTEN BEZALA DIRUA ITZULTZEA DEFENDATZEN ZUEN EH BILDUREN MOZIOA BAZTERTUA IZAN DA

Donostia, 2014-12-18

Donostiako udalbatzan gaur PNV, PSE eta PPk euren indarrak batu dituzte abusuzko IRPH indizearen arabera bidegabe kobraturiko dirua itzultzea eskatzea ekiditeko.

Dagoeneko hogeita hamar baino gehiago dira IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu eta Kutxabank bidegabe kobraturikoak itzultzera zigortzen duten epaiak, eta EH Bilduren mozioak Kutxabanki eskatu nahi zion itzultze hau kaltetuak izan diren familia guztiei aplikatzeko, epaitegietara jotzera behartu gabe.

PNV, PSE eta PPk ordezko testuak aurkeztu dituzte itzultze-eskaera hori ezabatu eta edukirik gabeko planteamenduak gehituaz, funtsezkoa den gaia atentzio-gunetik kendu nahian, hau da, IRPHaren aplikazioa abusuzkoa izan dela eta bidezkoa lapurturiko itzultzea dela. Justiziak oso garbi esan du.

PNV-PSE-PP troikak IRPHaren abusuaren alde eman dituen bozken batuketaz, EH Bilduren mozioa baztertua izan da.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak barregarri deritzo PNV, PSE eta PPk IRPHaren defentsan burugogor jarraitzeari, epaitegiak oso garbiak izaten ari diren honetan, eta exijitzen die argitu dezatela ze interes ezkutatzen dituzten herritarrak modu honetan zigortzen jarraitzeko.