Donostia, 2014-8-29
Idatzi bateratu honen bitartez, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek Kutxabankek bere irabazietan ezagutzera eman duen %57ko igoeraren inguruko gure balorazioa heralazi nahi diogu gizarteari.
Gure elkarteek ez dute inolaz ere Kutxabanken irabazietan murrizketarik desio. Izan ere, irabazi hauek teorian gizarte ekintzara zuzenduko dira. Behin baino gehiagotan adierazi dugu PNV, PSE eta PPko buruzagiak gauzatzen ari diren eta gizartearentzat lapurreta nabaria den Kutxabanken pribatizazioa eta gizarte ekintzaren likidazioaren aurkako herri mugimenduari gure babesa eta atxikimendua.
Baina ez dugu irabaziak edozein modutan bilatzea onartuko, eta horregatik oso gogor salatu behar ditugu Kutxabankek 76 milioi euro horiek lortzeko erabiltzen dituen bideak. Gizarteak jakin behar du Kutxabankek, irabazi horien berri ematen duen bitartean, Errenterian Eva eta bere adingabeko alabaren kaleratzea eskatu duela. Kaleratze hau edozein momentutan gerta liteke, eta gure elkarteek eskura ditugun tresna ez biolento guztiak erabiltzeko asmoa dute hori ekiditeko.
Eva eta alabarena bezalako etxegabetzeak exekutatzeaz gain, epaitegietan etxegabetze eskaerak egiten jarraitzeaz gain eta etxea ordainetan hartu eta alokairu soziala ukatzeaz gain, Kutxabankek abusuzko klausulak aplikatzen darrai, eta bere agirian IRPH indizeen ordezkatzeak edota zoru-klausulak bertan behera uzteak taldearen mozkinen gainean duen eragin negatiboagatik kexu agertzeko ausardia izan du. Adierazpen hori nazkagarria da. Abusuzko klausula hauen bidez kobraturikoak itzultzeko asmoa erakutsi edota barkamena eskatu beharrean, etorkizunean irabazteari utziko dionagatik kexu ageri da.
IRPHaren kasuan, gogoratu behar da Kutxabankek abusuzko indize hau aplikatzen jarraitzen duela, Gasteizko Legebiltzarretik, Gipuzkoako Batzar Nagusi eta Foru Aldundutik eta hogeitik gora udalbatzatik jasotako deialdiei entzungor eta trufa eginez. Gainera, dagoeneko badago epai bat Kutxabank IRPH Cajas indizearekin kobraturiko guztiak atzerako eraginez itzultzera zigortu duena, eta 30 salaketatik gora daude epaiketa zain. Irailaren 22an ospatuko da Donostian horietako bati dagokion epaiketa, kasu honetan IRPH Entidades indizea aplikatzeagatik.
Gainera, hipoteka hilero garaiz ordaintzeko zailtasunak dituzten familia kaltetuenei Kutxabankek oraindik ere posizio zordunak galdegiteagatiko komisioa eta berandutze interesak kobratzen dizkie. Bi klausula hauek abusuzkoak direla-eta epaitegietan baliogabetuak izan dira, eta berriki Audientzia Probintzialak baliogabetze hau berretsi du. Berrespen hau exekuzio hipotekario baten barruan eman da, non Lorena eta bere alabari babes ofizialeko etxebitza kendu dien Kutxabankek, Errenterian baita ere, eta kaleratzeko arriskuan daudelarik hauek ere. Beraz, milaka kaltedunek Kutxabank epaitegietan salatu dezakete abusuzko klausula hauek baliatuz diru gehiago ez kobratzeko, baina bankuak aplikatu egiten ditu hala ere, kalteturiko familia gehienek ez baitakite euren eskubideen berri edo ez baitaukate Kutxabank epaitegietan salatzeko baliabiderik.
Modu honetan, eta bankuaren datuen arabera, Kutxabankek egunero milioi bat euroko diru sarrerak ditu komisiotan. Badakite komisio horietako batzuk legez kanpokoak direla, baina aplikatu egiten dituzte, eta aplikatzeari uztera behartuta dauden horien inguruan kexu agertzen dira.
Eta testuinguru honetan, berriki jakin dugu Kontuen Epaitegiak ikerketa zabaldu duela Kutxabankek alderdi politiko bati barkatu dizkion 10 milioi euroen inguruan. Nazkagarria da alderdi politikoei milioika euro barkatzea larrialdian dauden familien babes ofizialeko etxebizitzak enkantera ateratzen dituen bitartean, Donostian Marian eta bere seme-alabena kasu.
Ez dugu amore emango errudunak epaitu eta zigortuak izan artean.
BAI, POSIBLE DA.