Donostiako udalbatzak IRPH-a eztabaidatuko du

irph-donos

Donostiako udalbatzak abenduaren 18an, ostegunez, EH Bilduk proposaturiko mozio bat eztabaidatuko du. Mozioak proposatzen duena hauxe da:

Donostiako Udalak eskatzen die Kutxabanki eta haren antzera jokatzen ari diren gainontzeko finantza erakundeei lehenbailehen itzultzeko, IRPH indizea legez kontra aplikatzeagatik, Donostiako eta lurralde osoko bezero guztiei gehiegi ordainarazitako zenbatekoak, hauek epaitegira jotzeko zain egon gabe.

Hogeita hamarretik gora dira Kutxabank IRPHaren arabera «bidegabe kobraturikoak itzultzera» zigortu duten epaiak, eta bistakoa da salaketa jartzea erabaki (eta ahal) duen orok emaitza berdina izango lukeela. Nabaria da IRPHa aplikatzea abusua izan dela, eta Kutxabankek kalteturiko familia guztiei euren dirua itzultzea da logikoena, epaitegietara jotzera behartu gabe. Horixe da IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik eskatzen ari garena, Xabier Iturberen dimisioarekin batera, bera baita zentzugabekeria honen erantzule.

Donostiako udaletxearen jarrera garrantzitsua da, Kutxaren erakunde sortzaileetako bat baita. 2013ko ekainean udalbatzak IRPHaren gaia eztabaidatu zuen, Kutxari indize hau aplikatzeari uzteko eskatzen zion PSEren mozio baten harira. Udalbatzak aho batez onartu zuen testua, EH Bildu, PSE, PNV eta PPren bozekin, baina jakina denez banketxeak IRPHa aplikatzen jarraitu du.

Ordutik igaro den urte eta erdian, EH Bilduk IRPHaren aurkako jarrera hau ordezkaritza duen foro guzti-guztietan mantendu du, Kutxaren administrazio kontseilua barne.

PSEk mozio berdina beste hainbat udaletxetan bultzatu zuen, baina fartsa bat antzezten eta kaltetuoi burla egiten ari zen, Kutxaren administrazio kontseiluko PSEren ordezkariek beti bozkatu baitzuten IRPHa aplikatzen jarraitzearen alde. Itxurakeria honi buruz galdegindakoan, bere burua sozialistatzat aurkezten dutenek beti beste alde batera begiratu izan dute, Ernesto Gasco eta Enrique Ramos-en txio hauetan ikus daitekeenez.

twitter_pse

Baina ez izan zalantzarik: José Miguel Martín Herrera PSEk Kutxaren administrazio kontseiluan zuen ordezkariak IRPHaren alde behin eta berriz eman zuen bozkak bere alderdiaren babes osoa zuen. Horren froga argia da orain dela gutxi, Kutxaren administrazio kontseilua deuseztatu dutenean, PSEk berriz ere kolokatu duela Kutxa banku-fundazioaren patronatuan. IRPHaren aldeko bozka kriminalak PSEren babes osoa du.

PNVri dagokionean, antzeko zerbait gertatzen da. IRPHaren aurkako mozioa babestu zuen Donostian eta beste hamaika udalerritan (kasuren batean PNV bera izan zen mozioa sartu zuena), baina bera da Kutxa eta Kutxabankek eskaera hauei entzungor egin izanaren erantzule zuena, bankua kontrolatzen baitu. Eta IRPHaren aleko euren politikan ondoan izan dituzte beti PSE eta PP, eta baita CCOO eta Pixkanaka sindikatuak ere.

Donostiako PP-k ere babestu zuen 2013ko ekainean IRPHaren aurkako mozio hura, agian PSE eta PNV antzezten ari ziren antzerkiak animatuta. Hala ere, PP-ren alde esan behar da zenbait udalerritan IRPHaren aldeko euren jarrerarekin koherentziaz mozioa babestea baztertu zutela.

Ikus dezagun zer egiten duten laster boto eske etorriko diren lau alderdiek abenduaren 18an.

PNV=PSE=PP troikak IRPHa babestu du Batzar Nagusitan

PNV=PSE=PP troikak gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusitako Osoko Bilkuran IRPH Entidades indizea bertan behera utzi eta IRPH guztiekin entitate guztiek kaltetu guztioi lapurtu diguten guztia itzultzearen aurka bozkatu du.

Aretoan ginen kaltetuenganako euren sentsibilitatearen neurri garbia da erakutsi duten kezka bakarra: gu saioa grabatzen ari ote ginen.

Hau da argitara eman dugun prentsa-oharra:

EPAI-ZAPARRADAREN ERDIAN BATZAR NAGUSIEK IRPHaren KALTEA JASAN DUTEN FAMILIEKIN JUSTIZIA EGITEA BAZTERTU EGIN DUTE

DAGOENEKO HIRU DIRA IRPHa BALIOGABETU ETA KUTXABANK ZIGORTU DUTEN EPAIAK

LAISTER 33 IZANGO DIRA

Donostia, 2014-11-5

Gipuzkoako Batzar Nagusiek EH Bilduren ebazpen proposamen bat eztabaidatu dute gaur, non entitate finantzario guztiei eta bereziki Kutxabanki eskatzen zitzaien IRPHa aplikatzeari utzi eta Euribor+1 indizearekin ordezkatzeko, atzerako eraginez. Proposamena PNV, PSE eta PPren botoekin baztertua izan da.

Eztabaida IRPHa baliogabetu duen hirugarren epaia ezagutu eta hurrengo egunean iritsi da. Hirugarren epai honek ere IRPHa baliogabetzeaz gain Kutxabank zigortu du indize honen arabera bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.

Gainera, datorren astelehenean, hilak 10, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kideek jarritako 30 salaketei dagozkien aurretiko bistak ospatuko dira, eta beraz laster 33 izango dira IRPHa baliogabetzen duten epaiak.

Elkarte honek PNV, PSE eta PPren jarrera baztertzen du. Jakin nahiko genuke zenbat epai beharko diren IRPHak kaltetutako familia guztiekin justizia egin dadin. Ez da bidezkoa egoera berdinean dauden dozenaka milaka familiek epaitegietara jo beharra izatea lapurtu zaiena itzultzea lortzeko, eta horixe da PNV, PSE eta PP-k babesten dutena Batzar Nagusitan eta Kutxabanken aginte organoetan duten jarrerarekin.

Gaur egun IRPH Cajas indizeari loturiko Kutxabanken hipoteka guztietan kontratuak egintzen duen Euribor+1 ordezko indizea aplikatzen da. Kutxak ordezkatze hau legediak utzi dion guztia atzeratu du, horretarako erakunde publikoetatik jaso dituen deiei muzin egin behar izan badie ere. Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Kutxaren sortzaile diren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udaletik jaso zituen dei hauek, besteak beste. Edozein modutan, kaltetuek, eta baita justiziak ere, uste dute IRPHa aplikatzea abusuzkoa izan dela maileguaren hasiera unetik beretik, eta ondorioz interesak itzultzea dela bidezkoa.

IRPH Entidades delako indizeari dagokionez, indarrean jarraitzen du nahiz eta hau ere abusuzkoa izan, eta Kutxabankek aplikatu egiten du, batez ere babes ofizialeko etxebizitzen maileguetan.

PNV, PSE eta PPren botoekin baztertua izan den EH Bilduren ebazpen proposamena oso egokia zen, IRPH guztiak (IRPH Entidades delakoa barne) bertan behera utzi eta entitate finantzari guztiek IRPH aldaera guztiekin kaltetu guztiei kobraturiko interes guztiak itzultzeko eskatzen baitzuen.

IRPHa baliogabetzen duen hirugarren epaia

hirugarrena

Gaur, 2014ko azaroaren 4ean, IRPHa baliogabetzen duen eta banketxea bidegabe kobraturikoak atzerako eraginez itzultzera zigortzen duen hirugarren epaia ezagutu dugu.

Berriz ere Kutxabank-en hipoteka bat da, eta epaia Abogados Res despatxoak lortu eta argitaratu du. Bufete honetan egiten dute lan Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek, gure elkarteari musu-truk laguntzen diotenak.

Hiru dira epaiak, eta datorren astelehenean, azaroak 10, Kutxabanken aurka arrazoi berdinekin elkarte honetako kideok jarri genituen 30 salaketen aurretiko bistak ospatuko dira. Beraz laster 33 izango dira epaiak.

Galdera da: zenbat epai beharko dira IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun guztioi lapurturikoa itzultzeko epaitegietara jo beharrik izan gabe?

Bihar, azaroak 5, Gipuzkoako Batzar Nagusitan EH Bilduren ekimen bat eztabaidatuko da. Bertan IRPHaren aldaera guztiak bertan behera utzi eta banketxe guztien IRPH guztien kaltetu guztiei lapurturikoa itzultzeko eskatzen da, epaitegietara jo beharrik gabe. PNV, PSE eta PPri dei egiten diegu ekimenaren alde bozka dezaten.

Kutxak helegitea jarri du, PNV, PSE eta PPren babesaz

salvavidas

Gaur jakinarazi digute Kutxak helegitea jarri duela mailegu batetan IRPHa baliogabetu zuen epaiaren aurka. Epai hark Kutxa zigortu zuen gehiegikeriaz kobraturiko interesak itzultzera, IRPHaren arabera ordainduriko guztiak Euribor+1 indizearekin berriz kalkulatuaz.

Helegite hau Kutxaren arduradun politikoei helarazi genien eskabidearen ondoren dator. Eskaera hartan, epaia onartu eta kaltedun guztiei aplikatzeko deia egin genien. Gasteizko legebiltzarrean izan zen eztabaidan, EH Bilduk proposatu zuen Kutxari aldarrikapen hori helaraztea, baina PNV, PSE eta PP-k aurka egin zutens. Beraz, familiek jakien behar dute PNV, PSE eta PPk ez dutela gehiegikeriaz kobraturiko interesak berreskuratzerik nahi. Hala ere, helegitearekin ez dute askorik lortuko. IRPHa abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa dela frogatzen duten argumentuak ditugu, eta amaieraraino jarraituko dugu borrokan.

Orain hamar eguneko epea dugu Kutxaren helegiteak aurkezten dituen argumentuen aurka egiteko, eta ez zaigu zaila suertatuko.