Martxoaren 21eko data duen dokumentu baten bidez (hemen eskuragarri duzuna), Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak C-125/18 prozedura abian jarri du, IRPH erreferentzia indizearen gaineko galderaren inguruan.
Bartzelonako Lehen Instantziako Epaitegiak gaia premiazko bidetik aztertua izan zedin eskatu zuen arren, Europar Batasuneko Epaitegiak aukera hori baztertu egin du. Ez da berri ona kaltedunontzat, prozesua zenbait hilabetez luzatzea baitakar (bi urte inguru arte, iturri batzuen arabera). Baina eragozpen honek ezin dio garrantzirik kendu IRPHaren salaketa Europako epaitegietara iritsi izanak suposatzen duen lorpenari. Duela lau urte baino gehiago IRPHaren aurkako epaitegietako borroka hasi genuenean ia pentsaezina zen aukera hau.
Bartzelonako epaitegitik Europar Batasuneko Epaitegiari galdetzen zaiona da, funtsean, ea IRPHa bezalako indize ofizial bat kontratuan sartzeak ez ote duen inolako gardentasunik behar (2017ko abenduaren 14ko 669/2017 epaian Espainiako Auzitegi Gorenak esan duen bezala) edota IRPHaren inguruko klausulak gardena izan behar ote duen (lehen eta bigarren instantziako epaitegi askok eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk 669/2017 epaiari egin dioten boto partikularrean defendatzen duten bezala). Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna erabakigarria izango da IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan. Horregatik IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik dei egiten diegu epaitegietan indize honen aurkako auzibidetan diren guztiei prozedura behin behin behinean gelditzeko eskaera egin dezaten, Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna ezagutu artean.
Europar Batasuneko Epaitegiaren dokumentuan irakur daitekeenez, bi hilabeteko epea zabaldu da idatzizko oharrak jasotzeko auzitan diren bi aldeetatik eta baita beste eragileetatik ere, tartean batasunko estatuetatik. Honek esan nahi du Espainiako estatuak aukera duela txosten bat aurkezteko, zoru-klausulen auzian egin zuen bezalaxe. Kasu hartan Espainiako gobernuak Europako Batasuneko Epaitegiari helarazi zion txostenean zoru klausulen gaian atzera eraginkortasunaren aurka egin zuen, hau da, banketxeen interesen alde eta kontsumitzaileen eskubideen aurkako jarrera bat izan zuen. Zorionez Europako Epaitegiak Espainiako gobernuaren txostenaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako epaia ebatzi zuen, eta ondorioz zoru-klausulen atzerako eragina osoa da. Espero dezagun kasu honetan Espainiako gobernuak berriz ere hiritarren aurka ez egitea, eta edozein kasutan Europako Epaitegiak berriz ere kontsumitzaileon alde egitea.