Europako Batzordea, IRPHaren kaltedunen alde eta Espainiako Auzitegi Gorenaren aurka

EUROPAKO BATZORDEAK IRPHaren KALTEDUNEN ALDEKO ETA ESPAINIAKO AUZITEGI GORENAREN AURKAKO IRITZIA ERAKUTSI DU EUROPAR BATASUNEKO EPAITEGIAN

ABUSUZKO INDIZE HONEN AURKAKO EPAITEGIETAKO BORROKAN MUGARRI HISTORIKOA DA

Donostia, 2018-9-23

Europako Batzordeak, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari helarazi dizkion idatzizko ondorioetan, IRPH indize espainolaren kaltedunen aldeko jarrera erakutsi du, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka eginaz.

Europako Batzordearen ondorioen idatzia IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan mugarri oso garrantzitsua da, eta Maite Ortiz era José María Erauskin abokatuek eman dute ezagutzera. Batzordearen ondorioak Bartzelonako epaitegi batek helarazi dituen galdera batzuen ingurukoak dira. Galdera horiek Ortiz eta Erauskinen Abogados Res bulegoaren laguntzaile den Bartzelonako Abogados Urbe bulegoak eginak dira.

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari galdetu zaio ea Espainiako Auzitegi Gorenak 2017ko abenduaren 14ean ebatzi zuen epaiak, zeinaren arabera IRPHaren klausula gardentasun kontrol orotatik libre dagoen, Europako zuzenbidearekin bat egiten duen ala ez. Azpimarratzekoa da Espainiako Gorenaren epaiak berak bi boto partikular zituela, zeinak zalantzarik gabe adierazten zuten epaia zuzenbidearen aurkakoa dela.

Ohiko prozedurari jarraiki, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak aldeei, estatuei eta Europako Batzordeari euren idatzizko ondorioak eskatu zizkien, eta Batzordeak 40 orrialdeko idatziarekin erantzun du, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako jarrera erakutsiz eta boto partikularrarekin bat eginez. Boto partikular horri buruz dio azalpen zuzen eta oso argiak ematen dituela.

Esateko guztiak jaso ondoren, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiko abokatu nagusiak bere ondorioak idatzi beharko ditu orain. Batzordearen iritziak pisu handia izan ohi du abokatu nagusiaren ondorioetan, eta Epaitegiaren ebazpenek gehienetan abokatu nagusiaren irizpidearekin bat egiten dute. Litekeena da beraz Espainiako Auzitegi Gorena berriz ere Europatik zuzendua izatea. Memento historikoa da hau, eta oso itxaropentsua IRPHaren kaltedun diren familia guztientzat. Gure kalkuluen arabera 1.3 milioitik gora dira IRPHari lotu ziren etxebizitza-maileguak.

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak Europako Batzordeak gomendatu dion bidetik erantzuten badu, Espainiako epaitegiek aztertu beharko dute IRPHaren klausula gardentasunez txertatu zen ala ez maileguetan. Eta gardentasun eza ikusiko balute, klausula hori kontratuetatik ezabatu beharko lukete. Klausula honek inolako gardentasun beharrik ez zuela esaten zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina bertan behera geratuko litzateke modu honetan. Epaitegi horretako boto partikularrak, orain Europak berretsi dezakeen horrek, argi adierazten zuen aurkako iritzia: «ez dago zalantzarik, IRPH erreferentzia indizea, bere kalkulurako formula matematikoagatik eta bere konfigurazio bitxiagatik (komisioak eta bezeroaren gainontzeko gastuak barne ditu, eta bataz besteko ez haztatu baten bitartez kalkulatzen da), ulertzeko zaila da bataz besteko kontsumitzailearentzat eta ondorioz gardentasun kontrolerako elementu ezin hobea da».

IRPHari loturiko maileguek ez dute indizearen konfigurazioa eta kontsumitzailearentzat dituen desabantailak azaltzen. Estatistikan katedradun batek baieztatu zuen indizea ez dela batere sendoa, eta agerikoa dela hobetu daitekeela. Gainera, gehitu zuen bistakoa eta oso nabarmena dela entitate bakoitzak, bere tamaina edo bolumena edozein dela ere, IRPHaren hileroko emaitzan eragiteko ahalmena duela. Kontratuek hau guztia azaltzen ez dutenez, IRPHa gardentasunik gabe izan zen gehitua kontratu horietara, eta beraz kasu guztietan bertan behera geratuko lirateke, zoru-klausulekin gertatzen ari den bezalaxe.

Europako Epaitegiak klausula bertan behera geratze horren ondorioen inguruan ere erantzun beharko du. Europako Batzordeak, bere ondorioetan, gogorarazten du klausula bat baliogabetzearen ondorioa klausula hori kontratutik ateratzea dela, eta beraz IRPHari loturiko maileguak interesik gabe geratu beharko lukete. Hau posible da eta IRPHaren aurkako zenbait epaik dagoeneko ebatzi zuten. Batzordeak gomendatzen du epaileren batek kasuren batetan ebatziko balu, arrazoi partikular batengatik, mailegu batek ezin duela interesik gabe jarraitu, aldeek indize berri bat adostu beharko luketela. Eta adostasunik ez balego epaileak ohikoagoa den indize bat ezarri beharko luke, Euribor-a kasu, diferentziala aldatu gabe. Baina hau ez da berez beharrezkoa izango. Izan ere Kode Zibilak eta Merkataritza Kodeak ezartzen dute maileguak berez doakoak direla.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak berri historiko honen oso balorazio ona egiten du, eta kalteturiko familia guztiei justizia iritsi bitartean eusteko deia luzatzen die.

Europako Batzordearen ondorioen idatzia eskuragarri duzu hemen.

Europako Epaitegiek IRPHa epaitu atarian gobernuari galdera egin dio En Marea – Unidos Podemos taldeak

Aurrez EH Bildu izan bazen Kongresuan Gobernuari galdera egin ziona Europako Epaitegiek IRPHaren gaia aztertu behar dutela eta izango duen jarreraren inguruan, orain En Marea (Unidos Podemos) izan da, Senatuan.

Galderak (hemen eskuragarri dituzunak), Marcos Guerreiro IRPHaren aurkako aktibista eta adiskideak bultzatu ditu Galizatik, eta En Marea (Unidos Podemos) taldeko Vanessa Angustiak aurkeztu ditu. Talde honek Maite Ortiz eta José María Erauskinen agerraldia ere eskatu du gainera.

EH Bilduk Espainiako gobernuari galdetu dio Europar Batasuneko Epaitegietan IRPHaren inguruko kasuan izango duen jarrerari buruz

EH Bilduko Marin Beitialarrangoitia diputatuak idatzizko erantzuna eskatzen duen galdera sorta bat luzatu dio Espainiako gobernuari, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPHaren inguruan tramitera onartu duen IRPHaren inguruko kasua dela eta. EH Bilduren galderak hemen klik eginda eskuratu ditzakezu.

EH Bilduk gobernuari galdetu dio ea auzibide honetan Europako epaitegiari idatzizko oharrik helarazteko asmorik ba ote duen, Europar batasuneko estatu bezala aukera hori baitu eta aurrez zoru klausulen kasuan aukera hori baliatu baitzuen. Beitialarrangoitiak aurpegiratzen dio kasu hartan Espainiako gobernuak banketxeen alde eta kontsumitzaileen aurka egin zuela Europar Batasuneko epaitegiaren aurrean, eta gainerako talde parlamentarioekin eztabaidatu gabe egin zuela. (Hemen ikus dezakezu Gobernuak aurkeztu zuen txostena)

EH Bilduk gogorarazten du Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak erantzun behar duena dela ea IRPHa bezalako indize ofizial bat kontratuan sartzeak ez ote duen inolako gardentasunik behar (2017ko abenduaren 14ko 669/2017 epaian Espainiako Auzitegi Gorenak esan duen bezala) edota IRPHaren inguruko klausulak gardena izan behar ote duen (lehen eta bigarren instantziako epaitegi askok eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk 669/2017 epaiari egin dioten boto partikularrean defendatzen duten bezala). Beitialarrangoitiak gehitzen du gardentasun beharraren inguruko eztabaida horretan zuhur eta arrazoizkoa dela gardentasunaren alde egitea.

Zortzi galderen artean azkena erabili du EH Bilduk Gobernuari esateko gardentasunaren alde egin behar ez badu hobe lukeela inolako iritzirik ez helaraztea kasu honetan.

IRPH Stop Gipuzkoatik EH Bilduren ekimena eskertzen dugu eta Espainiako Gobernuari eskatzen diogu hiritarren alde egin dezala edo egon dadila isilik.

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPHaren inguruko prozedura abian jarri du, baina ez premiazko bidetik

Martxoaren 21eko data duen dokumentu baten bidez (hemen eskuragarri duzuna), Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak C-125/18 prozedura abian jarri du, IRPH erreferentzia indizearen gaineko galderaren inguruan.

Bartzelonako Lehen Instantziako Epaitegiak gaia premiazko bidetik aztertua izan zedin eskatu zuen arren, Europar Batasuneko Epaitegiak aukera hori baztertu egin du. Ez da berri ona kaltedunontzat, prozesua zenbait hilabetez luzatzea baitakar (bi urte inguru arte, iturri batzuen arabera). Baina eragozpen honek ezin dio garrantzirik kendu IRPHaren salaketa Europako epaitegietara iritsi izanak suposatzen duen lorpenari. Duela lau urte baino gehiago IRPHaren aurkako epaitegietako borroka hasi genuenean ia pentsaezina zen aukera hau.

Bartzelonako epaitegitik Europar Batasuneko Epaitegiari galdetzen zaiona da, funtsean, ea IRPHa bezalako indize ofizial bat kontratuan sartzeak ez ote duen inolako gardentasunik behar (2017ko abenduaren 14ko 669/2017 epaian Espainiako Auzitegi Gorenak esan duen bezala) edota IRPHaren inguruko klausulak gardena izan behar ote duen (lehen eta bigarren instantziako epaitegi askok eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk 669/2017 epaiari egin dioten boto partikularrean defendatzen duten bezala). Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna erabakigarria izango da IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan. Horregatik IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik dei egiten diegu epaitegietan indize honen aurkako auzibidetan diren guztiei prozedura behin behin behinean gelditzeko eskaera egin dezaten, Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna ezagutu artean.

Europar Batasuneko Epaitegiaren dokumentuan irakur daitekeenez, bi hilabeteko epea zabaldu da idatzizko oharrak jasotzeko auzitan diren bi aldeetatik eta baita beste eragileetatik ere, tartean batasunko estatuetatik. Honek esan nahi du Espainiako estatuak aukera duela txosten bat aurkezteko, zoru-klausulen auzian egin zuen bezalaxe. Kasu hartan Espainiako gobernuak Europako Batasuneko Epaitegiari helarazi zion txostenean zoru klausulen gaian atzera eraginkortasunaren aurka egin zuen, hau da, banketxeen interesen alde eta kontsumitzaileen eskubideen aurkako jarrera bat izan zuen. Zorionez Europako Epaitegiak Espainiako gobernuaren txostenaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako epaia ebatzi zuen, eta ondorioz zoru-klausulen atzerako eragina osoa da. Espero dezagun kasu honetan Espainiako gobernuak berriz ere hiritarren aurka ez egitea, eta edozein kasutan Europako Epaitegiak berriz ere kontsumitzaileon alde egitea.

Europar Batasuneko Epaitegiak tramitera onartu du IRPHaren inguruko galdera

EUROPAR BATASUNEKO EPAITEGIAK TRAMITERA ONARTU DU IRPHaren INGURUKO GALDERA BAT

EUROPAR EPAITEGIAK EBAZPEN BAT ARGITARATU BITARTEAN ZABALIK DAUDEN PROZEDURA GUZTIAK ETETEA GOMENDATZEN DU IRPH STOP GIPUZKOA ELKARTEAK

IRPHaren AURKAKO EPAITEGIETAKO BORROKA HASI ZENETIK LAU URTE BETE DIRENEAN ABUSUAREN AMAIERA GERO ETA GERTUAGO DAGO

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak tramitera onartu du Bartzelonako 38 zenbakidun instrukzio epaitegiak luzatu dion IRPHaren inguruko galdera (ikusi hemen Bartzelonako epaitegiaren autoa). Urbe Abogados-eko Alejandro Benavente-k aurkeztu du galdera. Donostiako Abogados Res despatxuarekin elkarlanean dabilen abokatua da, eta beraz José María Erauskin eta Maite Ortiz abokatuen ezagutza guztiarekin prestaturiko galdegitea da. Abokatu horiek hasi zuten IRPHaren aurkako epaitegietako borroka IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin, eta estatu mailan aitzindariak dira.

Otsailaren 17an bete dira hain zuzen ere 4 urte IRPHaren klausula abusuzkoa delako bertan behera uzteko lehen auzibidea abian jarri zenetik. Maite Ortiz eta José María Erauskinek aurkeztu zuten IRPH Stop Gipuzkoa plataformarekin elkarlanean, eta IRPHaren klausula baliogabetzen zuen lehen epaia irten zen hortik. Lau urte geroago, borroka ez da amaitu, nahiz eta ixteko saiakera egin berri duen Espainiako Auzitegi Gorenak.

Europatik datorren hau oso albiste ona da indize honek kalteturiko guztiontzat, 2017ko abenduaren 14ean Auzitegi Gorenak epai baten bitartez IRPHa inolako gardentasun premiarik gabe aplikatu zitekeela esan eta gero.

Orain zabaltzen den bidetik Europaren zartako berri bat etor dakioke Espainiako Auzitegi Gorenari. Ez litzateke lehen aldia izango banketxeen abusuen inguruko gaietan. 1.3 milioitik gora izan daitezkeen kaltedunen itxaropena Europan dago beraz orain. Eta bada horretarako arrazoirik. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak berak bazuen boto partikular bat non mi magistratuk zalantzarik gabe esaten zuten ebazpena Europar Batasuneko jurisprudentziaren aurkakoa dela.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaia aztertzen duen bitartean, IRPHaren aurka auzibideak hasiak dituzten kaltedun guztiei prozedura etetea eskatzeko gomendatzen diegu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik. Bai behintzat Europar Epaitegiak C-125/18 erreferentziaz izendatu duen gaia ebatzi bitartean (Gómez del Moral Guasch kasua). Izan ere, nahiz eta dagoeneko badiren Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka IRPHaren klausula baliogabetu diren epaiak, begi-bistakoa da banketxeek helegiteak jarri eta gaia Auzitegi Gorenera iristen bada honek berriz ere banketxeen alde egingo duela.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen deialdi hau epaileei ere luzatzen diegu: eten itzazue IRPHaren inguruko auzibide guztiak, Europak erabaki bat hartu bitartean.

Eta, jakina, banketxeei ere luzatu nahi diegu deia: ez ezazue abusuzko indize hau gehiago aplikatu. IRPH Stop Gipuzkoatik dei berezia egin nahi diogu Kutxabank banketxeari, gure lurraldean IRPHa gehien aplikatu duen banketxea delako eta pribatizatu zuten arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarron aurrezki kutxekin sortutako entitatea zelako: eten ezazue behingoz indize kriminal honen aplikazioa. Izan ezazue lotsa apur bat.

Arabako Probintzia Auzitegiak ere Europari IRPHaren inguruan galdera egiteko tramiteak hasi ditu

Arabako Probintzia Auzitegiak ere Europari IRPHaren inguruan galdera egiteko tramiteak hasi ditu, Kutxabanken aurkako prozesu batetan Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek hala eskatuta. Azpimarratzekoa da berriki Espainiako Auzitegi Gorenak Kutxabanki arrazoia emanez IRPHa ontzat eman zuen kasuko epaitegi, banketxe, eta abokatu salatzaile berberak direla.

Aurretik Bartzelona eta Mallorcako bi epailek ere hasiak dituzte tramite horiek. Gainera, Amurrioko lehen kasu baten ondoren Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka IRPHa baliogabetu duten epaiak dagoeneko bat baino gehiago dira. IRPHaren aurkako epaitegietako borrokak bizi-bizi jarraitzen du beraz, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak dagoeneko IRPHaren aldeko bere irizpidea ezagutarazi epai baten bitartez. Ezin da ahaztu ordea epai horrek berak bazuela boto partikular bat, non bi epailek esaten zuten epaia Europako zuzenbidearen aurkakoa zela.

Arabako kasuan Kutxabankek dagoeneko erantzun du Europari galdera egiteko aukeraren aurkako jarrera erakutsiz, esanaz gertatzen dena dela helegitea jarri dutenei Espainiako Auzitegi Gorenak esan duena ez zaiela gustatzen. Ikusi egin behar orain epaileak zer erabaki hartzen duen. Edozein modutan bistan da kasu honetan ez bada besteren batetan izango dela, baina IRPHaren gaia Europar epaitegietara iritsiko da.