IRPHaren AURKAKO EPAITEGIETAKO BORROKAN AURRERAPAUSO GARRANTZITSUAK
PROBINTZIA AUZITEGI BERRIEK ABUSUZKO INDIZE HAU BALIOGABETU DUTE: MADRIL, ALIKANTE ETA SALAMANKAK ARABA ETA BIZKAIAREKIN BAT EGIN DUTE
GAINERA, ARABAKO PROBINTZIA AUZITEGIKO EPAI BAT IRMO BILAKATU DA
Donostia, 2017-6-5
IRPHaren aurkako borrokan berri oso garrantzitsuak izan dira azken egunotan.
Maileguentzako indize hau abusuzkotzat joa izan zen lehen aldiz orain dela hiru urte Donostian (2014ko apirilean), eta ordutik hona lehen instantziako epaitegietan IRPHa baliogabetuz ebatzi diren epaiak zenbatezinak dira jadanik. Hala ere, orain dela gutxi arte bi probintzia auzitegik bakarrik baieztatu zituzten IRPHaren aurkako epaiak. Araba eta Bizkaiko auzitegiak dira.
Orain, bi Probintzia Auzitegi horiei Madril, Alikante eta Salamankakoak batu zaizkie. Berriki ezagutu diren epaien bitartez, hauek ere IRPHa baliogabetu dute, abusuzkoa delako.
Oso berri onak dira IRPHaren kaltedunentzat. Indize honek 1.3 milioi hipotekatik gora kaltetzen ditu espainiar estatuan gure kalkuluen arabera. Epai hauekin kaltedunon posizioa indartzen da, Probintzia Auzitegi ezberdinen artean adostasunik ez dagoenez, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu beharko du laster gaiaren inguruan, eta epai hauek oso garrantzitsuak dira kaltedunon posizioa indartzen baitute.
Araba eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiek IRPHa baliogabetzen duten epaiak ebazten darraite bitartean, eta jakin dugunez Araban ebatzi den epaietako bat irmoa da jadanik. Antza denez Kutxabankek Gorenera helegitea aurkezteko prozesuan eperen bat ez du bete, eta horregatik egin da epaia irmo. Modu honetan, kasu hori itxita geratzen da, eta Kutxabankek kaltetuari IRPHa aplikatuz kobratu dion diru guztia itzuli beharko dio. Maileguak aurrera jarraituko du, baino inolako interes tiporik gabe.
Epaitegietatik kanpo, egoera askoz argiago dago, eta esan daiteke IRPHaren aurkako borroka morala jadanik irabazia dugula kaltedunok. Izan ere, IRPHa abusuzko klausulatzat hartua da, eta etxebizitza-mailegu berrietan ia ez da erabiltzen. Bere garairik onenetan, mailegu berrien %15ean erabiltzen zen.
Gainera, hainbat erakunde publikok jadanik agertu dute indize honen aurkako euren jarrera, udaletxe, diputazio eta parlamentu autonomikoak barne. Azpimarratzekoa da Gasteizko Legebiltzarraren adierazpena, IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren agerraldi baten ondoren ebatzi baitzuen «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa».
Adierazpen horrek indizeak dituen zenbait gabeziari egiten dio erreferentzia. Gabezia horiek Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua den Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak eginiko txosten batetan aztertzen dira. Etxeberria doktoreak IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren webgunean argitaratu zuen txosten hau, eta bertan ebazten da indizea ez dela batere sendoa, eta agerikoa dela hobetu daitekeela. Gaineratzen da bistakoa eta oso nabarmena dela entitate bakoitzak, bere tamaina edo bolumena edozein dela ere, IRPHaren hileroko emaitzan eragiteko ahalmena duela, eta ahalmen hori modu zehatzean zenbatu daitekeela.
Espainiako Bankuak berak, Ortiz eta Erauskin abokatuen galdeketa bati erantzunez, onartu zuen banketxeek IRPHaren emaitzan eragina izan dezaketela.
IRPH Stop Gipuzkoa elkartea baikorra da beraz, eta kaltedun guztiei dei egiten die eutsi dezaten eta borrokan jarraitu dezaten.
Aipaturiko epai guztiak eskuragarri daude jadanik gure webguneko Epaitegiak atalean (Madril, Alikante eta Salamankako epaiak eta baita Arabako epai irmoa ere)