Algeciras-eko epaitegi batek abusuzkoa delako IRPHa bertan behera utzi eta etxebagetze bat indargabetu du

justicia-irph

Algeciras-eko Lehen Instantziako 4. Epaitegiak exekuzio hipotekario bat artxibatu du eta maileguak oinarri zuen IRPH interes tipoa baliogabetu egin du abusuzkoa delako. IRPHa baliogabetzeko arrazoia entitateak bere kalkuluan eragina duela izan da, eta arrazoi hori indartzeko Espainikao Bankuak Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatuen galdeketa bati eman zizkion erantzunak izan dira.

Albistea oso pozgarria da, IRPHaren aurkako makilakada berri bat delako eta etxegabetze bat geldiarazi duelako.

Epaia eskuragarri duzu Epaitegiak atalean.

EAEko hiru hiriburuetako epaitegiek IRPHa abusuzkoa dela ebatzi dute

justicia_irph_multi

EAEko HIRU HIRIBURUETAKO EPAITEGIEK IRPHa ABUSUZKOA DELA EBATZI DUTE

GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIAK IRPHa BALIOGABETZEN DUTEN EPAIAK BERTAN BEHERA UZTEN JARRAITZEN DU, ARRAZOI IRRIGARRIAK ERABILIZ

IRPH STOP GIPUZKOA PLATAFORMAK AGERRALDIA EGINGO DU GASTEIZKO PARLAMENTUAN ASTELEHENERAN, AZAROAK 16

Donostia, 2015-11-12

Bilboko Merkataritza Arloko epaitegiak Donostia eta Gasteizkoekin bate gin du eta IRPHa baliogabetu du mailegu batetan, abusuzkoa delako. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak gaur ezagutu duen eta urriaren 6ko datan duen epai honekin, EAEko hiru hiriburuetako epaitegiek IRPHa abusuzkoa dela ebatzi dute jadanik.

Gainera, Gasteizko Merkataritza Arloko epaitegiak pareko beste epai bat ebatzi du duela egun batzuk, 2015eko urriaren 29an. Aurretik, epaitegi honek 2015eko ekainaren 15ean ebatzi zuen IRPHa baliogabetzen zuen bere lehen epaia. Donostiari dagokionez, azpimarratzekoa da dagoeneko 40tik gora direla IRPHaren aurkako epaiak, gehienak IRPH Stop Gipuzkoa plataformako kideen salaketen ondorioz.

Plataforma honek oso begi onez ikusten ditu epai hauek, argi erakusten baitute merkataritza arloan adituak diren epaitegiek IRPHa indize manipulagarri eta abusuzkotzat dutela.

Hala ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak erabat aurkakoa den bidea hartu du, eta lehen instantzian IRPHa baliogabetu duten epai guztiak bertan behera uzten ari da. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren iritzia jakin ondoren ere EAEko hiru hiriburuetako epaitegiek IRPHa baliogabetzen jarraitzeak erakusten du aurrez aurreko bat dagoela merkataritza arloan adituak diren epaitegien eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren artean, azken honek ez duelarik merkataritza arloan espezialitaterik.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen iritziz, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren argumentuan guztiz irrigarriak dira. IRPHa baliogabetzen zuen lehen epaia bertan behera utzi zuenean dagoeneko esan zuen ez zela frogatu banketxeek IRPHaren kalkuluan eraginik dutenik, baina era berean kaltedunei arrazoia eman zien, «nolabaiteko eragina izan zezaketela» onartuaz.

Duela gutxi, Probintzia Auzitegiak berriz ere harritu gaitu, esan baitu ezin dela esan IRPHari loturiko maileguetan oreka ezik dagoenik, eta honako arrazoia eman du: «el desequilibrio se daría si la entidad financiera pudiera influir en la configuración del índice, no por el hecho de que su actuación, por la forma de cálculo del mismo, incida en él».

Bistan da Probintzia Auzitegia, bere akatsa zuzendu eta IRPHa abusuzkoa dela onartu ordez, korapilo lotsagarri batetan sartzen ari dea, gero eta irrigarriagoak diren argumentuak erabiliaz.

Testuinguru honetan, astelehenean, azaroak 16, IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatu den José María Erauskinek agerraldia egingo du Gasteizko Parlamentuan, Enplegu, Gizarte Politika eta etxebizitza Batzordean.

IRPHaren aurkako epai berria Donostian

justicia-irph

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek euren webgunean ezagutzera eman dutenez IRPHaren aurkako garaipen berri bat lortu dute Donostian. Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak, beraz, IRPHa abusuzkoa delako baliogabetzen tinko jarraitzen du, nahiz eta gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Kutxabankek aurkezten dituen helegite guztiak onartu. Gipuzkoako Auzitegiaren bakardadea nabaria da, IRPHa babestuz Donostia, Bartzelona, Guadalajara edota Gasteizko merkataritza-arloko epaitegien irizpidearen aurka.

IRPHa baliogabetzen duen epaia Araban

justicia-irph

IRPHA BALIOGABETZEN DUEN EPAIA ARABAN

KOBRATU DITUEN INTERES GUZTIAK ITZULTZERA ZIGORTUA IZAN DA KUTXABANK

GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIA IRPHaren BABESEAN GERO ETA ISOLATUAGO, MODU SUSMAGARRIAN

Donostia, 2015-6-24

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek garaipen berri bat izan dute IRPHaren inguruan, kasu honetan Araban, Gasteizko Merkataritza-Arloko lehen Epaitegian hain zuzen ere.

Epaiak Kutxabanken mailegu batek oinarritzat zuen IRPH Entidades indizea baliogabetzen du abusuzkoa delako, eta baita ordezkotzat aurreikusia zegoen IRPH Cajas indizea ere. Kutxabank kobratu dituen interes guztiak itzultzera zigortua izan da, eta maileguak aurrera darrai, baina bezeroaren aldetik inolako interesik ordaindu beharrik gabe.

Epai honekin 40tik gora dira jadanik Donostia, Guadalajara, Bartzelona – eta orain Gasteizen – ebatzi diren IRPHaren aurkako epaiak, eta bost dira IRPHa abusuzkotzat hartu duten epaileak (Donostian bi epaile ezberdin izan baitira IRPHa baliogabetu dutenak).

Azpimarratzekoa da epai hauetariko asko eta asko Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak herrialde honetan ebatzi ziren lehen epaiak bertan behera utzi ondoren ematen ari direla. Argi ikusten da beraz Merkataritza-Arloko Epaitegiek ez dutela Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren ikuspegiarekin bat egiten. Probintzia Auzitegia nabarmenki isolatuta geratzen ari da bere jarrerarekin, eta susmagarria dela uste dugu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik.

Espainiako Bankuak berak entitateek IRPHarengan eragina izan dezaketela onartu duen honetan, eta estatu guztiko Merkataritza-Arloko Epaitegiek IRPHa baliogabetzen darraiten bitartean, Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak IRPHa babesten du, ondorengo bi argudio hauek bezalako arrazoi barregarri eta eskandalagarriak erabiliaz gainera:

1, ez omen dela manipulazioa frogatu, nahiz eta epaitzen dena ez den hori, baizik eta entitateek eragina izateko aukera hori izan baduten ala ez.

eta 2, ez omen da Euriborra baino manipulagarriagoa. Hau gezurra izateaz gain barregarria ere izan daiteke: lapur bat libre uzteko nahikoa arrazoi ote da hura baino okerragoak egotea?

Jarrera horren atzean nolabaiteko presioak egongo ote diren susmoa daukagu, bestela ezin baita ulertu. Izan ere, gure kalkuluen arabera estatuan 1,3 milioi familia baino gehiago kaltetzen dituen milioi askoko iruzurra da hau. Kaltedun guztiek dute kalte hori konpontzeko eskubidea, eta horregatik exijitzen diegu entitate guztiei eta batez ere Kutxabanki helegiteak jartzeari utzi, hanka-sartzea onartu eta kaltetuak izan diren familia guztiei dirua itzul diezaieten.

Epai osoa eskuragarri duzu hemen.

Elkarretaratzea eta bi albiste garrantzitsu

150619Conce

Donostia, 2015-6-19

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatu eta kideek agerraldia egin dute gaur Donostian. Bertan, Espainiako Bankuak IRPHa manipulagarria dela, ez dela adierazgarria eta nahikoa kontrolik ez duela onartu izanaren inguruan xehetasunak eman dituzte.

Prentsaurrekoaz gain elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aurrean, Merkataritza Arloko Epaitegian IRPHa baliogabetuz lortu dituzten epai guztiak sistematikoki eta argudio juridikorik gabe bertan behera utzi dituela salatzeko.

Ekitaldian hainbat ordezkari politiko izan dira, hala nola Marian Beitialarrangoitia eta Ainhoa Beola (EH Bildu), Arantza González (Ezker Anitza – IU), Loïc Alejandro (Irabazi Donostia) edota José Miguel Gravina (Podemos).

Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek azaldu dute Espainiako Bankuak euren galderei erantzunez onartu egin duela aurrezki kutxa bakoitzak IRPHan eragina izan zezakeela berak aplikaturiko interesak –edota komisioak– igoaz, eta bere eraginaren tamaina zehaztasun matematikoz kalkulatu zitekeela gainera. Bankuaren erantzunekin garbi geratzen da gainera IRPHa ez dela maileguen merkatuaren adierazgarri: Espainiako Bankuak onartzen du indize honen kalkuluan, batez besteko sinplea izaki, aurrezki kutxa guzti-guztiek pisu berdina zutela. Aurrezki kutxarik txikienaren kasua aipatzen da, eta 600 aldiz handiagoa zen aurrezki kutxarekin alderatzen da, eta onartzen da biek ere pisu berbera zutela batez bestekoan. Azkenik, erantzunek beste gabezia nagusi bat agerian utzi dute: gardentasun eta kontrolik eza. IRPHa kalkulatzeko abusuzko zirelako baliogabetuak izan diren interes tipoak erabili ote diren itaunduta, merkatuaren erregulatzaile eta indizearen kontrolaren erantzule den erakundeak onartu du ez duela galdera erantzuteko nahikoa informaziorik.

IRPHa Europar Parlamentuaren ordezkaritzak Espainiari egin dion bisitan

Bestalde, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak konfirmatu du IRPHa presente izango dela Europar Parlamentuaren Ekonomia eta Auzi Ekonomikoen Komisioaren ordezkaritza batek atzo eta gaur Espainiari egin dion bisitan.

Paloma López (IU) eta Ernest Urtasun (ICV) parlamentarioek IRPH Stop Gipuzkoari konfirmatu zioten Espainiako Bankuaren gobernadore den Luis Linde-ri zuzenean galdetuko ziotela IRPHaren abusuaren inguruan, eta baita Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzunaz ere. Bi parlamentariek euren Twitter kontuen bitartez eman zuten honen berri.

IRPHa Kataluniako Parlamentuan

Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzuna Kataluniako Parlamentuan ere aipatua izan zen atzo, ERC-ko Pere Bosch-ek gobernuari egin zion galderan. Bosch-ek Generalitateari eskatu zion IRPHa Euribor gehi puntu bateko diferentzialarekin ordezkatua izan dadin lanean hasteko, eta baita bidegabe kobraturiko dirua itzultzearen alde ere.

Felip Puig conseller-ak ezagutzera eman zuen gobernuak Agència Catalana del Consum delakoaren bidez ekingo diola lan honi, eta dagoeneko txosten bat prestatzen ari direla.