Europar Batasuneko Epaitegiak tramitera onartu du IRPHaren inguruko galdera

EUROPAR BATASUNEKO EPAITEGIAK TRAMITERA ONARTU DU IRPHaren INGURUKO GALDERA BAT

EUROPAR EPAITEGIAK EBAZPEN BAT ARGITARATU BITARTEAN ZABALIK DAUDEN PROZEDURA GUZTIAK ETETEA GOMENDATZEN DU IRPH STOP GIPUZKOA ELKARTEAK

IRPHaren AURKAKO EPAITEGIETAKO BORROKA HASI ZENETIK LAU URTE BETE DIRENEAN ABUSUAREN AMAIERA GERO ETA GERTUAGO DAGO

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak tramitera onartu du Bartzelonako 38 zenbakidun instrukzio epaitegiak luzatu dion IRPHaren inguruko galdera (ikusi hemen Bartzelonako epaitegiaren autoa). Urbe Abogados-eko Alejandro Benavente-k aurkeztu du galdera. Donostiako Abogados Res despatxuarekin elkarlanean dabilen abokatua da, eta beraz José María Erauskin eta Maite Ortiz abokatuen ezagutza guztiarekin prestaturiko galdegitea da. Abokatu horiek hasi zuten IRPHaren aurkako epaitegietako borroka IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin, eta estatu mailan aitzindariak dira.

Otsailaren 17an bete dira hain zuzen ere 4 urte IRPHaren klausula abusuzkoa delako bertan behera uzteko lehen auzibidea abian jarri zenetik. Maite Ortiz eta José María Erauskinek aurkeztu zuten IRPH Stop Gipuzkoa plataformarekin elkarlanean, eta IRPHaren klausula baliogabetzen zuen lehen epaia irten zen hortik. Lau urte geroago, borroka ez da amaitu, nahiz eta ixteko saiakera egin berri duen Espainiako Auzitegi Gorenak.

Europatik datorren hau oso albiste ona da indize honek kalteturiko guztiontzat, 2017ko abenduaren 14ean Auzitegi Gorenak epai baten bitartez IRPHa inolako gardentasun premiarik gabe aplikatu zitekeela esan eta gero.

Orain zabaltzen den bidetik Europaren zartako berri bat etor dakioke Espainiako Auzitegi Gorenari. Ez litzateke lehen aldia izango banketxeen abusuen inguruko gaietan. 1.3 milioitik gora izan daitezkeen kaltedunen itxaropena Europan dago beraz orain. Eta bada horretarako arrazoirik. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak berak bazuen boto partikular bat non mi magistratuk zalantzarik gabe esaten zuten ebazpena Europar Batasuneko jurisprudentziaren aurkakoa dela.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaia aztertzen duen bitartean, IRPHaren aurka auzibideak hasiak dituzten kaltedun guztiei prozedura etetea eskatzeko gomendatzen diegu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik. Bai behintzat Europar Epaitegiak C-125/18 erreferentziaz izendatu duen gaia ebatzi bitartean (Gómez del Moral Guasch kasua). Izan ere, nahiz eta dagoeneko badiren Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka IRPHaren klausula baliogabetu diren epaiak, begi-bistakoa da banketxeek helegiteak jarri eta gaia Auzitegi Gorenera iristen bada honek berriz ere banketxeen alde egingo duela.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen deialdi hau epaileei ere luzatzen diegu: eten itzazue IRPHaren inguruko auzibide guztiak, Europak erabaki bat hartu bitartean.

Eta, jakina, banketxeei ere luzatu nahi diegu deia: ez ezazue abusuzko indize hau gehiago aplikatu. IRPH Stop Gipuzkoatik dei berezia egin nahi diogu Kutxabank banketxeari, gure lurraldean IRPHa gehien aplikatu duen banketxea delako eta pribatizatu zuten arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarron aurrezki kutxekin sortutako entitatea zelako: eten ezazue behingoz indize kriminal honen aplikazioa. Izan ezazue lotsa apur bat.

One thought on “Europar Batasuneko Epaitegiak tramitera onartu du IRPHaren inguruko galdera

Comments are closed.