Gipuzkoatik kanpo IRPHa baliogabetu duen lehen epaia

justicia-irph

GIPUZKOATIK KANPO IRPHa BALIOGABETU DUEN LEHEN EPAIA

GUADALAJARAKO MERKATARITZA ARLOKO EPAITEGIAK KUTXABANK ZIGORTU DU

ARGUDIO JURIDIKOAK SENDOAK DIRELA FROGATZEN DA, ETA BERAZ ENTZUTEGI PROBINTZIALAK GIPUZKOAKO EPAIAK BAIEZTATZEA ESPERO DA

IRPH STOP GIPUZKOAREN TALDE JURIDIKOAK ERAMAN DU KASUA, BEREZIKI KALTETUTAKO FAMILIA BATEKIKO ELKARTASUNEZ

Donostia, 2014-12-3

Guadalajarako Merkataritza Arloko Epaitegiak Gipuzkoatik kanpo IRPHa baliogabetzen duen lehen epaia eman du. Zigorturiko entitatea Kutxabank da kasu honetan ere.

Gipuzkoan hogeita hamar epaitik gora eman ondoren, epai berri honek erakusten du kaltetuek erabiltzen dituzten argudio juridikoak sendoak direla, jadanik bi epaitegik onetsi baitituzte. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du entzutegi Probintzialak Gipuzkoan Kutxabanken aurka eman diren zigorrak berretsi egingo dituela.

Guadalajarako kasuan, Gipuzkoako guztietan bezalaxe, justiziak IRPHaren aplikazioa baliogabetu du eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Guadalajarako kasua IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen talde juridikoak eraman du, bereziki kalteturiko familia batekiko elkartasunez, Kutxabankekin negoziatzea ezinezkoa zela ikusi ondoren.

Ángel Torrecillak lan istripu bat jasan zuen 2011an eta langabezian dago orduz gero. Bere bikotekideak %55eko elbarritasuna du eta bi seme dituzte, bata adingabea eta bestea %86ko elbarritasuna duena. Hipotekari aurre egin ezinda zebiltzala eta, Kutxabankekin negoziatzen saiatu ziren, eta etxea ordainetan emateko prest zeuden, baina Kutxabankek sekula ez du fede oneko zordunekin negoziatzen eta kasu honetan ere berdin jokatu zuen. Epaitegietan Kutxabank garaitzea lortu ondoren, familia honen egoera zertxobait hobetuko da.

Gipuzkoatik kanpo eman den lehen epai honekin, Donostian hogeita hamar epaitik gora eman ondoren eta Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epaiak berretsiko dituela dirudien honetan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du epaitegietako borroka irabazi duela jadanik, eta egoera berdinean dauden familiei euren dirua itzultzeko exijitzen dio Kutxabanki, epaitegietara jotzera behartu gabe.

Gainera, elkarteak Xabier Iturberen dimisioa eskatzen jarraituko du. Kutxabankek IRPHaren aplikazioa luzatu zuen hainbat erakunderen deiari entzungor eginez, hala nola Gasteizko Legebiltzarra, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hogeita hamar udaletxe baino gehiago. Orain epaitegiek diote ez zuela sekula aplikatu behar abusuzko indize hau. Xabier Iturbek, IRPHaren kudeaketa «bikaina» egin zuela esatera ausartu zenak, dimisioa eman eta Kutxaren presidente izateari utzi behar dio berehala.