IRPHa BALIOGABETU ETA KUTXABANK ZIGORTZEN DUEN LEHEN EPAIA BILBON
KUTXABANKek 40 ZIGORTIK GORA JASO DITU IRPH APLIKATZEAGATIK EAEko HIRU HIRIBURUETAKO EPAITEGIETAN
GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIAK DONOSTIAKO EPAIAK BERTAN BEHERA UZTEN DITU, BAINA GERO ETA ISOLATUAGO DAGO IRPHaren DEFENTSAN
Donostia, 2016-1-21
Valentziako epaitegi batek IRPHa baliogabetzen duen lehen epai irmoa ebatzi duela jakin eta bi egun bakarrik igaro direnean, IRPHaren aurkako borrokan aitzindari diren Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek IRPHa aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako Bilboko lehen epaia eman dute ezagutzera euren webgunean.
2016ko urtarrilaren 15eko data du epaiak (gure webguneko “Epaitegiak” atalean eskuragarri dago jadanik), eta Kutxabank IRPHa aplikatzeagatik dagoeneko EAEko hiru hiriburuetako epaitegiek zigortu dutela esan nahi du.
Kutxabank zigortu zuen legen epaitegia, estatuan IRPHa baliogabetu zuen lehen epaia ere izan zena, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak eman zuen. Izan ere, Kutxa da abusuzko indize hau EAEn gehien erabili duen entitatea. Baina Donostiaren atzetik Gasteizen Vital Kutxaren aurkako zigor bat etorri zen, eta orain BBK izan da zigortua Bilbon. Hiru kutxetako maileguetan IRPHa aplikatzeagatik izan da beraz zigortua Kutxabank.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Donostian IRPHa baliogabetzen duten epai guztiak bertan behera uzten ditu, baina ikusteke dago beste probintziatako auzitegiek zer egingo duten. Izan ere, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiaren doktrina, Probintzia Auzitegiak behin eta berriz baliogabetu duen arren, beste hiri askotako epaitegiek balekotzat jo dute. Horrela, Gasteiz eta Bilboz gain Bartzelona, Guadalajara edota Valentziako Merkataritza Arloko Epaitegiek ere Donostiako bidetik egin dute, eta IRPHa baliogabetu dute. Kasu guztietan IRPHaren aurkako salaketak ontzat hartuak izan dira, eta azpimarratzekoa da epaile hauen artean gutxienez hiru magistratuak direla.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegia nabarmenki isolatuta geratzen ari da berazn, eta susmagarria dela uste dugu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik.
Espainiako Bankuak berak entitateek IRPHarengan eragina izan dezaketela onartu duen honetan, eta estatu guztiko Merkataritza-Arloko Epaitegiek IRPHa baliogabetzen darraiten bitartean, Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak IRPHa babesten du, ondorengo bi argudio hauek bezalako arrazoi barregarri eta eskandalagarriak erabiliaz gainera:
1, ez omen dela manipulazioa frogatu, nahiz eta epaitzen dena ez den hori, baizik eta entitateek eragina izateko aukera hori izan baduten ala ez.
eta 2, ez omen da Euriborra baino manipulagarriagoa. Hau gezurra izateaz gain barregarria ere izan daiteke: lapur bat libre uzteko nahikoa arrazoi ote da hura baino okerragoak egotea?
Jarrera horren atzean nolabaiteko presioak egongo ote diren susmoa daukagu, bestela ezin baita ulertu. Izan ere, gure kalkuluen arabera estatuan 1,3 milioi familia baino gehiago kaltetzen dituen milioi askoko iruzurra da hau. Kaltedun guztiek dute kalte hori konpontzeko eskubidea, eta horregatik exijitzen dugu premiazko konponbide bat kobratu diren interes guztiak eta desjabetu diren etxeak kalteturiko familiei itzuliak izan daitezen.