Kutxaren desinformazioari erantzuna

iturbe140612

IRPHaren kaltedunen elkarteak komunikabide batzuk gaurko egunean dakarten ez-berriari erantzutera behartuta ikusten du bere burua, honelako titularrak irakurri ondoren: «Kutxak IRPHari lotutako hipotekak jeisten ditu».

Titularrak honela behar luke izan: «Kutxak legeari muzin egiteko saiakerak agortu ditu eta desagerturiko IRPH indizea ordezkatzera behartua dago azkenean, hipotekak jeitsiaz».

Azpitutulu on bat hau litzateke: «Hainbat erakundetatik jasotako deiari muzin eginez atzeratu zuen betebehar hori».

Lead bezala hau erabili zatekeen: «Epai batek esan du neurri hau 2013ko uztailean aplikatu behar zuela mailegu guztiei».

Eta berria bera osoagoa litzateke kaltedunen iritzia jasoko balu: «Kaltedunek uste dute Kutxaren oharraren helburua desinformatzea eta IRPHaren arabera kobraturiko guztiak atzerako eraginez itzultzera zigortu duen epaia ezkutatzea dela».

Aipatu den beherapen hori gertatzen ari bada, gure kontratuek IRPH Cajas desagertzearen kasurako Euribor gehi puntu bateko ordezkoa ezartzen dutelako da. Eta desagertze hori gertatu da. Beraz kontratuaren betetze bat besterik ez da, eta gainera berandu dator.

Eta berandu dator, ze 2011n Gardentasunaren Aldeko Ministeritza Agindu batek IRPH Cajas indizea arauditik kendu zuen, eta Kutxak momentu hartan bertan aplikatu behar zuen adosturiko ordezkoa. Baina ez zuen egin, familia bakoitzarentzat bataz besteko 250 euroko beherapena zekarrelako hain zuzen ere. Kutxak IRPH Cajas aplikatzen jarraitu zuen, indize hau argitaratzen jarraitu zela argudiatuaz. Baina indizea argitaratzeari ez uzteko arrazoi bakarra zen estatua atzeratu egin zela ordezkorik ez zuten maileguentzat ordezko bat ezartzean.

Aplikagarri izango ez zitzaion ordezko bat ezartzeari itxarotea erabaki zuen beraz Kutxak, adosturiko ordezkoa aplikatzeko unea atzeratzeko estrategia gisa, hipotekek izango zuten beherapena sahiesteko. Esta bide horretan, hainbat erakundek egin dioten deiari entzungor egin dio, Euribor+%1 ordezkoa berehala aplikatzeko eskatu diotenean.

Honela, 2013ko ekainean Eusko Legebiltzarrak eta Donostiako udalbatzak berehalako ordezkatzea eskatu zioten bere mailegu guztietan, eta Batzar Nagusiak 2013ko azaroan batu ziren eskabide honetara (atxikita doaz ebazpenak). Foru Aldundiko eta donostiako Udaleko gobernuek ere Kutxari dei egin diote, eta probintzia mailan hogei bat udalerritan onartu dira antzeko mozioak.

Kutxak deialdi hauei guztiei muzin egin zien, eta arazoa epaitegietara iritsi zen. Eta Donostiako Merkataritza-Arloko 1. Epaitegiaren 156/14 epaiak hauxe esan du, hitzez hitz: «cuando menos desde el 29 de julio de 2013, fecha en que cesa la consideración del IRPH Cajas como índice oficial, el contrato de autos tendría que estar siendo remunerado con el índice Euribor + 1 %, porque así lo pactaron las partes».

Beraz, Kutxak hipotekak jeistearen aurka egin du erakundeei entzungor eginda eta legez kanpo jokatuaz.

Hala ere, dagoeneko eztabaida nagusia ez da ordezkapenaren dataren ingurukoa, eta Kutxak argitara eman berri duen oharraren helburua desinformatzea da, orain funtsezkoa den gaitik arreta desbideratuz: epaitegiek IRPH Cajas indizearen aplikazioa baliogabetu dute, araudiaren aurkakoa delako, eta Kutxa zigortu dute Euribor+%1 atzerako eraginez aplikatzera, IRPH Cajas indizearen arabera ordainduriko kuota guzti-guztiei. Beraz, Kutxa bidegabe kobratu dituen interesak itzultzera zigortua izan da.

Eztabaidaren gakoa hauxe da orain: entitatearen erantzule politikoek epaiari helegitea jarriko diote eta herritarrak euren eskubideen defentsan epaitegietara jo beharko dute ala epaia onartu eta kaltetu guztiei zabalduko diete. Azken hau da IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop elkarteen aldarrikapena.

Aldarrikapen hau Kutxaren Administrazio Kontseiluan onartua izan zen, eta gaia Kutxabanken Kontseiluan aztertuko da orain. Gainera, ekainaren 19an Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak gai bera aztertuko du.

Berria ez da hortaz Kutxa IRPH Cajas indizea Euribor+%1 indizearekin ordezkatzen ari dela, behartuta eta gainera berandu, baizik eta atzerako eraginez egitera zigortzen duen epai bat badela, bidegabe kobraturiko interesak itzultzera zigortu duena.

Prentsa-ohar hau PDF formatuan topa dezakezu hemen.