Otsailaren 17an Madrilen Premios de Ley izeneko sariak banatu ziren. Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskinek Gipuzkoako erreferentziazko despatxoaren saria jaso zuten, etxegabetzeen, IRPHaren eta bankuen beste abusuen aurkako eta animalien eskubideen aldeko borrokei aipamena eginez. Zorionak eta eskerrik asko!
IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatuek agerraldia egingo dute Kongresuan
Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatuek, agerraldia egingo dute Espainiako Diputatuen Kongresuan. Agerraldia Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea talde parlamentario konfederalak eskatua da, eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Komisioan emango da, nahiz eta oraindik ez den ezagutzen data zehatza.
Maite Ortiz eta José María Erauskin aitzindariak dira IRPHaren aurkako borroka juridikoan, eta aurretik ere azaldu dituzte IRPHaren irregulartasunak Europako Parlamentuan eta EAEko Legebiltzarrean. Oraingoak kaltedunon ahotsa Espainiako Diputatuen Kongresura eramango dute. Bertan IRPHaren funtzionamendua azalduko dute, talde parlamentarioek errealitate hau ezagutu dezaten. Indizea jasanezina, abusuzkoa, manipulagarria eta bi aldiz ordaintzea dakarrena dela azaltzea da helburua.
Agerraldiak kutsu juridikoa izango du, baina Maite Ortiz eta José María Erauskinek IRPHak kaltedunengan eragiten duen sufrimendua ere azaldu ahal izango dute. Izan ere PAH elkartean etxegabetze prozesua pairatu duten dozenaka familien alde egin dute lan, IRPHarekin erlazioa izan ala ez.
Azpimarratzekoa da agerraldi honetan IRPHaren irregulartasunak azalduko direla baina ez dela hura ordezkatzeko formularik defendatuko. Uste dugu hori hurrengo pausua litzatekeela, eta injustizia honi amaiera emateko konpromisoa hartzen duten talde parlamentarioei gure proposamenak helarazi beharko genizkieke kaltetuon plataformetatik. IRPH Stop Gipuzkoa plataformak oraindik ez du honen aurreko bere jarrera ezagutarazi, eta beraz agerraldi honetan ez da inolako formularik defendatuko, ez eta horren inguruko Legez Besteko Proposamenik.
IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bartzelonan
Bartzelonako probintziatik IRPHa baliogabetzen duten bi epai berri iritsi zaizkigu, eta dagoeneko zintzilikatu ditugu Epaitegiak atalean, IRPHaren inguruko epaien datu-baserik handienean.
Lehenbizikoa Bartzelonako Merkataritza Arloko 3. Epaitegikoa da, eta 2016ko ekainekoa da, nahiz eta guk gaur jaso dugun. Gogoratu kaltetua edota abokatua baldin bazare eta epai bat helarazi nahi badiguzu irphstop@gmail.com helbidera bidali dezakezula. Epai honek Bankiaren mailegu bateko IRPH Cajas indizearen aplikazioa baliogabetzen du. Epailea Isabel Giménez García Anderea da, eta Magistratu-Epailea da.
Bigarren epaia Mataró-ko Lehen Instantziako 1. Epaitegikoa da, eta 2017ko otsailaren 10ko data du. BBVAren mailegu batetan IRPH Cajas indizearen aplikazioa baliogabetzen du, mailegua interesik gabe gelditzen delarik. Epailea Pablo Izquierdo Blanco, hau ere Magistratu-Epailea eta Mataró-ko epaitegietako dekanoa. Epai oso garrantzitsua da. Badakigu komunitate juridikoan epai honen zain jende asko zegoela.
José María Erauskin Economía Directa irratsaioan
Ez galdu José María Erauskin abokatu boluntarioak Colectivo Burbuja-ren Economia Directa saioan izan zuen esku-hartzea. IRPHa, zoru-klausulak eta banketxeen beste hainbat abusu dituzte hizpide.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak IRPHa baliogabetu du abusuzkoa delako, estatu osoan hori egin duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik
Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioko bi epaiek IRPH indizea baliogabetu dute. Modu honetan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Arabakoarekin bat egin du, espainiar estatu osoan IRPH indizea baliogabetu duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik. Irizpide honek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiarenarekin talka egiten du, Gipuzkoakoa delarik EAEn IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu ez duen Probintzia Auzitegi bakarra. Izan ere, Auzitegi gipuzkoarrak Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak ebatziriko dozenaka epai utzi ditu bertan behera, IRPHaren aplikazioa ontzat emanez. Salbuespen bakarra bi kasu konkretu lirateke, non Gipuzkoako Auzitegiak Kutxabank zigortu zuen bi familiari iruzur egiteagatik, IRPH Cajas indizea IRPH Entidades-ekin ordezkatu baitzien kontratuan aurreikusia zuten Euribor ordezkoa ez aplikatzeko asmoarekin.
Gipuzkoan Merkataritza Arloko Epaitegiaren eta Probintzia Auzitegiaren artean ematen den aurrez aurreko hau espainiar estatuko beste probintziatan ere errepikatzen da. Izan ere, zenbatezinak dira jadanik merkataritza arloko eta lehen instantziako epaitegiek IRPHaren aurka ebatzi dituzten epaiak, baina orain arte Arabakoa zen irizpide horrekin bat egin zuen Probintzia Auzitegi bakarra.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaiek, IRPH Stop Gipuzkoak eskuratu ahal izan dituenak eta laster gure datu basean zintzilikatuko ditugunak, 2017ko otsailaren 8ko data dute eta Banco Popular banketxea zigortzen dute babes ofizialeko bi etxebizitzen gaineko maileguetan bidegabe kobraturikoak itzultzera. Ñabardura garrantzitsua da, asko baitira IRPHari loturiko mailegua duten babes ofizialeko etxebizitzak.
Orokorrean berri bikaina da IRPHaren kaltedun guztientzat, gure irizpidea indartzen baitu Espainiako Auzitegi Gorenak auzia aztertu beharko duen honetan. Izan ere, Arabako epaiei helegitea jarri zien Kutxabankek, eta hurrengo borroka garrantzitsua Gorenean emango da beraz.
Europako justizia epaitegiaren azken epaiak IRPHaren aurkako argudioak ematen ditu
Azken aldian Europako justiziak benetako justizia egiten duela ikusten ari gara, Espainiako banketxe eta epaileei egurra emanez eta kalteturiko familien itxaropena elikatuaz. Dagoeneko zortzi dira hipoteken inguruko iruzurra eta Espainiako gobernu eta epaitegien konplizitatea salatzen dugunoi arrazoia ematen diguten epaiak. Ezagunena 2016ko abenduaren 21ekoa da, zoru-klausulekin lapurturiko guztia itzultzera derrigortzen duena (hemen ikus dezakezu zer eragin duen IRPHaren kaltedunongan). Azkena berriz 2017ko urtarrilaren 26koa da, eta aldez aurretik kontratua etetearen inguruko klausula baliogabetzen du. Epai hau ere oso garrantzitsua da, PAH elkarteak bere webgunean azpimarratzen duenez 1995 urtetik hona egon diren etxegabetze guztiak bertan behera uzteari atea irekitzen baitio.
Urtarrilaren 26ko epaiak beste gai batzuk ere aztertzen ditu gainera, eta IRPHaren aurkako borroka juridikoan oso erabilgarriak izango diren argudioak ematen ditu. IRPHan aditua den José Maria Erauskin abokatuak, Maite Ortizekin batera borroka honetan aitzindaria denak (biak dira gure plataformaren abokatu boluntario), Facebook-eko bere horman eman zuen ezagutzera berria, eta IRPHaren aurkako borrokan erabiltzeko asmoa dutela gehitu zuen. José María Erauskinek azpimarratzen duenez, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaiak honakoa dio:
En caso de que el órgano jurisdiccional remitente considere que una cláusula contractual relativa al modo de cálculo de los intereses ordinarios, como la controvertida en el litigio principal, no está redactada de manera clara y comprensible a efectos del artículo 4, apartado 2, de la citada Directiva, le incumbe examinar si tal cláusula es abusiva en el sentido del artículo 3, apartado 1, de esa misma Directiva. En el marco de este examen, el órgano jurisdiccional remitente deberá, en particular, comparar el modo de cálculo del tipo de los intereses ordinarios previsto por esa cláusula y el tipo efectivo resultante con los modos de cálculo generalmente aplicados y el tipo legal de interés, así como con los tipos de interés aplicados en el mercado en la fecha en que se celebró el contrato controvertido en el litigio principal en relación con un préstamo de un importe y una duración equivalentes a los del contrato de préstamo considerado.
Testu hori “365/360” klausularen gainean idatzia dago. Interesetan ordaindu beharrekoa handitzeko banketxe batzuk erabiltzen duten metodoa da, izendatzailean urte komertzialaren egun kopurua jarriaz (beraz 360gatik zatituaz) eta zenbakitzailean aldiz hilabete bakoitzak duen egun kopuru naturala erabiliaz (eta beraz 365gatik biderkatuaz). Baina IRPHaren gaira ekartzen badugu, ikusten dugu epaileak kontratuko interes arruntak (hau da, IRPHa) nola kalkulatzen diren aztertu behar duela dio, eta gainera orokorrean erabili ohi diren beste metodoekin alderatu (hau da, Euribor-arekin). Arlo horretan, Euribor-arekin alderatuta IRPHa oso indize kaskarra da, aurrez ere hamaika aldiz azaldu dugunez (eta estatistikan katedradun batek txoten batetan egiaztatu duenez) IRPHaren kalkuluak irregulartasunak baititu eta kontsumitzailearentzat kaltegarria baita. Hau oso garrantzitsua da, izan ere IRPH aurkako salaketak atzera bota dituzten epaile askok indizearen kalkulatzeko modua aztertzeari edota hori kontsumitzaileari jakinarazi ote zitzaion egiaztatzeari uko egin baitio.
Berri oso ona da beraz IRPHari loturiko mailegu bat dugun guztientzat, eta gure kalkuluen arabera estatu espainiarrean 1.3 milioi kasutik gora egon daitezke.