Caixabank-en “IRPH izoztua” baliogabetzen duen epai berria

justicia_conge

Bartzelonako Merkataritza Arloko 7. Epaitegiak bertan behera utzi du Caixabank-en mailegu batetan kalkulaturiko azken IRPH Cajas interes tipoa betirako finko geratuko zela ezartzen zuen klausula. Epaiak dio %3.851-koa izango litzatekeen interes finko horren ordez IRPH Entidades gehi diferentzial bat aplikatuko dela, oraintxe bertan %2 inguruko balioarekin.

Epai garrantzitsua da egoera berdinean dagoen jende kopuru oso handi batentzat. Caixabank-ekin duten mailegua hasera batean IRPH Cajas indizeari lotuta zegoen, baina hau desagertzean azkena kalkulaturiko interes tipoa betirako finko geratuko dela dien klausula dute indarrean. Kasu honetan tipo finko hori IRPH Entidades indizearekin ordezkatzen da, eta momentu hauetan mesedegarri izango da familiarentzat. Hala ere, epaia ez da Tarragonako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak ebatzi zuena bezain interesgarria. Kasu hartan, interes finkoa baliogabetzeaz gain mailegua interesik gabe geratu baitzen.

Epaia gure datu basean dago jadanik, eta zuzenean bistaratu dezakezu hemen klik eginda.

IRPHa baliogabetzen duen epai irmo berri bat Valentzian

justicia-irph

Valentziako Llíria-ko Lehen Instantziako 1. Epaitegiak IRPHa baliogabetuz ebatzi zuen epai bat irmo bihurtu da Sabadell banketxeak helegiterik ez aurkeztean. Oso berri garrantzitsua da IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan. Izan ere, IRPHa baliogabetzen duten epaiak dagoeneko dozenaka badira ere, banketxeek beti aurkezten dute helegitea eta epai irmoen kopurua oraindik oso txikia da.

Gaur ezagutzera eman dugun hau IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu duen laugarren epai irmoa da, gutxienez. Lehenengoa 2016ko urtarrilean ezagutu genuen (Valentziako Merkataritza Arloko 3. Epaitegiak ebatzia). Bigarrena, maiatzean ezagutu genuen (Huelvako Lehen Instantziako 3. Epaitegiak ebatzia). Eta hirugarrena 2016ko ekainaren 17an ebatzi zen Asturiasko Pola de Siero-n.

Epai honek maileguan indarrean zegoen IRPH Entidades indizea baliogabetzen du, eta gehitzen du hasieran izan zuen IRPH Cajas indizea ere baliogabetu izango zukeela. Banketxea bidegabe kobraturiko interesak itzultzera zigortua izan da, eta maileguak aurrera jarraitzen du IRPH Entidades indizearen ordez Euribor-a aplikatuz, diferentzialik gabe.

Azpimarratzekoa da epaileak oso argi uzten duela mailegua inolako interesik gabe utzi izango zukeela. Izan ere, ulertzen du (egoki ulertu ere) abusuzko klausula bat baliogabetzean ezin duela moderatu edo erregulatu, eta kontratutik kentzera mugatu beharra duela. Eta, beste epaile batzuk bezala, mailegua berez doako kontratua dela ulertzen duelarik, esaten du interesik gabe utziko zukeela, salaketa jarri duenaren auzibideak ez balu espresuki eskatu Euribor-arekin ordezkatzea.

Oso litekeena da banketxeak helegitea ez jartzearen arrazoia horixe bera izatea. Izan ere, helegitearekin aurrera jarraitu ezkero mailegua interesik gabe geratzeko arriskua ikusiko zuten agian, kobraturiko interes guztiak itzuli beharko zituztelarik.

Edozein modutan, salaketa jarri duena gustura egoteko moduan dago, zero azpiko balioetan dagoen Euribor batekin geratu baita.

Epaia dagoeneko gure datu basean dago eskuragarri, eta zuzenean ikusteko nahikoa duzu hemen klik egitea.

UCIren mailegu bateko IRPHa baliogabetu du Gasteizko epaitegiak

justicia-irph

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek aditzera eman dutenez, Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak, bere 190/2016 epaiaren bitartez, UCIren etxebizitza mailegu bateko IRPHa baliogabetu du. Epaiak bere osotasunean onartzen du Ortiz eta Erauskinek ordezkaturiko kaltedunaren auzibidea, IRPH Cajas eta IRPH Entidades indizeak baliogabetzen ditu eta kobraturiko interes guztiak itzuliko direla ebazten du. Gainera, maileguak interesik gabe jarraituko duela ezartzen du. Berandutze interesak bezalako beste abusuzko klausula batzuk ere baliogabetzen ditu.

UCI (Unión de Créditos Inmobiliarios) entitatearen biktima guztientzat oso berri ona da. Santander taldeko entitate hau ezaguna da mailegu oso toxiko eta abusuzkoak saldu izanagatik. Eta, jakina, IRPHa da gehien erabiltzen duen erreferentzia indizea.

Azpimarratzekoa da baita ere epai honen bitartez Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak IRPHaren inguruko bere jarrerari tinko eusten diola. Jarrera hori aurrez ere adierazi zuen beste epai batzuen bitartez, eta Arabako Probintzia Auzitegiak babestu egin zuen bigarren instantzian IRPHa baliogabetzen zuen lehen epaia izan zenaren bitartez. Epai harri helegitea jarri zion banketxeak (kasu hartan Kutxabankek) eta Espainiako Auzitegi Gorenean tramitera onartzeko zain dago orain kasua.

Epaia dagoeneko gure datu basean dago eskuragarri, eta zuzenean ikusteko nahikoa duzu hemen klik egitea.

Ortiz eta Erauskinek IRPHaren inguruko txostena argitara eman dute

congreso_cjam16

Maite Ortiz eta José María Erauskinek (IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatu boluntario eta IRPHaren aurkako borroka judizialaren aitzindari) ICAMÁLAGA Abokatutzaren Kongresu Juridikoaren hamabigarren edizioan esku hartu zuten, IRPHaren inguruko hitzaldi batekin. Handik egun gutxira, abokatuek txostena bere osotasunean eskegi dute euren bulegoko webgunetik, eta guk gure webgunera ekarri dugu, hemen klik eginda eskuratu ahal dezazun.

IRPHaren aurkako borroka judizialean aitzindari izateaz gain orain arteko lorpen handienen erantzule dira Ortiz eta Erauskin, eta txostenean giltzarri guztiak aztertzen dituzte. Garrantzi handiko dokumentua da dudarik gabe, eta argitara ematean izan duten eskuzabaltasuna bihotzez eskertzen dugu kaltedunok.

IRPHaren aurkako ebazpen urardotua onartu dute Gipuzkoako BBNNek

alertalaranja

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEK IRPH ABUSUZKO INDIZEAREN AURKAKO EBAZPENA ONARTU DUTE

PNV, PSE ETA PPk, EH BILDU ETA PODEMOSen TESTUAREN ORDEZKO BAT INPOSATU DUTE, LAPURTURIKO DIRUA ITZULTZEA EZ DEFENDATZEKO

Donostia, 2016-10-5

Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkurak EH Bildu eta Podemos – Ahal Dugu batzarkide taldeek adosturiko ebazpen proposamen bat eztabaidatu dute gaur. Testu horrek indize hau bertan behera uztea eta bere bitartez kobraturiko interesak eta desjabeturiko etxebizitzak itzultzea exijitzen zuen.

Baina PNV, PSE eta PPk euren indarrak batu dituzte ordezko testu bat aurrera ateratzeko, non indizea bertan behera uzteko eskaria mantentzen den baina kobraturiko diruak eta desjabeturiko etxebizitzak itzultzeko aukera ezabatzen den. Dirudienez, talde hauek ados daude banketxeek lapurreta egiteari uztearekin, baina ez dute uste beharrezkoa denik apurturikoa itzultzea eta etxegabeturiko familiak euren etxeetara bueltatzea.

Azpimarratzekoa da PSEren aldetik atzerapauso nabarmena dela gaurko jarrera, eta bere koherentzia ezaren adierazle beri bat. Izan ere, orain dela ez asko Gasteizko Legebiltzarrean antzeko testu bat babestu zuen PSEk, eta bertan diruaren itzultzea exijitzen zen.

PSEren atzerapauso hau nolabait konpentsatzeko, PNVren aurrerapausoa nabarmendu dezakegu: dagoeneko ez digute sinistarazi nahi IRPHa indize zoragarria denik (Corchón jaunak areto berean egin zuen bezala), eta Mª Eugenia Arrizabalaga jeltzaleak gaur onartu duen IRPHak «manipulablea izatearen itxura guztia daukala». Horregatik, Espainiako gobernuak bertan behera uzteko eskatu du. Gogorarazi nahi diogu Arrizabalaga andereari bere alderdiak Kutxabanken kontrola duela, eta ondorioz logikoena banketxe honek indizea aplikatzeari berehala utzaraztea litzatekeela, Espainiako legediaren aldaketei zain egon gabe.

Hala ere, osoko bilkurako unerik lotsagarriena beste bat izan da, hau ere Arrizabalaga anderearen eskutik: batzarkide jeltzaleak esan du Kutxbank izan zela IRPH Cajas kentzen eta Euribor+1 jartzen ia lehena. Lotsagarria da horrelako gezurrak esatera ausartzea. Gauza jakina da Kutxabankek IRPH Cajas indizearen aplikazioa ahal zuen guztia luzatu zuela, epaile batzuen ustez legeak agindutakoa baino gehiago, eta dozenaka erakunderen deialdiei entzungor eginez, tartean Gipuzkoako Batzar Nagusiak berak. Kutxen sorkuntzan esku hartutako erakundeek ere, Foru Aldundia eta Donostiako Udaletxea kasu, eskatu zioten Kutxabanki IRPH Cajas aplikatzeari berehala uzteko, baina banketxeak eskaera horiei guztiei entzungor egin zuen. Ondorioz, Arrizabalaga andereari bere hitzak zuzentzeko eskatzen diogu. Asko sufritu genuen kontu horrekin, orain gainera gezur hori entzun behar izateko.

Bestalde, talde guztiak ados egon dira Europako erakundeei ondokoa eskatzeko: erreferentzia indizeen inguruan onartu berri den araudia alda dezatela IRPHa bezala banku zentralek prestatzen dituzten indizeei ere aplikagarri izan dadin. PNV, PSE eta PPren hipokrisiaren erakusle nabarmena izan da. Izan ere, kontu hori Europako parlamentuan bozkatu zenean aurka egin zuten hiruek.

IRPH Stop Gipuzkoak EH Bildu eta Podemos – Ahal Dugu batzarkide taldeen babesa eskertzen du, eta PNV, PSE eta PPk banketxeen interesen defentsan euren indarrak batu izana tamalgarritzat jotzen du.