Prentsa-oharra: IRPH Stop Gipuzkoaren agerraldia Europako Parlamentuan

150416_bruselas

IRPH STOP GIPUZKOA ELKARTEAREN AGERRALDIA EUROPAKO PARLAMENTUAN

Brusela, 2015-4-16

Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuak, Europako Parlamentuan izan dira gaur hainbat ekitalditan esku hartzen.

Goizean prentsaurrekoa eskaini dute hiru parlamentariren babesarekin: Josu Juaristi (EH Bildu), Marina Albiol (IU) eta Miguel Urbán (Podemos). Ondoren Europako Parlamentuko talde sozialistak banku-abusuen inguruan antolatu duen mahai-inguruan izan dira.

Arratsaldez, José María Erauskin eta Maite Ortizek Europako Parlamentuko eskaeren batzordean hitz egiteko aukera izan dute.

IRPHa etxebizitza maileguentzat espainiar estatuan erabiltzen den erreferentzia indize bat da, Euribor-a baino gutxiago erabiltzen den arren familia asko kaltetzen dituena. IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen kalkuluen arabera, 1,3 milioi baino gehiago dira indize honek kaltetzen dituen familien kopurua estatu espainiarrean.

IRPHa manipulagarria eta gardentasunik gabea da, eta ez du merkatuaren errealitatea islatzen. Horixe salatzeko aukera izan dute abokatuek gaur Bruselan. Teorian mailegu berriei aplikaturiko interesen batez bestekoa izan arren, bere kalkuluak ez du batez besteko adierazgarri bat irudikatzen eta hainbat irregulartasun ditu. Honek, entitateak IRPHaren balioan eragiteko duten aukera garbiarekin batera, Euriborra balio minimoetara iritsi arte etengabe beherantz doan bitartean IRPHak igotzen jarraitzea ahalbidetu du. Ondorioz milaka familiak zailtasun larriak ditu eta horietako asko mailegua ordaindu ezin eta etxea galtzera ere eraman ditu.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko talde juridikoak, Maite Ortiz eta José María Erauskin buru direla hain zuzen ere, epaitegietan IRPHa abusuzkoa dela frogatzea lortu du, eta indizea baliogabetzen duten berrogei epaitik gora lortu ditu. Epai horietan banketxea indize horren arabera kobraturiko interesak itzultzera zigortua izan da. Aipatzekoa da epai horiek, besteren artean, kontsumitzaileekin sinaturiko kontratuetako abusuzko klausulen aurkako 93/13/CEE europar zuzentaraua dutela oinarrian.

Baina epai horiei guztiei helegitea aurkeztu ondoren, bigarren instantzian epaiak bertan behera utziak izaten ari dira. Modu honetan IRPHaren aplikazioa ontzat ematen da indize ofiziala delako bakarrik, entitateek berarengan eragina izan dezaketela onartu arren. Gaur Europako Parlamentuan hau salatu eta lehenbailehen zuzentzeko eskatu da.

Gainera, IRPH indizeak indargabetuak izan direla gezurtatu da, horixe baita estatu espainiarrak europar batasunari ulertarazi nahi izan diona. IRPH Cajas eta IRPH Bancos aldaerak desagertu dira, baina IRPH Entidades aldaera indarrean dago eta aurreko bien ordezko bezala aukeratua izan da.

Azpimarratzekoa da bestalde une honetan Europako Parlamentua erreferentzia indizeen inguruko araudi berri bat lantzen ari dela, erreferentzia indizeen manipulazio arriskua txikitu eta indize sendo eta esanguratsuak bermatzeko helburu zehatzarekin. IRPHak, bere irregulartasunak kontuan hartuta espero genezakeen bezala, araudi berri honen artikulu bat baino gehiago hautsiko lituzke, eta beraz ekimena positiboki baloratzen dugu. Alabaina, IRPHa araudi hau betetzetik libre geratuko litzateke, Espainiako Bankuak prestatua izate hutsagatik. Gaurko agerraldian araudi berriaren aplikazio-eremua handitzeko eskatu dugu formalki, modu honetan erreferentzia indize guztiak, banku zentralek prestaturikoak barne, gutxieneko baldintza horiek betetzea bermatu ahal izateko.

Europako Komisioaren ordezkariak eskari hau jaso du eta bidea eman du diola esan du. Puntuak irekita jarraituko du, ez da itxi, eta jarraipena egingo diogu.

Gaur Europako Parlamentuan aurrera eramandako ekimen guztien balorazio orokorra oso ona da. Agenda ofizialetik kanpo, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek hainbat parlamentarirekin elkarrizketak izan dituzte, eta abusu honen aurkako borrokan bide berriak zabaltzea adostu dute.

Ostegunean IRPHaren abusua Europan salatuko dugu

euparl02

Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuak, Europako Parlamentuan izango dira ostegunean. Manuel García, Catalunyako kaltetu batek, eskaeren batzordeak IRPHaren inguruan egin zuen salaketa kontuan hartzea lortu zuen eta abokatuei eman die Bruselan abusu hau salatzeko agerraldia egiteko aukera.

Agerraldia apirilaren 16ko arratsaldean izango da, 15:20 aldera, eta zuzenean jarraitu ahal izango da Parlamentuaren webgunean.

Goizean abokatuek prentsaurrekoa eskainiko dute Bruselan, zenbait parlamentariren babesarekin.

IRPHa etxebizitza maileguentzat espainiar estatuan erabiltzen den erreferentzia indize bat da, Euribor-a baino gutxiago erabiltzen den arren familia asko kaltetzen dituena. IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen kalkuluen arabera, 1,3 milioi baino gehiago dira indize honek kaltetzen dituen familien kopurua estatu espainiarrean.

IRPHa manipulagarria eta gardentasunik gabea da, eta ez du merkatuaren errealitatea islatzen. Teorian mailegu berriei aplikaturiko interesen bataz bestekoa izan arren, bere kalkuluak ez du benetako bataz bestekoa irudikatzen eta hainbat irregulartasun ditu. Euriborra balio minimoetara iritsi arte etengabe beherantz doan bitartean IRPHak igotzen jarraitzea ahalbidetu du honek, eta ondorioz milaka familiak zailtasun larriak ditu eta horietako asko mailegua ordaindu ezin eta etxea galtzera ere eraman ditu.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko talde juridikoak, hain zuzen ere Maite Ortiz eta José María Erauskin buru direla, hau guztia epaitegietan frogatzea lortu du, eta IRPHa abusuzkoa izateagatik baliogabetzen duten berrogei epaitik gora lortu ditu. Epai horietan banketxea indize horren arabera kobraturikoak itzultzera zigortua izan da. Aipatzekoa da epai horiek, besteren artean, kontsumitzaileekin sinaturiko kontratuetako abusuzko klausulen aurkako 93/13/CEE europar zuzentaraua dutela oinarrian.

Baina epai horiei guztiei helegitea aurkeztu ondoren, bigarren instantzian epaiak bertan behera utziak izaten ari dira. IRPHaren aplikazioa ontzat ematen da indize ofiziala delako bakarrik, entitateek berarengan eragina izan dezaketela onartu arren. Ostegunean Europako Parlamentuan hau salatuko dugu.

Gainera, IRPH indizeak indargabetuak izan direla gezurtatuko dugu, horixe baita, antza denez, estatu espainiarrak europar batasunari ulertarazi nahi izan diona. IRPH Cajas eta IRPH Bancos aldaerak desagertu dira, baina IRPH Entidades aldaera indarrean dago eta aurreko bien ordezko bezala aukeratua izan da gainera.

Azpimarratzekoa da bestalde une honetan Europako Parlamentua erreferentzia indizeen inguruko araudi berri bat lantzen ari dela, erreferentzia indizeen manipulazio arriskua txikitu eta indize sendo eta esanguratsuak bermatzeko helburu zehatzarekin. IRPHak, espero genezakeen bezala, araudi berri honen artikulu bat baino gehiago hautsiko lituzke, eta beraz ekimena positiboki baloratzen dugu. Alabaina, IRPHa araudi hau betetzetik libre geratuko litzateke, Espainiako Bankuak prestatua izate hutsagatik. Osteguneko agerraldian araudi berriaren aplikazio-eremua handitzeko eskatuko dugu formalki, modu honetan erreferentzia indize guztiak, banku zentralek prestaturikoak barne, gutxieneko baldintza horiek betetzea bermatu ahal izateko.

Auzitegiak berretsi egin du Kutxabank IRPH engainuz aplikatzeagatik zigortu zuen epaia

ap_dolo

ZAILTASUNAK ZITUEN FAMILIA BATI «IRUZUR EGITEKO ASMO GAIZTOZ» IRPH ENTIDADES APLIKATZEAGATIK KUTXABANK ZIGORTU ZUEN EPAIA BERRETSI DU PROBINTZIA AUZITEGIAK

IRPH STOP GIPUZKOAK DIO EZ DELA KASU BAKARRA, ETA KARTZELA ZIGORRA ESKATZEA AZTERTZEN DU

XABIER ITURBEren DIMISIOA EXIJITZEN DUGU

Donostia, 2015-4-13

Martxoaren 31eko data izan arren gaur ezagutu dugun epai baten bitartez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak guztiz berretsi du Donostiako Merkataritza-Arloko Epaitegiak 2014ko irailaren 30eko datarekin ebatzi zuen epaia. Bertan Kutxabanken jokaeran engainua ikusi zen, bere mailegua ordaintzeko zailtasunak zituen familia bati IRPH Entidades indizea aplikatzean.

Familia honek 2007. urtean etxebizitza bermedun mailegu bat sinatu zuen Kutxarekin, IRPH Cajas indizeari lotuta eta indize hori desagertuko balitz ordezko bezala Euribor+1 ezarriaz. 2012ko ekainean, IRPH Cajas dagoeneko %4eko balioetara gerturatzen ari zelarik, familiak zailtasunak zituen hipoteka ordaintzeko, eta banketxera jo zuen. Ordurako indarrean zegoen EHA/2899/2011 Ministerio-Agindua, zeinek IRPH Cajas indizearen desagerpena ezartzen duen. Ondorioz, Kutxabankek bazekien laster Euribor+1 ordezkoa aplikatu beharko zuela, familia honen egoera nabarmen arinduaz, Euribor+1 indizea IRPH Cajas indizearen oso azpitik baitzegoen.

Baina Kutxabankek ez zion familiari esan laster Euribor+1 ordezkoa izango zuenik eta ez zion ordezko hori berehala aplikatu, eta mailegua beste zortzi urtez luzatzea eskaini zion, modu horretan hileroko kuota zerbait jaiste aldera, nahiz eta horrek zorrarengatik interesak ordaintzeko epea luzatzea ekarriko zuen.

Ondoren sinatu zuten nobazio-kontratuan, eta familiari ezer esan gabe, Kutxabankek desagertzear zegoen IRPH Cajas indizea kendu eta indarrean jarraituko zuen eta darraien IRPH Entidades indizearengatik aldatu zuen. Modu honetan, Kutxabankek adosturiko Euribor+1 ordezkoa ez aplikatzea bermatu zuen, honek interes tipoaren beherapen nabarmena ekarriko bailuke.

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek aurkezturiko salaketa aztertu ondoren Merkataritza Arloko Epaitegiak honakoa ebatzi zuen: «entitateak familiari esan behar izan zion IRPH Cajas desagertzear zegoela», eta «datu hauek ez ematea omisio larria izan zen». Ondorioz, nobazio-eskritura baliogabetu zen eta Kutxabank zigortu zen «bidegabe kobraturiko kantitateak itzultzera», kuotak Euribor+1 ordezko indizearekin berriz kalkulatuaz.

Epaia bereziki gogorra da Kutxabanken jokaerak engainua suposatzen duela esatean (gaztelerazko dolo), hau da, norbaiti iruzur egiteko asmo gaiztoa. Gainera, entitateak «azpikeria engainagarriak» erabili zituela dio, ez baitzuen familia informatu, eta mailegu-emaileari nabarmen komeni zaion erreferentzia tipoa sartu zuen kontratuan.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen balorazioa

Helburu sozialekin sorturiko aurrezki kutxa batek hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituen familia bat fede gaiztoz engainatzea guztiz onartezina da, eta epaia berretsi izana ospatzen dugu.

Engainurako fede txarra zegoela frogatuta geratu ondoren, erantzukizun penalak eta kartzela zigorra eskatzeko atea irekitzen da, iruzur honetan eta baita beste batzuetan ere. Izan ere, hau ez da kasu isolatua. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak ezagutzen ditu kasu berdinak, non hipoteka ordaintzeko zailtasunak zituzten familiak engainatuak izan ziren Kutxabankera jo zutenean.

Kutxabankek eta bere erantzule politikoek, PNV, PSE eta PPk berehala zuzendu behar dute oker hau. Iruzur honen bidez kalteturiko familia guztiei kaltea konpondu behar zaie, epaitegietara jotzera behartu gabe. Gainera, Kutxaren presidente eta aurrezki kutxaren gainbeheraren erantzule den Xabier Iturbek dimisioa eman behar du berehala.

Epaia eskuragarri dago Abogados Res-en webgunean eta gure webgune honetako “Epaitegiak” atalean gorde dugu beste epaiekin batera.