IRPH: Gorenaren ustez interes bikoitza ordaintzea ez da neurriz kanpokoa. Epaien premiazko balorazioa.

IRPH: GORENAREN USTEZ INTERESEN BIKOITZA ORDAINTZEA EZ DA NEURRIZ KANPOKOA

ONLINE ESKURAGARRI EZ ZEGOEN BOE BAT BEGIRATZEKO ARDURA OMEN ZUEN KONTSUMITZAILEAK

EPAI BERRIEK BERRIRO BIHURRITU DUTE EUROPAKO JURISPRUDENTZIA BANKUEI MESEDE EGITEKO, BAINA HALA ETA GUZTIZ ERE, ARGI IZPIAK AGERI DIRA

EUROPAK HELARAZITAKO OHARTARAZPENAK ARRAKALA ZABALTZEN ARI DIRA, ETA LASTER IKUSIKO DUGU IRPH-A BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAIA GORENEAN

Donostia, 2025-11-13

Auzitegi Gorenak atzo, 2025eko azaroaren 12an, argitaratu zituen IRPH hipoteka-indizeari buruzko lehen bi epaiak, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak duela ia urtebete eman zuen azken erabakiaren ondoren. Bi kasuetan, Gorenak berriro ere Europako jurisprudentzia bihurritzea lortzen du, klausula baliozkoa dela ondorioztatu arte. Hala eta guztiz ere, Europako epaiak IRPHari dagokionez Gorenaren jarreran zabaltzen ari diren arrakalaren erakusgarri diren berrikuntza interesgarriak ikusten dira.

Epaiek IRPH klausula gardentasunaren eta gehiegikeriaren kontrol bikoitzaren mende jartzeko prozedura jarraitzen dute: klausulak bi kontroletan egin behar du kale baliogabetua izateko.

Bi epaietatik lehenengoan (1590/2025), Gorenak uste du klausulak gardentasun-kontrola gainditzen duela, eta, beraz, ez dela abusu-kontrolik egin behar. Epai horrek, demanda partikularra ebazteaz gain, etorkizuneko epaietan lehen eta bigarren auzialdiko auzitegiek kontuan hartu beharreko irizpideak ezartzen ditu.

Laburbilduz, Gorenaren ustez, Espainiako Bankuaren 5/94 zirkularra kontratuan aipatze hutsak gardena egiten du klausula. Europako Auzitegiak horri buruz egin dituen ohartarazpen guztien irakurketa oso berezia da. Badirudi Gorenak ahaztu egiten duela legeriak uste duela kontsumitzailea banketxearen aurrean baldintza eskasagoetan dagoela, eta banketxeak zehatz-mehatz azaldu behar dizkiola kontratuaren ondorioak. Kontratu hori izango da, ziurrenik, kontsumitzailearen bizitzako garrantzitsuena, eta etxebizitza duin bat izateko eskubidearekin lotuta dago. Europak IRPHaren berezitasunak eta konplexutasuna azpimarratu zituen, baina Gorenak nahikoa du 5/94 zirkularra aipatzea. Ez du beharrezkotzat jotzen profesionalak kontsumitzaileari azaltzea IRPHa merkatuaren batez bestekoaren gainetik egongo dela beti, eta, horregatik, aplikatu ez duen diferentzial negatiboa aplikatu behar ziola. Ez du uste beharrezkoa denik kalkulu-metodoa edota iraganeko bilakaeraz azaltzea ere, ezta erabilera minoritariokoak ez diren beste batzuekin alderatzea ere. Europaoko Epaitegiak baldintza horiei buruz esandako ezer ez du kontuan hartu.

Aipatzekoa da, gainera, 1994ko abuztuaren 3ko BOE-a, non 5/94 zirkularra kontsultatu daiteken, ez zegoela Internet bidez kontsultatzeko moduan Auzitegi Gorenak aztertutako kontratua sinatu zen unean.

Arlo honetako adituek adierazi dutenez, interpretazio horrek Europako doktrinatik urruntzen du Gorena. Gehiegi normalizatu den zerbait da, Gorenak Europako auzitegiak dioena bete behar baitu.

Puntu horretan, azpimarratzekoa da Gorenak IRPHa duten maileguei diferentzial negatiboa aplikatzeko betebeharrari uko egitea onartzeko okurrentzia berria: baieztatzen du Espainiako Bankuaren 5/94 zirkularrean adierazitako hori ez dela betebehar bat, ez jarraibide bat, ez gomendio bat, baizik eta zirkularraren irakurleak UTB terminoaren esanahia ulertzen duela eta merkatuaren batez besteko interesa kalkulatzeko gai dela ziurtatzeko modu bat. Bi objekzio. Bat: zirkularra erakundeei zuzenduta dago, pentsatzeko da banketxeek ederki nola kalkulatzen den UTBa. Bi: zirkularrak formula bat dakar, mailegu bakoitzaren datu partikularrekin elikatuta mailegu jakin horri aplikatu beharreko diferentzial negatiboa kalkulatzeko. Gainera, adibide zehatzak dituen taula bat ematen du. Beraz, ez da inolaz ere merkatuko batez bestekoa kalkulatzeko laguntza bat; mailegu partikular bakoitza beherantz zuzentzeko instrukzio bat da.

Deigarria da, halaber, Auzitegiak inolako garrantzirik ez ematea etxebizitza-plan publikoetan administrazioak diferentzial negatiboak erabili izana.

Baina balora dezagun alde positiboa: Gorenak ezarri duen baldintza (5/94 zirkularra aipatzea), kontratu kopuru handi batek ez du betetzen. Epaiak ezartzen du, gainera, kontratu askotan agertzen den 8/90 zirkularrari buruzko aipamena ez dela nahikoa. Epai horren arabera, 5/94 zirkularrari erreferentzia egiten ez dioten kontratuak ezingo dira gardenak izan, salbu eta bankuak frogatzen badu kontratuan sartu duela edo beste bitarteko batzuen bidez azaldu duela IRPHa UTB tipoen batez bestekoa dela eta diferentzial negatiboa behar duela, besteak beste. Uste dugu azken hau ezin izango dela ia inoiz frogatu.

Epaian aztertutako kasu partikularrean, Kutxabanken kontratuak 5/94 zirkularra aipatzen du, baina esan dezakegu kasu arraroa dela, baita erakunde horren kontratuen artean ere, normalean indizearen definizio osatugabea ekartzen baitute, inolako erreferentzia gehigarririk gabe.

Atzo ezagututako bigarren epaian (1591/2025), klausulak ez du gardentasun-kontrola gainditzen, eta, beraz, abusu-kontrola egiten zaio. Gorenak uste du kontrol hori gainditu egiten dela, eta, beraz, berriro ontzat eman du klausula. Aurreko epaiaren antzera, kasu partikularra aztertzeaz gain, epaia baliatzen du epaitegiek kontrol hori egiteko jarraitu beharreko irizpidea ezartzeko.

Abusu-kontrolean, epaileak ebaluatu behar du profesionalak fede onez jarduteko betebeharra bete ote duen eta emaitzan desorekarik dagoen ala ez.

Lehenago, Gorenak adierazi zuen ezin dela fede txarrik egon IRPH aplikatzean, indize ofiziala delako. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak erabat zuzendu du burutazio hori, eta gogorarazi du ebaluatu beharrekoa dela profesionalak pentsa ote zezakeen klausula gardentasunez azaldu izan balu kontsumitzaileak klasula ez lukeela onartuko. IRPH klausula gardena ez bada, bezeroari ez zaiolako ohartarazi bere interes-tasa merkatu-tasaren gainetik egongo dela beti, horrek berak argi eta garbi ondorioztatzen du bezeroak ez zuela onartuko. Beraz, fede onik eza agerikoa da, baina Gorenak ez du horri buruzko azalpenik eman eta desoreka ote dagoen ala ez aztertzera mugatu da.

Horretarako, kontratazioaren unea aztertu behar dela adierazi du, kontratuaren unean dagoen IRPHaren balioa gehi diferentziala kalkulatu behar dela, eta merkatuaren balio adierazgarri batekin alderatu behar dela, baita kontratuaren hasierako tasa finkoarekin ere, halakorik balu. Ondoren, zenbaki-entsalada bat aurkezten du, trileroaren jokoa gogorarazten duena. Irrigarria da interes-tasa aldakorra duen 40 urteko kontratu batean desoreka ebaluatzea kontratazioaren uneko zenbaki-balioa soilik kontuan hartuta. Garrantzitsuena, jakina, etorkizuneko bilakaera da. Bankuek eta Gorenak diote ezin dela aurreikusi, baina ez da hala: IRPHa kalkulatzeko metodoagatik beragatik jakina da kontratuek, diferentzial negatiboa izan ezean, merkatuko batez bestekoaren gainetik jardungo dutela bizitza osoan. Zer gehiago behar da desoreka frogatzeko? Hau profesionalak ezagutzen zuen eta kontsumitzaileak ez.

Baina Auzitegi Gorenak aurkezten duen zenbaki-entsalada irizpide pixka batekin ondu dezagun orain. Lehenik eta behin, proposatu du alderatzea IRPHaren hasierako balioa eta kontratuaren lehen aldiko tasa finkoa. Horrek ez du inolako garrantzirik. Gardentasun-kontrola ez da gainditu, eta, beraz, frogatuta dago kontsumitzaileak ez duela informazio nahikorik izan maileguak ekarriko dion karga ekonomikoa ebaluatzeko, ez eta merkatuaren errealitatearekin alderatzeko ere. Gardena ez den kontratu horren hasierako tasa finkoa handiagoa edo txikiagoa izatea ez da garrantzitsua desoreka dagoen ebaluatzeko.

Ondoren, zenbait balio estatistikorekin alderatzea planteatzen da, eta horrek zentzua izan maileguak bizitza osoan merkatu-motaren gainetik jardungo duela ez bageneki. Datu estatistiko horietatik lehena familia eta sozietateentzako mailegu-eragiketa berrien batez besteko bat da. Auzitegi Gorenak baieztatu du, frogatu gabe, familiak ez ezik sozietateak ere sartzeak ez duela emaitza gehiegi aldatzen, eta ez du justifikatzen zergatik alderatu beharko liratekeen hipoteka-mailegu bat eta kontsumo-maileguak, zeinak, jakina, askoz garestiagoak izan ohi diren.

Alderatzeko proposatzen dituen beste estatistika-datu batzuk Espaniako Estatistikako Institutu Nazionalak hipoteka-maileguetarako argitaratzen dituenak dira.

Epaiak dio desoreka dagoela pentsatu ahal izateko «desproportzioak oso agerikoa izan behar duela». Eta aztertutako kasuan, non kontratazioaren unean IRPH gehi bere diferentziala % 6,294 zen eta INEren arabera batez besteko tasa % 5,27 zen, Auzitegiak uste du ez dela desoreka hori gertatzen. Ehuneko puntu bat baino gehiago ez zaie neurriz kanpokoa iruditzen? Itzul dezagun alde hori eurotara, eta lortuko dugu interesen bikoitza ordaintzeaz ari garela. Norbaitek defenda al dezake interesen bikoitza ordaintzea ez dela neurriz kanpokoa? Epaiak ez du ez hanka ez buru.

Izan ere, 40 urterako 200.000 euroko mailegu bat, % 6,294ko tasarekin, 1.140 euroko kuotan ateratzen da, eta 348.000 euroko interesak ordaindu behar dira guztira.

Tasa % 5,27koa balitz, hau da, INEren arabera data hartako hipoteka-maileguen batez bestekoa, 1.140 euroko kuota bererako mailegua 28 urterako kontratatu zitekeen, eta ordaindu beharreko interesak 183.000 euro izango lirateke guztira. Ia erdia. 165.000 euroko aldea. Zenbateko hori ez bazaie neurriz kanpokoa iruditzen magistratu jaun-andreei galdetu behar zaie zenbat ordaintzen ari garen jende horri. Jakinik egiten duten lana akastuna dela Europak behin eta berriz zuzendu behar baitu.

Laburbilduz, nahiz eta mundu guztiak esan Auzitegi Gorenak Europako ebazpenak bankuaren alde berrinterpretatzeko joera nabarmena duela, eta guk ez dugu hori ukatuko, premiazko lehen balorazio honetan argi izpiak hautematen ditugu, eta uste dugu irizpide horiei jarraituz laster ikusiko dugula Auzitegi Gorena IRPHa baliogabetzen duen lehen epaia ematera behartuta.

One thought on “IRPH: Gorenaren ustez interes bikoitza ordaintzea ez da neurriz kanpokoa. Epaien premiazko balorazioa.

  1. Ojalá sea así.Que los jueces fasci-franquistas defiendan lo intereses de sus amos la gran patronal fasci-española,con sus bancos ladrones legales y sus multinacionales hechas de la entrega en su día de felipe gonzalez y aznar entre otros anteriormente, de las empresas públicas españolas. Pero mucha culpa la tiene los politicos socialistos que actúan de manporreros dejando que sigan estxs cuervxs y frenando a la auténtica izda.(Marxista y Socialistas Libertarixs).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude