IRPHaren aurkako epai historikoa: mailegua erabat baliogabetu du Europari galdetu zion epaileak

IRPH-AREN AURKAKO EPAI HISTORIKOA: EUROPAKO AUZITEGIARI GALDETU ZION EPAILEAK MAILEGUA ERABAT BALIOGABETU DU

EPAIPAK 200.000 EUROKO ONURA EKAR DIEZAIOKE BEZEROARI

KUTXABANK EPAILEA ENGAINATZEN SAIATU ZELA ERAKUSTEN DU EPAIAK

IRPH STOP GIPUZKOAK OSO ONTZAT JO DU BERRIA

AUZITEGI GORENAK EZINGO DU IRPH ONTZAT EMAN PREBARIKATU GABE

Donostian, 2025eko apirilaren 13an

Eva Cerón Donostiako epaitegiko magistratuak, Europako Auzitegiak IRPHari buruz emandako azken epaia eragin zuenak, martxoaren 28an argitaratu zuen bere epaia, IRPHaren aurkako erabaki historiko eta suntsitzaile batekin.

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek beren webgunean (http://abogadosres.com/wp-content/uploads/2025/04/2025.03.31-SENTENTZIA-IRPH-DONOSTIA-RES-ABOGADOS.pdf) argitaratu duten epaian ikus daitekeenez, epaileak Europak ezarritako irizpideak aplikatzen ditu klausulak gardentasunaren eta orekaren kontrola gainditzen ez dituela ondorioztatzeko.

Epaiaren arabera, gainera, salatua izan den banketxea, Kutxabank, Europako auzitegiaren doktrina bihurritzen saiatu zen, esanez Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera gardentasunaren baldintza betetzen dela IRPHaren balioak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratze hutsagatik. Epaileak Kutxabanki aurpegiratu dio Europako epaiaren argudioa ez duela osorik erreproduzitu, eta letra lodiz erreproduzitu du Kutxabankek ezkutatu duen zatia. Zati horretan, Europako epaitegiak ezartzen du BOEn argitaratutako informazioa iturri ona izan daitekeela, betiere kontsumitzaileak informazio horretara iristeko aukera izan badu erakundeak emandako argibideei esker.

Epaileak Kutxabanki aurpegiratu dio kontratuan jasotako IRPHaren definizioa osatugabea dela, eta kontsumitzailea ez duela igortzen informatzeko helbide fidagarri batera, epai eruparrak berak nabarmendu zuenez. Guztiz ezohikoa da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak kasu zehatza aztertzea, epaile nazionalek aplikatu beharreko irizpide orokorrak ezartzera mugatzen baita. Espainiako Auzitegi Gorenak aurreko epaiei entzungor egin izanak eragina izan dezake IRPHaren aurkako Europako azken epaiaren suhartasunean.

Baldintza horietan, Espainiako Auzitegi Gorenak benetan zaila du IRPHaren baliozkotasuna defendatzeko ohiko ildoan jarraitzea. Bere aurreko epaiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinaren interpretazioak egiten zituzten, zenbait legelarik irudimentsu edo are prebarikatzaile gisa jo zituztenak, eta eztabaidaezina da Europako azken epaiak berriro zuzendu duela Espainiako Gorena.

Donostiako epaileak IRPHa Europak emandako irizpideei jarraituz baliogabetu ondoren are ulertezinagoa izango litzateke Gorenak baliozkotzat jotzen jarraitzea.

IRPH klausula baliogabetzearen ondorioei dagokienez, Cerón magistratuaren epaia historikoa da; izan ere, Europako jurisprudentzia aplikatuta, kontsumitzaileak mailegua erabat baliogabetzeko eskaera onartzen du, IRPHren gehiegizko interes-tasaren ordez beste bat jarri beharrean. Baldintza horietan, kontsumitzaileak maileguaren jatorrizko zenbatekoa itzuli beharko dio bankuari, inolako interesik gabe. Bankuak, bestalde, kontsumitzaileak edozein kontzepturengatik (interesak, amortizazioa, irekiera-komisioa, etab.) ordaindutako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu, diruaren legezko interesa gehituta. Gure kalkuluen arabera, deuseztasun-formula horren emaitza, 2006an sinatutako mailegu baterako, kontsumitzailea 190.000 euroko zorduna izatetik (amortizatzeko dagoen kopurua) erakundetik 15.000 euro kobratzera igarotzea izan daiteke. Beraz, kontsumitzailearen irabazia 200.000 eurotik gorakoa izango litzateke. Mailegua kitatuta geratzen da, eta kontsumitzaileak lasai har dezake arnasa bere jabetzakoa den eta inolako kargarik ez duen etxean.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak, beraz, epaiaren balorazio oso positiboa egin du, eta Espainiako Auzitegi Gorenak Europako doktrina behingoz onartu zain geratu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude