IRPH: Gorenak milaka kontsumitzaileri kostuak ordainarazteko mehatxua egiten die, auzibidea kentzen ez badute

IRPH: Gorenak milaka kontsumitzaileri konstuak ordainarazteko mehatxua egiten die, auzibidea kentzen ez badute

Gutxienez 77 auto argitaratu ditu, demandan atzera egiteko gonbita eginez, eta adierazten du auzitegiaren ikuspuntua 1590 eta 1591 epaietan finkatuta geratu zela, nahiz eta magistratu batek azaroan bertan aitortu «bi epai horiek osatu beharreko jurisprudentzia-multzo baten parte direla».

Segurtasun juridikorik ezaren testuinguru horretan, Bartzelonako Probintzia Auzitegia ausartu da epaitzen desorekarik ez dagoela aplikatutako diferentziala ezagutu ere egin gabe

Donostia, 2026ko urtarrilaren 26a

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak publikoki salatzen du Auzitegi Gorena 2025eko abendutik argitaratzen ari den auto mehatxatzaileen uholdea. Hain zuzen ere, gutxienez 77 auto ezagutu dira, eta horietan adierazten da alderdiek «aldez aurretik dakitela zein izango litzatekeen salaren ebazpenaren esanahia», 2025eko azaroaren 11ko 1590/2025 eta 1591/2025 epaiei erreferentzia eginez, epai horiek bankuen aldekoak dira eta, auto horien arabera, «jurisprudentzia finkatua osatzen dute». Autoek «Sala honetan IRPHaren klausularen baliozkotasunari buruz jarritako milaka errekurtsoak» aipatzen dituzte, eta argi uzten dute klausula ontzat emateko asmoa dutela kasu guztietan, hitzez hitz esaten dutenean «ez lukeela zentzurik izango ebazteke dauden errekurtso guztietan jurisprudentzia-doktrina hori errepikatzea».

Testuinguru horretan, gaineratzen du «Auzitegiak uler lezakeela» kontsumitzaileek beren demanda ez kentzea «prozesu-abusua dela, eta kontuan hartuko lukeela kostuei buruzko erabakia hartzean».

Hori ez litzateke guztiz harrigarria izango Auzitegi Gorenak IRPHaren arloan izan duen ibilbidea ezagututa, 1590/2025 eta 1591/2025 epaiak argitaratu eta gutxira Raquel Blázquez Martín magistratuak ez balu esan «bi epai horiek osatu beharreko jurisprudentzia-multzo baten parte direla», eta aitortu ez balu ez dagoela segurtasun juridikorik.

Magistratuak Bartzelonako Abokatuen Elkargoan 2025eko azaroaren 24an eman zuen hitzaldian defendatu zuen «kasuz kasu joan» behar dela, «noizbait, proportziorik ezaren irizpideak ezarri beharko ditugula eta proportziorik ezaren irizpide horiek kasuistikoki finkatu beharko ditugula». Magistratuak sei epai berri iragarri zituen abendurako, eta adierazi zuen jada emandako biekin eta iragarritako seiekin «segurtasun juridikoa emango duen doktrina-gorputz bat osatzea espero dugu».

Horrenbestez, 1590/2025 eta 1591/2025 epaien ondoren dagoen segurtasun juridikorik eza aitortu zuen, epai horiek ez baitute irizpiderik ezartzen IRPH klausulak abusuzkotzat jotzeko adinako desoreka dakarren ala ez erabakitzeko. Irizpide falta hori agerikoa da, eta, espero bezala, konferentziara bertaratutako abokatuek galdetu zuten. Magistratuak «abenduaren 10erako edo 11rako adierazi diren» sei epai berrietara jo zuen, eta onartu zuen «neurriz kanpoko irizpideak ezarri beharko ditugula». Gaineratu zuenez, «gehiegikeriaren kontrolarekin doitu behar dugunean, jarraibideak eman beharko ditugu zer den desproportzioa eta zer ez den desproportzio garrantzitsua azaltzeko; bi epai horiek osatu beharreko jurisprudentzia-atal baten parte dira».

Galde daiteke zer gertatu den 2025eko azaroaren 24ko deklarazio horietatik Gorenak epai bakar bat gehiago argitaratu ez dezan eta autoen benetako lasterketa bati ekin diezaion, Gorenak bere kasua aztertzeko zain dauden milaka kaltetuei kostuak ezartzeko mehatxua eginez. Onuradun nagusia bankuak izango dira berriz ere, milaka familiak mehatxu horren aurrean atzera nola egiten duten ikusiko baitute, eta bere kasua gauza epaitua izatera pasatuko da, etorkizunean atzera egiteko itxaropenik gabe, nahiz eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorena berriro zuzendu. Gogoratu behar da Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatu aitzindariek iragarri dutela epaiketa aurreko auzi berriak Luxenburgora eramateko asmoa dutela, eta Raquel Blázquez magistratuak berak esan zuen bere hitzaldian ez dutela baztertzen epaiketa aurreko gai berriak egotea. Esan zuen, halaber, askotan kosta egiten zaiela Europako epaiak ulertzea. Zalantzak badituzte eta beren epaiak berriro eztabaidagarriak direla uste badute eta beste epaile batzuek Europari galdetzen amaituko badute, zergatik ez dute beraiek galdetzeko apaltasuna? Zergatik egin kalte itzulezina segurtasun juridikorik eza horrekin beren eskaria epaitua ikusten ari diren milaka familiei?

Segurtasun juridikorik eza eta esperpentoa hain dira handiak, ezen epai batzuek ebazten baitute ez dagoela desorekarik aplikatutako diferentziala zein den jakin ere egin gabe. Gogora dezagun Europak kalkulu-metodoa eta ateratzen den tipoa alderatzeko agindu duela. Auzitegi Gorenak ez dio men egin aginduari, eta uko egin dio kalkulu-metodoa konparatzeari; emaitzazko tipoa baino ez du alderatu, eta iruditu zaio desoreka ez dela garrantzitsua aztertutako kasuan. Baina ez du esan zergatik edo zenbat mila eurotik gora uste duen desoreka garrantzitsua dela. Testuinguru horretan, Bartzelonako Probintzia Auzitegian magistratu jaun-andreek kubata gorde diote Regadera Magistratu txostengileari, eta hark abenduaren 9ko 749/2025 bere epaian esan du aztertutako kasuan ez dagoela desorekarik, erakundeak zer diferentzial positibo aplikatu zuen ez jakin arren. Harrapazank. Regadera jaunak diferentzial positiboari buruz esan duenez, haren zenbatekoa “ez dago berariaz jasota autoei aurkeztutako dokumentazioan, baina merkatuaren ohiko jardunbidearen arabera, IRPH maileguetan ehuneko 0,25-0,60 ingurukoa zen”. Eta ezetz, ez zaiola hainbesterako iruditzen, ez izateko astunak.

Inork pentsa al dezake desoreka epaitu daitekeenik aplikatutako diferentziala ezagutu ere egin gabe? Abiadura-muga edo odoleko alkohol-muga gainditu duen gidaria epaitzearen antzekoa izango litzateke, mugak zenbatean gainditu dituen jakin gabe. Edo serieko hiltzaile bat epaitzea, zenbat biktima izan zituen jakin gabe, serieko hiltzaileen ohiko jardunean oinarrituta. Filmetan horrek ez luke zentzurik izango, baina Espainiako justiziarentzat, IRPH arloan, badirudi denak balio duela.
Zentzu horretan, oso interesgarria da Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatu aitzindarien ekarpena, kasu bakoitzean antzemandako desoreka maileguaren bizitza osora estrapolatzea, zenbat euro den kalkulatzea eta maileguaren printzipalarekin alderatzea proposatu baitute. Mailegatutako kapitalaren % 3 ez ordaintzeak aukera ematen dienez bankuei familiak etxetik botatzeko, Ortizek eta Erauskinek proposatu dute, era berean, mailegatutako kapitalaren % 3aren baliokidea den desoreka desoreka agerikotzat hartzea eta, beraz, klausula abusuzkotzat jo daitekeela. IRPH Stop Gipuzkoa erakundetik, behingoagatik, ez gatoz bat eta proposatzen dugu muga % 1,5ean ezartzea, etxebizitza izateko dugun eskubidea banketxeek gure finantzaketa-premiarekin dirua irabazteko duten eskubidearen bikoitza baita gutxienez.
Gogoan izan gure webean desoreka hori kalkulatzeko kalkulagailu bat dagoela.

Espainiako Bankuak Europako Banku Zentralari ematen dizkion datuak ez dira UTB ezta batezbesteko sinpleak ere

Behin eta berriz errepikatu dugu IRPHa kalkulatzeko metodoak kale egiten duela, eta kritikatu izan dugu UTB interesak erabiltzea (komisioek eta ordainketen aldizkakotasunak eragindakoak) eta batez besteko sinple ez haztatu gisa kalkulatzea ere.

Europako Banku Zentralak ez du horrela egin, eta horren froga da MIR.M.ES.B.A2C.A.R.A.2250.EUR.N (Bank interest rates – loans to households for house purchase – Spain) seriea bat datorrela Espainiako Bankuaren Estatistika Aldizkariko 19_4.2 seriearekin. Serie hori hileko batez besteko haztatua da, TEDR datuekin, eta Gorenak 2025/11/11n IRPHri buruz emandako epaien gure azterketa ekonomiko eta finantzarioan aurreratu genuen bezala, erreferentzia egokia dira desorekaren ebaluazioa egiteko. Hori aplikatzen du gure desoreka-kalkulagailuak.

Goiko grafikoak bi serieak berdinak direla erakusten du, salbuespen batekin: Europako Banku Zentralak erakusten duena 3 urte gehiagokoa da, eta 2000ko urtarriletik aurrerako datuak ematen ditu, 2003ko urtarriletik aurrerakoak izan beharrean. Informazio horrekin gure desoreka-kalkulagailua eguneratu dugu, eta, orain, 2000ko urtarriletik aurrerako mailegueztzat desoreka kalkulatzeko aukera ematen du.

europako indikadoreei buruz 2016an hitz egin genuen hemen.

IRPH Stop Gipuzkoak IRPH hipoteken desoreka frogatzeko kalkulagailua argitaratu du

IRPH Stop Gipuzkoak IRPH hipoteken %99an desoreka frogatzeko kalkulagailu bat argitaratu du.

Tresna online dago eskuragarri, doan, abokatuek eta kaltetuek erabil dezaten.

Europako Auzitegiaren irizpideei jarraitzen die eta Gorenaren akatsak zuzentzen ditu.

Desoreka dago Gorenak ontzat eman zuen maileguan ere.

Kalkulagailua erabiltzeko esteka:

Calculadora de desequilibrio en el contrato

Gorenaren epaien azterketa ekonomiko-finantzarioa: tutik ere ez dakite!

IRPH STOP GIPUZKOAK AUZITEGI GORENAREN AZKEN EPAIAK DESMUNTATZEN DITUEN AZTERKETA EKONOMIKO-FINANTZARIOA ARGITARATU DU

TXOSTENAK MODU UKAEZINEAN ERAKUSTEN DU GORENAREN EZJAKINTASUNA

EPAIETAN EGINDAKO AKATSAK AZALERATZEN DITU ETA EMAITZAK KLAUSULA BERTAN BEHERA UZTEA IZAN BEHAR ZUELA FROGATZEN DU

SALATZEN DU GORENAK EZ DITUELA IRPH ETA EURIBORRAREN KALKULU-METODOAK ALDERATU, EUROPAK ESKATU BEZALA

NABARMENTZEN DU TAEa EZ DELA KOMISIOEN ETA GASTUEN ERAGINEZ BAKARRIK HANDITZEN

IRPH-A MERKATUAREN BATEZ BESTEKOAREN GAINETIK JARDUTEN DUELA FROGATZEN DU ANALISI ESTATISTIKO BATEN BITARTEZ

Donostia, 2025-11-16

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak Auzitegi Gorenak 2025eko azaroaren 11n IRPHaren inguruan emandako epaien azterketa ekonomiko-finantzario hau argitaratu du, ondorengo azpitituluarekin: “zergatik esan dezakegun IRPHa beti dela abusuzkoa eta Gorenak ez dakiela nola kalkulatzen den UTB-a”.

Txostena jaitsi.

Titularrik aipagarrienak goian adierazitakoak dira.

Txostena patxadaz irakurtzera gonbidatzen zaituztegu. Baita ahalik eta gehien zabaltzera ere.

IRPH: Gorenaren ustez interes bikoitza ordaintzea ez da neurriz kanpokoa. Epaien premiazko balorazioa.

IRPH: GORENAREN USTEZ INTERESEN BIKOITZA ORDAINTZEA EZ DA NEURRIZ KANPOKOA

ONLINE ESKURAGARRI EZ ZEGOEN BOE BAT BEGIRATZEKO ARDURA OMEN ZUEN KONTSUMITZAILEAK

EPAI BERRIEK BERRIRO BIHURRITU DUTE EUROPAKO JURISPRUDENTZIA BANKUEI MESEDE EGITEKO, BAINA HALA ETA GUZTIZ ERE, ARGI IZPIAK AGERI DIRA

EUROPAK HELARAZITAKO OHARTARAZPENAK ARRAKALA ZABALTZEN ARI DIRA, ETA LASTER IKUSIKO DUGU IRPH-A BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAIA GORENEAN

Donostia, 2025-11-13

Auzitegi Gorenak atzo, 2025eko azaroaren 12an, argitaratu zituen IRPH hipoteka-indizeari buruzko lehen bi epaiak, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak duela ia urtebete eman zuen azken erabakiaren ondoren. Bi kasuetan, Gorenak berriro ere Europako jurisprudentzia bihurritzea lortzen du, klausula baliozkoa dela ondorioztatu arte. Hala eta guztiz ere, Europako epaiak IRPHari dagokionez Gorenaren jarreran zabaltzen ari diren arrakalaren erakusgarri diren berrikuntza interesgarriak ikusten dira.

Epaiek IRPH klausula gardentasunaren eta gehiegikeriaren kontrol bikoitzaren mende jartzeko prozedura jarraitzen dute: klausulak bi kontroletan egin behar du kale baliogabetua izateko.

Bi epaietatik lehenengoan (1590/2025), Gorenak uste du klausulak gardentasun-kontrola gainditzen duela, eta, beraz, ez dela abusu-kontrolik egin behar. Epai horrek, demanda partikularra ebazteaz gain, etorkizuneko epaietan lehen eta bigarren auzialdiko auzitegiek kontuan hartu beharreko irizpideak ezartzen ditu.

Laburbilduz, Gorenaren ustez, Espainiako Bankuaren 5/94 zirkularra kontratuan aipatze hutsak gardena egiten du klausula. Europako Auzitegiak horri buruz egin dituen ohartarazpen guztien irakurketa oso berezia da. Badirudi Gorenak ahaztu egiten duela legeriak uste duela kontsumitzailea banketxearen aurrean baldintza eskasagoetan dagoela, eta banketxeak zehatz-mehatz azaldu behar dizkiola kontratuaren ondorioak. Kontratu hori izango da, ziurrenik, kontsumitzailearen bizitzako garrantzitsuena, eta etxebizitza duin bat izateko eskubidearekin lotuta dago. Europak IRPHaren berezitasunak eta konplexutasuna azpimarratu zituen, baina Gorenak nahikoa du 5/94 zirkularra aipatzea. Ez du beharrezkotzat jotzen profesionalak kontsumitzaileari azaltzea IRPHa merkatuaren batez bestekoaren gainetik egongo dela beti, eta, horregatik, aplikatu ez duen diferentzial negatiboa aplikatu behar ziola. Ez du uste beharrezkoa denik kalkulu-metodoa edota iraganeko bilakaeraz azaltzea ere, ezta erabilera minoritariokoak ez diren beste batzuekin alderatzea ere. Europaoko Epaitegiak baldintza horiei buruz esandako ezer ez du kontuan hartu.

Aipatzekoa da, gainera, 1994ko abuztuaren 3ko BOE-a, non 5/94 zirkularra kontsultatu daiteken, ez zegoela Internet bidez kontsultatzeko moduan Auzitegi Gorenak aztertutako kontratua sinatu zen unean.

Arlo honetako adituek adierazi dutenez, interpretazio horrek Europako doktrinatik urruntzen du Gorena. Gehiegi normalizatu den zerbait da, Gorenak Europako auzitegiak dioena bete behar baitu.

Puntu horretan, azpimarratzekoa da Gorenak IRPHa duten maileguei diferentzial negatiboa aplikatzeko betebeharrari uko egitea onartzeko okurrentzia berria: baieztatzen du Espainiako Bankuaren 5/94 zirkularrean adierazitako hori ez dela betebehar bat, ez jarraibide bat, ez gomendio bat, baizik eta zirkularraren irakurleak UTB terminoaren esanahia ulertzen duela eta merkatuaren batez besteko interesa kalkulatzeko gai dela ziurtatzeko modu bat. Bi objekzio. Bat: zirkularra erakundeei zuzenduta dago, pentsatzeko da banketxeek ederki nola kalkulatzen den UTBa. Bi: zirkularrak formula bat dakar, mailegu bakoitzaren datu partikularrekin elikatuta mailegu jakin horri aplikatu beharreko diferentzial negatiboa kalkulatzeko. Gainera, adibide zehatzak dituen taula bat ematen du. Beraz, ez da inolaz ere merkatuko batez bestekoa kalkulatzeko laguntza bat; mailegu partikular bakoitza beherantz zuzentzeko instrukzio bat da.

Deigarria da, halaber, Auzitegiak inolako garrantzirik ez ematea etxebizitza-plan publikoetan administrazioak diferentzial negatiboak erabili izana.

Baina balora dezagun alde positiboa: Gorenak ezarri duen baldintza (5/94 zirkularra aipatzea), kontratu kopuru handi batek ez du betetzen. Epaiak ezartzen du, gainera, kontratu askotan agertzen den 8/90 zirkularrari buruzko aipamena ez dela nahikoa. Epai horren arabera, 5/94 zirkularrari erreferentzia egiten ez dioten kontratuak ezingo dira gardenak izan, salbu eta bankuak frogatzen badu kontratuan sartu duela edo beste bitarteko batzuen bidez azaldu duela IRPHa UTB tipoen batez bestekoa dela eta diferentzial negatiboa behar duela, besteak beste. Uste dugu azken hau ezin izango dela ia inoiz frogatu.

Epaian aztertutako kasu partikularrean, Kutxabanken kontratuak 5/94 zirkularra aipatzen du, baina esan dezakegu kasu arraroa dela, baita erakunde horren kontratuen artean ere, normalean indizearen definizio osatugabea ekartzen baitute, inolako erreferentzia gehigarririk gabe.

Atzo ezagututako bigarren epaian (1591/2025), klausulak ez du gardentasun-kontrola gainditzen, eta, beraz, abusu-kontrola egiten zaio. Gorenak uste du kontrol hori gainditu egiten dela, eta, beraz, berriro ontzat eman du klausula. Aurreko epaiaren antzera, kasu partikularra aztertzeaz gain, epaia baliatzen du epaitegiek kontrol hori egiteko jarraitu beharreko irizpidea ezartzeko.

Abusu-kontrolean, epaileak ebaluatu behar du profesionalak fede onez jarduteko betebeharra bete ote duen eta emaitzan desorekarik dagoen ala ez.

Lehenago, Gorenak adierazi zuen ezin dela fede txarrik egon IRPH aplikatzean, indize ofiziala delako. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak erabat zuzendu du burutazio hori, eta gogorarazi du ebaluatu beharrekoa dela profesionalak pentsa ote zezakeen klausula gardentasunez azaldu izan balu kontsumitzaileak klasula ez lukeela onartuko. IRPH klausula gardena ez bada, bezeroari ez zaiolako ohartarazi bere interes-tasa merkatu-tasaren gainetik egongo dela beti, horrek berak argi eta garbi ondorioztatzen du bezeroak ez zuela onartuko. Beraz, fede onik eza agerikoa da, baina Gorenak ez du horri buruzko azalpenik eman eta desoreka ote dagoen ala ez aztertzera mugatu da.

Horretarako, kontratazioaren unea aztertu behar dela adierazi du, kontratuaren unean dagoen IRPHaren balioa gehi diferentziala kalkulatu behar dela, eta merkatuaren balio adierazgarri batekin alderatu behar dela, baita kontratuaren hasierako tasa finkoarekin ere, halakorik balu. Ondoren, zenbaki-entsalada bat aurkezten du, trileroaren jokoa gogorarazten duena. Irrigarria da interes-tasa aldakorra duen 40 urteko kontratu batean desoreka ebaluatzea kontratazioaren uneko zenbaki-balioa soilik kontuan hartuta. Garrantzitsuena, jakina, etorkizuneko bilakaera da. Bankuek eta Gorenak diote ezin dela aurreikusi, baina ez da hala: IRPHa kalkulatzeko metodoagatik beragatik jakina da kontratuek, diferentzial negatiboa izan ezean, merkatuko batez bestekoaren gainetik jardungo dutela bizitza osoan. Zer gehiago behar da desoreka frogatzeko? Hau profesionalak ezagutzen zuen eta kontsumitzaileak ez.

Baina Auzitegi Gorenak aurkezten duen zenbaki-entsalada irizpide pixka batekin ondu dezagun orain. Lehenik eta behin, proposatu du alderatzea IRPHaren hasierako balioa eta kontratuaren lehen aldiko tasa finkoa. Horrek ez du inolako garrantzirik. Gardentasun-kontrola ez da gainditu, eta, beraz, frogatuta dago kontsumitzaileak ez duela informazio nahikorik izan maileguak ekarriko dion karga ekonomikoa ebaluatzeko, ez eta merkatuaren errealitatearekin alderatzeko ere. Gardena ez den kontratu horren hasierako tasa finkoa handiagoa edo txikiagoa izatea ez da garrantzitsua desoreka dagoen ebaluatzeko.

Ondoren, zenbait balio estatistikorekin alderatzea planteatzen da, eta horrek zentzua izan maileguak bizitza osoan merkatu-motaren gainetik jardungo duela ez bageneki. Datu estatistiko horietatik lehena familia eta sozietateentzako mailegu-eragiketa berrien batez besteko bat da. Auzitegi Gorenak baieztatu du, frogatu gabe, familiak ez ezik sozietateak ere sartzeak ez duela emaitza gehiegi aldatzen, eta ez du justifikatzen zergatik alderatu beharko liratekeen hipoteka-mailegu bat eta kontsumo-maileguak, zeinak, jakina, askoz garestiagoak izan ohi diren.

Alderatzeko proposatzen dituen beste estatistika-datu batzuk Espaniako Estatistikako Institutu Nazionalak hipoteka-maileguetarako argitaratzen dituenak dira.

Epaiak dio desoreka dagoela pentsatu ahal izateko «desproportzioak oso agerikoa izan behar duela». Eta aztertutako kasuan, non kontratazioaren unean IRPH gehi bere diferentziala % 6,294 zen eta INEren arabera batez besteko tasa % 5,27 zen, Auzitegiak uste du ez dela desoreka hori gertatzen. Ehuneko puntu bat baino gehiago ez zaie neurriz kanpokoa iruditzen? Itzul dezagun alde hori eurotara, eta lortuko dugu interesen bikoitza ordaintzeaz ari garela. Norbaitek defenda al dezake interesen bikoitza ordaintzea ez dela neurriz kanpokoa? Epaiak ez du ez hanka ez buru.

Izan ere, 40 urterako 200.000 euroko mailegu bat, % 6,294ko tasarekin, 1.140 euroko kuotan ateratzen da, eta 348.000 euroko interesak ordaindu behar dira guztira.

Tasa % 5,27koa balitz, hau da, INEren arabera data hartako hipoteka-maileguen batez bestekoa, 1.140 euroko kuota bererako mailegua 28 urterako kontratatu zitekeen, eta ordaindu beharreko interesak 183.000 euro izango lirateke guztira. Ia erdia. 165.000 euroko aldea. Zenbateko hori ez bazaie neurriz kanpokoa iruditzen magistratu jaun-andreei galdetu behar zaie zenbat ordaintzen ari garen jende horri. Jakinik egiten duten lana akastuna dela Europak behin eta berriz zuzendu behar baitu.

Laburbilduz, nahiz eta mundu guztiak esan Auzitegi Gorenak Europako ebazpenak bankuaren alde berrinterpretatzeko joera nabarmena duela, eta guk ez dugu hori ukatuko, premiazko lehen balorazio honetan argi izpiak hautematen ditugu, eta uste dugu irizpide horiei jarraituz laster ikusiko dugula Auzitegi Gorena IRPHa baliogabetzen duen lehen epaia ematera behartuta.