A Coruñako alkateak IRPHaren kaltetuak hartu ditu

161121_alcalde_coruna

A Coruñako alkate den Xulio Ferreirok Marcos eta Rebeca, IRPHak kalteturiko adiskide galegoak, hartu zituen duela gutxi.

Pozgarria da ikustea IRPHaren aurkako borroka gero eta ezagunagoa egiten ari dela, A Coruña bezalako hiri garrantzitsu bateko alkatearen babesa jasoz. Azpimarragarria da Xulio Ferreiro, A Coruñako alkate izateaz gain, Lugoko Probintzia Auzitegiko ordezko magistratu eta Couñako Unibertsitateko irakasle ere ba dela. IRPHa abusuzkoa dela egiaztatzen duen aditu baten aurrean gaude beraz.

Rebeca eta Marcos borrokalari nekaezinentzat gure besarkadarik beroena.

Argazkia: www.corunahoy.es

IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Palma Mallorcakoan eta Madrilen

justicia

Estatu osoan zehar IRPHa baliogabetuz lehen instantzian eman diren epaiak zenbatezinak dira jada, eta etengabe iristen dira berriak. Aurreko astean bi ezagutu genituen: lehena Parlan (Madril), IRPH Cajas baliogabetuz eta bere ordez Euriborra aplikatuaz. Eta bigarrena Palma Mallorcakoan, IRPH Entidades baliogabetuz eta mailegua interesik gabe utziaz. Biak eskuragarri dituzu jadanik webgune honetako Epaitegiak atalean, IRPHaren inguruko epaien datu baserik handienean.

Badirudi epaileek, edo behintzat epaile askok eta askok, argi dutela jadanik IRPHa abusuzko indizea dela, eta zalantza bakarra beste indize batekin ordezkatu edota mailegua interesik gabe uztea dela.

Hala ere, eta banketxeek beti helegiteak jartzen dituztenez, gutxi dira oraindik epai hauen artean irmo direnak (lau, gure zenbaketaren arabera). Bigarren instantzian, Arabako Probintzia Auzitegia da IRPHa baliogabetzen lehena (eta oraingoz bakarra), eta bere epaiek helegitea jarria dute Espainiako Auzitegi Gorenean.

IRPHa baliogabetzeko lehen salaketak jarri genituenetik hiru urte igaro diren honetan, Gorenean borroka juridikoa irabazteko argudio nahikoa dugula esan daiteke. Beraz, justiziarik egin nahi ez badute, arrazoia guri ez ematekotan Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak erabili dituen argudio lotsagarri berberak erabili beharko dituzte, edo berriak asmatu… Espero dugu halakorik ez gertatzea, argi baitako adituen gehiengoak gure iritzi berbera dutela.

PNV, Kutxabank eta IRPH Cajas

2016ko urriaren 5ean Gipuzkoako Batzar Nagusiek IRPHaren aurkako testu bat onartu zuten, PNV eta PSE-ren erruz urardotua izan zena. Egun berean argitaratu genuen oharrean genioen bezala, osoko bilkurako unerik lotsagarriena Arrizabalaga anderearen eskutik iritsi zen: batzarkide jeltzaleak esan zuen Kutxabank izan zela IRPH Cajas kentzen eta Euribor+1 jartzen ia lehena. Lotsagarria da horrelako gezurrak esatera ausartzea. Gauza jakina da Kutxabankek IRPH Cajas indizearen aplikazioa ahal zuen guztia luzatu zuela, epaile batzuen ustez legeak agindutakoa baino gehiago, eta dozenaka erakunderen deialdiei entzungor eginez, tartean Gipuzkoako Batzar Nagusiak berak. Kutxen sorkuntzan esku hartutako erakundeek ere, Foru Aldundia eta Donostiako Udaletxea kasu, eskatu zioten Kutxabanki IRPH Cajas aplikatzeari berehala uzteko, baina banketxeak eskaera horiei guztiei entzungor egin zuen.

Bideo honekin Arrizabalaga andereari gertatutakoak argitzen saiatu gara.

Euroguneko IRPHaren inguruko txostena

mapa_indices_ref_eur

Zenbaitek “euroguneko IRPHa” deiturikoa IRPH indizeak ongi ezagutzen dituztenentzat ere nahikoa ezezaguna da. Ustez europarra den erreferentzia indize hau sarritan aipatzen dute banketxeek IRPHa aplikatzeagatik izaten dituzten auzibidetan, euren defentsarako. Honela, banketxeek abusuzko IRPH indizeek pareko europar bat dutela eta harekin nolabait homologatzeko saioa egiten dute.

Gaur argitara ematen dugun txostenean erakusten dugu euroguneko IRPHa kalkulatzeko modua sendoagoa dela, baina edozein modutan ez dela Europako Banku Zentralaren erreferentzia indize ofizial bat. Eta erakusten dugu gainera euroguneko estatuetan mailegu hipotekarioak kontratatzeko garaian gehien erabiltzen diren indizeak Euriborra eta antzeko handizkako indizeak direla, eta sekula ez IRPH bat edota horien antzekorik.

Jarraian duzu txostena, eta PDF formatuan jaitsi dezakezu hemen klik eginda.

Download (PDF, 586KB)