Webgunearen seigarren urteurrena

Gaur, 2019ko uztailaren 4an, webgune honen 6. Urteurrena ospatzen dugu. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkartearen eskutik irphstop.plazan.net bezala abiarazi genuen, gero irphstop.net izatera igaro ginen eta azkenik irphstop.eus domeinua hartu genuen.

Sei urte hauetan IRPHaren aurkako borrokan erreferentziako webgunea izan gara, epaien datu base handienarekin eta IRPHaren inguruko albiste guztiekin.

Gainera gaur 3 urte dira webgune honetan esklusiban Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak IRPHaren inguruan prestaturiko txostena argitaratu genuela. Etxeberria doktorea Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua da, eta bere txostenean egiaztatzen du entitateek IRPHaren emaitza eragin, manipulatu eta baldintzatu dezaketela, eta banaka zein taldean egin dezaketela hori gainera.

Lapurreta honekin lehenbailehen amaitu eta urte gehiago ez betetzea espero dugu!

Europar Batasuneko Abokatu Nagusiaren ondorioen atzeratzea

Jakina denez, IRPHaren gaia Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaiaren zain dago. Epaia jakin aurretik, 2019ko otsailaren 25eko ahozko saioan esku hartu zuen Maciej Szpunar Abokatu Nagusiaren iritzia ezagutu behar da. Abokatu Nagusiaren ondorioak ez dira lotesleak, baina epai gehienak Abokatu Nagusiak markaturiko bidetik joan ohi dira, eta beraz garrantzi handikoak dira. Hasera batetan ekainaren 24rako espero zen ondorio hauek ezagutzera emateko irakurketa publikoa, baina aurreko astean jakin genuenez 2019ko irailaren 10eko goizeko 9:30tara atzeratzen da.

Ez da albiste ona, familia askoren sufrikarioa luzatzea baitakar. Familia horietako askori atzera bueltarik gabeko kaltea egingo zaie gainera, epaitegi asko Europako epaitegiak esan behar duenaren zain auzibideak behin behinean eten beharrean banketxeen aldeko epaiak ebazten ari baita, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia oinarri hartuta. Hauxe da Bartzelonako Probintzia Auzitegiaren kasua, zeina Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak bertan behera utzi lezakeen doktrina bat oinarri hartuta IRPHaren aurkako auzibide guztietan banketxeen alde egiten ari den. Honek eragin dezakeen kaltea atzera bueltarik gabekoa da, familia askok ezingo baitute helegiterik jarri ekonomikoki ezin dutelako, eta euren aurkako epaia irmo bilakatuko da. Ondorioz, Europak Espainiako Auzitegi Gorena zuzenduko balu ere ez luke beraiengan eraginik izango. Gipuzkoako Probintzia Auzitegia berriz, nahiz eta IRPHaren gaian beti banketxeen alde egin, kontuz ari da jokatzen, eta prozedurak behin behinean etetea erabaki du.

Irizpide ezberdin hauek ez lirateke gertatuko izango Europako Auzitegiari galdera Espainiako Auzitegi Gorenak egin izan balu, Bartzelonako epaitegi batek egin ordez. Kasu horretan auzibide guztiak etengo lirateke. Baina Gorenak ez galdetzea erabaki zuen, nahiz eta bere barnean desadostasun larriak egon. Ez dezagun ahantzi Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHaren inguruan banketxeen alde ebatzi zuen epaiak bi magistraturen boto partikularra zuela, non zalantza izpirik gabe esaten zen epaia Europako zuzenbidearen aurkako zela. Zalantza larri honen aurrean Gorenaren betebeharra Europari galdetzea zen, baina banketxeen aldeko bere betiko jarrerarekin ez zuen galdetu.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik baikor izaten jarraitzen dugu Europatik etorriko den epaiaren inguruan, eta kalteturiko familia guztiei eusten jarraitzeko dei egiten diegu.

Bankiak gezurra esan zion Europako Epaitegiari: IRPH maileguak ez dira sekula bataz bestekoaren azpitik egon

Otsailaren 25ean Luxenburgon ospatu zen ahozko saioan, IRPH klausularen inguruan (C-125/18 gaia, Gómez del Moral Guasch), Bankiak gezurra esan zion Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari. Bankiaren abokatuak Areto Handian esan zuen IRPH Cajas indizea gehi %0,25-eko diferentziala duten maileguek merkatuko prezioen azpitik operatu izan dutela. Eta baieztapen hau justifikatzeko txosten perizial bat aipatu zuenez, Bankiak Europako Epaitegiari idatziz ere gezurra esan diola ondoriozta daiteke.

Oso erraza da Bankiak esandakoa gezurra dela frogatzea. Goiko grafikoan, kolore urdinez, etxebizitza maileguen bataz besteko interes tipoa ikus daiteke, Espainiako Bankuaren aldizkari estatistikoan 19.4.2 serie bezala argitaratzen dena, 2003ko urtarriletik honako hileroko datuekin. Kolore orlegian, IRPH Cajas indizearen hileroko balioa erakusten da, %0,25 gehituta. 2013ko urritik aurrera, IRPH Cajas desagertu zenez, legeak agindu bezala IRPH Entidades hartu da. Indize honi %0,25eko diferentziala gehitu zaio eta baita legezko diferentziala, IRPH Caajs eta IRPH Entidades arteko diferentzia historikoa eta %0,136 bezala hartu dena. Marra orlegia beti dago urdinaren gainetik, eta beraz frogatua geratzen da IRPH Cajas gehi %0,25 duten maileguak beti bataz bestekoa baino garestiago izan direla.

Bankiak Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari iruzur egin nahi izan diola frogatuta geratzen da, bai ahozko saioan eta baita, ziurrenik, idatziz ere. Espainiako bankuek Europako Epaitegiari gezurra esatea oso larria dela deritzogu, eta gertakari honek Bankiarentzat ondorioak izatea espero dugu.

José María Erauskinek, Luxenburgoko ahozko saioan Bankiari erantzuteko izan zuen tartean salatu zuen banketxeak esandakoa gezurra zela, eta Bankiaren iruzurraren jatorria zein izan zen ere argitu zuen. Erauskinek azaldu zuenez, Bankiak aurkezturiko idatzian Espainiako merkatuko bataz besteko interes tipoaren adierazgarri bezala erabiltzen den datua 10 urte baino epe luzeagoan errebisatzen diren maileguei dagokiona da. Jakina denez, interes aldakorreko mailegu gehienak 6 edo 12 hilabetean behin errebisatzen dira, eta beraz Bankiak erabili duen datua guztiz marjinala da. Bankiak Espianiako Bankuaren aldizkari estatistikoko 19.4.6 seriea erabili duela dirudi, 19.4.2 seriea erabili beharrean. Azken honek mailegu guztiak hartzen ditu kontuan. Europako Epaitegiari iruzur egiteko saiakera garbia izan da.

Sinesten zaila egiten zaigu oinarrizkoak diren gauza hauek azaltzen ibili beharra oraindik ere. Izan ere, IRPHaren definizioagatik beragatik guztiz ezinezkoa da IRPHari loturiko mailegu bat merkatuaren bataz bestekoaren azpitik egotea, diferentzial negatibo bat ezartzen ez bazaio behintzat. Izan ere, IRPH indizeak hilabete batetan sinaturiko maileguen bataz besteko bezala kalkulatzen dira eta beraz, gehienez ere, bataz bestekoaren adierazle izan nahi dute. Baina IRPHaren kalkuluan badira zenbait berezitasun emaitza beti bataz bestekoaren gainetik egongo dela bermatzen dutenak, eta hauexek dira:

– IRPHa kalkulatzeko UTB tipoak erabiltzen dira, komisio eta gastuak barne dituztenak. IRPHari loturiko maileguek euren komisio eta gastuak dituztenez, IRPHa dutenek bi aldiz ordaintzen dituzte, eta ondorioz beraien maileguak bataz bestekoa baino garestiagoak dira. Hau Espainiako Bankuak berak jakinarazten du zirkular batean, eta komisio eta gastu horiek duten eragina berdintzeko diferentzial negatiboak erabili behar direla esaten du. Baina diferentzial negatibo hori ez zen sekula aplikatu.

– IRPHa bataz besteko sinple ez haztatu bat da, eta entitate guztiek dute pisu berdina emaitzan. Modu honetan, entitate garestienek, nahiz eta garesti izateagatik bolumen txikiagoa izan, prezio lehiakorrak dituzten eta bolumen handiagoa duten entitateekin bataz bestekoa egiten dute, pisu berdinarekin. Modu honetan emaitza garestitu egiten da.

– IRPHaren kalkuluan ez dira mailegu merkeenak kontuan hartzen, hala nola babes ofizialeko etxebizitzak erosteko ematen direnak edota entitateetako langileen maileguak.

Berezitasun hauez gain kontuan hartzen badugu Bankiaren adibidean IRPHaren aldaera garestiena hartu dela (hau da, IRPH Cajas) eta %0,25eko diferentziala gehitzen zaiola, guztiz ridikulua da emaitza bataz bestekoaren azpitik egon izana planteatzea. Horregatik, eta gorago jarri dugun frogarekin, oker egoteko inolako beldurrik gabe esan dezakegu Bankiak gezurra esan diola Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari.

Eta begi-bistako den zerbait izan arren, badirudi beharrezkoa zela azalpen hau ematea. Izan ere, azken egunotan ikusi dugu badela saiakera bat sinestarazteko gure maileguan IRPHa dugun familiok kondizio onetan sinatu genuela gure mailegua, eta gero gure kontra suertatu dela emaitza. Espainiako Gobernuaren goi-kargu baten mezuari buruz ari gara, hain zuzen ere Europar Batasunerako Estatu Idazkariarena, PSOEko Marco Aguiriano alegia. Aguirianoren menpe dago Europar Batasuneko Epaitegiaren aurreko Espainiako Estatuaren Abokatutza, banketxeen alde eta ondorioz kaltedunon aurka ari dena. Kaltedun askok eta askok Twitter sarean idatzi zion Aguiorianori otsailaren 25eko ahozko saioaren aurretik eta ondoren, eta honek erantzutea erabaki zuen. Bere erantzunean kaltedunoi mailegu merkeekin espekulatzea egozten digu, eta geure buruak oso azkartzat genituela dio. Estatu Idazkariaren arabera, apustu egin genuen eta galtzea tokatu zaigu. Gaueko ordu txikitan idatziriko mezu bat da. Beste batzuk ere idatzi zituen, kaltedunen ortografia akatsak eta haien jarraitzaile kopuru txikiari burla eginez. Aguirianok mezuak hurrengo egunean ezabatu zituen eta barkamena eskatu zuen, baina bere iritzia argi geratu zitzaigun.

Bere mezuak onartezinak direla eta dimisioa eman edo kargugabetua izan behar duela ez dugu berriz esango. Orain azpimarratu nahi duguna da IRPHaren kaltedunok ez genuela mailegu merkeekin apustu egin, IRPHari loturiko maileguak ez baitira sekula merke egon, ezta egongo ere.

Gaizki atera den ustezko apustu baten mezu horren beste adibide bat Vocento taldeko zenbait egunkarik otsailaren 26an argitaraturiko artikulua da. Ignacio Marco-Gardoqui jauna, «Con el alma en vilo» izenburuarekin idatziriko zutabe batetan banketxeekin lerrokatzen da, dagoeneko oso argala dagoen txakur batentzako IRPHa gurutzebide berri bat bezala definituz. Banketxeak biktimak lirateke, eta IRPHaren kaltedunak txakur hori mehatxatzen duten arkakusoak. Artikulu horretan egileak dio sekula ez duela ulertu nolatan mozkinekin amaitzen diren eragiketak beti ondo ulertzen dituzten bezeroek, baina kaltearekin bukatzen diren horiek aldiz ez. Guk ulertzen ez duguna da Ignacio Marco-Gardoqui bezalako pertsona batek, Deustuko Unibertsitatean ekonomia eta enpresa zientziatan lizentziatua eta finantza entitateetan lanean aritua izanik, nolatan iradokitzen duen IRPH maileguak bezeroentzat emaitza on bat izatera irits zitezkeela. Arazoa da, Marco-Gardoqui jauna, definizioz ezinezkoa dela IRPH mailegu bat bezeroarentzat onuragarri izaten amaitzea. Eta banketxeek hori oso ondo zekiten IRPH maileguak kolokatu zituztenean, baina bezeroek ez, inor ez baitzigun azaldu.

Eta horixe da, hain zuzen ere, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak erabaki behar duena: entitateek azaldu behar al zuten IRPHa bataz besteko sinple ez haztatua dela, UTB tipoekin kalkulatzen dena, mailegu merkeenak ez dituena kontuan hartzen eta Espainiako Bankuak merkatuko baldintzekin berdintzeko diferentzial negatibo bat aplikatu behar zaiola esaten duela? Hori uste dugu kaltedunok, eta baita Europako Batzordeak eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk. Modu honetan, kontsumitzaile erne eta zorrotzenak ohartuko ziren beti beti beti bataz bestekoa baino garestiagoa izango zen zerbait sinatzen ari zirela. Eta, ziur aski, askok eta askok ez zuten sinatuko. Edo, aldiz, nahikoa zen IRPHa indize ofizial bat zela esatea? Hori defendatzen dute banketxeek, Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu gehienek eta baita estatu espainiarrak Europako Epaitegirako duen abokatutzak.

Ekainaren 24ean Abokatu Nagusiaren iritzia jakingo dugu, eta handik gutxira Epaitegiaren erabakia iritsiko da.

Bitartean, berriz diogu: Bankiak gezurra esan du, IRPH maileguak ez baitira sekula merkatuko baldintzen azpitik egon, ezta egongo ere. Hori ezinezkoa da. Eta gainera ikusi behar dugu nola gure zergekin ordaintzen dugun estatuko abokatuak epaitegiari gezurra esateko gauza den banketxe bat defendatzen duen, eskatuaz atzerako eragina duten epaiekin ez zigortzeko banketxeak, fede onez aritu baitziren. Hamabost epaileren aurrean lotsagabe gezurretan egiten duen banketxe baten fede onean sinetsi al dezake norbaitek?

Espainiako gorteak disolbatuko dira, IRPHaren Europako epaiketa eztabaidatu gabe

Pedro Sánchezek bihar sinatuko du Espainiako Gorteen disolbatzea. IRPHari Luxenburgon egiten ari zaion epaiketan Espainiako gobernuak izan beharko lukeen jarrerari buruzko eztabaidarik ez da izango beraz.

Gogora dezagun IRPHaren inguruan Europar Batasuneko Justizia Epaitegian ematen ari den auzibidean Espainiako estatuak bere burua aurkeztu zuela, banketxeen aldeko idatzi batekin. Bertan zioen maileguak IRPH indizeari lotzen dituen klausula ezin dela abusukotzat jo, eta eskatzen zuen klausula hori baliogabetzekotan ez itzultzeko dirurik kaltedunei. Idatzia Espainiako Estatuak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian duen Abokatutzak prestatu zuen 2018ko ekainaren 7an. Ordurako Pedro Sánchez zen dagoeneko gobernuko presidente, baina oraindik ez zuen Marco Aguiriano PSOEko kidea jarri Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzaren buruan. Idazkaritza honen menpe dago idatzia prestatu dien erakundea. Gobernu aldaketarekin (Rajoytik Sánchezera), askok uste izan zuen gobernu espainiarraren jarrera aldaketa bat posible zela.

IRPH Stop Gipuzkoak idatzi bat prestatu zuen, PSOEk sekula erantzun ez zuena, baina Unidos Podemos, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias alderdiek legez besteko proposamen bezala aurkeztu zutena. Ordutik hona, Europar Batasunekrako Komisio Mistoak proposamenaren eztabaida eta bozketa programatu zain egon gara. Modu honetan beste alderdien iritzia ezagutu nahi genuen. PPrena argi dago, bankuen aldeko idatzia prestatu baitzuen. Unidos Podemos, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias kaltedunen alde daudela ere argi dago. Baina gainontzeko alderdiek ez dute erantzun, eta eztabaida ez da emango. Komisioaren presidentea, 4 hilabete hauetan proposamena tramitatzea oztopatu duena, Soraya Rodríguez PSOEko kidea da.

Baina PSOEren iritzia oso argi geratu da. Otsailaren 25eko ahozko saioan, Espainiako abokatuak kaltedunoi dirurik ez itzultzea babestu zuen. Kalte ekonomiko larriaren ustezko arriskua jarri zuen aitzakiatzat, nahiz eta europar Batasuneko ordezkariak behin baino gehiagotan esan zion ez zuela behar bezala frogatu.

Gainera Marco Aguiriano berak, Europar Batasunerako Estatu Idazkariak eta Espainiaren jarrera aldatzeko eskatu genionak, oso argi utzi du bere iritzia: IRPHaren kaltedunok oso azkartzat genuen geure burua, baina galtzaile irten gara. Ordu txikitan argitaratu dituen txio batzuekin burla egin digu. Hemen irakur dezakezu albistea.

Orain alderdi guztiek botoa eskatuko digute, eta esku hartzeko asmoa duzuenok hau guztia kontuan izan beharko zenukete.

Abokatu Nagusiak ekainaren 24ean goizeko 9:30tan aurkeztuko ditu bere ondorioak

Irudian ikus daitekeenez, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak jakinarazi du Abokatu Nagusiak bere ondorioak ekainaren 24ean aurkeztuko dituela, goizeko 9:30tan. Data ahozko bistaren egunean bertan ezagutarazi zuen (eta hemen azaldu genuen), eta orain ordua finkatu du.

Ondorioak saio publiko batetan irakurriko ditu Abokatuak. Ez dira lotesleak epaitegiarentzat, baina epai gehienak Abokatu Nagusiaren ildotik joaten dira. Epaia urtea amaitu aurretik ezagutuko dela uste da.

Marco Aguiriano, Europarako Estatu Idazkariak, IRPHaren kaltedunoi burla egin eta espekulatzea egotzi digu

Europar Batasunerako Espainiako Estatu Idazkaria den Marco Aguiriano PSOEko kideak burla egin digu jadanik ezabatu dituen txio batzuen bidez.

Ostegunetik ostiralerako gauean gertatu da. Ordurako, Marco Aguiriano-ren Twitter-eko kontua (@marcoaguiriano) jakinarazpenez beterik zegoen. Astelehenean Luxenburgon IRPHaren epaiketan Espainiako abokatuaren paperarekin haserre zeuden hiritarren mezu mordo bat jaso zituen. Izan ere, Europar Batasuneko Justizia Epaitegirako estatuaren abokatutza Aguirianok zuzentzen duen Idazkaritzaren kontrolpean dago, eta astelehenean epaitegian abokatuak banketxeen alde egiteko erabili zuen indarrak atentzioa eman zuen. IRPHa abusukotzat ez jotzearen alde egin zuen, eta abusukotzat joko balitz, kaltedunei euro bat ere ez itzultzea eskatu zuen gainera.

Aguirianoren Twitter-eko jakinarazpenak hilabete batzuk lehenago hasi ziren, gure kontutik bertatik (@iprhstop_gpzkoa) behin baino gehiagotan eskatu baikenion Rajoyren gobernuak banketxeen alde ezarri zuen ildoa aldatuko ote zuen ala ez argi zezan. Baina ez zuen sekula erantzun, nahiz eta Twitter-eko bere profilean “dialogante hasta la extenuación” dela esaten duen eta solaserako gonbita egiten duen “¿hablamos?” batekin.

Baina ostegunetik ostiralerako gauean bai, goi karguak erantzutea erabaki zuen, eta ordu txikitan idatziriko lau txio gogoangarri argitaratu zituen. Horietako batetan, Estatu Idazkariak kaltetu baten akats ortografikoei burla egiten die (eta azentu bat falta duen txio batekin egiten du)

A otro afectado le responde en inglés, y lo califica de ridículo por tener sólo 48 seguidores en Twitter (y es que él la tiene más larga, la lista de seguidores)

Beste bati ingelesez erantzuten dio, eta erridikulutzat jotzen du Twitter-en 48 jarraitzaile besterik ez dituelako (berak luzeagoa baitu, jarraitzaileen zerrenda)

Hirugarren txioan IRPHari loturiko hipoteken inguruan duen iritzia bistaratzen du. Kaltedunei hipoteka merkeekin espekulatzea egozten die(nahiz eta IRPHari loturiko hipotekak beti egon izan diren bataz besteko hipoteka baino garestiago), eta oso azkarrak ginela uste genuen arren apustu egin eta galdu egin genuela esaten digu. Fórum Filatélico aipatuaz ausnar egitera gonbidatzen gaitu. Gogoratu behar da Fórum Filatélico delakoa milaka inbertsore kaltetu zituen iruzur piramidal bat izan zela, eta beraz ez duela inolako zerikusirik etxebizitza erosi ahal izateko mailegua kontratatu dugunokin.

Laugarren txioa misteriotsuagoa da: hilean 7.000 euro galtzen dituela esaten du, konbikzioz eta guztion babesean aritzeko (?).

Goizak aurrera egin ahala Aguirianok lau txioak ezabatu zituen eta barkamena eskatu zuen, modu surrealista batetan: teknologia berriekin duen abilezia ezari erreferentzia eginaz eta pertsona bakar bati idatzi nahi ziola esanaz. Ez ditu beraz bere hitzak gaitzesten, eta argitara eman izanaz bakarrik damutzen da.

Aguiriano jaunak dimisioa eman edo kargugabetua izan behar du. Gaueko ordu txikitako bere txioek argi erakusten dute zer pentsatzen duen, eta barkamena eskatzeko argitaratu duen txioak konfirmatzen du.

Helarazi iezaiozu zure iritzia Twitter-eko bere kontura: @marcoaguiriano