Jose Mari Erauskin gure abokatu boluntarioak agerraldia egin zuen atzo, azaroak 16, Gasteizko Parlamentuko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean, eta IRPHaren irregularitateak aztertu zituen. Laster eskegiko dugu agerraldiaren bideoa, eta talde bakoitzak gure abokatuaren hitzen aurrean izan zuen erreakzioa aztertuko dugu.
Bere agerraldia bukatzeko, Erauskinek honako adierazpena proposatu zien talde parlamentarioei, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dezaten. Arreta handiz jarraituko dugu talde bakoitzak hartzen duen jarrera.
IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak aurkezturiko
LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA
Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak lehenbailehen eztabaida dezan:
Gasteizko Legebiltzarrak adierazten du IRPH interes tipoa gardentasunik gabea eta banketxeen aldetik manipulagarria dela, eta ez duela merkatuaren errealitatea islatzen. Gainera, kontsumitzaileentzat kaltegarria da eta abusuzkotzat hartua izan behar da.
Ondorioz, Gasteizko Legebiltzarrak:
1. honakoa eskatzen dio estatu mailan dagokion agintaritzari: etxebizitza maileguetarako erreferentzia indize ofizial bezala bertan behera uzteko lehenbailehen.
2. honakoa eskatzen die IRPHa edozein aldaeratan aplikatu duten edota aplikatzen duten banketxeei: berehala aplikatzeari utzi eta indize horren arabera kobraturiko interes guztiak kontsumitzaileei itzultzea. IRPHaren edozein aldaerari loturiko maileguen exekuzioen ondorioz desjabeturiko etxebizitzak ere kontsumitzaileei itzuliak izango dira.
3. honakoa eskatzen dio Lakuako Gobernuari: eskura dituen baliabide guztiak abian jar ditzala, Kontsumobide institutua barne, indize honek kalteturiko pertsonen defentsan eta etorkizunean etxebizitza maileguak sina ditzaketenen babeserako.
4. honakoa eskatzen die Europako Parlamentu, Europako Kontseilu eta Europako Komisioari: une hauetan negoziatzen ari diren Erreferentzia Indizeen inguruko Europar Araudi berria aplikagarria izan dadila IRPHa bezala banku zentralek prestatuak diren indizeei ere.
Gasteizen, 2015eko azaroaren 16an.