Auzitegiak berretsi egin du Kutxabank IRPH engainuz aplikatzeagatik zigortu zuen epaia

ap_dolo

ZAILTASUNAK ZITUEN FAMILIA BATI «IRUZUR EGITEKO ASMO GAIZTOZ» IRPH ENTIDADES APLIKATZEAGATIK KUTXABANK ZIGORTU ZUEN EPAIA BERRETSI DU PROBINTZIA AUZITEGIAK

IRPH STOP GIPUZKOAK DIO EZ DELA KASU BAKARRA, ETA KARTZELA ZIGORRA ESKATZEA AZTERTZEN DU

XABIER ITURBEren DIMISIOA EXIJITZEN DUGU

Donostia, 2015-4-13

Martxoaren 31eko data izan arren gaur ezagutu dugun epai baten bitartez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak guztiz berretsi du Donostiako Merkataritza-Arloko Epaitegiak 2014ko irailaren 30eko datarekin ebatzi zuen epaia. Bertan Kutxabanken jokaeran engainua ikusi zen, bere mailegua ordaintzeko zailtasunak zituen familia bati IRPH Entidades indizea aplikatzean.

Familia honek 2007. urtean etxebizitza bermedun mailegu bat sinatu zuen Kutxarekin, IRPH Cajas indizeari lotuta eta indize hori desagertuko balitz ordezko bezala Euribor+1 ezarriaz. 2012ko ekainean, IRPH Cajas dagoeneko %4eko balioetara gerturatzen ari zelarik, familiak zailtasunak zituen hipoteka ordaintzeko, eta banketxera jo zuen. Ordurako indarrean zegoen EHA/2899/2011 Ministerio-Agindua, zeinek IRPH Cajas indizearen desagerpena ezartzen duen. Ondorioz, Kutxabankek bazekien laster Euribor+1 ordezkoa aplikatu beharko zuela, familia honen egoera nabarmen arinduaz, Euribor+1 indizea IRPH Cajas indizearen oso azpitik baitzegoen.

Baina Kutxabankek ez zion familiari esan laster Euribor+1 ordezkoa izango zuenik eta ez zion ordezko hori berehala aplikatu, eta mailegua beste zortzi urtez luzatzea eskaini zion, modu horretan hileroko kuota zerbait jaiste aldera, nahiz eta horrek zorrarengatik interesak ordaintzeko epea luzatzea ekarriko zuen.

Ondoren sinatu zuten nobazio-kontratuan, eta familiari ezer esan gabe, Kutxabankek desagertzear zegoen IRPH Cajas indizea kendu eta indarrean jarraituko zuen eta darraien IRPH Entidades indizearengatik aldatu zuen. Modu honetan, Kutxabankek adosturiko Euribor+1 ordezkoa ez aplikatzea bermatu zuen, honek interes tipoaren beherapen nabarmena ekarriko bailuke.

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek aurkezturiko salaketa aztertu ondoren Merkataritza Arloko Epaitegiak honakoa ebatzi zuen: «entitateak familiari esan behar izan zion IRPH Cajas desagertzear zegoela», eta «datu hauek ez ematea omisio larria izan zen». Ondorioz, nobazio-eskritura baliogabetu zen eta Kutxabank zigortu zen «bidegabe kobraturiko kantitateak itzultzera», kuotak Euribor+1 ordezko indizearekin berriz kalkulatuaz.

Epaia bereziki gogorra da Kutxabanken jokaerak engainua suposatzen duela esatean (gaztelerazko dolo), hau da, norbaiti iruzur egiteko asmo gaiztoa. Gainera, entitateak «azpikeria engainagarriak» erabili zituela dio, ez baitzuen familia informatu, eta mailegu-emaileari nabarmen komeni zaion erreferentzia tipoa sartu zuen kontratuan.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen balorazioa

Helburu sozialekin sorturiko aurrezki kutxa batek hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituen familia bat fede gaiztoz engainatzea guztiz onartezina da, eta epaia berretsi izana ospatzen dugu.

Engainurako fede txarra zegoela frogatuta geratu ondoren, erantzukizun penalak eta kartzela zigorra eskatzeko atea irekitzen da, iruzur honetan eta baita beste batzuetan ere. Izan ere, hau ez da kasu isolatua. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak ezagutzen ditu kasu berdinak, non hipoteka ordaintzeko zailtasunak zituzten familiak engainatuak izan ziren Kutxabankera jo zutenean.

Kutxabankek eta bere erantzule politikoek, PNV, PSE eta PPk berehala zuzendu behar dute oker hau. Iruzur honen bidez kalteturiko familia guztiei kaltea konpondu behar zaie, epaitegietara jotzera behartu gabe. Gainera, Kutxaren presidente eta aurrezki kutxaren gainbeheraren erantzule den Xabier Iturbek dimisioa eman behar du berehala.

Epaia eskuragarri dago Abogados Res-en webgunean eta gure webgune honetako “Epaitegiak” atalean gorde dugu beste epaiekin batera.

IRPHa baliogabetzen duen epai berria – Merkataritza epaitegiak eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegia aurrez aurre

balanza

IRPHak PROBINTZIA AUZITEGIA ETA MERKATARITZA EPAITEGIAK AURREZ AURRE IPINI DITU

KALTETURIKO FAMILIEK SEGURTASUN JURIDIKO EZA SALATZEN DUTE, ETA MILIOI ASKOKO IRUZUR HAU EZKUTATZEKO PRESIOEN BELDUR DIRA

IRPHa BALIOGABETZEN DUEN EPAI BERRIA, PROBINTZIA AUZITEGIAK AURREKOAK EZEZTATU ARREN

DONOSTIAKO MERKATARITZA ARLOKO EPAITEGIKO EPAILE BERRIAK IRPHa BALIOGABETZEARI EUSTEN DIO. GAINERA LEHEN ALDIZ KUTXABANK INTERES GUZTIAK ITZULTZERA ZIGORTZEN DU, ETA EZ EURIBOR+1 INDIZEAREKIKO ALDEA BAKARRIK

Donostia, 2015-4-9

Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak Kutxabanken mailegu batetan IRPHa baliogabetzen duen epai berri bat ebatzi du, eta dagoeneko berrogei bat aldiz zigortu du entitate hau. Berrikuntza nagusiak bi dira. Batetik, epaile berri batek ebatzi duela epaia: Itziar Otegui Jáuregui anderea, errefortzu lanetan dabilen ordezko epailea. Eta bestetik, merkataritza arloko epaitegi berdinetik Edmundo Rodriguez Achútegui magistratuak aurrez ebatzi zituen zenbait epai Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi ondoren datorrela.

Merkataritza Arloko Epaitegia eta Probintzia Auzitegiaren arteko aurrez aurrekoa dagoela ondorioztatu daiteke. Lehena aditua da gai hauetan eta IRPHaren kaltedunen argudioak babesten ditu argi eta garbi. Probintzia Auzitegia berriz, Gipuzkoako kasuan ez dago merkataritza arloan espezializatua eta IRPHa baliogabetzen duten epaiak atzera botatzen ari da. Azpimarratzekoa da Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak orain dela gutxi Guadalajarako eta Bartzelonako Merkataritza Arloko Epaitegien babesa jaso duela. Bartzelonako kasuan, Manuel Ruiz de Lara magistratuak IRPH baliogabetzen duten hiru epai ebatzi ditu gutxienez, guztiak Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren jarrera ezagutu ondoren.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak salatu zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak argudio oso eskasak erabili zituela IRPHa baliogabetzen zuen lehen epaia bertan behera uzteko, banketxeek indizearengan «nolabaiteko eragina» izan dezaketela eta gaiak «zalantza larriak» sortzen dituela onartuaz. Horregatik Espainiako Auzitegi Gorenera helegitea aurkeztu zuten, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari aurretiko galderarekin. Kaltetuek uste dute Edmundo Rodríguez Achútegui jaunak hasi zuen bidea nagusituko dela, eta gogorarazi dute zoru-klausula batengatik dirua itzultzeko epaia ebatzi zuen lehen epailea izan zela.

Hala ere, Gipuzkoako kaltedunok ezin dugu ezkutatu segurtasun juridiko eza pairatzen dugulako gure haserrea. Merkataritza gaietan adituak diren epaitegiek IRPHa zalantzarik gabe eta argudio sendoz baliogabetzen dute hainbat probintziatan (Gipuzkoa, Guadalajara eta Bartzelona gutxienez), eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak epaiak bertan behera uzten ditu argudio onartezinekin. Hego Euskal Herrian 40.000 mailegu eta estatu espainiar osoan 1,3 milioitik gora kaltetzen dituen eta milioi asko nahasten dituen iruzur hau ezkutatzeko presioen beldur gara.

Gaur ezagutu den epaia Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek eraman duten kasu bati dagokio berriz ere eta beste berrikuntza oso garrantzitsu batekin dator: kontratuak Euribor+1 ordezko bezala jaso arren Kutxabank interes guztiak itzultzera zigortzen du lehenengo aldiz, eta ez Euribor+1 indizearekiko aldea bakarrik.

Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek Europako Parlamentuan agerraldia egingo dute apirilaren 16an, ostegunez, eta abusuzko IRPH indizearen inguruko xehetasun guztiak azalduko dituzte bertan.

Epaia eskuragarri dago Abogados Res-en webgunean eta gure webgune honetako “Epaitegiak” atalean gorde dugu beste epaiekin batera.

IRPH Stop Gipuzkoak agerraldia egingo du Europako Parlamentuan

europarl

IRPH STOP GIPUZKOAK AGERRALDIA EGINGO DU EUROPAKO PARLAMENTUAN

LEGEBILTZARRAK ZALANTZAK DITU IRPHren INGURUAN ETA ABUSUZKO INDIZEEN AURKAKO LEGEAK PRESTATZEN DABIL – ABOKATUEK INFORMAZIOA EMANGO DIETE LEGEBILTZARKIDEEI

Donostia, 2015-3-30

IRPH indizearen kaltedunen IRPH Stop Gipuzkoa taldeko ordezkariek agerraldia egingo dute apirilaren 16an Europako Parlamentuan. Parlamentuak zalantza larriak ditu IRPHaren inguruan, eta zenbait legebiltzarkide taldek estatu espainiarrean 1,3 milioitik gora etxebizitza-mailegu baino gehiago kaltetu ditzakeen abusuzko interes tipo honekin amaitzeko lan egiteko asmo irmoa azaldu dute.

Maite Ortiz eta José María Erauskin, plataformako abokatuek, Kutxabanken maileguetan indize hau baliogabetzen duten 30 epaitik gora lortu dituzte, eta Bruselaraino joango dira honen berri ematera. Epai hauek kontsumitzaileekin egindako kontratuetan abusuzko klausulak ekiditeko 93/13/CEE Europako zuzentarauan oinarritzen dira, besteak beste.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren talde juridikoak Donostian eta Guadalajaran lortu dituzten epai hauen antzekoak ari dira ebazten beste epaitegitan, Bartzelonan adibidez. Baina horien artean lehena bertan behera utzi zuen Gipuzkoako Probintzia Entzutegiak, IRPHa indize ofiziala dela argudiatuta, naiz eta banketxeek berarengan «nolabaiteko eragina» izan dezaketela onartu. IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren ustetan, ofiziala izateak ez du inongo bermerik ematen, eta banketxeek «nolabaiteko eragina» izatea nahikoa arrazoi da indizea baliogabetzeko.

Orain, IRPHaren ofizialtasuna bera amaitzear egon daiteke. Izan ere, Europako Komisioa erreferentzia indizeen inguruko araudi berri batetan lanean dabil, eta IRPHak betetzen ez dituen oinarrizko baldintzak ditu. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak ekarpenak egingo dizkio IRPHaren desagerpena lortzeko bidean azken kolpea izan daitekeen araudi honen zirriborroari.

IRPHaren aurkako lehen epai irmoa

fallo_valladolid

KUTXABANK IRPHagatik ZIGORTZEN DUEN LEHEN EPAI IRMOA

KUTXABANK EURIBOR+1 INDIZERA ALDATZEN GEHIEGI ATZERATU ZELA EBAZTEN DU

EPAIAK EZ DU HELEGITERIK ONARTZEN, ETA KUTXABANKEK JADANIK ORDAINDU DU SALAKETA JARRI DUTENEK ESKATUTAKOA

ORDEZKATZEA ATZERATZEAREN ALDE PNV ETA PSE-Eek DUTEN JARRERAREN AURKAKO MAKILAKADA DA

Donostia, 2015-3-26

IRPHa aplikatzeagatik Kutxabank zigortzen duen lehen epai irmoa gaur ezagutu da gaur, otsailaren 18ko data izan arren, eta Valladoliden emana izan da. IRPH Stop Gipuzkoak epaia lortu du (hemen duzu ikusgai) eta egiaztatu du Kutxabankek jadanik ordaindu diela eskatzen zuten dirua salaketa jarri zutenei.

Kontratua urratzeagatik jarritako salaketa bat da, kaltetuek ulertzen baitzuten Kutxabank gehiegi atzeratu zela IRPH Cajas desagertu ondoren aplikatzeari utzi eta Kutxabanken kontratu gehienetan aurreikusia dagoen Euribor+1 indizea aplikatzen. Entitate honek Euribor+1 indizearen aplikazioa 2013ko azaroaren 1aren ondorengo lehen errebisiora arte atzeratzea erabaki zuen, kaltetuen kexuei entzungor eginez eta Gasteizko Legebiltzarretik, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik edota 30 udalbatzatatik jasotako eskaerei muzin eginez.

Epaiak dio IRPH Cajas indizeak 2013ko apirilaren 29an aplikagarria izateari utzi ziola, eta beraz Kutxabank bidegabe atzeratu zen ordezkatzea egiten, kasurik okerrenetan urte eta erdiko epean IRPH Cajas bidegabe aplikatuaz.

Epai hau ordezkatzea noiz egin behar ote zenaren inguruko eztabaida berpiztera dator. Eztabaida honek polemika sortu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusitan adibidez, non PNV eta PSE-EEk Kutxabanken erabakia babestu zuten, indize honen aplikazioa ahalik eta gehien luzatzearen alde eginez. Alderdi hauen jarreraren aurkako makilakada bat da beraz, eta zehazki PNVko Eider Mendoza eta PSE-EEko María Jesús Egidoren aurkakoa, abusu honen aldeko defentsan nabarmen aritu baitziren.

Epaia garrantzitsua izan arren, ordezkatzearen une egokiaren inguruko eztabaida jadanik ez da funtsezkoa kaltetuentzat. Izan ere, indizea baliogabetzen duten 30 epaitik gora lortu dituzte, abusuzkoa dela frogatu ondoren. Epai horietan guztietan, hipotekaren hasieratik IRPHaren arabera kobraturiko guztiak itzultzera zigortua izan da Kutxabank, eta beraz ordezkatzearen uneak ez luke garrantzirik. Izan ere, epaien ondorio da IRPHa ez zela sekula aplikatua izan behar, eta IRPHaren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu behar dira, eta kaltetuei dirua itzuli.

Orain dela gutxi Gipuzkoako Probintzia Entzutegiak bertan behera utzi zuen IRPHa baliogabetzen duten epai hauen artean lehena, eta pasa den martxoaren 12an IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenera, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiei aurretiko galdera eginez gainera. Handik gutxira, Bartzelonako Merkataritza-Arloko 7. Epaitegiak IRPHa baliogabetzen duten bi epai ebatzi ditu, eta ondorioz esan daiteke epaitegietako borroka luzea izango dela eta ez dela Gipuzkoara mugatuko.

IRPHa baliogabetzen duten epai gehiago

justicia-irph

Bartzelonako merkataritza arloko 7. Epaitegiak, 2015eko martxokoko 16an, IRPHa baliogabetzen duten bi epai ebatzi ditu. Epai hauek Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatuek Gipuzkoa eta Guadalajaran 30 epaitik gora lortu ondoren datoz, eta garrantzitsuak dira Donostiako merkataritza arloko epaitegiaren argudioak baieztatzera datozelako (Donostiako epaien zati batzuk hitzez hitz kopiatzen dituzte)

Bi epai hauek, orain arte lorturikoek bezala, IRPHa manipulagarria dela aitortzen dute, eta ondorioz abusuzko eta baliogabea.

Bartzelonan bi kasu hauek epaitu dituen epailea Manuel Ruiz de Lara izan da, merkataritza arloan eta Europar Batasuneko zuzenbidean aditua. Manuel Ruiz de Larak bat egin du lehenago Gipuzkoan Edmundo Rodríguez Achúteguik ebatzitako argudioekin. Edmundo Rodríguez Achútegui ere sona handiko epailea da, eta berak ebatzi zuen zoru-klausulagatik banketxe bat dirua itzultzera zigortu zuen lehen epaia.

Argi geratu da beraz IRPHaren baliogabetasunaren aldeko gure argudioak sendoak direla, sona handiko epaileek babestu baitituzte.

Gogoratu beharra dago epai hauek Gipuzkoako Probintzia Entzutegiak IRPHa baliogabetu zuen lehen epaia bertan behera utzi ondoren iritsi direla, eta horrexegatik gure borrokari bultzada garrantzitsua ematera datoz. Probintzia entzutegiaren epaiaren kontra, Manuel Ruiz de Lara eta Edmundo Rodríguez Achútegui bezalako epaile adituek IRPHa baliogabetzen duten epaiak ebazten jarraitzen dute, eta honek gure itxaropenak handitzen ditu Espainiako Auzitegi Gorenean emango den borrokarako.

Izan ere, Gipuzkoako Probintzia Entzutegiaren epaiaren ondoren Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatuek jadanik aurkeztu dute helegitea Espainiako Auzitegi Gorenera. Epaitegietako borroka luzea izango da, BAINA IRABAZIKO DUGU.

Oharra: epai guztiak eskuragarri dituzu “epaitegiak” atalean.