Europako Epaitegiek IRPHa epaitu atarian gobernuari galdera egin dio En Marea – Unidos Podemos taldeak

Aurrez EH Bildu izan bazen Kongresuan Gobernuari galdera egin ziona Europako Epaitegiek IRPHaren gaia aztertu behar dutela eta izango duen jarreraren inguruan, orain En Marea (Unidos Podemos) izan da, Senatuan.

Galderak (hemen eskuragarri dituzunak), Marcos Guerreiro IRPHaren aurkako aktibista eta adiskideak bultzatu ditu Galizatik, eta En Marea (Unidos Podemos) taldeko Vanessa Angustiak aurkeztu ditu. Talde honek Maite Ortiz eta José María Erauskinen agerraldia ere eskatu du gainera.

EH Bilduk Espainiako gobernuari galdetu dio Europar Batasuneko Epaitegietan IRPHaren inguruko kasuan izango duen jarrerari buruz

EH Bilduko Marin Beitialarrangoitia diputatuak idatzizko erantzuna eskatzen duen galdera sorta bat luzatu dio Espainiako gobernuari, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPHaren inguruan tramitera onartu duen IRPHaren inguruko kasua dela eta. EH Bilduren galderak hemen klik eginda eskuratu ditzakezu.

EH Bilduk gobernuari galdetu dio ea auzibide honetan Europako epaitegiari idatzizko oharrik helarazteko asmorik ba ote duen, Europar batasuneko estatu bezala aukera hori baitu eta aurrez zoru klausulen kasuan aukera hori baliatu baitzuen. Beitialarrangoitiak aurpegiratzen dio kasu hartan Espainiako gobernuak banketxeen alde eta kontsumitzaileen aurka egin zuela Europar Batasuneko epaitegiaren aurrean, eta gainerako talde parlamentarioekin eztabaidatu gabe egin zuela. (Hemen ikus dezakezu Gobernuak aurkeztu zuen txostena)

EH Bilduk gogorarazten du Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak erantzun behar duena dela ea IRPHa bezalako indize ofizial bat kontratuan sartzeak ez ote duen inolako gardentasunik behar (2017ko abenduaren 14ko 669/2017 epaian Espainiako Auzitegi Gorenak esan duen bezala) edota IRPHaren inguruko klausulak gardena izan behar ote duen (lehen eta bigarren instantziako epaitegi askok eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk 669/2017 epaiari egin dioten boto partikularrean defendatzen duten bezala). Beitialarrangoitiak gehitzen du gardentasun beharraren inguruko eztabaida horretan zuhur eta arrazoizkoa dela gardentasunaren alde egitea.

Zortzi galderen artean azkena erabili du EH Bilduk Gobernuari esateko gardentasunaren alde egin behar ez badu hobe lukeela inolako iritzirik ez helaraztea kasu honetan.

IRPH Stop Gipuzkoatik EH Bilduren ekimena eskertzen dugu eta Espainiako Gobernuari eskatzen diogu hiritarren alde egin dezala edo egon dadila isilik.

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak IRPHaren inguruko prozedura abian jarri du, baina ez premiazko bidetik

Martxoaren 21eko data duen dokumentu baten bidez (hemen eskuragarri duzuna), Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak C-125/18 prozedura abian jarri du, IRPH erreferentzia indizearen gaineko galderaren inguruan.

Bartzelonako Lehen Instantziako Epaitegiak gaia premiazko bidetik aztertua izan zedin eskatu zuen arren, Europar Batasuneko Epaitegiak aukera hori baztertu egin du. Ez da berri ona kaltedunontzat, prozesua zenbait hilabetez luzatzea baitakar (bi urte inguru arte, iturri batzuen arabera). Baina eragozpen honek ezin dio garrantzirik kendu IRPHaren salaketa Europako epaitegietara iritsi izanak suposatzen duen lorpenari. Duela lau urte baino gehiago IRPHaren aurkako epaitegietako borroka hasi genuenean ia pentsaezina zen aukera hau.

Bartzelonako epaitegitik Europar Batasuneko Epaitegiari galdetzen zaiona da, funtsean, ea IRPHa bezalako indize ofizial bat kontratuan sartzeak ez ote duen inolako gardentasunik behar (2017ko abenduaren 14ko 669/2017 epaian Espainiako Auzitegi Gorenak esan duen bezala) edota IRPHaren inguruko klausulak gardena izan behar ote duen (lehen eta bigarren instantziako epaitegi askok eta Espainiako Auzitegi Goreneko bi magistratuk 669/2017 epaiari egin dioten boto partikularrean defendatzen duten bezala). Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna erabakigarria izango da IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan. Horregatik IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik dei egiten diegu epaitegietan indize honen aurkako auzibidetan diren guztiei prozedura behin behin behinean gelditzeko eskaera egin dezaten, Europar Batasuneko Epaitegiaren erantzuna ezagutu artean.

Europar Batasuneko Epaitegiaren dokumentuan irakur daitekeenez, bi hilabeteko epea zabaldu da idatzizko oharrak jasotzeko auzitan diren bi aldeetatik eta baita beste eragileetatik ere, tartean batasunko estatuetatik. Honek esan nahi du Espainiako estatuak aukera duela txosten bat aurkezteko, zoru-klausulen auzian egin zuen bezalaxe. Kasu hartan Espainiako gobernuak Europako Batasuneko Epaitegiari helarazi zion txostenean zoru klausulen gaian atzera eraginkortasunaren aurka egin zuen, hau da, banketxeen interesen alde eta kontsumitzaileen eskubideen aurkako jarrera bat izan zuen. Zorionez Europako Epaitegiak Espainiako gobernuaren txostenaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako epaia ebatzi zuen, eta ondorioz zoru-klausulen atzerako eragina osoa da. Espero dezagun kasu honetan Espainiako gobernuak berriz ere hiritarren aurka ez egitea, eta edozein kasutan Europako Epaitegiak berriz ere kontsumitzaileon alde egitea.

Europar Batasuneko Epaitegiak tramitera onartu du IRPHaren inguruko galdera

EUROPAR BATASUNEKO EPAITEGIAK TRAMITERA ONARTU DU IRPHaren INGURUKO GALDERA BAT

EUROPAR EPAITEGIAK EBAZPEN BAT ARGITARATU BITARTEAN ZABALIK DAUDEN PROZEDURA GUZTIAK ETETEA GOMENDATZEN DU IRPH STOP GIPUZKOA ELKARTEAK

IRPHaren AURKAKO EPAITEGIETAKO BORROKA HASI ZENETIK LAU URTE BETE DIRENEAN ABUSUAREN AMAIERA GERO ETA GERTUAGO DAGO

Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak tramitera onartu du Bartzelonako 38 zenbakidun instrukzio epaitegiak luzatu dion IRPHaren inguruko galdera (ikusi hemen Bartzelonako epaitegiaren autoa). Urbe Abogados-eko Alejandro Benavente-k aurkeztu du galdera. Donostiako Abogados Res despatxuarekin elkarlanean dabilen abokatua da, eta beraz José María Erauskin eta Maite Ortiz abokatuen ezagutza guztiarekin prestaturiko galdegitea da. Abokatu horiek hasi zuten IRPHaren aurkako epaitegietako borroka IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin, eta estatu mailan aitzindariak dira.

Otsailaren 17an bete dira hain zuzen ere 4 urte IRPHaren klausula abusuzkoa delako bertan behera uzteko lehen auzibidea abian jarri zenetik. Maite Ortiz eta José María Erauskinek aurkeztu zuten IRPH Stop Gipuzkoa plataformarekin elkarlanean, eta IRPHaren klausula baliogabetzen zuen lehen epaia irten zen hortik. Lau urte geroago, borroka ez da amaitu, nahiz eta ixteko saiakera egin berri duen Espainiako Auzitegi Gorenak.

Europatik datorren hau oso albiste ona da indize honek kalteturiko guztiontzat, 2017ko abenduaren 14ean Auzitegi Gorenak epai baten bitartez IRPHa inolako gardentasun premiarik gabe aplikatu zitekeela esan eta gero.

Orain zabaltzen den bidetik Europaren zartako berri bat etor dakioke Espainiako Auzitegi Gorenari. Ez litzateke lehen aldia izango banketxeen abusuen inguruko gaietan. 1.3 milioitik gora izan daitezkeen kaltedunen itxaropena Europan dago beraz orain. Eta bada horretarako arrazoirik. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak berak bazuen boto partikular bat non mi magistratuk zalantzarik gabe esaten zuten ebazpena Europar Batasuneko jurisprudentziaren aurkakoa dela.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaia aztertzen duen bitartean, IRPHaren aurka auzibideak hasiak dituzten kaltedun guztiei prozedura etetea eskatzeko gomendatzen diegu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik. Bai behintzat Europar Epaitegiak C-125/18 erreferentziaz izendatu duen gaia ebatzi bitartean (Gómez del Moral Guasch kasua). Izan ere, nahiz eta dagoeneko badiren Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka IRPHaren klausula baliogabetu diren epaiak, begi-bistakoa da banketxeek helegiteak jarri eta gaia Auzitegi Gorenera iristen bada honek berriz ere banketxeen alde egingo duela.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen deialdi hau epaileei ere luzatzen diegu: eten itzazue IRPHaren inguruko auzibide guztiak, Europak erabaki bat hartu bitartean.

Eta, jakina, banketxeei ere luzatu nahi diegu deia: ez ezazue abusuzko indize hau gehiago aplikatu. IRPH Stop Gipuzkoatik dei berezia egin nahi diogu Kutxabank banketxeari, gure lurraldean IRPHa gehien aplikatu duen banketxea delako eta pribatizatu zuten arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarron aurrezki kutxekin sortutako entitatea zelako: eten ezazue behingoz indize kriminal honen aplikazioa. Izan ezazue lotsa apur bat.

Arabako Probintzia Auzitegiak ere Europari IRPHaren inguruan galdera egiteko tramiteak hasi ditu

Arabako Probintzia Auzitegiak ere Europari IRPHaren inguruan galdera egiteko tramiteak hasi ditu, Kutxabanken aurkako prozesu batetan Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek hala eskatuta. Azpimarratzekoa da berriki Espainiako Auzitegi Gorenak Kutxabanki arrazoia emanez IRPHa ontzat eman zuen kasuko epaitegi, banketxe, eta abokatu salatzaile berberak direla.

Aurretik Bartzelona eta Mallorcako bi epailek ere hasiak dituzte tramite horiek. Gainera, Amurrioko lehen kasu baten ondoren Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka IRPHa baliogabetu duten epaiak dagoeneko bat baino gehiago dira. IRPHaren aurkako epaitegietako borrokak bizi-bizi jarraitzen du beraz, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak dagoeneko IRPHaren aldeko bere irizpidea ezagutarazi epai baten bitartez. Ezin da ahaztu ordea epai horrek berak bazuela boto partikular bat, non bi epailek esaten zuten epaia Europako zuzenbidearen aurkakoa zela.

Arabako kasuan Kutxabankek dagoeneko erantzun du Europari galdera egiteko aukeraren aurkako jarrera erakutsiz, esanaz gertatzen dena dela helegitea jarri dutenei Espainiako Auzitegi Gorenak esan duena ez zaiela gustatzen. Ikusi egin behar orain epaileak zer erabaki hartzen duen. Edozein modutan bistan da kasu honetan ez bada besteren batetan izango dela, baina IRPHaren gaia Europar epaitegietara iritsiko da.

Bi epailek IRPHaren inguruan Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari galdetzeko tramiteak hasi dituzte

2017ko abenduaren 14ean ebatziriko epai batekin Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHaren aplikazioa onetsiz indize honen kaltedunentzat urte amaiera zapuztu ondoren, urte hasieran berri onak bakarrik ari dira iristen kaltedun horientzat.

Alde batetik, urtarrilean zehar hiru kasu ezagutu dira non epaitegiek IRPHa baliogabetu duten, Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearekin kontraesanean eta Europako jurisprudentzia aplikatuz. IRPHaren aurkako borroka juridikoa oraindik ez dela itxi frogatu da honela. Espero zitekeen zerbait zen, Auzitegi Goreneko bi epailek eman zuten boto partikularra irakurrita, non esaten zuten IRPHa babesten zuen epaia Europako zuzenbidearen aurkakoa zela.

Orain ezagutu dugu gainera Bartzelonako lehen instantziako epaitegi batek eta Mallorcako Probintzia Auzitegiak Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren aurrean IRPHaren inguruko galdera egiteko tramiteak hasi dituztela.

Bartzelonako 38. Zenbakidun Lehen Instantziako Epaitegiaren kasuan, tramite hauek hasteko argitaratu den dokumentua ezagutu ahal izan dugu (eta hemen klik eginda eskura daiteke), eta bertan dio Europar Batasuneko eta espainiar estatuko zuzenbidearen arteko adostasunaren inguruko zalantzak sortzen direla, 2017ko abenduaren 14ean Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHa babestuz ebatzi zuen epaiari erreferentzia eginez.

Bartzelonako epaileak Gorenaren epaiaren arrazoibidea zalantzan jartzen du, hau da, IRPHa indize ofiziala denez kontratuan sartzerako orduan inolako gardentasun kontrolik ez dela egin behar. Epaileak galdetzen du kontsumitzaileak klausula ulertu ahal izateko ez ote zaion IRPHaren konfigurazioari buruzko informazioa eman behar, eta indizearen ezaugarri polemikoetariko batzuk aipatzen ditu, azalduaz indizeak komisioak eta gastuak barne dituela, batez besteko sinple ez haztatua dela, desbiazioak zuzentzeko inolako mekanismorik ez duena, eta Euriborrarekin alderatuta gardentasunik gabea dela.

Epaileak bigarren zalantza bat ere erakusten du, eta galdetzen du klausula baliogabetuko balitz maileguak interesik gabe gelditu behar ote duen.

Epaitegiaren probidentziak pieza alderatu bat zabaltzen du Europar Batasunek Justizia Epaitegira galdera igortzeko, eta beraz Europako epaitegiak gaia aztertzeko tramiteak hasten ditu.

Argitu beharra dago Europako epaitegiak ez duela IRPHaren konfigurazioa aztertuko ez eta ona edo txarra den ebatziko. Aztertu beharko duena da ea abusuzko klausulen Europako araudia eskutan, IRPHa kontratuan sartzean gardentasuna beharrezkoa den ala ez. Baietz erabakitzen badu, Europako Epaitegiak berriz ere Espainiako Auzitegi Gorena zuzenduko luke, zeren eta kasu honetan Gorenak ebatzi zuen IRPHa indize ofiziala denez ezin dakiekeela banketxeei gardentasunik eskatu indize hori aplikatzean.

Oso berri ona da IRPH Stop Gipuzkoaren ustetan. Irabaziko dugula sinisten jarraitzen dugu. Bitartean, kaltedun guztiei animoak bidali nahi dizkiegu. Duela lau urte, 2014ean gure plataformak abusu honen aurkako epaitegietako borroka hasi eta IRPHaren klausula baliogabetzen zuen lehen epaia lortu zuenetik denbora gehiegi igaro da jadanik. Baina irabaziko dugu.