Gorenaren irizpidearen aurka IRPHa baliogabetzen duten epai berriak

Urtarrilaren 15ean Amurrioko (Araba) epaitegi batek Espainiako Auzitegi Gorenaren 2017ko abenduaren 14eko epaiari muzin egin eta IRPHa baliogabetzen zuen lehen epai ezaguna ebatzi zuen. Orain beste bi epai ezagutu ditugu, urtarrilaren 15 eta 18an Sagunto eta Alakanten ebatziak, hauek ere IRPHaren klausula abusuzkotzat jo eta baliogabetzen dutenak.

Gogoratu behar da Gorenaren epaiak berak bazuela boto partikular bat, bi epailek sinatua, IRPHa babesten zuen epai hura Europako zuzenbidearen aurkakoa zela zalantza izpirik gabe esaten zuena. Gutxienez hiru dira dagoeneko magistratu kritiko hauekin bat egiten duten epaitegiak, eta bistakoa da gehiago ere izango direla.

Eta bistakoa da baita ere hau guztia nola bukatuko den: Espainiako Auzitegi Gorenean adostasunik ez dagoenez epaileren batek Europari galdera luzatuko dio, eta Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak gaia aztertuko du. Kalteturiko milaka familiek Europako epaitegiek Espainiakoak zuzenduko dituztenaren itxaropena dute orain.

Oharra :epaiak webguneko Epaitegiak atalean daude ikusgai, eta hemen (Sagunto) eta hemen (Alakant) klik eginda ere ikusi ditzakezu.

Gorenak esandakoari muzin egin eta IRPHa baliogabetzen duen lehen epaia

AUZITEGI GORENAK ESANDAKOARI MUZIN EGINDA IRPHa BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAIA

AMURRIOKO (ARABA) EPAITEGI BATEK IRPHaren KLAUSULA ABUSUZKOTZAT JO DU, EUROPAKO JURISPRUDENTZIA APLIKATUZ

FROGATUA GERATZEN DA GORENAREN EPAIAK EZ DUELA BIDE JURIDIKOA AGORTU, ETA ARGI GERATZEN DA IRPHa EUROPAKO EPAITEGIAK EPAITUKO DUELA

Donostia, 2018-1-19

Amurrion (Araba) urtarrilaren 15ean ebatzitako epai bat izan da Espainiako Auzitegi Gorenaren aurka egin eta IRPHaren klausula bertan behera uzten lehena. Guk ezagutu dugun lehena da behintzat.

2017ko abenduaren 14ean Gorenak IRPHaren inguruan tramitera onartu zuen lehen kasuan banketxeen alde egin zuenetik hilabete igaro denean argitaratu den epaiak Gorenaren irizpidearen aurka egiten du eta IRPH interesaren klausula abusuzkotzat jotzen du, «Europako jurisprudentzia aplikatuz».

Abusuzko indize honen aurkako borrokan aurrerapauso oso handia da. Eta Gorenaren epai txapuzeroa aplikatzeari uko egitera ausartuko zen epaileren bat suertatzea denbora kontua bakarrik zen arren, epai honek kalteturiko pertsona guztientzat oso berri ona izaten jarraitzen du.

Gogoratu behar da Gorenaren epaiak berak bazuela boto partikular bat, bi epailek sinatua, epai hura Europako zuzenbidearen aurkakoa zela zalantza izpirik gabe esaten zuena. Amurrioko epaileak irizpide horrekin bat egiten du eta klausula bertan behera uzten du, salaketa jarri zutenek ez baitzuten interes tipoaren ingurukoak ulertzeko aukera errealik izan. Gainera, eta hau ere Europako jurisprudentzia aplikatuz, Amurrioko epaileak ez du IRPHa beste indize batekin ordezkatzen, eta mailegua interesik gabe uzten du.

Bereziki azpimarragarria da epai hau Araban ebatzia izana. Izan ere, banketxeak (Caja Rural de Navarra) ia zalantzarik gabe jarriko duen helegitea Arabako Probintzia Auzitegiak aztertu beharko du, eta berea zen pasa den abenduaren 14ean Espainiako Auzitegi Gorenak bere erabakiarekin bertan behera bota zuen epaia. Arabako Auzitegiak, beraz, erabaki beharko du Gorenaren irizpidea onartu eta bere doktrina aldatzen duen edota bere bideari tinko eusten dion, IRPHa baliogabetuz. Bada hirugarren aukera bat: Auzitegiak erabaki lezake epaiteka aurretiko galdera bat luzatzea Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari, hark erabaki dezan gaiaren inguruan. Bistan da Arabako Probintzia Auzitegiak egiten ez badu beste epaileren batek egingo duela, eta beraz IRPHa Europan epaitua izango dela segurua da.

Europako Justizia Epaitegiak berriz ere Espainiako Auzitegi Gorena zuzentzea da beraz kalteturiko milaka familien itxaropena.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik oso balorazio baikorra egiten dugu epaiaren inguruan, eta animoak helarazi nahi dizkiegu kalteturiko familia guztiei. Ez da erraza izango, baina irabaziko dugu.

Oharra: epaia eskuragarri duzu Epaitegiak atalean, eta zuzenean eskura dezakezu hemen klik eginda.

IRPHaren inguruko Gorenaren epaia: IRPH Stop Gipuzkoaren azterketa eta balorazioa

EPAIA BIDE JURIDIKOA IXTEKO SAIAKERA BAT DA, BAINA ATEAK IREKI DIZKIO EUROPAKO AUZITEGIAK GAIA AZTERTZEKO AUKERARI

AURKAKO IRITZIA DUTEN BI MAGISTRATUK EUREN BOTO PARTIKULARREAN DIOTE EPAIA EZ DELA BIDEZKOA

EPAIA ALDATUA IZAN DA ARGITARA EMAN AURRETIK

GORENAK EZ DU USTE BANKETXEEI GARDENTASUNA EXIJITU DAKIEKENIK, BAINA BAI ZORROZTASUNA KONTSUMITZAILEEI

Donostia, 2017-12-20

Ohar labur baten bitartez IRPHa onesten zuela jakinarazi eta hiru aste geroago, abenduaren 14ean Espainiako Auzitegi Gorenak ezagutzera eman zuen epaiaren edukia. IRPHa baliogabetuz Gasteizen ebatzi eta Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi zuen epaia bertan behera uzten du modu honetan Gorenak.

Epaia aztertu eta José Mari Erauskin eta Maite Ortiz abokatuen balorazioa ezagututa (IRPHaren aurkako borrokan aitzindari diren abokatu hauek daramate kasua eta gure plataformaren abokatu ere badira), IRPH Stop Gipuzkoa plataformak bere iritzia ezagutzera eman nahi du.

Albiste txar bat

Zalantzarik gabe epaia oso albiste txarra da indize hauek kalteturiko pertsona guztientzat. Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak Espainiako Auzitegi Gorena zuzentzeko aukera hor dagoen arren, horrek lau urte beharko lituzke, eta bitartean indize kriminal honek milaka hiritar kaltetuko lituzke.

Bide juridikoa ixteko saiakera antzua, Europari ateak ireki dizkiona

Gorenaren epaia bide juridikoa ixteko saiakera zen arren, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari ateak parez pare ireki dizkio. Epaiak berrogeita hamar orrialde inguru ditu, eta horietatik hogei boto partikular batek hartzen ditu. Ados ez dauden bi magistratuk irmoki esaten dute epaia ez dela bidezkoa, eta ez duela Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak finkaturiko doktrinaren parametro eta edukiekin bat egiten.

Auzitegi Gorenaren barnean adostasun eza nabarmena da beraz, eta honen ondorioz lehenago ala beranduago IRPHaren inguruan ebatzi behar duen epaileren batek Europari galdera egitea erabaki eta Europar Epaitegiari epaiaren aurretiko galdera luzatuko dio. Aukera hau orain artean ez dute IRPHaren inguruko kasuak aztertu dituzten epaileek erabili, baina ez da luze joango epaileren batek hori egin arte. Izan ere, IRPHaren inguruko kasu asko dago dagoeneko epaitegietan, eta badakigu epaile askok ez duela bat egingo Gorenaren irizpideekin. Izan ere, dagoeneko asko dira IRPHaren klausula abusuzkoa dela iritzita baliogabetu egin duten epaileak.

Europako Epaitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka egin lezake, dagoeneko zenbait kasutan egin duen bezalaxe.

Presaka eta gaizki: epaia aldatua izan da

Gorenak presa handia zuen IRPHaren gaiari bidea ixteko, eta aditzera eman zuen gaiari lehentasunezko tratua emango ziola, IRPHaren klausularen balizko baliogabetasuna eztabaida handia sortzen ari zelako. Erauskin eta Ortizek eskatu zuten bista ospatzeko aukera baztertu ondoren, 2017ko azaroaren 22an erabaki bat hartuko zuela ezagutarazi zuen. Eta egun horretan bertan Gorenak ohar oso labur bat argitaratu zuen, eta estatuko komunikabide guztiek zabaldu zuten Gorenak banketxeak salbatzea erabaki zuela.

Dirudienez inork atzeman ez duena zera da, Gorenak bere epaia aldatu duela bere oharrak sortu zituen erreakzioak ikusita. Ohar hark zioen, espainolez, «la sala considera que la mera referenciación a un tipo oficial como es el IRPH no implica falta de transparencia ni abusividad», hau da, IRPHari lotze hutsak ez zekarrela gardentasun ezik ezta abusuzkotasunik ere. Erauskin eta Ortizek aditzera eman zuten ez zela IRPHari lotze hutsa salatu zutena, baizik eta IRPHa kontratuan gardentasunik gabe sartu izana.

Hiru aste beranduago argitaratua izan den epaia aztertuta, ikusi dugu Gorenak berak prentsa-oharrean erabili zuen argudioa ez dela testuan ageri. Ohar hura idaztekoan eginiko akats bat ote da? Ez. Ez zen akats bat izan. Gorenak bere epaia manipulatu du aldeetako batek izan duen erreakzioa ikusita. Horren froga da bi magistratuk sinatu duten boto partikularrak bi aldiz egiten diola erreferentzia epaiaren esaldi horri, eta horietako batean esaldia komatxo artean jartzen duela. Ondorioz, ulertzen dugu epaia aldatu egin dutela. Aldrebeskeria nabarmena, eta agian zerbait larriagoa ere bai.

Gorenak irizpidea aldatu du: zoru-klausula eta multidibisa delakoek ez bezala, IRPHak ez du gardentasunik eskatzen

Gorena oso garbia izan zen orain artean: bataz besteko kontsumitzaileak ezin ditu zoru klausula edota multidibisa bezala ezagunak diren maileguak ulertu, eta ondorioz banketxeek informaziorako eginkizun berezia dute, bermatzeko kontsumitzaileak ondo ulertzen duela zein eragin izan ditzaketen produktu eta klausula horiek. Modu honetan, banketxeek ez badute frogatzen bereziki gardenak izan zirela, klausula horiek abusuzkotzat hartu behar dira. Baina IRPHarekin Gorenak irizpidea aldatu du eta esan du ez dela azalpen gehiagoren beharrik, eta ondorioz ez dela gardentasun kontrolik egin behar.

Gai al da bataz besteko kontsumitzailea IRPHa erabiltzeak dakartzan ondorioak ulertzeko?

Boto partikularrak berak ondo asko erantzuten dio galdera honi: «ez dago zalantzarik, IRPH Entidades erreferentzia indizea, bere kalkulurako formula matematikoagatik eta bere konfigurazio bitxiagatik (komisioak eta bezeroaren gainontzeko gastuak barne ditu, eta bataz besteko ez haztatu baten bitartez kalkulatzen da), ulertzeko zaila da bataz besteko kontsumitzailearentzat eta ondorioz gardentasun kontrolerako elementu ezin hobea da».

Gorenak sinetsarazi nahi digu zoru klausularen ondorioak ulertzeko gai ez den bataz besteko kontsumitzaileak arazorik gabe ulertzen dituela bere erreferentzia indizea bataz besteko ez haztatua izatea eta komisio eta gastuak barnean dituenez komisio horiek bi aldiz ordainduko dituela. Eta kontratuan irakurri ere egin gabe ulertu dezakeela gainera, epaian aztertzen den kontratuan informazio garrantzitsu hau ez baitzen aipatu ere egiten.

Gorenak berak onartzen du IRPHak ezkutukeria eta nahasmena dakartzala

Epaiak dio IRPHaren eraginak aztertzea erraza dela bataz besteko kontsumitzailerentzat, informazio maila normala duelarik eta zorroztasun nahikoa badu. Espainierazko perspicaz hitza erabili du, eta hiztegiaren arabera horrek esan nahi du ezkutuan diren gauzak edota egoera nahasiak ulertzeko gaitasuna duela. Beraz ez dago askoz gehiago gehitu beharrik.

IRPHa erabiltzea ez da lapurreta, bestela gehiago erabiliko zuten banketxeek

Halaxe da. Epaiak dio kontraesana dela esatea banketxeak bazekiela IRPHarekin Euriborrarekin baino gehiago irabaziko zuela eta, hala ere, %15era ere ez iristea indize hau erabiltzen duten maileguen kopurua. Hau da, lapur batek oilategitik oilo bat badarama ezin da esan bere mesedetan dabilenik, hain mesedegarri balitzaio oilo guztiak eramango bailituzke. Sinestezina.

IRPHa gutxiengo batek erabili izana boto partikularrak ere aipatzen du, baina modu ezberdinean. Aurkako iritzia duten magistratuek diote IRPHaren erabilera bazterrekoa delako gardentasun beharra oraindik ere handiagoa zela, bataz besteko kontsumitzaileak Euriborraren aldaketak ezagunago zituelako, telebistan eta komunikabideetan oro har une oro ematen baitzen horren berri. Berriz ere, boto partikularrak argudio sendoagoak erabili ditu. Edo hori iruditu zaigu guri, bataz besteko kontsumitzaile ez zorrotzegiak garen heinean.

Ondorioak

Gorenaren epaia kolpe latza da, baina aldrebeskeria bat ere bada, eta euren aurka bihurtuko da. Bide juridikoa ez dago itxita, eta Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak gaia aztertzeko aukera gertuago dago.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik animoak helarazi nahi dizkiegu kalteturiko familia guztiei. Kostako zaigu, baina irabaziko dugu. 2013an IRPHaren aurkako epaitegietako borroka hasi genuenean inork ez zuen gugan sinisten, eta Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatuak frikitzat hartu zituzten euren lankide askok eta askok, IRPHaren klausula baliogabetzeko eskatuz gurekin epaitegietara jotzeagatik. Orduan hasitako bidea ez da gaur bukatzen. Guk badakigu ez dugula galdu, eta banketxeek badakite ez dutela irabazi. Guztiok dakigu kontu hau nola bukatuko den.

IRPHaren kaltedunak haserretu zituen RNE-ko berriketaldi lotsagarria

IRPHak kaltetzen dituen milaka pertsonentzat pasa den astea asteazkenean okertu zen, urriaren 22an. Egun horretan zen Espainiako Auzitegi Gorena tramitera onartu duen lehen IRPH kasuan erabaki bat hartzekoa, eta egun berean eman zuen ezagutzera, ohar labur baten bidez, indize hori abusuzkoa zela ebatzi zuen epaia bertan behera utziko zuela. Epaiaren testua ezagutzea falta zen arren, bistakoa zen Espainiako Auzitegi Gorenak banketxeak salbatzea erabaki zuela.

Horregatik ostiral arratsaldeak kaltedunen artean gehienek aste txar bati amaiera eman eta atseden hartzeko asmotan harrapatu zituen. Une horretan José María Erauskin abokatuak bere Facebook-eko horman ezagutarazi zuen Radio Nacional de España irratiak elkarrizketa bat grabatu ziola, eta ostiral gauean bertan emango zituztela zati batzuk, ondoren tertulia batetan komentatuko zituztelarik zati horiek. Kaltedun askok egin zuen bat irratsaioarekin, abokatu honen iritzia entzun asmoz. Bere lankide Maite Ortizekin batera Gorenera iritsi den kasuaren arduradun da eta IRPHaren aurkako borroka judizialean aitzindari.

Gaueko hamarrak eta hogei inguruan RNE-ko “24 horas” saioko zuzendari Miguel Ángel Domínguez-ek (@24horas_rne) hitzaurre labur bat egin ondoren bere lankide David Vidueiro-ei (@DavidVidueiro) eman zion hitza. Honek modu txukunean eta argibide egokiekin José María Erauskin (@abogados_res) abokatuari egin zion elkarrizketaren zatiak ezagutarazi zituen. Abokatuak azaldu zuen Gorenaren oharrak ez ziola bere salaketari erantzuten. Izan ere, ohar horrek dio IRPHa bezalako indize bati erreferentzia egite hutsak ez duela gardentasun gabeziarik ekartzen, eta abokatuak azpimarrazen zuen bere salaketak ez zuela IRPHa kontratuan txertatze hutsa salatzen, baizik eta txertatze hori egiteko modua. Gehitu zuen bere bezeroari, oso gutxi erabiltzen zen indize bat inposatu zitzaionean (gehiengoak erabiltzen zuen Euribor-aren ordez) , ez zizkiotela azaldu indize honen berezitasunak, eta ez zuela aukeratu edota alderatzeko aukerarik izan, eta beraz gardentasun falta egon zela ulertzen zuela. Beste gako batzuk ere eman zituen.

Horraino dena ondo joan zen. Kaltedunak haserretu zituena geroago etorri zen, tertuliakide guztiak Gorenaren epaiaren argudioak ezagutzen ez ditugun arren ebazpenarekin ados azaldu ziren berriketaldian. Aniztasun falta horrek berriketaldia pobretzen du, eta pena bat da irrati publiko batetan. Baina benetan iraingarria tertuliakideen argudioak izan ziren, gezurrekin nahastuta etorri zirenak.

Lehendabizi Israel García-Juez-ek (@IsraelGJS) hitz egin zuen. Abokatuaren aurka egin zuen bere bezeroa ongi informatu behar izana babestu zuelako, eta esan zuen ez dela posible zerbait sinatzen duzun bakoitzean bi urtetako masterra ematea. Galdetu zuen gainera ea IRPHa zutenak kexatzen ote ziren bataz-bestekoa baino hobeto zeudenean. Honek bereziki piztu zituen kaltedunek interneten dituztenn foroetako komentarioak, indize hau ez baita sekula egon eta ezin baita egon bataz-bestekoaren azpitik, bere definizioagatik beragatik. Israelek gehitu zuen banku-elkarteei entzuna ziela epaileei eskatzen ez izateko super-zorrotzak kontsumitzaileen erreklamazioak epaitzeko garaian. Tertuliakidea ados zegoen prebarikatzeko deia dirudien hausnarketa horrekin.

Ondoren Carlos Cuesta-ren (@carloscuestaEM) txanda izan zen, eta gaia ikuspuntu juridiko batetik aztertzeko asmoa azalduz hasi zen. Baina egin zuena Erauskinek esan zuen zerbait bere ahotan jartzea izan zen. Izan ere, produktu finantzarioen katalogoa ezabatu eta erabiliena bakarrik uzteko nahia egotzi zion (Erauskinek esan berri zuen arazoa ez zela IRPHa erabili izana baizik eta gardentasunik gabe kontratuan txertatzea!). Ondoren esan zuen Gorenak gaia aztertu eta kasu honetan nahikoa informazio eman zela ondorioztatu zuela, baina hori ere gezurra da, Gorenaren oharrak ez baitio hori. Bukatzeko esan zuen kontsumitzailearen hiper-babeste sistemarik ezin dugula onartu, kasinoak eta motorrak ezabatu eta kirola egin eta entsaladak jatera derrigortzera eramango bailuke horrek, eta hori diktadura omen delako.

Azken txanpan Mariano Guindal-ek, sistema kapitalistari bere maitasuna agertzeko, azpimarratu zuen Espainiako konstituzioak aberasteko aukera bermatzen dizula, baina baita porrot egitekoa ere. Carlos Cuestak esan zuen baietz, askatasuna izena duela horrek. Askatasuna da…

Hemen entzun dezakezu berriketaldi osoa.