IRPH Stop Gipuzkoak agerraldia egingo du Europako Parlamentuan

europarl

IRPH STOP GIPUZKOAK AGERRALDIA EGINGO DU EUROPAKO PARLAMENTUAN

LEGEBILTZARRAK ZALANTZAK DITU IRPHren INGURUAN ETA ABUSUZKO INDIZEEN AURKAKO LEGEAK PRESTATZEN DABIL – ABOKATUEK INFORMAZIOA EMANGO DIETE LEGEBILTZARKIDEEI

Donostia, 2015-3-30

IRPH indizearen kaltedunen IRPH Stop Gipuzkoa taldeko ordezkariek agerraldia egingo dute apirilaren 16an Europako Parlamentuan. Parlamentuak zalantza larriak ditu IRPHaren inguruan, eta zenbait legebiltzarkide taldek estatu espainiarrean 1,3 milioitik gora etxebizitza-mailegu baino gehiago kaltetu ditzakeen abusuzko interes tipo honekin amaitzeko lan egiteko asmo irmoa azaldu dute.

Maite Ortiz eta José María Erauskin, plataformako abokatuek, Kutxabanken maileguetan indize hau baliogabetzen duten 30 epaitik gora lortu dituzte, eta Bruselaraino joango dira honen berri ematera. Epai hauek kontsumitzaileekin egindako kontratuetan abusuzko klausulak ekiditeko 93/13/CEE Europako zuzentarauan oinarritzen dira, besteak beste.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren talde juridikoak Donostian eta Guadalajaran lortu dituzten epai hauen antzekoak ari dira ebazten beste epaitegitan, Bartzelonan adibidez. Baina horien artean lehena bertan behera utzi zuen Gipuzkoako Probintzia Entzutegiak, IRPHa indize ofiziala dela argudiatuta, naiz eta banketxeek berarengan «nolabaiteko eragina» izan dezaketela onartu. IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren ustetan, ofiziala izateak ez du inongo bermerik ematen, eta banketxeek «nolabaiteko eragina» izatea nahikoa arrazoi da indizea baliogabetzeko.

Orain, IRPHaren ofizialtasuna bera amaitzear egon daiteke. Izan ere, Europako Komisioa erreferentzia indizeen inguruko araudi berri batetan lanean dabil, eta IRPHak betetzen ez dituen oinarrizko baldintzak ditu. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak ekarpenak egingo dizkio IRPHaren desagerpena lortzeko bidean azken kolpea izan daitekeen araudi honen zirriborroari.

IRPHaren aurkako lehen epai irmoa

fallo_valladolid

KUTXABANK IRPHagatik ZIGORTZEN DUEN LEHEN EPAI IRMOA

KUTXABANK EURIBOR+1 INDIZERA ALDATZEN GEHIEGI ATZERATU ZELA EBAZTEN DU

EPAIAK EZ DU HELEGITERIK ONARTZEN, ETA KUTXABANKEK JADANIK ORDAINDU DU SALAKETA JARRI DUTENEK ESKATUTAKOA

ORDEZKATZEA ATZERATZEAREN ALDE PNV ETA PSE-Eek DUTEN JARRERAREN AURKAKO MAKILAKADA DA

Donostia, 2015-3-26

IRPHa aplikatzeagatik Kutxabank zigortzen duen lehen epai irmoa gaur ezagutu da gaur, otsailaren 18ko data izan arren, eta Valladoliden emana izan da. IRPH Stop Gipuzkoak epaia lortu du (hemen duzu ikusgai) eta egiaztatu du Kutxabankek jadanik ordaindu diela eskatzen zuten dirua salaketa jarri zutenei.

Kontratua urratzeagatik jarritako salaketa bat da, kaltetuek ulertzen baitzuten Kutxabank gehiegi atzeratu zela IRPH Cajas desagertu ondoren aplikatzeari utzi eta Kutxabanken kontratu gehienetan aurreikusia dagoen Euribor+1 indizea aplikatzen. Entitate honek Euribor+1 indizearen aplikazioa 2013ko azaroaren 1aren ondorengo lehen errebisiora arte atzeratzea erabaki zuen, kaltetuen kexuei entzungor eginez eta Gasteizko Legebiltzarretik, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik edota 30 udalbatzatatik jasotako eskaerei muzin eginez.

Epaiak dio IRPH Cajas indizeak 2013ko apirilaren 29an aplikagarria izateari utzi ziola, eta beraz Kutxabank bidegabe atzeratu zen ordezkatzea egiten, kasurik okerrenetan urte eta erdiko epean IRPH Cajas bidegabe aplikatuaz.

Epai hau ordezkatzea noiz egin behar ote zenaren inguruko eztabaida berpiztera dator. Eztabaida honek polemika sortu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusitan adibidez, non PNV eta PSE-EEk Kutxabanken erabakia babestu zuten, indize honen aplikazioa ahalik eta gehien luzatzearen alde eginez. Alderdi hauen jarreraren aurkako makilakada bat da beraz, eta zehazki PNVko Eider Mendoza eta PSE-EEko María Jesús Egidoren aurkakoa, abusu honen aldeko defentsan nabarmen aritu baitziren.

Epaia garrantzitsua izan arren, ordezkatzearen une egokiaren inguruko eztabaida jadanik ez da funtsezkoa kaltetuentzat. Izan ere, indizea baliogabetzen duten 30 epaitik gora lortu dituzte, abusuzkoa dela frogatu ondoren. Epai horietan guztietan, hipotekaren hasieratik IRPHaren arabera kobraturiko guztiak itzultzera zigortua izan da Kutxabank, eta beraz ordezkatzearen uneak ez luke garrantzirik. Izan ere, epaien ondorio da IRPHa ez zela sekula aplikatua izan behar, eta IRPHaren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu behar dira, eta kaltetuei dirua itzuli.

Orain dela gutxi Gipuzkoako Probintzia Entzutegiak bertan behera utzi zuen IRPHa baliogabetzen duten epai hauen artean lehena, eta pasa den martxoaren 12an IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenera, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiei aurretiko galdera eginez gainera. Handik gutxira, Bartzelonako Merkataritza-Arloko 7. Epaitegiak IRPHa baliogabetzen duten bi epai ebatzi ditu, eta ondorioz esan daiteke epaitegietako borroka luzea izango dela eta ez dela Gipuzkoara mugatuko.

IRPHa baliogabetzen duten epai gehiago

justicia-irph

Bartzelonako merkataritza arloko 7. Epaitegiak, 2015eko martxokoko 16an, IRPHa baliogabetzen duten bi epai ebatzi ditu. Epai hauek Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatuek Gipuzkoa eta Guadalajaran 30 epaitik gora lortu ondoren datoz, eta garrantzitsuak dira Donostiako merkataritza arloko epaitegiaren argudioak baieztatzera datozelako (Donostiako epaien zati batzuk hitzez hitz kopiatzen dituzte)

Bi epai hauek, orain arte lorturikoek bezala, IRPHa manipulagarria dela aitortzen dute, eta ondorioz abusuzko eta baliogabea.

Bartzelonan bi kasu hauek epaitu dituen epailea Manuel Ruiz de Lara izan da, merkataritza arloan eta Europar Batasuneko zuzenbidean aditua. Manuel Ruiz de Larak bat egin du lehenago Gipuzkoan Edmundo Rodríguez Achúteguik ebatzitako argudioekin. Edmundo Rodríguez Achútegui ere sona handiko epailea da, eta berak ebatzi zuen zoru-klausulagatik banketxe bat dirua itzultzera zigortu zuen lehen epaia.

Argi geratu da beraz IRPHaren baliogabetasunaren aldeko gure argudioak sendoak direla, sona handiko epaileek babestu baitituzte.

Gogoratu beharra dago epai hauek Gipuzkoako Probintzia Entzutegiak IRPHa baliogabetu zuen lehen epaia bertan behera utzi ondoren iritsi direla, eta horrexegatik gure borrokari bultzada garrantzitsua ematera datoz. Probintzia entzutegiaren epaiaren kontra, Manuel Ruiz de Lara eta Edmundo Rodríguez Achútegui bezalako epaile adituek IRPHa baliogabetzen duten epaiak ebazten jarraitzen dute, eta honek gure itxaropenak handitzen ditu Espainiako Auzitegi Gorenean emango den borrokarako.

Izan ere, Gipuzkoako Probintzia Entzutegiaren epaiaren ondoren Maite Ortiz eta José María Erauskin gure abokatuek jadanik aurkeztu dute helegitea Espainiako Auzitegi Gorenera. Epaitegietako borroka luzea izango da, BAINA IRABAZIKO DUGU.

Oharra: epai guztiak eskuragarri dituzu “epaitegiak” atalean.

Elkarretaratzea Bilbon, Kutxabanken aurrean

Cartel_Bilbo_viernes27_tx

Ostiralean, martxoak 27, goizeko 10:30tatik aurrera Kutxabankek Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean (Kale Nagusia, 30) elkarretaratzea egingo dugu, eta gure aldarrikapenen berri emango diegu idatziz: kaleratzeak stop, etxea ordainetan eman eta alokairu soziala, fede oneko zordunentzat bigarren aukera, IRPHari stop eta lapurturikoak itzultzea, abusuzko klausulei stop, pribatizazioari stop, kontrol publiko eta soziala, Cabieces kasuaren argitzea, kanpo-auditoria, Villalabeitiaren soldata jeistea… arrazoirik ez zaigu falta! Zatoz!

Dekalogoak izan dituen atxikimenduen aurkezpena

150325adhesiones_decalogo

Gaur Donostian Etxegabetzeen, pobreziaren eta berdintasunik ezaren aurkako dekalogoak izan dituen atxikimenduen berri eman dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformekin batera.

Dekalogo honen seigarren puntuak IRPHaren aldaera guztiak bertan behera uztea eta indize hauekin kobraturiko diru guztia itzultzea eskatzen du, eta honako alderdiek babestu dute: EH BILDU, EZKER ANITZA, PODEMOS, EQUO eta zenbait herritako GANEMOS/IRABAZI plataformek. Hemen duzu argitara eman dugun oharra:

PRENTSA-OHARRA

ETXEGABETZEAK, POBREZIA ETA BERDINTASUNIK EZAREN AURKAKO NEURRIEN DEKOLOGOAK JASOTAKO ATXIKIMENDUEN INGURUAN

ETA HURRENGO MOBILIZAZIOEN BERRI EMATEKO

Donostia, 2015eko martxoaren 25ean

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako KALERATZEAK STOP eta IRPH STOP Gipuzkoa elkarteok balorazio baikorra egiten dugu etxe-gabetzeak, pobrezia eta berdintasunik ezaren aurkako neurriak jasotzen dituen eta alderdi politiko eta koalizio guztiei otsailean helarazi zitzaien dekalogoak izan dituen atxikimenduen inguruan.

Atxikimendua eman duten alderdiak hauek dira: EH BILDU, EZKER ANITZA, PODEMOS, EQUO eta zenbait herritako GANEMOS/IRABAZI plataformak. Gainera, PSE-EE alderdiak bere atxikimendu partziala erakutsi dio dekalogoko zenbait punturi. PSE-EEk ez du babesten abusuzko IRPH indizearekin kobraturikoak itzultzea, eta ez da harritzekoa, alderdi honek Kutxabankek indize hori aplikatzeari behin baino gehiagotan eman dion babesa kontuan izanik. Kutxabanken pribatizazioan atzera egin eta bere kontrol publiko eta soziala bermatzea ere ez du babestu.

Dekalogoari babesa adierazi diote baita ere ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek, DUINTASUNA eta GEPE pentsiodunen elkarteek eta Berri-Otxoak, SOS Arrazakeria Araba, Mugarik Gabe, Zero Pobrezia, Lanbidek Kaltetuak, Ongi Etorri, ASVE eta ATAWASOL bezalako elkarte sozialek. Honek erakusten du gizarteak baduela sentsibilitatea, eta erantzule politikoei benetako konponbideak exijitzen dizkiela.

Neurri hauek abian jartzea exijitzeko mobilizazioak abian jartzea erabaki dugu. Horrela, etxegabetzeen aurka eta fede oneko zordunek eta euren berme-emaileek benetako bigarren aukera izan dezaten, MARTXOAREN 27an, OSTIRALEZ, ELKARRETARATZERAKO DEIA EGITEN DUGU, Kutxabankek Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean, goizeko 11tan. Kutxabanken egoitza aukeratu dugu, hau baita etxebizitza-mailegu gehien dituen entitatea, etxe-gabetze gehien egin dituena, IRPHa gehien aplikatzen duena eta bezeroei bigarren aukera bat gehien ukatzen diena, etxea ordainetan hartu eta alokairu soziala ematea bezalako neurriei muzin eginez, nahiz eta helburu sozialekin sortua izan zen eta nahiz eta PNV, PSE, PP eta CCOO-ren kontrolpean dagoen.

Pobreturiko zordunek, euren familiarteko eta berme-emaileek, krisi edo iruzur finantzario honen ondorioak pairatzen dituzte. Langabezia, negozioak ixtea, pobrezia eta etxebizitza galtzeko arriskua ere badakar guzti honek. Horregatik gertatzen dira gure adiskide Mirenena bezalako gertakari lazgarriak, eta horrexegatik exijitzen diegu banketxe eta gobernuei bigarren aukera bat.

Gainera, ETXERIK GABEKO JENDEA ETA JENDERIK GABEKO ETXEEN arazoari aurre egiteko, PREMIAZKOA DA ETXEBIZITZA LEGE BALIAGARRI BAT EAEn, eta ondorioz Legebiltzarraren barruan eta kanpoan mobilizatzen jarraituko dugu, eta laster egingo ditugu deialdi berria Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egiteko lege hori eztabaidatzen den egunean.

Dei egiten diogu gizarteari, atxikimendua eman duten alderdi eta gizarte-eragileei, mobilizazioetan aktiboki esku hartu dezaten.

BAI, AHAL DA.