Europak IRPHa baliogabetu dezake datorren astean

stop_manipulation

EUROPAKO PARLAMENTUAK IRPHaren ABUSUAREKIN AMAITU DEZAKE ASTE BETEKO EPEAN

MAIATZAREN 18 ETA 19AN ERREFERENTZIA-INDIZEI BURUZKO ARAUDI BERRIA EZTABAIDATUKO DA

EH BILDU, IU ETA PODEMOSek IRPH STOP GIPUZKOA ELKARTEAK PROPOSATURIKO ENMENDAKINA DEFENDATUKO DUTE

ELKARTEAK SINADURA BILKETA ABIATU DU INTERNETEN

Donostia, 2015-5-11

Europako Parlamentuak maiatzaren 18an eztabaidatu eta hurrengo egunean bozkatuko duen erreferentzia-indizeen inguruko araudi berriak IRPHarekin amaitu lezake. Estatu espainiarrean 1,3 milioi hipotekatik gora kaltetzen dituen abusuzko indizea da IRPHa.

Araudi berria erreferentzia-indizeen manipulazio arriskua txikitzeko helburu zehatzarekin jaioko da, eta betebehar minimo batzuk ezartzen ditu. Oso oinarrizkoak izan arren, IRPHak ez ditu baldintza hauek betetzen. Indizea osatzeko erabiltzen diren datuak argitara ematea eskatzen du adibidez, eta IRPHaren kasuan ez da hau betetzen, datuak “sekretuak” direla aitzakiatzat hartuta. Gainera, indizeek merkatuaren errealitatea ordezkatzea eta eskaintza eta eskariaren legearen menpe egotea exijitzen du araudi berriak. IRPHak, bataz besteko ez haztatua denez, negozio-bolumenaren araberako ponderaziorik ez du egiten eta entitate guztiek pisu espezifiko berbera dute bataz bestekoan. Ondorioz, emaitza ez da merkatuaren errealitatearen isla eta ez dago eskaintza eta eskariaren legearen menpe.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen abokatu boluntario diren Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskinek IRPHaren irregulartasun hauek eta beste hainbat azaldu zituzten Bruselan pasa den apirilaren 16an, Europako Parlamentuan egin zuten agerraldian. Agerraldi berdinean salatu zuten Europako banku zentralen sistemara lotuta dauden bankuek prestaturiko indizeak araudi berria betetzetik libre suertatuko liratekeela araudiak gaur egun duen idazketa mantentzen bada. Honek IRPHa salbatuko luke, Espainiako Bankuak prestatua baita, eta estatu espainiarrean 1,3 milioi familiatik gora kaltetuko lituzke.

Hori dela eta IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak testua indarrean sartu aurretik zuzentzeko eskatu zuen, bere aplikazio-eremua zabalduz, eta sinadura-bilketa bat abian jarri zuen bere webgunean:

https://irphstop.eus/petition/

Gaur konfirmatu da EH Bildu, IU eta Podemos alderdietako parlamentariek emendakina aurkeztuko dutela zuzenketa hori proposatzeko. Hiru alderdi hauek barne dituen Europako Ezker Bateratuaren Talde Konfederalak hobekuntza hau defendatuko du maiatzaren 18ko osoko bilkuran, eta emendakina hurrengo egunean bozkatuko da, maiatzaren 19an.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik hiru alderdi hauen babesa eskertzen dugu, eta gainerako alderdiei dei egiten diegu euren talde parlamentarioko kide guztiek emendakina babestea lortzeko lanean hasi daitezen.

Araudi berria IRPHaren aurkako behin betiko kolpea izan daiteke, nahiz eta IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik erredundantea izan daitekeela uste dugun. Izan ere, Donostia, Guadalajara eta Bartzelonako merkataritza-arloko epaitegiek jadanik 40 epaitik gora ebatzi dituzte IRPHa abusuzkoa delako baliogabetzen, eta beraz frogatuta geratu da indize honek dagoeneko indarrean dagoen araudia urratzen duela. Hala ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegia Donostiako epaiak baliogabetzen ari da, eta kalteturiko familiak Espainiako Auzitegi Gorenera jotzera behartuak izaten ari dira. Epaitegietako borroka honetan Bruselatik etor daitekeen babesa erabakigarria izan daiteke. Ondorioz, PNV, PSE-PSOE eta PPri dei egiten diegu IRPHaren alde agertu duten jarrera utzi eta abusu honekin amaitzeko lan egin dezaten.

Dekalogoak izan dituen atxikimenduen aurkezpena

150325adhesiones_decalogo

Gaur Donostian Etxegabetzeen, pobreziaren eta berdintasunik ezaren aurkako dekalogoak izan dituen atxikimenduen berri eman dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformekin batera.

Dekalogo honen seigarren puntuak IRPHaren aldaera guztiak bertan behera uztea eta indize hauekin kobraturiko diru guztia itzultzea eskatzen du, eta honako alderdiek babestu dute: EH BILDU, EZKER ANITZA, PODEMOS, EQUO eta zenbait herritako GANEMOS/IRABAZI plataformek. Hemen duzu argitara eman dugun oharra:

PRENTSA-OHARRA

ETXEGABETZEAK, POBREZIA ETA BERDINTASUNIK EZAREN AURKAKO NEURRIEN DEKOLOGOAK JASOTAKO ATXIKIMENDUEN INGURUAN

ETA HURRENGO MOBILIZAZIOEN BERRI EMATEKO

Donostia, 2015eko martxoaren 25ean

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako KALERATZEAK STOP eta IRPH STOP Gipuzkoa elkarteok balorazio baikorra egiten dugu etxe-gabetzeak, pobrezia eta berdintasunik ezaren aurkako neurriak jasotzen dituen eta alderdi politiko eta koalizio guztiei otsailean helarazi zitzaien dekalogoak izan dituen atxikimenduen inguruan.

Atxikimendua eman duten alderdiak hauek dira: EH BILDU, EZKER ANITZA, PODEMOS, EQUO eta zenbait herritako GANEMOS/IRABAZI plataformak. Gainera, PSE-EE alderdiak bere atxikimendu partziala erakutsi dio dekalogoko zenbait punturi. PSE-EEk ez du babesten abusuzko IRPH indizearekin kobraturikoak itzultzea, eta ez da harritzekoa, alderdi honek Kutxabankek indize hori aplikatzeari behin baino gehiagotan eman dion babesa kontuan izanik. Kutxabanken pribatizazioan atzera egin eta bere kontrol publiko eta soziala bermatzea ere ez du babestu.

Dekalogoari babesa adierazi diote baita ere ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek, DUINTASUNA eta GEPE pentsiodunen elkarteek eta Berri-Otxoak, SOS Arrazakeria Araba, Mugarik Gabe, Zero Pobrezia, Lanbidek Kaltetuak, Ongi Etorri, ASVE eta ATAWASOL bezalako elkarte sozialek. Honek erakusten du gizarteak baduela sentsibilitatea, eta erantzule politikoei benetako konponbideak exijitzen dizkiela.

Neurri hauek abian jartzea exijitzeko mobilizazioak abian jartzea erabaki dugu. Horrela, etxegabetzeen aurka eta fede oneko zordunek eta euren berme-emaileek benetako bigarren aukera izan dezaten, MARTXOAREN 27an, OSTIRALEZ, ELKARRETARATZERAKO DEIA EGITEN DUGU, Kutxabankek Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean, goizeko 11tan. Kutxabanken egoitza aukeratu dugu, hau baita etxebizitza-mailegu gehien dituen entitatea, etxe-gabetze gehien egin dituena, IRPHa gehien aplikatzen duena eta bezeroei bigarren aukera bat gehien ukatzen diena, etxea ordainetan hartu eta alokairu soziala ematea bezalako neurriei muzin eginez, nahiz eta helburu sozialekin sortua izan zen eta nahiz eta PNV, PSE, PP eta CCOO-ren kontrolpean dagoen.

Pobreturiko zordunek, euren familiarteko eta berme-emaileek, krisi edo iruzur finantzario honen ondorioak pairatzen dituzte. Langabezia, negozioak ixtea, pobrezia eta etxebizitza galtzeko arriskua ere badakar guzti honek. Horregatik gertatzen dira gure adiskide Mirenena bezalako gertakari lazgarriak, eta horrexegatik exijitzen diegu banketxe eta gobernuei bigarren aukera bat.

Gainera, ETXERIK GABEKO JENDEA ETA JENDERIK GABEKO ETXEEN arazoari aurre egiteko, PREMIAZKOA DA ETXEBIZITZA LEGE BALIAGARRI BAT EAEn, eta ondorioz Legebiltzarraren barruan eta kanpoan mobilizatzen jarraituko dugu, eta laster egingo ditugu deialdi berria Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egiteko lege hori eztabaidatzen den egunean.

Dei egiten diogu gizarteari, atxikimendua eman duten alderdi eta gizarte-eragileei, mobilizazioetan aktiboki esku hartu dezaten.

BAI, AHAL DA.

IRPH Entidades-en inguruko salaketa, epaiaren zain

140922_entidades-epaiketa

IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako salaketa epaiaren zain geratu da gaur Donostian. IRPH Stop-en talde juridikoak defentsaren argumentu guztiak gezurtatu ditu, eta Kutxabanken ordezkariak finean IRPH Entidades indize ofizial bat dela besterik ez du esan.

Kanpoan, beherago ikusi ahal duzun prentsa-oharra eman dugu aditzera. Agerraldian hainbat lagun eta eragilek babestu gaitu, hala nola Kaleratzeak Stop Gipuzkoa, Rafa Mayoral (PAH-ren koordinadore legala), Ander Rodríguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Diputatua (Bildu), eta hainbat hautetsik, tartean hauek: Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu-ko legebiltzarkidea Gasteizen), Tania González (Podemos-eko eurodiputatua), Paloma López (IU-ko eurodiputatua), Inko Iriarte, Judit García eta Enrique Martínez (Bildu-ko batzarkideak Gipuzkoako Batzar Nagusitan)

Ikusi honen berri hemen: Hitza, Berria, ABC, Gara-Naiz, El Diario Vasco, eldiario.es, Hirian.

Gaur aditzera eman dugun komunikatua:

AGERRALDI PUBLIKOA: KUTXABANKen AURKAKO EPAIKETA IRPH ENTIDADES APLIKATZEAGATIK

Donostia, 2014-9-22

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak agerraldia du gaur, Kaleratzeak Stop Gipuzkoak eta PAH-ren estatu mailako ordezkaritza batek babestuta. IRPHaren kaltetuok Kaleratzeak Stop / PAH elkartearen parte gara, eta euren babesa eskertzen dugu. Beraiek gabe gure borroka ez litzateke posible.

Gainera, Kaleratzeak Stop elkartearen talde juridikoaren laguntza bereziki eskertu nahi dugu. Dagoeneko gure elkartearen zati ezinbestekoa dira, eta Maite Ortiz era José María Erauskin buru dituztela, IRPHa epaitegietan deuseztuko dute.

Gaur gurekin diren hautetsi eta eragile sozialei ere gure esker ona erakutsi nahi diegu.

IRPHa indize kriminala da, eta bere bultzatzaileak errudunak dira. PNV, PSOE eta PP, euren gobernu erantzunkizunetatik eta Kutxa eta Kutxabanken administrazio kontseiluetan dituzten ordezkarien bidez, herritarron aurka eta IRPHaren lapurreta luzatzearen alde ari dira. Gaur gurekin diren talde politikoen babesa bakarrik izan dugu, eta horregatik jo behar izan dugu epaitegietara, tasak geure diruarekin ordainduaz.

Gaurko epaiketatik espero dezakegun epai bakarra IRPH Entidades bertan behera utzi eta Kutxabank bidegabe kobraturiko interesak itzulzera zigortzea da. Pareko epaia lortu zen dagoeneko IRPH Cajas indizearen kasuan, eta beraz IRPH Entidades bertan behera uzteko bidean lortuko den lehen garaipen judizial handiaren aurrean gaude. IRPH Entidades oraindik ere indarrean dago eta milioitik gora familia kaltetzen ditu estatu espainiarrean.

Garaipen judizial batengan kofidantza dugu, trabak traba, Espainiako Bankuak gaurko epaitekarentzat eskatu zaion informazioa ukatzea adibidez. IRPHa estatu mailako kontua da, eta Espainiako Bankuak epaileari informazioa emateari uko egin dio. Atsekabetu beharrean, Espainiako Bankuak justiziarekin elkarlanean egiteari muzin egin izana ospatzen dugu, IRPHaren gardentasun eza frogatzen baitu. Bere kalkuluaren irregularitateak ezkutatu nahi dituzte horrela.

Elkarte honek bere helburuak lortu artean lanean jarraituko du. Helburu hauek hiru puntutan laburbildu daitezke:

1. IRPHaren aldaera guztiak bertan behera utzi eta Euribor-arekin ordezkatzea, gehienez puntu bateko diferentzialarekin.
2. IRPHa edo beste edozein abusuzko klausulak zituzten maileguen ondorioz kaleratuak izan diren familiei etxebizitza itzultzea.
3. Banketxe guztien eta IRPHaren aldaera guztien kaltetu guztiei kobraturiko interesen itzulketa, atzerako eraginez eta epaitegietara jo beharrik gabe.

Gainera, eta puntu horiek lortu bitartean hipoteken exekuzio guztiak berehala bertan behera uztea exijitzen dugu. Kasu larriak dira, gure adiskide Lorena eta bere alabarena bezala. Izan ere, Kutxabank-ek Errenterian duten babes ofizialeko etxebizitzatik bota nahi ditu. Kutxa-k eta Kutxabank osatzen duten gainontzeko kutxek, izaera publiko eta helburu sozialekin sortuak izan zirenak, euren sorrerako helburuetara itzuli behar dute, eta gaur egun egiten dituzten abusuak alde batera utzi. Aukera aprobetxatu nahi dugu pribatizazioa baztertu eta gure kutxen kontrol publiko eta soziala bermatuko duten neurriak hartzea exijitzeko.

BAI, POSIBLE DA.