Ezina ekinez egina!!

nelson

IRPH Cajas interes tipoa abusuzkoa izateagatik baliogabetua Kutxabanken mailegu batetan.

Epaiak Kutxabank bidegabe kobraturiko interesak itzuli eta Euribor+1 ordezkoa aplikatzera zigortzen du.

Kaltedunak IRPH Stop plataformako kide dira eta Kaleratzeak Stop-en talde juridikoko Maite Ortiz eta Jose María Erauskin abokatuen laguntzaz aurkeztu zuten salaketa bere osotasunean onartua izan da.

Epaiketa pasa den otsailaren 17an Donostiako epaitegietan ospatu zen eta PAH-ren bozeramale den Ada Colau bertan izan zen, espreski Donostiara etorri baitzen.

Gaur, 2014ko maiatzaren 6an, IRPH Stop, IRPHaren kaltedunen Gipuzkoako elkarteak mailegu batetan IRPH indize bat abusuzkoa izateagatik baliogabetzen duen lehen epaia ospatzen du. Elkarteak oso modu positiboan hartzen du epaia, abusuzko klausulen inguruko 93/13/CEE direktiba europearren oinarritzen dena, eta IRPHa entitateek manipulatu dezaketen indizea eta beraz legediaren kontrakoa dela ezartzen duena.

Kutxabank zigortua izan da salaketa jarri duten kaltedunei IRPH Cajas eta Euribor+1 indizeen arteko diferentzia bueltatzera, eta aurrerantzean IRPH Cajas aplikatzeari uztera. Kutxabank-ek izulitako diruaren legezko interesa eta prozedimentuaren kostak ere ordaindu beharko ditu.

Gainera, epaiak errieta egiten dio Kutxabank-i 2013ko azaroaren 1ean IRPH Cajas ofizialki desagertu ondoren ere aplikatzen jarraitzen duelako. Banketxeak gaur egun ere aplikatzen darrai, Gasteizko legebiltzar, udaletxe, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Batzar Nagusien eskaerei entzungor eginez.

Kutxabankek hogei egun ditu orain epaiari helegitea jartzeko, baina elkartetik dei zuzena egiten diegu entitatearen kudeatzaile politikoei helegiteari uko egin eta epaia onartu dezaten, eta IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun guztiei zabaldu dezaten.

Irakurri epai osoa hemen.

IRPHaren aurkako epai berri bat

justicia-irph

Almeriako epaitegi baten auto baten bidez, BBVA banketxeak hipoteka batetan IRPH aplikatzea bertan behera geratu da. Kaltetutako familia, IRPHaren araberako maileguari aurre egin ezin eta kaleratze prozesu baten aurrean zegoen. Epaileak prozesua eten du, ulertu baitu kontratuak baliogabetzat hartu behar diren zenbait klausula dituela, tartean IRPH Entidades interes tipoa ezartzen duena.

Oso berri ona da, eta aurretik genituen epaiei batzen zaie epai berri hau. Bere edukitik honako esaldiak azpimarratu ditzazkegu:
resulta claramente perjudicial , frente al más objetivo del Euribor (…) resulta palmario que es mucho más gravoso para los consumidores que si se hubiera establecido la referencia al Euribor (…) La entidad BBVA no ha acreditado, tal y como le correspondía, que se diese información previa a los hoy demandados sobre la incidencia que la cláusula relativa al índice de referencia pudiera tener en la economía del contrato (…) para la validez de la cláusula del IRPH utilizado, dado que no existe constancia de que los clientes tuviesen conocimientos financieros, se les debería haber realizado las distintas simulaciones entre los referenciales más comunes, comenzando por el Euribor.

Autoaren testu osoa IRPHaren kaltedunen estatu mailako elkartearen blogean ikus daiteke.

Kontratua urratzeagatik Kutxaren aurkako salaketa, epaiaren zain

140311_epaitegiak

Aurretiko bista ospatu ondoren, Donostiako Lehen Auzialdiko 7. Epaitegian epaiaren zain geratu da gaur Kutxaren aurka IRPH Cajas indizea desagertu ondoren aplikatzen jarraitzean kontratua urratzeagatik aurkezturiko salaketa. Salaketa IRPHaren Kaltedunen Gipuzkoako Elkarteak bultzatu du eta Kaleratzeak Stop taldearen babesa du.

Kutxaren aurka IRPH aplikatzeagatik aurkeztu diren salaketen artean bigarrena da hau. Lehenbizikoaren epaia egun gutxi barru ezagutzea espero da, eta bertan IRPH aplikatzea abusuzko klausulatzat hartua izatea eskatzen da. Indize honek hilean 400 euro arteko gehigarria ordaindu behar izatea dakar kaltedunentzat, eta bere kalkuluan irregulartasun larriak ditu, elkartearen webgunean ikusgai dagoen txosten batek frogatzen duenez.

Kaltedunek Ada Colau-ren babesa jaso zuten orain dela gutxi, Donostiara espreski etorri zenean. Eta atzo Martin Garitano Diputatu Nagusiak harrera egin zion kaltedunen ordezkaritza bati.

Gaur epaiaren zain geratu den kasuan, aztergai dagoena da ea Kutxak kontratua urratu ote duen IRPH Cajas indizea aplikatzen jarraitzean, 2013ko azaroaren 1ean ofizialki esagertu ondoren ere.

Kutxaren hipotekek Euribor+1 ordezkoa aurreikusten dute IRPH indizea desagertzearen balizko kasurako. Eta 2011n Gardentasunerako Ministerio Agindu batek IRPH Cajas desagertzera kondenatu zuenetik kaltedunek adosturiko ordezkoa aplikatzeko eskatzen diote Kutxari. Gasteizko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako 20 udalbatzak ere eskatu zioten Kutxari IRPH aplikatzeari uzteko, baina entitateak ez du amore eman, indizea «legezkoa» zela argudiatuz.

Kaltedunek uste dute IRPHaren aplikatze ezmoral hau legez kanpokoa dela orain, 2013ko azaroaren 1etik argitaratzeari utzi zitzaionetik.

Kutxak argudiatzen du IRPH Cajas indize ofiziala izan dela finantza-sektore espainiarrean, eta «oso lehiakorra» delako laudoriatu egin du gainera merkatu espainiarra. Orain, Kutxak dagoeneko desagertua den IRPH Cajas indizea aplikatzen jarraitu nahi du hipoteka bakoitzaren hurrengo rebisiora arte, uste baitu ekintzaileen babeserako 14/2013 Legeak horretarako bide ematen diola.

Kaltedunen elkarteak uste du lege horren bitartez botere politikoa aldeen arteko akordioan muturra sartzen ari dela, eta kontratazio-eskubidearen eta borondate autonomiaren urratze bat dela. Izan ere, aldeek IRPH Cajas indizearen desagertze momenturako adostu duten ordezkoaren aplikazioa atzeratu nahi du. Kaleratzeak Stop elkartearen talde juridikoak azaltzen du Kutxaren eta bere bezeroen arteko kontratuak ere lege-indarra duela aldeentzat, eta ondorioz ordezkoaren berehalako aplikazioa exijitzen du.

Kontua garrantzi handikoa da, hilean 400 euro bitarteko gehigarria hainbat hilabetez ordaintzen jarraitzea suposatzen duelako kaltedunentzat. Baina kontua ez da hor bukatzen: kaltedunek Euribor+1 ordezkoa atzerako eraginez aplikatua izan dadila eskatzen dute. Eta ondorioz Kutxari interesetan ordainduriko diru mordo baten itzulera galdegiten dute. Horretarako argudiatzen dute kontratuek ezartzen dutela IRPH desagertu ezkero Euribor+1 ordezkoa «operazioaren bizitza osoari» aplikatuko zaiola.

Bere defentsan, Kutxak esan du «mundu guztiak ulertzen du esamolde honen bitartez geratzen zaion bizitzaz ari garela», «hemendik aurrera». Baina kaltedunek diote beraiek ere «mundu guzti» horren parte direla, eta ulertzen dutela «bizitza osoa bizitza osoa dela», eta ez «hemendik aurrerako bizitza». Ondorioz, IRPHaren arabera kalkulatu eta ordaindu diren kuota guztiak Euribor+1 indizearen arabera kalkulatuak izan behar dutela uste dute.

Kaleratzeak Stop elkartearen talde juridikoak azaldu duenez, Kode Zibilaren arabera «kontratuaren hitzak argiak badira eta ez badute zalantzarik sortzen kontratugileen asmoari buruz, kontuan hartuko da kontratuko klausulen hitzezhitzezkotasuna». Eta hitzak argiak ez badira, eta ondorioz klausulak ilunak balira: «kontratuan klausula ilunak izanez gero, horien interpretazioa ezin da onuragarria izan iluntasuna eragin duen alderdiarentzat». Eta edozein kasutan, «klausula baten esanahiaren inguruan zalantzarik balego kontsumitzailearentzat onuragarriena den interpretazioa gailenduko da».

Ondorioz, salaketa jarri dutenak baikorrak dira eta kaltedun guztiak gonbidatzen dituzte euren eskubideen inguruan informatzera.

Honen berri eman dute: El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Finanzas.

Geurea da garaipena!

redvamas_140117

Gaur donostiako epaitegietan herria Kutxaren eta IRPHaren gainetik pasa da. Kutxaren abokatuak bere alde esan ahal izan duen gauza bakarra da IRPHa indize «ofiziala» dela, «espainiarra bezalako sistema finantziario sendo» batetan. Ez du komentariorik merezi.

Kaleratzeak Stop-en talde juridikotik, Jose Mari Erauskinek, mintzaldi bikain batetan, bankuaren argudio urri eta eskasak erantzun ditu eta IRPHa abusuzko klausula egiten duten arrazoiak azaldu ditu.

Kasua epaiaren zain geratu da, eta hilabete baino lehen IRPHa abusuzko izateagatik bertan behera uzten duen lehen epaia izango dugulakoan gaude.

Eta kalean, Ada Colau-k agerraldi jendetsu batetan lagundu gaitu. Bertan Kutxabankek IRPHa aplikatzean duen jarrera gupidagabea salatu dugu. Berriz ere Jon Jauregiren dimisioa exijitu dugu eta PNV, PSE, PP, CCOO, Pixkanaka eta DYA-k Kutxaren politika antisozialetan duten erantzunkizuna salatu dugu.

Ondoren ikus dezakezu komunikabideetan eman duten berrien laburpen bat. ETBk ohar labur bat argitaratu du bere webgunean baina, berriz ere, berria zentsuratu du bere albistegietan, nahiz eta gutxienez kamera bat eraman duten.

Ada Colau Donostian izango da IRPHaren aurkako borroka babesten

ada

Ada Colau Donostian izango da otsailaren 17an IRPHaren aurkako borrokari bere babesa agertzeko. Egun horretan, IRPHak Kaltetutakoen Gipuzkoako Elkarteko kideek, Kaleratzeak Stop-en babesaz eta bere abokatuen laguntzaz Kutxaren aurka aurkeztu ditugun salaketen artean lehenbizikoari dagokion bista ospatuko da epaitegietan.

Bistaren aurretiko prentsaurrekoan esku hartuko du Ada Colauk, estatuan milioitik gora familiaren hipotekatan aplikatzen den IRPHa salatzeko. IRPHa familia asko kalera eramaten ari den indize kriminala da. Hauxe da adibidez Lorenaren kasua. Kutxa Lorenaren babes ofizialeko etxebizitzaren jabe egin da 2.000 eurotara iristen ez zen zor baten ondorioz, iadanik abusuzkotzat epaituak izan diren klausulak eta IRPHa bera medio. Gaur egun Lorenak bere etxean darrai, eta Kutxaren aurkako beste salaketa bat jarri du IRPHa ere abusuzko klausula dela onartu dadin, horrela etxea berreskuratzeko.

Prentsaurrekoan salatuko dugu Kutxabank dela estatu mailako entitaterik ankerrenetako bat, ez duelarik sekula onartzen etxea ordainetan ematea, ezta egoera larrienetan ere. Kutxaren usura ere salatuko dugu, eta horretarako PNV, PSE, PP, CCOO eta Pixkanaka-k ematen duten babesa, Kutxaren Administrazio Kontseiluan ematen duten bozkarekin. Elkarte honek behin baino gehiagotan salatu du gipuzkoar guztion aurrezki kutxa izan zena gaur egun entitate kriminal bat dela, Xabier Iturbe izeneko ergel moral batek zuzendua, eta zenbait bulegotako zuzendarien konplizitatea duena. Izan ere, Kutxaren bulegotan entzun behar izan dugu hipoteka ordaintzea dela garrantzitsuena, eta horretarako «sobreko zopa jan» edota «kalea egin» beharko dugula behar izan ezkero.

José Corchón batzarkide jeltzalea bezalako hipokritak kexu dira hauek guztiak salatzeak Kutxari suposatzen dion publizitate txarra dela eta, eta azpimarratzen dute Kutxa publikoa dela. Nazkatuta daude hainbesteko hipokrisiaz. Xabier Iturbe Kutxako presidenteak Batzar Nagusien deia jaso zuen bertara joan eta IRPHa aplikatzeagatik kontuak emateko, baina uko egin zion entitate «pribatua» delako eta kontuak Banco de España-ren aurrean bakarrik ematen dituelako. Ez diogu Corchón jaunari bere adiskide Iturbek egindako itsuskeria honen inguruko kexarik.

Guk, Corchón jaunak ez bezala, Kutxa eta Kutxabank benetan publikoak izatea nahi dugu, baina ez dugu beraien ereduan sinisten, eta ezin dugu ados egon honakoak esaten dituztenean: «Etxebagetzen ez duen banku bat pentsaezina litzateke». Ez da pentsaezina, ez. Posible da, baina ez duzue nahi.

Ada Colauk irakatsi zigun iruzur finantziario honen errudunak kriminal hutsak direla, eta horrelaxe hartu behar ditugula:

Hitzorduan otsailaren 17an da, astelehenez, eguerdiko ordubatean Atotxako epaitegien aurrean.