Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentralak IRPHa baliogabetzen duen epai bat posible ikusten dute

2019ko uztailaren 5ean Europako Batzordeak Espainiako egoera finantzarioaren zaintzaren inguruko hamaikagarren txostena argitaratu du. 2014ko urtarrileko erreskate edo laguntza finantzariorako programaren ondorengo zaintza hau Espainiak erreskateko 41.300 milioien %75a itzuli artean mantenduko da, eta beraz txosten gehiago izango dira. Txostena Europako Banku Zentralarekin elkarlanean egin dute eta baikorra da: Espainiako banku sektoreak errentagarritasun, likidezia eta kapitalizazio onak dituela dio, nahiz eta zehaztapen batzuk ere gehitzen dituen.

Etorkizuneko erronkei dagokienean, epaitegietako arriskuei erreferentzia labur bat egiten zaie. Epaitegietako auziek banketxe askorengan eragin adierazgarria izan dutela esaten da, azalduaz saltzeko jardute ezegokiak izan direla gehienetan arrazoia. Preferenteen inguruko epaien kostuak dagoeneko ordainduta edota hornituta daudela dio txostenak, baina arrisku potentzial berrien azaleratzeaz ohartarazten du. Eta bi gai aipatzen ditu: maileguen eraketa gastuak eta IRPH indizea. Txostenaren arabera, bi gai hauen inguruko etorkizuneko epaiek “kaltetutako banketxe batzuen errentagarritasunari eragin ahal diezaiokete”.

Estatuko komunikabide askok Europako Batzordearen txostenak IRPHari erreferentzia egin izanda azpimarratu du, eta Europako Epaitegiak gariaren inguruan erabaki zain gaudenez kaltetu asko arduratu egin dira. Uler genezake Batzordea IRPHagatik Espainiako banketxeak zigortzearen ondorioen inguruan ohartarazten ari dela, eta ondorioz banketxeen aldeko kanpaina egiten. Ezin ahaztu daiteke Espainiako estatuak Europako Epaitegiaren aurrean bere burua aurkeztu duela banketxeen alde egiteko eta erabili dituen argudioen artean dagoela IRPHa baliogabetzeak izango lukeen ustezko eragina. Txosten honen aurrean kaltedun asko ezkor izatea ulergarria da, estatu espainiarrean ohituta baikaude botereen arteko banaketa gabeziari eta Epaitegi Goren eta gobernu zentrala (edozein koloretakoa izanda ere) beti banketxeen alde lotsarik gabe egiteari.

Baina ez gaitezen azalean geratu: txostenak ez du esaten IRPHa baliogabetzeak Espainiako sistema finantzarioaren egonkortasuna arriskuan jarriko lukeenik. Eta hori da Espainiako gobernuak erabili duen argudioa IRPHa baliogabetu ezkero honek atzerako eraginik ez izatea eskatzeko. Txostenak dio banketxeen errentagarritasunari eragin ahal diola, ez egonkortasunari ezta bideragarritasunari ezta bere etorkizun edota biziraupenari. Gainera, eragina “kaltetutako banku batzuetara” mugatzen du. Ez sistema finantzarioari, ez banketxe guztiei, ezta kaltetutako banketxe guztiei ere. “Kaltetutako banketxe batzuei” bakarrik. Ez da beraz mezu alarmista bat. IPRHaren klausulak baliogabetzea zerbait sinesgarri bezala hartzen du, gerta daitekeena, eta beraz kaltedunok baikortasunera mugitu behar gaitu.

Ezin ahaztu da Europako Batzordeak ere bere burua aurkeztu duela Europako epaitegiaren aurrean IRPHaren auzian, eta kaltedunon eskubideen alde eta Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka egin duela. Gainera, Luxenburgon 2019ko otsailean egin zen ahozko saioan Batzordearen ordezkariak Espainiako ordezkariari behin baino gehiagotan egotzi zion ez zuela frogatu IRPHa baliogabetzeak Espainiako finantza sistemaren egonkortasunari eragingo liokeenik. Txosten honek ez du egoera aldatzen: Europako Batzordeak uste du justiziak kaltedunon alde egin behar duela, ez du uste eragina Espainiako finantza sistemarentzat hilgarria litzakeenik eta beraz lapurtu zaigun guztia itzultzearen alde dago.

Icamalaga-k Erauskini eginiko gonbidapena kendu dio

Malagako Icamalaga Abokatuen Elkargoak atzera bota du urteroko kongresu juridikoan IRPHaren aurkako epaitegietako borrokaren nondik norakoak azaldu zitzan José Mari Erauskini luzatu zion gonbidapena.

Malagako Icamalaga Abokatuen Elkargoak 2019ko urrian bere 15. Kongresua ospatuko du. Urteroko hitzordu horretan abokatuek gaurkotasuna duten gaiak aztertzen dituzte. Banketxeen eta kontsumoaren inguruko zuzenbidean, begi-bistakoa da IRPHaren gaiak gaurkotasun itzela duela, Europako Justizia epaitegiak Espainiako Auzitegi Gorena zuzenduz ebatzi dezakeen epaiaren zain gauden honetan, eta banketxeen aldetik kezka nabarmena denean. Gainera kongresua urrian ospatuko da, irailean Abokatu Orokorraren iritzia ezagutu eta hilabetera. José Mari Erauskin edota Maite Ortizen hitzaldi batek interes oso handia izango luke beraz, IRPHaren inguruan aitzindari baitira, Espainiako Auzitegi Gorenean borrokatu baitzuten eta Europar Batasuneko kasua ere beraiek baitaramate.

Erauskinek ezagutzera eman du plazer handiz onartu zutela gonbidapena, agendak blokeatu zituztela eta hegaldi bila hasi zirela. Gainera, hitzaldia emateagatik kobratzeari uko egin zioten eta dirua Malagako animalien aldeko elkarteetara bideratzeko eskatua zuten.

Baina hau guztia okertu egiten da bere hitzaldia ez dela aurrera eramango esateko idazten dioten mezu elektronikoa jasotzean. Azalpenak eskatzen ditu eta esaten diote “antza denez duela 3 urteko gertakari bat” dela arrazoia. Geroago gehitzen dute Francisco Javier Lara Peláez Icamalaga-ko dekanoarekin izan zela ustezko istilua, eta Erauskinek argitzen du ez duela gizon hori ezagutzen.

Ez zaigu sinesgarria iruditzen Icamalaga-k ez gogoratzea ustezko gertakari hori kongresuaren egitaraua prestatzean, eta egitarau hori profesionalen artean banatzen hasten denean gogoratzea. Gainera Erauskinek dio ez duela gizona ezagutzen! Ez dakigu benetako arrazoiaren atzean banketxeen dei bat egon daitekeen, baina kongresuaren egitaraua jadanik argitratu da eta banketxxen inguruko gaien artean ez dago IRPHaren arrastorik.

Icamalaga-ri eskatzen diogu ez dezala presioen aurrean amore eman. Eta kongresura joatekoak diren abokatuei eskatzen diegu egin dezatela presioa beraientzat interes handikoa den hitzaldia ospatu dadin. Kaltedun bezala, IRPHaren gaia zuzenbidearen profesionalei aitzindari eta adituek azaldua izatea nahi dugu.

Webgunearen seigarren urteurrena

Gaur, 2019ko uztailaren 4an, webgune honen 6. Urteurrena ospatzen dugu. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkartearen eskutik irphstop.plazan.net bezala abiarazi genuen, gero irphstop.net izatera igaro ginen eta azkenik irphstop.eus domeinua hartu genuen.

Sei urte hauetan IRPHaren aurkako borrokan erreferentziako webgunea izan gara, epaien datu base handienarekin eta IRPHaren inguruko albiste guztiekin.

Gainera gaur 3 urte dira webgune honetan esklusiban Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak IRPHaren inguruan prestaturiko txostena argitaratu genuela. Etxeberria doktorea Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua da, eta bere txostenean egiaztatzen du entitateek IRPHaren emaitza eragin, manipulatu eta baldintzatu dezaketela, eta banaka zein taldean egin dezaketela hori gainera.

Lapurreta honekin lehenbailehen amaitu eta urte gehiago ez betetzea espero dugu!