JM Erauskini elkarrizketak Gorenak laister IRPHaren inguruan ebatziko duela eta

Azaroaren 22an Espainiako Auzitegi Gorenak IRPHaren inguruan tramitera onartu duen lehen kasuaren inguruan erabakiko du, eta data hori gerturatzen den heinean komunikabideek gaiari tarte handiagoa eskaintzen diote. Kasu honetan José María Erauskin abokatuari eginiko bi elkarrizketa ditugu. José María Erauskin eta Maite Ortiz IRPHaren aurkako epaitegietako borrokan aitzindari dira eta beraiek daramate kasua.

Elkarrizketa Canal Txingudi telebistan:

Elkarrizketa Radio Donosti-n:

Cadizeko Probintzia Auzitegiak IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu du, Gorenaren erabakiaren zain geratu gabe

Cadizeko Probintzia Auzitegiak erabaki du ez duela itxarongo azaroaren 22an Espainiako Auzitegi Gorenak tramitera onartu duen IRPHaren lehen baliogabetze kasua ebatzi arte, eta 2017ko urriaren 23ko epai baten bitartez indize hau abusuzkotzat jota baliogabetu egin du, hori egin duen seigarren probintzia auzitegia delarik.

Oso berri ona da IRPHaren kaltedunentzat, Gorenaren erabakia oso gertu dagoen une honetan IRPHa baliogabetzearen aldeko doktrina indartzen doala erakusten baitu. Espainiako herriaren defendatzaileak erreferentzia indize hau ez erabiltzeko egin duen aholkua ezagutu eta oso gutxira iritsi da epaia. Herriaren defendatzaileak gomendio hau egin zuen Gorenaren erabakiaren zain egon gabe, bere esanetan IRPHa baliogabetzen duen doktrina finkatzen ari delako.

Gogoratu dezagun IRPHa baliogabetuz Probintzia Auzitegi batek ebatzi zuen lehen epaia Araban eman zela 2016ko martxoaren 10ean, eta haren atzetik etorri direla Bizkaia, Madril, Alacant, Salamanca eta Cadizeko probintziak. Orain Gorenak erabaki behar du ea ontzat ematen duen etengabean indartzen ari den doktrina hau.

Gorenak azaroaren 22an erabakiko du IRPHaren inguruan tramitera onartu duen lehen kasuan

Espainiako Auzitegi Gorenak jadanik jarri du data eta ordua tramitera onartu duen lehen IRPHaren baliogabetze kasua bozkatzeko: azaroaren 22an izango da, asteazkenez, goizeko 10:30tan.

Arabako kaltedun batek jarri zuen auzibideari dagokion kasua da. Kaltedun horrek, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen laguntzaz, Kutxabank IRPHarekin kobratu zizkion diru guztiak itzultzea zigortzea lortu zuen, IRPHa abusuzkoa izateagatik baliogabetu zuen epai batekin. Gasteizko Merkataritza-Arloko epaitegiaren epaia berretsia izan zen Arabako Probintzia Auzitegian (hemen eskuragarri duzun 85/16 epaiarekin),baina Kutxabankek Gorenera jotzea erabaki zuen (modu honetan Gasteizko Legebiltzarretik jaso zuen aginduari muzin eginez)

Res Abokatuek ezagutzera eman dute Gorenak data ezartzeko argitaratu zuen probidentzia. Dokumentu berdinean auzitegiak bista edo epaia ospatzea baztertu du, Ortiz eta Erauskinek hala eskatu zuten arren. Beraz zuzenean bozkatu egingo dute, Pedro José Vela Torres txostengileak eta gainontzeko magistratuek.

Gure kalkuluen arabera 1.3 milio hipotekatik gora kaltetzen dituen abusuzko indize honen aurkako borrokan mugarri oso garrantzitsua izango da. 2014ko maiatzean Donostian IRPHa baliogabetuz indizearen aurkako lehen epaia lortu zenetik (gure elkarteko familia baten eskutik, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen lan boluntarioarekin), bidea luzeegia ari da izaten, eta bada garaia justizia egiteko. Espero dezagun Espainiako Auzitegi Gorena bidezkoa izatea. Ez dugu zorte onik behar, arrazoia baitugu.

Herriaren defendatzaileak babes ofizialeko etxebizitzetan IRPHrik ez erabiltzeko gomendatu du

Babes ofizialeko etxebizitzen kaltedunen plataformen koordinakundearen kexu bat medio, estatu espainiarreko herriaren defendatzaileak Espainiako gobernuari gomendatu dio babes ofizialeko etxebizitzen maileguetan IRPHa erreferentzia indize bezala erabiltzeari uzteko.

Koordinakundeak ezagutzera eman duen gutun batetan (hemen ikus dezakezu), Francisco Fernández Marugán-ek neurri hau babesten du abusuzkoak izan daitezkeen klausulen ondorioak zuzentze aldera.

Herriaren defendatzaileak IRPHa baliogabetu duten epaiak errepasatzen ditu, eta Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik bere jarrera argitu ez duela jakin arren epaitegietan IRPHa baliogabetzearen aldeko joera indartzen ari dela dio, eta ondorioz IRPHa ezabatzeko eskatzen du.

Oso berri ona da, eta argi erakusten du zentzuzko inork ez duela jadanik IRPHa babesten.

IRPHaren inguruko kasuak abiadura hartu du Gorenean

Espainiako Auzitegi Gorenak tramitera onartu duen IRPHaren inguruko lehen kasua abiadura hartzen doa. Kasua Gasteizko kaltedun batek hasi zuen, Maite Ortiz eta José María Erauskinen laguntzaz Kutxabanken aurkako garaipen bat lortuaz. Arabako Pobintzia Auzitegiak Kutxabanken aurkako zigorra berretsi zuen, baina banketxeak Gorenera jo zuen.

Abokatuek aditzera eman dutenez, irailaren 14ean helegitearen aurkako beraien idatzia aurkeztu zuten, eta 24 orduko epean jakinarazi zieten idatzia onartzen zela eta beraz hurrengo pausua epaiketa (beraiek eskatu bezala) edota zuzenean bozketa eta epaiaren ebaztea izango dela.

Justizia espainiarraren geldotasuna ezagututa, oso deigarria da kasu honek daraman abiadura. Espero dezagun honen guztiaren atzean bankuari arrazoia emateko presa ez egotea, IRPHaren kaltedunok bai baitakigu abusuzko indize bat dela, eta borrokatzen jarraitzeko prest geundeke.