IRPHa kanpainan sartzen da, Unidos Podemos-en eskutik

160609_twitter

Espainiako Gobernuko presidentegai den Pablo Iglesiasek txio bat idatzi du gaur, ekainaren 9an, IRPHa bankuen abusu bat dela esanaz, eta IRPH Stop Gipuzkoa-ren bideo bati esteka erantsi du.

Alberto Garzón Izquierda Unida-ko koordinatzaile federalak ere antzeko txio bat idatzi du.

Eta egun bat lehenago Rafa Mayoral (Podemos-eko gizarte mugimenduetarako idazkari eta Unidos Podemos-en Madrilgo zerrendan seigarren postuan den hautagaiak) antzeko txio bat idatzi zuen, gure abokatu Jose Mari Erauskini IRPHa azaltzeagatik eskerrak emanez eta gure Youtubeko kanaleko beste bideo bati lotura erantsiz.

Gure plataforma beti izan da apartidista eta halaxe jarraituko dugu, eta badakigu gainera mezu hauek hauteskunde kanpainan datozela eta beraz hauteskunde garaiko mezuen aurrean izan behar den zuhurtziaz hartu behar direla. Baina hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuko presidentegai batek gu aipatzea azpimarragarria da. Espero dugu keinu hauez gain IRPHaren desagertzea eta kalteak konpontzea hautagai guztien programetan sartzea. Eta batez ere, ekainaren 26aren ondoren agindutakoak betetzea. Guk hementxe jarraituko dugu, horiek betearazteko.

Bitartean, jarrai gaitzazu Twitter-eko gure @irphstop_gpzkoa kontuan IRPHaren inguruko albiste guztien berri izateko.

Gobernuak ez du erantzuten eta IRPHaren gardentasun eza babesten du

1405_respuesta_gob

IRPH Stop plataformak oso larritzat jotzen du Amaiur koalizioak espainiar kongresuan IRPH erreferentzia indizeen kalkuloaren inguruan egin zituen galderei espainiar gobernuak eman dien erantzuna.

Gobernuak, bere ustezko erantzunean, ez dio eginiko hamabost galderetatik bat berari ere erantzuten. Galdera hauek IRPH Stop plataformak prestatu zuen eta IRPHaren kalkuluan dauden irregulartasunak agerian uzten dituen txosten batetan oinarrituta daude. Plataformak ulertzen du modu honetan gobernuak IRPHaren gardentasun gabezia babesten duela.

Gobernuaren idatziak ideia orokor batzuk kopiatzea besterik ez du egiten, eta azpimarragarria da horien artean erreferentzia indizeei eskatzen zaien eta IRPHak betetzen ez duen baldintza bat: “que no sean susceptibles de influencia por la propia entidad en virtud de acuerdos o prácticas conscientemente paralelas con otras entidades”.

Orain dela gutxi ezagutzera eman den Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiaren epaiak, Kutxabanken hipoteka batetan IRPHaren aplikazioa abusuzkoa izateagatik bertan behera utzi zuenak, argi uzten du ez betetze hau, hitzez hitz ondorengoa esaten duenean: “resulta indudable que una de las partes, el prestamista, tiene la posibilidad de influir en el importe del índice tomado como referencia”.

Informazio gehiago: Amaiur koalizioaren galderak eta gobernuaren erantzuna, berria Amaiur koalizioaren webgunean, eta Telecinco eta Europa Press komunikabideetan.

Amaiur IRPHagatik gobernuari kontu eske

congreso02

Amaiur koalizioak 15 galdera aurkeztu dizkio Espainiako gobernuari kongresuan. Lehenbiziko bi galderek kalteturiko hipoteken kopurua argitu nahi dute, eta hurrengo biek indize hauek kalkulatzeko hilero-hilero erabili diren datuak argitaratzea exijitzen dute. Gainontzeko galderen bitartez IRPHaren Kaltedunen Gipuzkoako Elkarteak otsailean argitara eman zuen txostenak salatzen dituen gabezia eta irregulartasunak azpimarratzen dira. Espero dugu Amaiurren ekimen honek irregulartasun hauek argitara eman eta IRPHa behin betiko desagertarazteko balio izatea.

Ikusi berria Naiz.info webgunean.

Ordezko indizea, onartua

congreso
Irailaren 18an PPk bere gehiengo absolutua baliatuz ordezko indizea aprobatu zuen Kongresuan. IRPH Cajas, IRPH Bancos eta CECA desagertzea agindu zenetik 2 urte behar izan ditu estatuak ordezkoa ezartzeko. Eta zein aukeratu du? IRPH Entidades. PSOE-k desagertzetik salbatu zuen indize hau ere gardentasunik gabea da, eta hortaz PPk eta PSOEk IRPHaren lapurreta luzatuko dute.

Baina zertan eragiten digu honek Kutxaren bezerooi? Kutxaren hipotekek badakarte ordezkoa kontratuan: Euribor+1. Ondorioz, orain onartutako ordezkoa ez da guretzat. Kutxak orain dela 2 urte, ministerio-agindu batek IRPH Cajas gardentasun-ezagatik desagetzera kondenatu zuenean dagoeneko Euribor+1 aplikatu behar zigun… baina ezertarako behar ez zuen ordezkoa ezarri zain egotea aukeratu zuen (eta horrela guri hilean 300-400€ gehiago kobratzea!) Orain badugu ordezkoa, Kutxak ez du ezertarako behar, baina aitzakiak bukatzen ari zaizkio.

Lege honen arabera azaroaren 1ean argitaratuko da azken IRPH Cajas indizea, eta ondoren desagertu egingo da. Gure kontratuen arabera, IRPH Cajas desagertzean Euribor+1 aplikatu behar zaigu. Dirudienez, Kutxak oraindik ez du etsi, eta gehiago lapurtu nahi digu: hurrengo rebisiora arte IRPH Cajas mantentzen saia daitezke. Hau da, orain berrikusten badugu hipoteka, beste urtebetez kobratu nahi digute IRPH Cajas indizearen arabera, nahiz eta indize hau desagertu eta ondorioz kontratuak Euribor+1 aplikatzeko ezartzen duen baldintza bete. Dakigunez, hau da PNV-k eta PSE-k Kutxaren Administrazio Kontseiluan defendatzen dutena (nahiz eta legebiltzarrean eta udaletxetan kontrakoa defendatu, hipokrita horiek). Jakizue, PNV eta PSE, aurrean izango gaituzuela. Eta jakizu, Kutxabank, neurri legalak edota desobedientziazkoak hartzeko prest gaudela.

Egin klik Kongresuak onarturiko testua ikusteko

IRPH Entidades-ek senatuko tramitea igaro du

PP-k IRPH-a duten eta ordezkorik aurreikusten ez duten hipotekei indize manipulagarri eta kriminal bat inposatu nahi die, PSOE-k ongi gorde zuen IRPH Entidades alegia. Irailaren 11n PPren ekimen honek senatuko tramitea igaro zuen, eta orain kongresura itzuliko da BOE-n argitaratu aurretik, ez badugu eragozten.

Bideoan honen kontra hitz egiten dute: IU (estatu mailako plataformaren gutuna irakurriaz), PSOE (orain eskatzen dute berehala Euribor+1 aplikatzea eta ez dute gogoratu nahi beraiek egiteko aukera izan zutela duela 2 urte) eta Amaiur – EH Bildu, gure elkartea aipatuz (Gipuzkoako IRPH-ak kaltetutakoen elkartea) eta PSOE eta PNV-ren hipokrisia salatuz.

PP-k bihar inposatu nahi du IRPH Entidades ordezko bezala

…eta ez dirudi PSOE hau egozteko gai izango denik.

Bihar, irailak 11, PP-k IRPH-aren lapurreta betirako luzatu nahi du, ordezko bezala IRPH Entidades delakoa ezarriaz (ordezkorik aurreikusten duten kontratuentzat), diferentzial batekin gainera (“kalkulagailua” atalean kalkulatu dezakezu)

Gaur PSOE-ren galdera bat zela-eta eztabaidatu dute. PSOE-k ez du funtsezkoa azpimarratu: ordezko bezala banketxeek nahi duten modura manipulatu dezaketen indize bat ezartzera doaz. Gainera errua PSOE-rena da, IRPH cajas eta IRPH Bancos indargabetu zituen ministerio-aginduan “ahaztu” egin baitzuen IRPH Entidades indargabetzea. Gainera, aginduaren aplikazioa airean utzi zuen ordezkoa ezarri bitartean. 2011ko urria zen eta IRPH guztiak indargabetu eta Euribor-a ordezko bezala ezarri ahal izan zuten, baina orduan gobernuan zeuden eta ez ziren horren ausartak…

Bihar, lotsa pixka bat baldin badute, senatuko kideek PP-ren proposamen kriminala baztertu behar dute.