IRPH Stop Gipuzkoaren agerraldia Gasteizko Legebiltzarrean

151116_gasteiz

Jose Mari Erauskin gure abokatu boluntarioak agerraldia egin zuen atzo, azaroak 16, Gasteizko Parlamentuko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean, eta IRPHaren irregularitateak aztertu zituen. Laster eskegiko dugu agerraldiaren bideoa, eta talde bakoitzak gure abokatuaren hitzen aurrean izan zuen erreakzioa aztertuko dugu.

Bere agerraldia bukatzeko, Erauskinek honako adierazpena proposatu zien talde parlamentarioei, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dezaten. Arreta handiz jarraituko dugu talde bakoitzak hartzen duen jarrera.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak aurkezturiko
LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA
Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkurak lehenbailehen eztabaida dezan:

Gasteizko Legebiltzarrak adierazten du IRPH interes tipoa gardentasunik gabea eta banketxeen aldetik manipulagarria dela, eta ez duela merkatuaren errealitatea islatzen. Gainera, kontsumitzaileentzat kaltegarria da eta abusuzkotzat hartua izan behar da.

Ondorioz, Gasteizko Legebiltzarrak:

1. honakoa eskatzen dio estatu mailan dagokion agintaritzari: etxebizitza maileguetarako erreferentzia indize ofizial bezala bertan behera uzteko lehenbailehen.

2. honakoa eskatzen die IRPHa edozein aldaeratan aplikatu duten edota aplikatzen duten banketxeei: berehala aplikatzeari utzi eta indize horren arabera kobraturiko interes guztiak kontsumitzaileei itzultzea. IRPHaren edozein aldaerari loturiko maileguen exekuzioen ondorioz desjabeturiko etxebizitzak ere kontsumitzaileei itzuliak izango dira.

3. honakoa eskatzen dio Lakuako Gobernuari: eskura dituen baliabide guztiak abian jar ditzala, Kontsumobide institutua barne, indize honek kalteturiko pertsonen defentsan eta etorkizunean etxebizitza maileguak sina ditzaketenen babeserako.

4. honakoa eskatzen die Europako Parlamentu, Europako Kontseilu eta Europako Komisioari: une hauetan negoziatzen ari diren Erreferentzia Indizeen inguruko Europar Araudi berria aplikagarria izan dadila IRPHa bezala banku zentralek prestatuak diren indizeei ere.

Gasteizen, 2015eko azaroaren 16an.

PP eta PSOEk Europako Parlamentuak IRPHa gaitzestea eragotzi dute

ppsoecs_irph

PP ETA PSOEk BABESA EMAN DIOTE IRPHari EUROPAN BERRIZ ERE

EUROPAKO PARLAMENTUAK IRPHa ABUSUZKOA DELA ESATEA ERAGOTZI DUTE AZKEN UNEAN

EUROPAKO PARLAMENTUKO KOMITE BATEK EBATZI ZUEN IRPHa EUROPAKO LEGEDIAREN AURKAKOA DELA

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak “etxegabetze kopuru onartezina” jaisteko eskatu zion Espainiako gobernuari atzo, urriak 8, adierazpen baten bitartez. Adierazpen honen jatorrizko bertsioan honakoa zioen puntu bat ere bazegoen: «Europako Parlamentuak ohartarazten du IRPHaren erabilera 93/13/CEE direktibaren aurkakoa dela».

Indize hau abusuzkoa dela adierazi nahi zen hortaz, abusuzko klausulen inguruko direktibaren aurkakoa izaki. Europar Parlamentuko Eskaeren Komiteak prestatu zuen ohartarazpen hau, Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek 2015eko apirilean Bruselan egin zuten agerraldian indize honen irregulartasunak agerian utzi ondoren.

Alabaina, IRPHaren inguruko puntua modu bereizian bozkatua izan da osoko bilkuran, eta ez da onartua izan PP eta PSOEk, euren bazkide europarrekin batera, ez dutelako babestu. Bi alderdi hauek, euren talde parlamentarioen babesarekin, Eskaeren Komiteak prestaturiko jatorrizko testutik IRPHaren inguruko ohartarazpena desagerraraztea lortu dute.

PPk aurkako botoa eman du, Ciudadanos, CDC eta Unió alderdiekin batera. PSOE abstenitu egin da, ezezkoari garaipena emanez..

Alde bozkatu dute EH Bildu, PNV, IU, Podemos, UPyD, Nova Esquerra Catalana, Compromís eta Alternativa galega de esquerda alderdiek. PNVren ordezkariaren aldeko botoak atentzioa eman du, ordezkapena duen foro guztietan, Kutxabanken administrazio kontseilua barne, IRPHa babestu duen alderdi batetik baitator.

PPk eta PSOEk IRPHa babesteko indarrak batzen dituzten hamaikagarren aldia da. Indize honek 1,3 milioi familiatik gora kaltetzen ditu estatu espainiarrean, eta orain dela gutxi Espainiako Bankuak berak onartu beharra izan du bankuek indizea manipulatu egin dezaketela.

PP eta PSOEk IRPHaren alde egin eta Europako Parlamentuaren Eskaeren Komiteak prestaturiko testua aldatzea lortzea kolpe latza da kalteturiko familientzat. Kaltetuen artean atzo garaipena ospatu zuen askok eta askok, uste baitzuten onarturiko testuak IRPHaren aurkako puntua barnean zuela. Hala ere, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak baikor izaten jarraitzeko arrazoiak ikusten ditu: IRPHa aztertu duen komite europarrak abusuzkoa eta europar legediaren aurkakoa dela ebatzi du, eta IRPHa “cuestión de estado” bezala duten PP eta PSOEren maniobrak bakarrik ebatzi du hori onarturiko testutik ateratzea. Baikorrak gara IRPHaren azken egunetan baikaude, eta PP eta PSOEren IRPHaren defentsa hil aurreko azken buztankadak direlako.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak IRPHa babestu duten alderdien aurka egingo dituen mobilizazio eta presio-neurriak aztertzen ditu orain. PSOEren jarrera bereziki adierazgarria da. Izan ere, gure plataformaren eta Kaleratzeak Stop-en aldarrikapenak babesteko itxura egiten dabilen unean iristen da. Argi geratu da berriz ere, aurkakoa adierazi nahi izan arren, PSOEk IRPH indize kriminala maite duela.

Ez da denbora asko PSE-EE-ko kide diren Ernesto Gasco eta Susana García gure kartel bat eskuetan dutela argazkia ateratzen ikusi genituela, Kaleratzeak Stop elkartearekin batera prestatu dugun Dekalogoari ustezko babesa emanez. Orain esan nahi diegu: ez ukitu gure kartelik zuen esku zikinekin! IRPHak kaleratutako familien sufrimenduarekin zikinduak dituzue, nazkagarriak!

PNV eta PSEren erasoari erantzun!

PNV eta PSEren eskutan dagoen Donostiako udalak eraso larria egin du IRPH Stop, Kaleratzeak Stop eta beste eragile batzuen aurka: boulebarreko kioskoan gordeta genuen materiala hustu dute, aurrez ezer esan gabe. Irabazi eta EH Bilduko zinegotziei esker jakin genuen, eta materiala zakarretara botatzea ekidin genuen. PPk, bere aldetik, Twitter bidez burla egin zigun.

PNV, PSE eta PPren eraso honi erantzuteko, elkarretaratzea egingo dugu asteartean, abuztuak 11, goizeko 10:15tan boulebarreko kioskoan. Zatoz!

Kaleratzeak Stop elkartearen komunikatua erasoari erantzunez

Elkarretaratzea eta bi albiste garrantzitsu

150619Conce

Donostia, 2015-6-19

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatu eta kideek agerraldia egin dute gaur Donostian. Bertan, Espainiako Bankuak IRPHa manipulagarria dela, ez dela adierazgarria eta nahikoa kontrolik ez duela onartu izanaren inguruan xehetasunak eman dituzte.

Prentsaurrekoaz gain elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aurrean, Merkataritza Arloko Epaitegian IRPHa baliogabetuz lortu dituzten epai guztiak sistematikoki eta argudio juridikorik gabe bertan behera utzi dituela salatzeko.

Ekitaldian hainbat ordezkari politiko izan dira, hala nola Marian Beitialarrangoitia eta Ainhoa Beola (EH Bildu), Arantza González (Ezker Anitza – IU), Loïc Alejandro (Irabazi Donostia) edota José Miguel Gravina (Podemos).

Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek azaldu dute Espainiako Bankuak euren galderei erantzunez onartu egin duela aurrezki kutxa bakoitzak IRPHan eragina izan zezakeela berak aplikaturiko interesak –edota komisioak– igoaz, eta bere eraginaren tamaina zehaztasun matematikoz kalkulatu zitekeela gainera. Bankuaren erantzunekin garbi geratzen da gainera IRPHa ez dela maileguen merkatuaren adierazgarri: Espainiako Bankuak onartzen du indize honen kalkuluan, batez besteko sinplea izaki, aurrezki kutxa guzti-guztiek pisu berdina zutela. Aurrezki kutxarik txikienaren kasua aipatzen da, eta 600 aldiz handiagoa zen aurrezki kutxarekin alderatzen da, eta onartzen da biek ere pisu berbera zutela batez bestekoan. Azkenik, erantzunek beste gabezia nagusi bat agerian utzi dute: gardentasun eta kontrolik eza. IRPHa kalkulatzeko abusuzko zirelako baliogabetuak izan diren interes tipoak erabili ote diren itaunduta, merkatuaren erregulatzaile eta indizearen kontrolaren erantzule den erakundeak onartu du ez duela galdera erantzuteko nahikoa informaziorik.

IRPHa Europar Parlamentuaren ordezkaritzak Espainiari egin dion bisitan

Bestalde, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak konfirmatu du IRPHa presente izango dela Europar Parlamentuaren Ekonomia eta Auzi Ekonomikoen Komisioaren ordezkaritza batek atzo eta gaur Espainiari egin dion bisitan.

Paloma López (IU) eta Ernest Urtasun (ICV) parlamentarioek IRPH Stop Gipuzkoari konfirmatu zioten Espainiako Bankuaren gobernadore den Luis Linde-ri zuzenean galdetuko ziotela IRPHaren abusuaren inguruan, eta baita Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzunaz ere. Bi parlamentariek euren Twitter kontuen bitartez eman zuten honen berri.

IRPHa Kataluniako Parlamentuan

Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzuna Kataluniako Parlamentuan ere aipatua izan zen atzo, ERC-ko Pere Bosch-ek gobernuari egin zion galderan. Bosch-ek Generalitateari eskatu zion IRPHa Euribor gehi puntu bateko diferentzialarekin ordezkatua izan dadin lanean hasteko, eta baita bidegabe kobraturiko dirua itzultzearen alde ere.

Felip Puig conseller-ak ezagutzera eman zuen gobernuak Agència Catalana del Consum delakoaren bidez ekingo diola lan honi, eta dagoeneko txosten bat prestatzen ari direla.

PP, PSOE eta PNVk IRPHa babestu dute Europako araudi berriaren aurrean

EUROPAKO PARLAMENTUAK ERREFERENTZIA-INDIZEEN GAINEKO ARAUDI BERRIA IRPHari APLIKATZEA BAZTERTU DU

PP, PSOE ETA PNVk IRPHa LIBRATZEA LORTU DUTE, BETETZEKO GAI EZ DEN ARAUDI BERRIA EZ BAITZAIO APLIKAGARRI IZANGO

EH BILDU, IU ETA PODEMOSek
KONTROL-NEURRI BERRI HAUEK IRPHari ERE APLIKAGARRI IZATEA DEFENDATU DUTE

IRPHak ZENBAIT KONTRAESAN SORTU DITU TALDEEN BARRUAN, ETA ARAUDI BERRIAREN GAINEKO BOZKETA ATZERATUA IZAN DA, EZOHIKO NEURRI BATEKIN

Donostia, 2015-5-19

Erreferentzia-indizeen «manipulazio arriskua txikitzeko» helburu zehatzarekin datorren araudi berria baten inguruko emendakinak bozkatu dituzte gaur Europako Parlamentuaren osoko bilkuran. Estatu espainiarrean IRPHak kaltetzen dituen 1,3 milioi familiatik gora zeuden araudi berri honengan itxaropena jarrita, bertan ezartzen diren baldintzak betetzen ez dituela eta IRPHa desagerrarazi dezakeelakoan.

Baina milioika herritar horien itxaropena zapuztu du gaur Europako Parlamentuak araudi berriaren aplikazio eremua banku zentralek prestaturiko indizeetara zabaltzeko aukera baztertu duenean. IRPHa, Espainiako Bankuak prestatua denez, araudia betetzetik libre geratuko litzateke ondorioz, nahiz eta bertan ezartzen diren baldintzak betetzeko gai ez izan.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak agerraldia egin zuen apirilaren 16an Europako Parlamentuan, eta araudi berria banku zentralek prestaturiko indizeei ere aplikatzea exijitu zuen. EH Bildu, IU eta Podemoseko parlamentariek, Europako Ezker Bateratuaren Talde Konfederatuko euren kideekin batera, eskaera hau bultzatu dute gaurko bozketan, emendakin bat aurkeztuaz. Baina emendakin hori erabat baztertua izan da PP eta PSOEren eta euren kide europarren bozekin. PNV eta CiU bezalako alderdiek ere IRPHaren alde egin dute, abusuzko indize hau araudi berritik babestuaz.

Baina Europako Ezker Bateratuaren taldeak aurkezturiko emendakin honen bozketak kontraesanak sortu ditu zenbait talde parlamentarioren barnean. Hori izan daiteke testuaren azken bozketa atzeratu izanaren arrazoia, emendakinak bakarrik bozkatu ondoren. Parlamentuan ez dira ohikoak horrelako neurriak.

Europako Sozialisten talde parlamentarioan zazpi bozka izan dira araudiaren aplikazio-eremua zabaltzearen aldekoak, guztiak ere Espainiako PSOEren parlamentarien artekoak. IRPH Stop Gipuzkoatik hauteskunde kanpaina barruan datorren babes partzial honekin mesfidati gara. Izan ere, alderdi honek behin baino gehiagotan erakutsi digu euren botua erabakigarria ez denean bakarrik babesten dituela gure aldarrikapenak.

Demokrata eta Liberalen taldean ere izan dira araudiaren aplikazio-eremua zabaltzearen aldeko bozak, eta Espainiako parlamentariengandik etorri dira hauek ere: Ciudadanos alderdiko bi kideen eta UPyD-ko kide baten kasua da.

Euren talde parlamentarioekin bat egin ez duten boz hauek izan daitezke araudia aurkezten zuen parlamentariak azken bozketa atzeratzeko eskatu izanaren arrazoia. Ezohiko neurri honek agian denbora irabazi eta talde horien barneko kontraesan horiek isilaraztea izan dezake helburu.

Edozein modutan, IRPH Stop Gipuzkoa elkartea ezkor da eta uste du araudi berria indarrean sartzen denean ez dela IRPHari aplikagarri izango, hori lortzeko aurkezturiko emendakina bozkatu eta baztertua izan baita dagoeneko.

Hala ere, testu berriak IRPHaren eskasiak ikusarazteko balioko du. Izan ere, indize hau ez da Europako araudi berria betetzeko gai, eta aplikagarri ez zaiolako bakarrik libratzen da. Araudi berri honek oso oinarrizko baldintzak ezartzen ditu. Indizea osatzeko erabiltzen diren datuak argitara ematea eskatzen du adibidez, eta IRPHaren kasuan ez da hau betetzen, datuak “sekretuak” direla aitzakiatzat hartuta. Gainera, indizeek merkatuaren errealitatea ordezkatzea eta eskaintza eta eskariaren legearen menpe egotea exijitzen da. IRPHak, bataz besteko ez haztatua denez, negozio-bolumenaren araberako ponderaziorik ez du egiten eta entitate guztiek pisu espezifiko berbera dute bataz bestekoan. Ondorioz, emaitza ez da merkatuaren errealitatearen isla eta ez dago eskaintza eta eskariaren legearen menpe.

Edozein modutan, berriz ere gogorarazi behar dugu dagoeneko indarrean dagoen legedia bera nahikoa dela IRPHa abusuzko izateagatik bertan behera uzteko. Horrelaxe frogatu dute dagoeneko Donostia, Guadalajara eta Bartzelonako Merkataritza Arloko epaitegiek, besteak beste. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik itxaropenerako deia luzatzen diegu kalteturiko familiei. Elkarte honek aurkezturiko auzibide gehienek Espainiako Auzitegi Gorenera helegitea jarria dute, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari aurretiko galdera eginaz gainera. Amore ematetik oso urrun gaude hortaz. Borrokan jarraitzen dugu.

IRPH Stop Gipuzkoak PP, PSOE eta PNVren jarrera baztertu eta EH Bildu, IU eta Podemosen babesa eskertzen du.