IRPH: ESPAINIAKO GOBERNUAK EUROPAR EPAITEGIEN AURREAN HITZA HARTU DU, BANKETXEEN ALDE EGITEKO
ESPAINIAR ERRESUMAK IDATZIZKO ONDORIOAK AURKEZTU DITU IRPHaren INGURUKO KASUAN, ETA BERE HIRITARREN INTERESEN AURKA EGIN DU
ESAN DU EZ DUELA ZENTZURIK IRPHaren INGURUKO INFORMAZIOA EMATEAK, HERRITARREK EZ BAITUTE ULERTUKO, ETA BANKETXEEK INDIZE HAU FEDE ONEZ APLIKATU ZUTELA
Donostia, 2018-10-18
Espainiako gobernuak IRPHaren inguruan Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren aurrean aurkeztu dituen argudioak eskuratu ditu IRPH Stop Gipuzkoak. Ikusi ahal izan dugunez, banketxeen alde egin du gobernuak, eta beraz maileguetarako indize honek kalteturiko hiritarren aurka.
Espainiako erresumaren izenean egindako idatzia Bartzelonako epaitegi batek helarazi dituen galdera batzuen ingurukoa da. Galdera horiek Ortiz eta Erauskinen Abogados Res bulegoaren laguntzaile den Bartzelonako Abogados Urbe bulegoak eginak dira. Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari galdetu zaio ea Espainiako Auzitegi Gorenak 2017ko abenduaren 14ean ebatzi zuen epaiak, zeinaren arabera IRPHaren klausula gardentasun kontrol orotatik libre dagoen, Europako zuzenbidearekin bat egiten duen ala ez. Azpimarratzekoa da Espainiako Gorenaren epaiak berak bi boto partikular zituela, zeinak zalantzarik gabe adierazten zuten epaia zuzenbidearen aurkakoa dela.
Ohiko prozedurari jarraiki, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak aldeei, estatuei eta Europako Batzordeari euren idatzizko ondorioak eskatu zizkien, eta Espainiako erresumak banketxeen alde egiteko erantzun du, bere herritarren eskubideen aurka eginez.
Aurrez Europar Batasunak helarazi zituen ondorioak ezagutu ziren, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako jarrera erakutsi eta boto partikularrarekin bat egiten zutenak. Boto partikular horri buruz Europar Batasunak zioen azalpen zuzen eta oso argiak ematen dituela.
Espainiar estatuak, aldiz, Espainiako Auzitegi Gorenaren ondorioekin bat egiten duela adierazi du, Gorenaren barnean bertan adostasunik ez zela izan eta bi magistraturen boto partikularra egon zela aipatu ere egin gabe. Goreneko magistratu horien adostasunik ezaren aurrean, estatu espainiarrak banketxeen aldeko jarrera hartu du, eta Europan babestu du ez dagoela IRPH klausula gardena den ala ez aztertu beharrik. Gaineratu du indize hauen formulak emateak ez duela zentzurik, bataz besteko kontsumitzaileak ez baititu ulertuko.
Europako Epaitegiak IRPHaren kaltedunen alde egiten amaitzea ere aurreikusten du ordea estatu espainiarrak, eta kasu horretarako IRPHa baliogabetzearen ondorioek atzerako eraginik ez izatea eskatzen du, kalte ekonomiko oso larrien arriskuagatik. Gobernuak uste du beraz IRPHaren bitartez banketxeek lapurtu dutena dirutza handia dela, eta eskatzen du lapurreta frogatuko balitz hura etetea baina lapurturikoa itzuli beharrik ez izatea. Modu honetan gobernuak banketxeak lapurreta handiak egitera animatzen ditu. Izan ere, lapurturikoa ez legoke itzuli beharrik dirutza handia izan ezkero. Ez dirudi inolaz ere kaltea izan duten familien egoera ekonomikoak arduratzen duenik, ez eta familia horiek orain euren dirua berreskuratzeko aukera izateari inolako onurarik ikusten.
Eta gehitzen du, epaitegia banketxeengatik errukitu dadin edo, indize hau erabiltzen zuten banketxeek fede onez egiten zutela.
IRPH Stop Gipuzkoak uste du oso larria dela espainiar estatuak europar epaitegien aurrean bere hiritarren aurka egitea. Idatzia Espainiako Estatuak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian duen Abokatutzak prestatu zuen 2018ko ekainaren 7an. Ordurako Pedro Sánchez zen dagoeneko gobernuko presidente, baina oraindik ez zuen Marco Aguiriano sozialista jarri Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzaren buruan. Idazkaritza honen menpe dago idatzia prestatu dien erakundea. IRPH Stop Gipuzkoak PSOEren Espainiako gobernuari exijitzen dio Espainiako erresumak Europako Epaitegian hartu duen jarrera aldatu eta IRPHaren klausularen gardentasun beharra defendatu dezala. Eta gobernuak bere hiritarrak defendatu nahiko ez balitu, izan dadila behintzat inpartziala, eta ez dezala kasuaren bistan esku hartu, bista hori ez baita oraindik ospatu. IRPH Stop Gipuzkoak Espainiako Kongresuko talde parlamentarioekin kontaktuak abiatuko ditu hori lortze aldera ekimenak abian jartzeko.