PNV eta PSEren erasoari erantzun!

PNV eta PSEren eskutan dagoen Donostiako udalak eraso larria egin du IRPH Stop, Kaleratzeak Stop eta beste eragile batzuen aurka: boulebarreko kioskoan gordeta genuen materiala hustu dute, aurrez ezer esan gabe. Irabazi eta EH Bilduko zinegotziei esker jakin genuen, eta materiala zakarretara botatzea ekidin genuen. PPk, bere aldetik, Twitter bidez burla egin zigun.

PNV, PSE eta PPren eraso honi erantzuteko, elkarretaratzea egingo dugu asteartean, abuztuak 11, goizeko 10:15tan boulebarreko kioskoan. Zatoz!

Kaleratzeak Stop elkartearen komunikatua erasoari erantzunez

Webgunearen bigarren urteurrena

biurte

Donostialdeko Kaleratzeak Stop plataforman IRPHaren aurkako ekimenak lehenxeago hasi baziren ere, webgune hau 2013ko uztailaren 4ean jaio zen, eta beraz bigarren urteurrena ospatzen dugu egunotan. Ospakizun gazi-gozoa da, webgunea martxan edukitzeak esan nahi duelako oraindik ez dugula lortu gure helburua: IRPHaren aldaera guztiak baliogabetu eta banketxe guztiek familia kaltetu guztiei lapurturikoa itzultzea, epaitegietara jo beharrik izan gabe.

IRPHaren aurkako epai berria Donostian

justicia-irph

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek euren webgunean ezagutzera eman dutenez IRPHaren aurkako garaipen berri bat lortu dute Donostian. Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak, beraz, IRPHa abusuzkoa delako baliogabetzen tinko jarraitzen du, nahiz eta gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Kutxabankek aurkezten dituen helegite guztiak onartu. Gipuzkoako Auzitegiaren bakardadea nabaria da, IRPHa babestuz Donostia, Bartzelona, Guadalajara edota Gasteizko merkataritza-arloko epaitegien irizpidearen aurka.

IRPHa baliogabetzen duen epaia Araban

justicia-irph

IRPHA BALIOGABETZEN DUEN EPAIA ARABAN

KOBRATU DITUEN INTERES GUZTIAK ITZULTZERA ZIGORTUA IZAN DA KUTXABANK

GIPUZKOAKO PROBINTZIA AUZITEGIA IRPHaren BABESEAN GERO ETA ISOLATUAGO, MODU SUSMAGARRIAN

Donostia, 2015-6-24

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek garaipen berri bat izan dute IRPHaren inguruan, kasu honetan Araban, Gasteizko Merkataritza-Arloko lehen Epaitegian hain zuzen ere.

Epaiak Kutxabanken mailegu batek oinarritzat zuen IRPH Entidades indizea baliogabetzen du abusuzkoa delako, eta baita ordezkotzat aurreikusia zegoen IRPH Cajas indizea ere. Kutxabank kobratu dituen interes guztiak itzultzera zigortua izan da, eta maileguak aurrera darrai, baina bezeroaren aldetik inolako interesik ordaindu beharrik gabe.

Epai honekin 40tik gora dira jadanik Donostia, Guadalajara, Bartzelona – eta orain Gasteizen – ebatzi diren IRPHaren aurkako epaiak, eta bost dira IRPHa abusuzkotzat hartu duten epaileak (Donostian bi epaile ezberdin izan baitira IRPHa baliogabetu dutenak).

Azpimarratzekoa da epai hauetariko asko eta asko Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak herrialde honetan ebatzi ziren lehen epaiak bertan behera utzi ondoren ematen ari direla. Argi ikusten da beraz Merkataritza-Arloko Epaitegiek ez dutela Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren ikuspegiarekin bat egiten. Probintzia Auzitegia nabarmenki isolatuta geratzen ari da bere jarrerarekin, eta susmagarria dela uste dugu IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik.

Espainiako Bankuak berak entitateek IRPHarengan eragina izan dezaketela onartu duen honetan, eta estatu guztiko Merkataritza-Arloko Epaitegiek IRPHa baliogabetzen darraiten bitartean, Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak IRPHa babesten du, ondorengo bi argudio hauek bezalako arrazoi barregarri eta eskandalagarriak erabiliaz gainera:

1, ez omen dela manipulazioa frogatu, nahiz eta epaitzen dena ez den hori, baizik eta entitateek eragina izateko aukera hori izan baduten ala ez.

eta 2, ez omen da Euriborra baino manipulagarriagoa. Hau gezurra izateaz gain barregarria ere izan daiteke: lapur bat libre uzteko nahikoa arrazoi ote da hura baino okerragoak egotea?

Jarrera horren atzean nolabaiteko presioak egongo ote diren susmoa daukagu, bestela ezin baita ulertu. Izan ere, gure kalkuluen arabera estatuan 1,3 milioi familia baino gehiago kaltetzen dituen milioi askoko iruzurra da hau. Kaltedun guztiek dute kalte hori konpontzeko eskubidea, eta horregatik exijitzen diegu entitate guztiei eta batez ere Kutxabanki helegiteak jartzeari utzi, hanka-sartzea onartu eta kaltetuak izan diren familia guztiei dirua itzul diezaieten.

Epai osoa eskuragarri duzu hemen.

Elkarretaratzea eta bi albiste garrantzitsu

150619Conce

Donostia, 2015-6-19

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatu eta kideek agerraldia egin dute gaur Donostian. Bertan, Espainiako Bankuak IRPHa manipulagarria dela, ez dela adierazgarria eta nahikoa kontrolik ez duela onartu izanaren inguruan xehetasunak eman dituzte.

Prentsaurrekoaz gain elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aurrean, Merkataritza Arloko Epaitegian IRPHa baliogabetuz lortu dituzten epai guztiak sistematikoki eta argudio juridikorik gabe bertan behera utzi dituela salatzeko.

Ekitaldian hainbat ordezkari politiko izan dira, hala nola Marian Beitialarrangoitia eta Ainhoa Beola (EH Bildu), Arantza González (Ezker Anitza – IU), Loïc Alejandro (Irabazi Donostia) edota José Miguel Gravina (Podemos).

Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek azaldu dute Espainiako Bankuak euren galderei erantzunez onartu egin duela aurrezki kutxa bakoitzak IRPHan eragina izan zezakeela berak aplikaturiko interesak –edota komisioak– igoaz, eta bere eraginaren tamaina zehaztasun matematikoz kalkulatu zitekeela gainera. Bankuaren erantzunekin garbi geratzen da gainera IRPHa ez dela maileguen merkatuaren adierazgarri: Espainiako Bankuak onartzen du indize honen kalkuluan, batez besteko sinplea izaki, aurrezki kutxa guzti-guztiek pisu berdina zutela. Aurrezki kutxarik txikienaren kasua aipatzen da, eta 600 aldiz handiagoa zen aurrezki kutxarekin alderatzen da, eta onartzen da biek ere pisu berbera zutela batez bestekoan. Azkenik, erantzunek beste gabezia nagusi bat agerian utzi dute: gardentasun eta kontrolik eza. IRPHa kalkulatzeko abusuzko zirelako baliogabetuak izan diren interes tipoak erabili ote diren itaunduta, merkatuaren erregulatzaile eta indizearen kontrolaren erantzule den erakundeak onartu du ez duela galdera erantzuteko nahikoa informaziorik.

IRPHa Europar Parlamentuaren ordezkaritzak Espainiari egin dion bisitan

Bestalde, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak konfirmatu du IRPHa presente izango dela Europar Parlamentuaren Ekonomia eta Auzi Ekonomikoen Komisioaren ordezkaritza batek atzo eta gaur Espainiari egin dion bisitan.

Paloma López (IU) eta Ernest Urtasun (ICV) parlamentarioek IRPH Stop Gipuzkoari konfirmatu zioten Espainiako Bankuaren gobernadore den Luis Linde-ri zuzenean galdetuko ziotela IRPHaren abusuaren inguruan, eta baita Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzunaz ere. Bi parlamentariek euren Twitter kontuen bitartez eman zuten honen berri.

IRPHa Kataluniako Parlamentuan

Espainiako Bankuak IRPH Stop Gipuzkoaren galderei emandako erantzuna Kataluniako Parlamentuan ere aipatua izan zen atzo, ERC-ko Pere Bosch-ek gobernuari egin zion galderan. Bosch-ek Generalitateari eskatu zion IRPHa Euribor gehi puntu bateko diferentzialarekin ordezkatua izan dadin lanean hasteko, eta baita bidegabe kobraturiko dirua itzultzearen alde ere.

Felip Puig conseller-ak ezagutzera eman zuen gobernuak Agència Catalana del Consum delakoaren bidez ekingo diola lan honi, eta dagoeneko txosten bat prestatzen ari direla.

Elkarretaratzea eta prentsaurrekoa

convocatoria150619_

Aste honetan gertakari oso garrantzitsua ezagutu dugu: Maite Ortiz eta José María Erauskin, IRPH Stop Gipuzkoa eta Kaleratzeak Stop-eko abokatuek, Espainiako Bankuak IRPHa manipulagarria dela onartzea lortu dute. Sektorea regulatzen duen erakunde gorenak onartu egin du beraz estatu espainiarrean 1,3 milioitik gora familia kaltetzen dituen iruzurra.

Informazio osoa duzu albiste honetan, eta baita PAH – Hipotekak Kalteturikoen elkartearen webgunean ere, aurrerapausu handi hau jaso baitute.

Maite eta Jose Marik prentsaurrekoa eskainiko dute xehetasun guztien berri emateko, eta elkarretaratze batekin babestuko ditugu. Ekitaldia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aurrean izango da, Kutxabanken helegite guztiak onartu eta IRPHaren baliogabetzeak bertan behera uzten dituela salatzeko. Zatoz zure babesa eman eta informazioa jasotzera!

Data: ekainaren 19a, ostirala.
Ordua: 10:30
Tokia: Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aurrean. San Martin kalea, 41. Donostia.