Entzutegi Probintzialaren epaiari premiazko erreakzioa

IRPHaren BALIOGABETZEA ATZERA BOTAZEN DUEN ENTZUTEGI PROBINTZIALAREN EPAIAREN AURREKO PREMIAZKO ERREAKZIOA

EPAIAK EZ DU ARGUDIO SENDORIK ERABILTZEN ETA ONARTZEN DU IRPHak ZALANTZA LARRIAK SORTZEN DITUELA ETA KONPLEXUA DELA. ENTITATEEK IRPHan NOLABAITEKO ERAGINA IZAN DEZAKETELA ERE ONARTZEN DU

PLATAFORMAK USTE DU BESTE 30 EPAIAK BAIEZTATUAK IZAN DAITEZKEELA, ETA EDOZEIN MODUTAN AUZITEGI GORENERA
ETA EUROPAKO EPAITEGIETARA IRISTEKO PREST DAGO

Donostia, 2015-1-29

Gaur ezagutu den epai baten bitartez, Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak IRPHa baliogabetu eta Kutxabank bidegabe kobraturikoak itzultzera zigortzen duten 30 epaitetatik lehena atzera bota du.

Premiazko erreakzio honen bitartez, IRPH Stop Gipuzkoa plataformak indize hauek kalteturiko milaka familiei itxaropenerako mezua luzatu nahi die. IRPHaren baliogabetzea, lapurturikoa itzultzea eta desjabeturiko etxebizitzak berreskuratzea helburu duen borrokak aurrera darrai, eta IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop plataformen talde juridikoa, Maite Ortiz eta José María Erauskin buru duela, jadanik lanean dabil bide judizialarekin jarraitu eta Epaitegi Gorenera edota Europako epaitegietara ere iristeko.

Epaiaren lehen irakurketa batetan, azpimarragarria egiten da Kutxabanken helegitea ez dela guztiz onartua izan, eta Entzutegi Probintzialak onartzen duela gaiak zalantza larriak sortzen dituela eta berria eta konplexua dela.

Onartezina da Entzutegi Probintzialak, gaiak zalantzak sortzen dizkiola onartu ondoren, kontsumitzailearen aurkako epaia ebaztea, kontsumitzaileek sinaturiko kontratuetan abusuzko klausulen inguruko 93/13/CEE Direktiba urratzen baitu. Europako direktiba horrek argi ezartzen du zalantzarik izan ezkero beti kontsumitzailearen alde egin beharra dagoela. Gainera, Entzutegiak zalantzak dituenez arrazoizkoena Merkataritza Arloko Epaitegiak esandakoa berrestu izana litzateke, gaian aditua baita. Gogoratu behar da Gipuzkoan Entzutegi Probintziala ez dagoela merkataritza arloan espezializatua.

Epaiak dio IRPH Cajas indize ofiziala zela, eta hori ez dute sekula ukatu kaltetuek. Gainera, kaltetuen argudio asko gezurtatu gabe baztertu egiten ditu, salaketan ez zeudela eta aurretiko bistan zehar gehitu zirela ulertzen baitu. Merkataritza Arloko Epaitegiak emandako eta Kutxabankek helegitea jarritako beste 30 salaketek argudio askoz gehiago dituzte, eta beraz oso litekeena da Kutxabankek errekurritu zituen beste 30 epaien kasuan Entzutegi Probintzialak epaiak berrestea.

Bestalde, epaiak dio ez dela frogatu entitateek IRPHarengan influentzia izan dezaketenik, baina horren segidan onartzen du nolabaiteko eragina izan dezaketela. Gauza bat eta bere aurkakoa esate hau guztiz onartezina da. Nolabaiteko eragina izan badezakete, bistan da influentzia izan dezaketela, eta ondorioz banketxeek indize hori inposatzea abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa da.

Entzutegi Probintzialaren jokaeran zalantzak dakusatzagu, eta suposatzen dugu presio handiak izan dituela batere argudio sendorik gabeko epai hau ebazteko.

Arlo politikoan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak hausnarketarako deia egiten die Kutxabanken jokaeraren erantzule diren PNV, PSE eta PP alderdiei. Herritarron aurrezkiekin eta helburu sozial batekin sorturiko gure aurrezki kutxak hartu duten bidea onartezina da. Gupidarik gabeko banketxe bat da gaur egun Kutxabank, eta herritarrek epaitegietara jo behar dute babes eske. Onartezina da epaitegietako borroka horretan Kutxabankek bere makineria guztia herritarren aurka abian jarri eta epai guztiei helegiteak jartzea, zalantza larriak sortzen dituen gaiak justifikatzen saiatuaz.

Gipuzkoatik kanpo IRPHa baliogabetu duen lehen epaia

justicia-irph

GIPUZKOATIK KANPO IRPHa BALIOGABETU DUEN LEHEN EPAIA

GUADALAJARAKO MERKATARITZA ARLOKO EPAITEGIAK KUTXABANK ZIGORTU DU

ARGUDIO JURIDIKOAK SENDOAK DIRELA FROGATZEN DA, ETA BERAZ ENTZUTEGI PROBINTZIALAK GIPUZKOAKO EPAIAK BAIEZTATZEA ESPERO DA

IRPH STOP GIPUZKOAREN TALDE JURIDIKOAK ERAMAN DU KASUA, BEREZIKI KALTETUTAKO FAMILIA BATEKIKO ELKARTASUNEZ

Donostia, 2014-12-3

Guadalajarako Merkataritza Arloko Epaitegiak Gipuzkoatik kanpo IRPHa baliogabetzen duen lehen epaia eman du. Zigorturiko entitatea Kutxabank da kasu honetan ere.

Gipuzkoan hogeita hamar epaitik gora eman ondoren, epai berri honek erakusten du kaltetuek erabiltzen dituzten argudio juridikoak sendoak direla, jadanik bi epaitegik onetsi baitituzte. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du entzutegi Probintzialak Gipuzkoan Kutxabanken aurka eman diren zigorrak berretsi egingo dituela.

Guadalajarako kasuan, Gipuzkoako guztietan bezalaxe, justiziak IRPHaren aplikazioa baliogabetu du eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Guadalajarako kasua IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen talde juridikoak eraman du, bereziki kalteturiko familia batekiko elkartasunez, Kutxabankekin negoziatzea ezinezkoa zela ikusi ondoren.

Ángel Torrecillak lan istripu bat jasan zuen 2011an eta langabezian dago orduz gero. Bere bikotekideak %55eko elbarritasuna du eta bi seme dituzte, bata adingabea eta bestea %86ko elbarritasuna duena. Hipotekari aurre egin ezinda zebiltzala eta, Kutxabankekin negoziatzen saiatu ziren, eta etxea ordainetan emateko prest zeuden, baina Kutxabankek sekula ez du fede oneko zordunekin negoziatzen eta kasu honetan ere berdin jokatu zuen. Epaitegietan Kutxabank garaitzea lortu ondoren, familia honen egoera zertxobait hobetuko da.

Gipuzkoatik kanpo eman den lehen epai honekin, Donostian hogeita hamar epaitik gora eman ondoren eta Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epaiak berretsiko dituela dirudien honetan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du epaitegietako borroka irabazi duela jadanik, eta egoera berdinean dauden familiei euren dirua itzultzeko exijitzen dio Kutxabanki, epaitegietara jotzera behartu gabe.

Gainera, elkarteak Xabier Iturberen dimisioa eskatzen jarraituko du. Kutxabankek IRPHaren aplikazioa luzatu zuen hainbat erakunderen deiari entzungor eginez, hala nola Gasteizko Legebiltzarra, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hogeita hamar udaletxe baino gehiago. Orain epaitegiek diote ez zuela sekula aplikatu behar abusuzko indize hau. Xabier Iturbek, IRPHaren kudeaketa «bikaina» egin zuela esatera ausartu zenak, dimisioa eman eta Kutxaren presidente izateari utzi behar dio berehala.

Dagoeneko 31 dira IRPHa baliogabetzen duten epaiak

macroj_recuento_31

DAGOENEKO 31 DIRA IRPHa BALIOGABETZEN DUTEN EPAIAK

ENTZUTEGI PROBINTZIALAK LAISTER EMANGO DU BERE IRITZIA, ETA EZIN DU EPAITEGIAREN AURKA EGIN

KUTXABANKEN TEILATUAN DAGO ORAIN PILOTA

GIPUZKOAN 15.000 FAMILIA DAUDE ERANTZUN BATEN ZAIN. XABIER ITURBEK DIMISIOA EMAN BEHAR DU

Donostia, 2014-11-25

IRPH Stop Gipuzkoak dagoeneko 31 garaipen judizial ditu Kutxabanken aurka, IRPHa baliogabetzen duten beste hainbeste epaiekin.

Kasu guztietan justiziak ebatzi du IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Bi salaketa bakarrik daude epaiaren zain, eta agerikoa da Gipuzkoan dauden 15.000 familiek salaketa bana jarriko balute guztiek emaitza berbera izango luketela.

Kutxabankek lehenbiziko epaiari helegitea jarri zion arren, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du Entzutegi Probintzialak epaia baieztatu egingo duela. Merkataritza Arloko Epaitegiak 31 epai hauek ebazten erakutsi duen azkartasunak argi utzi du ez dagoela indizearen abusibitatearen gaineko zalantzarik. Kasu guztiak eraman dituen epailea, Edmundo Rodríguez Achútegui, magistratua da Araban (laguntza lanetan dabil Donostiako Epaitegian) eta eskarmentu handia du gai hauetan, eta beraz ez dirudi Entzutegi Probintzialak bere ikuspuntua txarretsi eta hogeita hamar epaitik gora baliogabetuko dituenik.

Ondorioz, epaitegietako borroka erabakita dagoela dirudi, eta IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik egoera berdinean dauden 15.000 familiei euren dirua itzultzeko exijitzen diogu Kutxabanki, epaitegietara jotzera behartu gabe.

Xabier Iturbe Kutxaren degenerazioaren erantzule da, gipuzkoarrok gipuzkoarrentzako sorturiko kutxa bat izatetik herritarrok epaitegietan babesa eskatzera behartzen gaituen entitate bat izatera pasa delarik.

Xabier Iturbek Gipuzkoako gizartearen aurrean agerraldia egin behar du, honako hauek iragarriz:

1.- Kalteturiko familia guztiei IRPHarekin kobraturiko interesak itzultzea.
2.- Bere dimisioa.

Beste edozein jokabide, antisozial izateaz gain, antisistema era izango litzateke, Gipuzkoan bakarrik epaitegiek 15.000 salaketekin gainezka egingo bailukete.

Dagoeneko 20 dira IRPHa baliogabetzen duten epaiak

macroj_recuento_20

HAMAIKA EPAI BERRIK KUTXABANK ZIGORTU ETA IRPHa BALIOGABETU DUTE

DAGOENEKO 20 DIRA NORABIDE HONETAN EMAN DIREN EPAIAK

MERKATARITZA ARLOKO EPAITEGIAREN AZKARTASUNAK ERAKUSTEN DU ABUSUA NABARMENA ZELA

ENTZUTEGI PROBINTZIALAK LAISTER EMANGO DU BERE IRITZIA, ETA EZIN DU EPAITEGIAREN AURKA EGIN

Donostia, 2014-11-24

Gaur IRPHa baliogabetzen duten hamaika epai berri argitaratu dira, eta dagoeneko ezagunak zirenekin batera jadanik 20 dira Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak Kutxabanken aurka eman dituen zigorrak.

Kasu guztietan justiziak ebatzi du IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Kutxabankek lehenbiziko epaiari helegitea jarri zioen eta Entzutegi Probintzialaren epaiaren zain dago kasua, baina hala ere Merkataritza Arloko Epaitegia azkartasun handiz ari da epaiak ematen. Honek garbi erakusten du arrazoi juridikoak indartsuak direla. Horregatik, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak uste du Entzutegi Probintzialak, oso epe motzean emango duen epaiarekin, zigor hauek baieztatu egingo dituela, epaitegi espezializatu batek eta izen handiko epaile batek emanak baitira (Edmundo Rodríguez Achútegui magistratua da Araban eta laguntza lanetan dabil Donostiako Epaitegian)

Ondorioz, epaitegietako borroka Gipuzkoan erabakita dagoela dirudi, eta IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik Kutxabanki exijitzen diogu egoera berdinean dauden 15.000 familiei euren dirua itzultzeko, epaitegietara joan eta epaitegiak kolapsatzera behartu gabe.

IRPH aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako sei zigor berri

macroj_recuento

30 SALAKETA EPAIAREN ZAIN GERATU ETA ASTE BETE BAKARRIK PASA DENEAN IRITSI DIRA LEHEN EPAIAK

HEMENDIK AURRERA KUTXABANKen AURKAKO ZIGORRAK ETENGABE ETORRIKO DIRA

GIPUZKOAN 15.000 FAMILIATIK GORA DAGO EGOERA BERDINEAN

IRPH STOP GIPUZKOA ELKARTEAK XABIER ITURBERENDIMISIOA EXIJITZEN DU

Donostia, 2014-11-18

Gaur ezagutu dira pasa den azaroaren 10ean epaiaren zain geratu ziren 30 salaketatik seiri dagozkien epaiak. Salaketa guztiak Kutxabanken aurkakoak dira, IRPH aplikatzeagatik.

Sei kasuetan justiziak ebatzi du IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Gaurko sei hauekin jadanik bederatzi dira IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen talde juridikoak, Maite Ortiz eta José María Erauskinek zuzenduta, lortu dituen epaiak. Eta argi dago datozen egunetan epai gehiago etorriko direla, 33 izan arte.

Baina Gipuzkoan 15.000tik gora izan daitezke egoera berdinean dauden familiak, eta beraz Kutxabankek guztiei bidegabe kobratu dizkien interesak itzultzea onartzen ez badu epaitegiek salaketekin gainezka egingo dute.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik PNV, PSE eta PPri erantzukizunez joka dezaten dei egiten diegu, Kutxabanken duten botereaz abusu honi amaiera eman diezaioten, kaltetuoi euren dirua itzuliaz.

Gainera, Xabier Iturbek dimisioa eman dezan exijitzen dugu, IRPHarekin egin duen kudeaketagatik, nahiz eta bere esanetan kudeaketa hau «bikaina» izan. Xabier Iturbe gipuzkoar guztiok helburu sozialekin sortu genuen aurrezki kutxa hiritarrok epaitegietara eramatera behartzen gaituen entitate bihurtzearen errudun da. Eta epaitegietan jasotzen ari den zigor sortak ez dio dimisioa beste irtenbiderik uzten.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak finantza-entitate guztiek IRPH guztiekin kalteturiko familia guztientzat justizia exijitzen dugu.

Posible da.

IRPH aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako 30 salaketak, epaiaren zain

141110macrojuicio

IRPH aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako 30 salaketak epaiaren zain geratu dira gaur. Hauxe da agerraldian irakurri dugun komunikatua:

IRPHari ETA KUTXABANKEN KUDEAKETARI MAKROEPAIKETA

30 SALAKETA KUTXABANKEN AURKA IRPH APLIKATZEAGATIK

KALTETURIKO FAMILIEK XABIER ITURBEREN DIMISIOA EXIJITZEN DUTE, ETA PNV, PSE ETA PPri GALDETZEN DIETE ZENBAT EPAI BEHARKO DIREN

Donostia, 2014-11-10

IRPHa abusuzko erreferentzia indize bat da, milaka familiaren ekonomian eragin oso kaltegarriak dituena eta kasu askotan etxegabetzea ere ekarri izan duena.

Kutxabankek IRPH Entidades aplikatzen jarraitzen du, batez ere babes ofizialeko etxebizitzen maileguetan. Gainera, IRPH Cajas aplikatzea ahal duen guztia luzatu du. Aldaera hau orain dela urte bete baino gehiago desagertu zen baina Kutxabankek duela egun gutxi arte aplikatu du. Horretarako, Kutxabankek erakundeetatik jaso dituen deialdiei entzungor egin die.

Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta hogeita hamar udaletxe baino gehiagok duela urte bete baino gehiago eskatu zioten Kutxabanki IRPHa aplikatzeari uzteko, baina Xabier Iturbe nahiago izan du muzin egitea. Eskaera hau Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Donostiako Udaletik ere iritsi zaio, biak ere Kutxaren erakunde sortzaile direlarik, eta beraz Xabier Iturberen kudeaketaren axolagabekeria nabaria da.

Kutxabankek IRPH aplikatzea immorala da beraz, eta orain legez kanpokoa ere badela frogatu ahal izan dugu. Hiru dira dagoeneko gure talde juridikoak, Maite Ortiz eta José María Erauskinek zuzenduta, lortu dituen epaiak. Hiru kasuetan justiziak ebatzi du IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Gaur epaitegi hauetan IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kideok Kutxabanken aurka jarri ditugun 30 salaketei dagozkien aurretiko bistak ospatuko dira. Beraz laster ez dira 3 izango Kutxabank zigortzen duten epaiak, 33 baizik.

30 familia hauetariko 29ri dagoeneko Euribor+1 aplikatzen digute IRPH Cajas indizearen ordezko bezala, baina gure maileguan zehar IRPHaren aplikazioarekin lapurtu diguten guztia itzultzea exijitzen dugu. Horixe da epaitegiek dagoeneko hiru aldiz ebatzi dutena.

Bestalde, gure adiskide Marianek IRPH Entidades aldaeraren aplikazioa bertan behera uztea exijitzen du, hau ere abusuzkoa baita. Gainera, indize honi esker Kutxabankek Marian eta bere hiru seme-alabei Donostian duten babes ofizialeko etxebizitza lapurtzeko bere asmoa lortzeko arriskua dago.

Gaurkoa, beraz, IRPHaren aurkako makroepaiketa bat izango da, baina baita Xabier Iturberen eta IRPHarekin egin duen kudeaketaren aurkakoa ere. Xabier Iturberen ustez kudeaketa hau «bikaina» da. Xabier Iturbe gipuzkoar guztiok helburu sozialekin sortu genuen aurrezki kutxa hiritarrok epaitegietara eramatera behartzen gaituen entitate bihurtzearen errudun da. Eta epaitegietan jasotzen ari den zigor sortak ez dio dimisioa beste irtenbiderik uzten.

PNV, PSE eta PP, Kutxabanken kudeaketaren erantzule politiko direnak, lapurreta honen errudun dira baita ere, eta sinesgaitza badirudi ere IRPH defendatzen jarraitzen dute. Pasa den astean hiru alderdi hauek berriz ere botoak elkartu zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusitan, IRPHaren kaltetuontzako justizia eskatzen zuen ebazpen bat onartua izan ez zedin. PNV, PSE eta PPk argitu beharko lukete zenbat epai behar dituzten amore eman eta kaltetuok zigortzeari utzi diezaioten. Gipuzkoan hamar milatik gora eta estatuan milioitik gora garen familia kaltetuoi hain zuzen ere.

Gaur hemen gauden 30 familiok finantza-entitate guztiek IRPH guztiekin kalteturiko familia guztientzat justizia exijitzen dugu. Eta justizia hori lortzeko epaitegietara jo beharra izaten azkenak izan nahi dugu.

Posible da.