IRPH Entidades indizearen aurkako aurretiko bista

140714_epaitegiak

IRPH Entidades delako indizea aplikatzeagatik Kutxaren aurka jarritako lehen salaketaren aurretiko bista ospatu da gaur Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian. Gaur ospatu den bistaren aurretik, epaitegi berdinak IRPH Cajas aplikatzeagatik aurkezturiko salaketa bat bere osotasunean berretsi eta Kutxa zigortu zuen maileguaren bizitza osoan zehar bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.

Gaurko saioan Kutxak Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu du, bertan azaldu dezan indizearen manipulaziorik gertatu den edota horren inguruan inolako espedienterik zabaldu duen. Maite Ortiz eta José María Erauskinek, IRPH Stop elkartearen talde juridikoaren kide eta Kaleratzeak Stop elkartean ere laguntzen dutenek, ez diote garrantziarik eman Kutxaren eskabideari. Salaketak, eta IRPH Cajas aplikatzeagatik Kutxa zigortu zuen epaiak, ez dute indizea nahitaez manipulatua izan denik defendatzen, baizik eta berau kalkulatzeko metodoak emaitzarengan eragina izateko aukera ematen duela. Aldeetako batek eragiteko ahalmena izatea da indizea baliogabe izateko arrazoia, eta ez dago manipulatua izan dela frogatu beharrik.

Abokatuak baikor azaldu dira, eta IRPH Cajas baliogabetu zen moduan IRPH Entidades ere baliogabetu eta Kutxabank berriz ere zigortuko duen epai bat espero dute. Izan ere, bi indizeak guztiz parekoak dira, Kutxak berak orain dela gutxi onartu zuen moduan. Pasa den ekainaren 12an komunikabideei zuzenduriko idatzi batetan, Kutxaren kontseilari eta PNVko kide den María Jesús Aranburuk zioen moduan, «IRPH Cajas manipulagarria baldin bada, IRPH Bancos eta IRPH Entidades ere hala dira».

Idatzi berean, kontseilari jeltzaleak zioen Euribor+%1 aplikatzea «Kutxaren bezeroen errealitate abantailatsua» dela, IRPH Entidades aplikatzen duten banketxeekin alderatuz. Kontseilari andereak ahaztu egin zuen antza Kutxak berak IRPH Entidades ere aplikatzen duela.

Gogoratzekoa da nola pasa den maiatzaren 30ean talde juridiko berak Kutxaren partetik iruzur garbi bat jasan duen bezeroaren kasua eraman zuen. Bezero honek IRPH Cajas zuen bere maileguko indize gisa, eta indize hau desagertzekotan zela eta bezeroaren kuota jeitsi egiongo zela jakinik, Euribor+%1 baituzen ordezko gisa, Kutxak IRPH Entidades indizera aldatzea sinatu arazi zion, jakinik azken hau oraingoz ez dela desagertzen eta Euriborraren oso gainetik mantentzen dela. Honelako iruzur garbien aurrean, IRPH Stop elkarteak deialdi berezia egiten die Kutxaren bezeroei, arreta handiz joka dezaten, eta elkartearengana jo dezaten informazio eske.

Gaur aztertu den salaketak berebiziko garrantzia du. Izan ere, IRPH Cajas-en kasuan bezala IRPH Entidades baliogabetzea lortzen bada, estatu mailako lehen epaia litzateke. Horregatik, estatuko kaltedunen beste plataforma batzu ere izan dira gaur IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin batera epaitegian.

Kaltedunen helburua bidegabe kobraturiko guztiak itzultzea da. Eta gainera, ohiko etxebizitza erosteko maileguak aldeetako batek eragin ezingo duen interes tipoekin lotzea, eta goiko muga edo sabai batez babestea. Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko neurri ezinbestekoak dira.

Gaur azterturiko kasuaren ahozko bista irailaren 22an ospatuko da.

156/14 epaiari argibidea

aclaracion

Donostiako Merkataritza-Arloko 1. Epaitegiaren epaia ezagutu genuenean, zeinek Kutxabank zigortzen zuen gure adiskideen mailegutik IRPH Cajas kendu eta indize hau aplikatu zitzaien momentutik legez kanpo kobraturiko guztia itzultzera (interesekin eta prozesuaren gastuak ere ordainduaz), gure zerbitzu juridikoek akats bat ikusi zuten legez kanpo kobraturiko interes horiek noiztik itzuli behar diren ezartzen zuen datan. Irudian ikus daiteke jaso berri dugun zuzenketa: Condenar a Kutxabank S.A. a reintegrar a los demandantes la diferencia entre el IPRH Cajas y Euribor + 1% que estos han abonado desde enero de 2010 hasta la fecha (haseran epaiak 2011ko urtarrila aipatzen zuen). Epaia eta zuzenketa hemen ikus ditzakezu.

Argi geratzen da beraz IRPHaren arabera ordaindu ditugun interes guztiak direla legez kanpokoak. Orain Kutxabankek hogei eguneko epea du helegitea jartzeko. Berriz ere, PNV, PSE eta PPri dei egiten diegu erantzunkizunez jokatu eta epaia onartu dezaten, IRPHaren kaltedun guztioi aplikatuaz.

Kutxaren aurkako 30 salaketa berri jarri ditugu IRPH aplikatzeagatik

30 familia gipuzkoar, hipotekan IRPH indizea izatearen kaltedun eta IRPH Stop plataforman elkartuta, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegira etorri gara gaur eta 30 salaketa jarri ditugu.

IRPHa gardentasunik gabeko erreferentzia indizea da, eta bere kalkuluan irregulartasunak ditu. Kutxak indize hau aplikatzen jarraitu du, hainbat erakundetatik jaso duen mandatuari entzungor eginez: Gipuzkoako 20tik gora udalbatza, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra, Donostiako udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia besteak beste. Guztiek IRPH aplikatzeari utzi eta eskrituratan adosturiko Euribor+%1 ordezkoa aplikatzeko eskatu zioten. Baina Kutxak eskaera hauei guztiei muzin egin eta gaur egun oraindik ere IRPH Cajas aplikatzen du, pasa den 2013ko azaroaren 1ean guztiz desagertu bazen ere.

Testuinguru honetan, berriki Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak guztiz onetsi du gure plataformako kide den familia baten salaketa, eta IRPH indizearen aplikazioa bertan behera utzi du euren maileguan. Epaiak ebatzi du banketxeek IRPHaren balioan eragin dezaketela eta Euribor-a baino kaltegarriagoa dela kontsumitzailearentzat, eta bere aplikazioa bertan behera utzi du abusuzko klausulen inguruko 93/13/CEE europar zuzentaraua oinarri hartuta. Ondorioz, Kutxa Euribor+%1 atzerako eraginez aplikatzera zigortua izan da, IRPHaren arabera ordainduriko guztia berriz kalkulatu eta gehiegikeriaz kobratu dituen interesak itzuliaz.

Ikusirik Kutxabank ez dela epai hau onartzeko prest agertu, gaurko 30 salaketak jartzea erabaki dugu, iruzur honekin amaitzeko dugun borondatea irmoa dela erakusteko.

Eta salaketak jarri ondoren agerraldi honetara gatoz abusu hau Kutxa eta Kutxabank kudeatzen dituzten arduradun politikoek onartu eta bultzatua dela gizarteari gogoraraztera. IRPH Stop plataformak, Kaleratzeak Stop elkartearekin batera prestaturiko idatzi baten bidez, honako aldarrikapenak helarazi dizkie Kutxaren administrazio kontseiluko kideei:

1. Epaiari helegiterik ez jartzea.
2. Epaia berehala aplikatua izatea, Euribor+%1 atzerako eraginez aplikatu eta gehiegikeriaz kobraturikoak itzuliaz.
3. Neurri hauek IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun diren Kutxabank-en bezero guztiei aplikatzea.

Eskaera hauek ez onartzea Kutxabank-ek agertu nahi duen erantzunkizun sozialaren aurka joatea litzateke. Erabat antisoziala litzateke, herritarrak euren eskubideen defentsan epaitegietara jotzera behartuko bailituzke.

Eta guztiz antisistema litzateke gainera, justizia administrazioa Kutxabank-en aurkako salaketekin kolapsatuko bailuke. Izan ere, gaur 30 familia izan gara, baina bihar 300 edo 3.000 izan gaitezke, Gipuzkoan IRPHaren kaltedun izan daitezken 10.000 familiatara iritsi arte.

Kutxaren administrazio kontseiluko kideei gai hau maiatzaren 29an ospatuko duten bileran bozkatzeko eskatu zaie, eta kontseilariei zuzenduriko idatzia euren alderdi politiko eta sindikatuen zuzendaritzei ere igorri diegu. Erantzunkizunerako deia luzatzen diegu berriz ere.

Orain arte, Kutxaren administrazio kontseiluan EH Bildu koalizioaren ordezkariek bakarrik egin dute IRPHaren aurka, eta PNV, PSE, PP, CCOO eta Pixnakaka-ren ordezkariek aktiboki defendatu dute abusuzko indize hau. Berriki ezagutu den epaiaren ondoren, kontseilari hauei jarrera aldaketa bat eskatzen diegu.

Bestalde, salatu nahi dugu estatu espainiarrak ez duela betetzen 93/13/CEE europar zuzentaraua, ez baitu kontsumitzaileekin egiten diren kontratuetan abusuzko klausularik ez egotea zaintzen. Ondorioz, gaur epaitegietara etorri eta tasa judizialak ordaintzera behartu gaitu, Kaleratzeak Stop-eko abokatu eta prokuradoreek musutruk ematen diguten laguntzarekin.

Amaitzeko, estatu espainiarrari exijitzen diogu IRPHaren aldaera guztiak behingoz baliogabetzeko, guztientzat ordezko bezala Euribor-a ezarriz, gehienez %1ekoa izango den diferentzial batekin eta atzerako eraginez. Modu honetan estatu mailan milioi batetik gora familia kaltetzen dituen iruzurra amaituko litzateke.

Ikusi berri hau komunikabide hauetan:

Kutxabank-ek helegitea jarriko omen du

mario-grafica

Europa Press agentziak dioenez, Kutxaban-ek helegitea aurkeztuko du. Premiazko erreakzio batetan, PNV, PSE, PP eta CCOO-ri eskatu nahi diegu erantzunkizunez joka dezatela, epaia onartuaz. Kutxabanken oharrak IRPHaren inguruan egiten duten defentsak ez du ez hanka ez buru. IRPHak irregulartasun ugari dituela txosten honetan frogatu genuen.

Barregarria da baita ere Kutxabankek esatea 1999 urtetik 2011ra IRPH Cajas Euriborraren azpitik egon zela. Goiko grafika oso errez baieztatu daiteke Espainiako Bankuaren datuekin, eta bi indizeen bilakaera argi erakusten du.

Bide luzea izan da

ertzaintza

Eta oraindik geratzen zaigu. Gaur Noticias de Gipuzkoa egunkariak epaiaren berri emateko aukeratu duen argazkiak gogorarazi digu, beste gastu askoren artean, elkarretaratze horretan Ertzaintzak jarri zigun isuna. Egindako lana milaka kaltedunentzat onuragarri izango delako, guztion laguntza eskatu beharrean gaude. Zure diru laguntza egin dezakezu kontu korronte honetan: 3035 0049 09 0491091071 (Laboral Kutxa). Bildutakoa IRPHaren aurkako borrokarako bakarrik erabiliko da. Eta sobratuko balitz Kaleratzeak Stop-i emango genioke.