IRPH ENTIDADES BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAIA
ORAINDIK APLIKATZEN DUEN INDIZE HONEKIN KOBRATURIKO GUZTIA ITZULTZERA ZIGORTUA IZAN DA KUTXABANK
MAILEGUA INTERESIK GABE GELDITU DA ORAIN, ETA BERAZ FAMILIAK EZ DU INOLAKO INTERESIK ORDAINDUKO
Donostia, 2015-2-10
Gaur ezagutu den epai baten bitartez, Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak estatu espainiarrean IRPH Entidades delako indizea baliogabetzen duen lehen epaia ebatzi du.
IRPH Entidades delakoa da gaur egun oraindik indarrean dagoen IRPH aldaera bakarra, eta Kutxabank-ek aplikatzen jarraitzen du zenbait mailegutan. Gainera, estatu mailan milioi inguru izan daiteke kalteturiko familia kopurua, eta beraz IRPH Entidades baliogabetu duen lehen epai hau mugarri oso garrantzitsua da indize hauen aurkako borrokan. Epai historikoa da.
Epaiak IRPH Entidades abusuzkoa dela-eta baliogabetu egiten du, eta Kutxabank zigortzen du indize honen arabera kobraturiko guztiak itzultzera. Gainera, Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek informatu dutenez, maileguaren kontratuan ordezko interes egoki bat ez zegoenez mailegua intereskik gabe geratzen da, eta ondorioz kaltetuek ez dute inolako interesik ordainduko aurrerantzean, eta jadanik ordaindurikoak itzuliko zaizkie.
Epaia ebatzi duen epailea Edmundo Rodríguez Achútegui da, Arabako Entzutegi Probintzialean magistratu dena. Ospe handiko epailea da, Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian laguntza lanetan dabilena.
Epai hau Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epaile honek berak ebatzi eta Kutxabankek helegitea jarri zion IRPH Cajas indizea baliogabetu zuen lehen epaia atzera bota ondoren iritsi da. Gaur ezagutu den epaia Entzutegi Probintzialaren erabakia ezagutu ondoren ebatzi izanak frogatzen du Entzutegiak IRPH Cajas baliogabetu zuen lehen epaia atzera botatzeko erabili dituen argudioak ez direla nahikoa IRPH indizeak abusuzkoak direnik baztertzeko.
Hau ez da harritzekoa, izan ere Entzutegi Probintzialak bere epaian onartu zuen gaiak zalantza larriak sortzen dituela eta berria eta konplexua dela.
Entzutegi Probintzialak IRPH Cajas baliogabetzen duten beste 30 epaitik gora aztertu behar ditu orain, Kutxabankek helegitea jarri baitzien guztiei. Gaur ezaguturiko epaiari esker kaltetuak baikor daude eta uste dute oso litekeena dela beste 30 epaien kasuan Entzutegi Probintzialak epaiak berrestea. Izan ere, auzibide horietan argudio gehiago erabili zituzten eta honek Entzutegi Probintzialaren zalantzak argitzeko balio dezake.
Oharra: epai hau eta beste guztiak eskuragarri dituzu “Epaitegiak” atalean.