2019ko uztailaren 5ean Europako Batzordeak Espainiako egoera finantzarioaren zaintzaren inguruko hamaikagarren txostena argitaratu du. 2014ko urtarrileko erreskate edo laguntza finantzariorako programaren ondorengo zaintza hau Espainiak erreskateko 41.300 milioien %75a itzuli artean mantenduko da, eta beraz txosten gehiago izango dira. Txostena Europako Banku Zentralarekin elkarlanean egin dute eta baikorra da: Espainiako banku sektoreak errentagarritasun, likidezia eta kapitalizazio onak dituela dio, nahiz eta zehaztapen batzuk ere gehitzen dituen.
Etorkizuneko erronkei dagokienean, epaitegietako arriskuei erreferentzia labur bat egiten zaie. Epaitegietako auziek banketxe askorengan eragin adierazgarria izan dutela esaten da, azalduaz saltzeko jardute ezegokiak izan direla gehienetan arrazoia. Preferenteen inguruko epaien kostuak dagoeneko ordainduta edota hornituta daudela dio txostenak, baina arrisku potentzial berrien azaleratzeaz ohartarazten du. Eta bi gai aipatzen ditu: maileguen eraketa gastuak eta IRPH indizea. Txostenaren arabera, bi gai hauen inguruko etorkizuneko epaiek “kaltetutako banketxe batzuen errentagarritasunari eragin ahal diezaiokete”.
Estatuko komunikabide askok Europako Batzordearen txostenak IRPHari erreferentzia egin izanda azpimarratu du, eta Europako Epaitegiak gariaren inguruan erabaki zain gaudenez kaltetu asko arduratu egin dira. Uler genezake Batzordea IRPHagatik Espainiako banketxeak zigortzearen ondorioen inguruan ohartarazten ari dela, eta ondorioz banketxeen aldeko kanpaina egiten. Ezin ahaztu daiteke Espainiako estatuak Europako Epaitegiaren aurrean bere burua aurkeztu duela banketxeen alde egiteko eta erabili dituen argudioen artean dagoela IRPHa baliogabetzeak izango lukeen ustezko eragina. Txosten honen aurrean kaltedun asko ezkor izatea ulergarria da, estatu espainiarrean ohituta baikaude botereen arteko banaketa gabeziari eta Epaitegi Goren eta gobernu zentrala (edozein koloretakoa izanda ere) beti banketxeen alde lotsarik gabe egiteari.
Baina ez gaitezen azalean geratu: txostenak ez du esaten IRPHa baliogabetzeak Espainiako sistema finantzarioaren egonkortasuna arriskuan jarriko lukeenik. Eta hori da Espainiako gobernuak erabili duen argudioa IRPHa baliogabetu ezkero honek atzerako eraginik ez izatea eskatzeko. Txostenak dio banketxeen errentagarritasunari eragin ahal diola, ez egonkortasunari ezta bideragarritasunari ezta bere etorkizun edota biziraupenari. Gainera, eragina “kaltetutako banku batzuetara” mugatzen du. Ez sistema finantzarioari, ez banketxe guztiei, ezta kaltetutako banketxe guztiei ere. “Kaltetutako banketxe batzuei” bakarrik. Ez da beraz mezu alarmista bat. IPRHaren klausulak baliogabetzea zerbait sinesgarri bezala hartzen du, gerta daitekeena, eta beraz kaltedunok baikortasunera mugitu behar gaitu.
Ezin ahaztu da Europako Batzordeak ere bere burua aurkeztu duela Europako epaitegiaren aurrean IRPHaren auzian, eta kaltedunon eskubideen alde eta Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka egin duela. Gainera, Luxenburgon 2019ko otsailean egin zen ahozko saioan Batzordearen ordezkariak Espainiako ordezkariari behin baino gehiagotan egotzi zion ez zuela frogatu IRPHa baliogabetzeak Espainiako finantza sistemaren egonkortasunari eragingo liokeenik. Txosten honek ez du egoera aldatzen: Europako Batzordeak uste du justiziak kaltedunon alde egin behar duela, ez du uste eragina Espainiako finantza sistemarentzat hilgarria litzakeenik eta beraz lapurtu zaigun guztia itzultzearen alde dago.
El tema del IRPH se podría zanjar con un Real Decreto en un viernes cualquiera. Lo que pasa es que, parece que no interesa.