Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek, IRPHaren aurkako borroka judizialean aitzindari eta aditu direnek, jakitera eman dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IRPHari buruzko epai berria ezagutzera emango duen eguna eta ordua: 2024ko abenduaren 12an izango da, goizeko 9:30tan.
Epaia, beraz, IRPH klausula baliogabetzeko lehen demanda aurkeztu eta 11 urte baino gehiagora iritsiko da. IRPH Stop Gipuzkoa erakundeak 2013ko urriaren 21ean aurkeztu zuen IRPH klausula baliogabetzeko lehen demanda hori, Ortiz eta Erauskin abokatuekin. Orduan, gure abokatuak ergeltzat joak izan ziren klausula honen baliogabetzea eskatzeagatik, baina 11 urte hauetan frogatuta geratu da IRPHa indize kriminala dela eta finantza-erakundeek inposatu izana gehiegikeria hutsa izan zela.
Abenduan ezagutuko dena Europako epaia, aurrekoak bezala, Espainiako estatuko epaitegi batek, kasu honetan Donostiako Lehen Auzialdiko 8. zenbakiko Epaitegiak, igorritako galdera prejudizialei erantzuteko izango da. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IRPHari buruzko bere iritzia eman duen aurreko aldi guztietan, arrazoia eman die kontsumitzaileei, eta haien interesen aldeko irizpideak finkatu ditu. Hala interpretatu dute galderak igorri dituzten epaileek, Luxenburgotik erantzuna jaso ondoren kasu guztietan ebatzi baitute IRPH klausula baliogabea dela. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, ohar horien interpretazio maltzurra eginez, IRPH klausula guztiak ontzat ematea erabaki du, kontratua aztertu ere egin gabe. Horrek prebarikazio salaketak eragin ditu eta abokatu-enpresa ospetsu batek kereilak jarri ditu.
Europako auzitegiak abenduan erantzungo dituen galderen berritasuna da bertan Espainiako Auzitegi Gorena Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurreko epaiei buruz egiten ari den interpretazioa zehazten dela, eta berariaz galdetzen dela interpretazio hori zuzenbidearen araberakoa den. Beraz, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erantzunak atea itxi diezaieke espainiar gorenaren interpretazioei, betiere bankuen aldekoak eta zenbait legelariren ustez irudimen handikoak edota prebariokaziozkoak direnak.
Galderei buruzko xehetasun gehiago jakiteko, gure webguneko sarrera hau kontsulta dezakezu.