IRPH Entidades indizearen aurkako aurretiko bista

140714_epaitegiak

IRPH Entidades delako indizea aplikatzeagatik Kutxaren aurka jarritako lehen salaketaren aurretiko bista ospatu da gaur Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian. Gaur ospatu den bistaren aurretik, epaitegi berdinak IRPH Cajas aplikatzeagatik aurkezturiko salaketa bat bere osotasunean berretsi eta Kutxa zigortu zuen maileguaren bizitza osoan zehar bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.

Gaurko saioan Kutxak Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu du, bertan azaldu dezan indizearen manipulaziorik gertatu den edota horren inguruan inolako espedienterik zabaldu duen. Maite Ortiz eta José María Erauskinek, IRPH Stop elkartearen talde juridikoaren kide eta Kaleratzeak Stop elkartean ere laguntzen dutenek, ez diote garrantziarik eman Kutxaren eskabideari. Salaketak, eta IRPH Cajas aplikatzeagatik Kutxa zigortu zuen epaiak, ez dute indizea nahitaez manipulatua izan denik defendatzen, baizik eta berau kalkulatzeko metodoak emaitzarengan eragina izateko aukera ematen duela. Aldeetako batek eragiteko ahalmena izatea da indizea baliogabe izateko arrazoia, eta ez dago manipulatua izan dela frogatu beharrik.

Abokatuak baikor azaldu dira, eta IRPH Cajas baliogabetu zen moduan IRPH Entidades ere baliogabetu eta Kutxabank berriz ere zigortuko duen epai bat espero dute. Izan ere, bi indizeak guztiz parekoak dira, Kutxak berak orain dela gutxi onartu zuen moduan. Pasa den ekainaren 12an komunikabideei zuzenduriko idatzi batetan, Kutxaren kontseilari eta PNVko kide den María Jesús Aranburuk zioen moduan, «IRPH Cajas manipulagarria baldin bada, IRPH Bancos eta IRPH Entidades ere hala dira».

Idatzi berean, kontseilari jeltzaleak zioen Euribor+%1 aplikatzea «Kutxaren bezeroen errealitate abantailatsua» dela, IRPH Entidades aplikatzen duten banketxeekin alderatuz. Kontseilari andereak ahaztu egin zuen antza Kutxak berak IRPH Entidades ere aplikatzen duela.

Gogoratzekoa da nola pasa den maiatzaren 30ean talde juridiko berak Kutxaren partetik iruzur garbi bat jasan duen bezeroaren kasua eraman zuen. Bezero honek IRPH Cajas zuen bere maileguko indize gisa, eta indize hau desagertzekotan zela eta bezeroaren kuota jeitsi egiongo zela jakinik, Euribor+%1 baituzen ordezko gisa, Kutxak IRPH Entidades indizera aldatzea sinatu arazi zion, jakinik azken hau oraingoz ez dela desagertzen eta Euriborraren oso gainetik mantentzen dela. Honelako iruzur garbien aurrean, IRPH Stop elkarteak deialdi berezia egiten die Kutxaren bezeroei, arreta handiz joka dezaten, eta elkartearengana jo dezaten informazio eske.

Gaur aztertu den salaketak berebiziko garrantzia du. Izan ere, IRPH Cajas-en kasuan bezala IRPH Entidades baliogabetzea lortzen bada, estatu mailako lehen epaia litzateke. Horregatik, estatuko kaltedunen beste plataforma batzu ere izan dira gaur IRPH Stop Gipuzkoa elkartearekin batera epaitegian.

Kaltedunen helburua bidegabe kobraturiko guztiak itzultzea da. Eta gainera, ohiko etxebizitza erosteko maileguak aldeetako batek eragin ezingo duen interes tipoekin lotzea, eta goiko muga edo sabai batez babestea. Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko neurri ezinbestekoak dira.

Gaur azterturiko kasuaren ahozko bista irailaren 22an ospatuko da.

Kutxabankek CiU-ri 10 milioi euro barkatu dizkio

ustelkeria

Gaur jakin dugunez, Kutxabankek CiU barruan dagoen Unió alderdi politikoari ia 10 milioi euro barkatu dizkio (ikusi berria hemen). Aurretik, BBK-k PSOE-ri 21 milioi barkatu zizkion (ikusi berria hemen).

Argi dago: bikotekide gabeko ama bat baldin bazara, 3.000 euro zor dituena IRPHa duen abusuzko mailegu baten ondorioz, Kutxabankek etxea kendu eta kalean utziko zaitu. Milioika euro zor dituen alderdi politikoa baldin bazara, orduan Kutxabank akordioaren oso aldeko izango da, Ortuzarrek esan zuen bezala.

PNVko batzarkide den José Corchón-ek behin kritika egin zigun Kutxari publizitate txarra egiten diogulako IRPHarekin lapurtu diguna exijitzean. Hitzez-hitz hauxe esan zuen: “aquí el pagano es la sociedad vasca, como dueña y beneficiaria de un bien público, que es Kutxa“. Corchón eta Ortuzar jaunek azaldu beharko digute zeintzuk diren euskal gizartearen milioika euro horiek alderdi politikoei barkatzeko akordioak.

Andoni Ortuzar gezurretan dabil

ortuzar_gezurti

Idatzi bateratu honen bitartez, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek Andoni ORtuzar jauna irmoki gezurtatu nahi dugu. Ortuzar jaunak, albiste-agentzi ezagun bati egindako adierazpenetan, hauxe esan du kaleratzeen eta IRPHaren inguruan: «Kutxabank es precisamente la entidad financiera más dada al acuerdo para solventar esas cuestiones».

Ez dakigu zein datu dituen PNVren presidenteak hori esateko. Gure elkarteak bi arazo hauek kaltetutako familiek eta egoera horretan dudenak laguntzen dabiltzan bolondresek osatzen dituzte, eta esan dezakegu guztiz aurkakoa dela errealitatea: Kutxabank da, diferentziaz gainera, akordiorako malgutasun gutxien duena eta gupidagabeena fede oneko zordunekin negoziatzeko garaian, eta IRPH aplikatzean ere bai.

Kutxabank da epaitegietan ejekuzio gehien eskatu dituen entitatea. Eta Kaleratzeak Stop-en laguntzaz etxebizitza ordainetan ematea edota banketxeekin akordio batetara iristea lortu dutenen zerrendan, kasu bat bera ere ez dago Kutxabanki dagokionik. Kontuan hartuta gure lurraldean mailegu gehien dituen entitatea dela, ondorioa argia da.

Estatu mailan ere, Kutxabank ezaguna egin da gupidagabeen jokatzen duten banketxeetako bat delako. Ada Colau, garai hartan PAH-ren bozeramaile zenak, horixe esan zuen 2014ko otsailean Donostian izan zenean, Kutxaren aurka IRPH aplikatzeagatik jarri genuen salaketa babestera etorrita. Eta orain dela oso gutxi ikusi dugu, Kutxabankek Madrilen Jorgeren familia indarrez kaleratu duenean, tartean hiru adin txikiko zeudelarik, horietako bat 20 egunetako haurra.

Eta IRPHari dagokionean, beste hainbeste. Kutxabankek gaur egun iadanik desagertu den IRPH Cajas aplikatzen darrai, eta hori egiten du 2013ko ekainean Eusko Legebiltzarretik jaso zuen deialdiari entzungor eginda. Gipuzkoako Batzar Nagusi, Diputazio eta hogeitik gora udaletxeri ere muzin egiten die horrela. IRPH Cajas aplikatzen darrai nahiz eta berriki ezagutu den epai batek, zeinek Kutxbank zigortzen duen IRPHaren arabera kobraturiko interesak itzultzera, argi ezartzen duen «gutxienez 2013 ko uztailaren 29tik» IRPH Cajas-en araberako hipotekak «Euribor+1 indizearen arabera kobratuak beharko lukete izan, aldeek horrela adostu zutelako».

Ortuzar jaunari kalteturiko familienganako errespetu handiagoa exijitzen diogu. Denak ez du balio euren borroka partidistetan. Ez jolastu gure sufrimenduarekin. Gainera, Kutxabanken administrazio kontseilua gehiengo absolutuz kontrolatzen duen alderdiko presidente da, eta ondorioz entitate honen jokabide antisozialen erantzule zuzena.

IRPHaren kaltedunon agerraldia Batzar Nagusitan

140703_BBNN
[Irudian, PNVko batzarkideen aulkiak, hutsik. Behean, PNV egon balitz erakutsi nahi genion bideoa]

IRPH Stop, IRPHaren kaltedunen elkarteak, agerraldia egindu gaur Gipuzkoako Batzar Nagusitako araudirako, erakundeetarako eta gobernurako batzordean. Kaltedunen izenean aritu dira José María Erauskin, abokatua eta elkarteko talde juridikoko kidea, eta Iñaki Colina, kalteduna eta IRPH Stop elkartearen bozeramailea.

Batzarkideek zuzenean jaso ahal izan dituzte IRPH Stop-en azalpenak, PNVren ordezkariek izan ezik, ez baitira batzordean izan. IRPH Stop elkartetik euren soldatatik gaurko saioaren zati proportzionala IRPHaren aurkako borrokarako ematera gonbidatzen ditu. Modu honetan, epaitegietako gastuak ordaintzen lagundu dezakete, erakundeetatik eta Kutxaren administrazio kontseilutik eurek konpondu nahi izan ez dutena epaitegietan konpondu dezagun.

Arrazoitu gabeko ez egote hau PNVren aldetik errespetu falta bat da kalteturiko familiekiko eta baita Batzar Nagusiekiko ere. Baina ez da antzeko zerbait egiten duten lehenbiziko aldia. Orain dela gutxi, PNV-k kaltetuak eta Eusko Legebiltzarra iraindu zituen, IRPHaren inguruko eztabaida batetan ETA-k erasoturiko eraikin baten zatiekin agertu zenean.

IRPH Stop elkarteko ordezkariek azaldu dute zergatik den lapurreta bat IRPHa etxebizitza-mailegu batetan erreferentziazko indize bezala erabiltzea. Gainera, ohikoagoa den Euriborra baino balio askoz altuagoetan egotean, etxegabetzeak eta bestelako arazo larriak sortu dituela azaldu dute. Horregatik, bidezkoa da IRPHaren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta kaltedunei bidegabe kobraturikoa itzultzea, IRPH aplikatzeagatik Kutxa zigortu duen epaiak ezarri duen moduan.

Kaltedunek gogor salatu dute PNV, PSE eta PP alderdiek IRPHaren inguruan duten jarrera. Gogoratu behar da denbora luzez, eta batez ere PNV eta PSEren kasuan, kalteturiko familien aldeko eta IRPHaren aurkako hitzak eta adierazpen instituzionalak bultzatu dituztela, era berean Kutxaren administrazio kontseiluan IRPHa mantentzearen aldeko botua ematen duten bitartean.

PSE eta PPko ordezkariek euren akatsak onartu eta arazoa konpontzearen alde lan egiteko konpromezua azaldu dute, eta ondorioz IRPH Stop elkarteak adi jarraituko du.

Elkarteak gogorarazi nahi du kalteturiko familien elkarte bat dela, izaera guztuz apartidista duena, baina arazoaren errudun diren alderdiak salatzen jarraitzeko asmo irmoa duena.

Kaltedunen babeserako funts bat egiteko PSEren proposamena baztertzen dugu

pse

IRPH Stop, IRPHaren kaltedunen elkarteak, komunikabideen bitartez ezagutu du PSE-EEren azken proposamena. Bertan IRPHaren kaltedunen babeserako funts bat sortzea proposatzen da, diru publikoaz eta aurrerakin moduan banketxeei eskatzen diegunaren %80a emango ligukeena.

IRPH Stop elkarteak bere gaitzespen osoa adierazi nahi dio inolako erakundek, zergadun guztien kontura, banku-abusuen ondorioei aurre egiteari. Salbuespen bakarra etxebizitza galtzeko arriskuan edota bestelako larrialdiren batetan aurketzen diren familiak laguntzea litzateke.

PSE-EEk, bere proposamenarekin, berriz ere hiritarrok bankuen abusuak ordaintzea nahi du, eta onartezina da.

Eta nazkagarria da gainera, PSE-EEk Kutxa eta Kutxabanken administrazio kontseiluetan dituen ordezkariek oraindik ere euren bozkarekin IRPHaren aplikazioa defendatzen baitute. PSE-EEren hipokrisiak ez du mugarik. Banku-iruzur bat bultzatzen dute, bertan aktiboki esku hartzen dute, eta erakunde publiko batek guztion diruarekin horrek izan duen kostuari aurre egitea nahi dute.

Azpimarratzekoa da gainera proposamen hau, Diputazioak atzerako eraginez eskatzen dugunaren %80a aurreratzearena, gaia Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatu eta astebetera datorrela. Izan ere, legebiltzarrean PSE-EEk atzerako eragin hau baztertu zuen, nahiz eta badagoen iadanik epai bat hori babesten duena. Gainera, bilkura hartan PSE-EEk, PNV eta PPrekin batera, IRPHaren aplikazioa ahal den guztia luzatu eta familiak kaltetzen jarraitzea babestu zuen.

Legez kanpo kendu diguten dirua banketxeek itzuli behar digute, Kutxabank barne. Eta PSE, PNV eta PPrengandik jasotzen dugun erantzuna ikusita, epaitegietara jotzera beharturik gaude. Dagoeneko badago epai bat Kutxabank zigortzen duena IRPH aplikatzeagatik, eta atzerako eraginez interesak itzultzera behartzen duena, eta laister askoz gehiago etorriko dira.