Espainiako gobernuari exijitu diogu ez dezala berriz ere banketxeen alde egin Europako epaitegian

Gaur, 2021eko otsailaren 25ean bi urte betetzen dira Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak Luxemburgen duen egoitzan IRPH klausularen inguruko ahozko saioa ospatu zenetik. Gure webgunean saioaren kronika zabala egin genuen, eta hemen duzu ikusgai.

IRPHri egin zitzaion “lehen epaiketa europar” haren ondoren 2020ko martxoaren 3an epaia iritsi zen, Espainiako Auzitegi Gorenaren banketxeen aldeko irizpidea zuzentzen zuena. Baina epai europar hau ez da nahikoa izan Gorenak klausula baliogabetu dezan, eta horregatik bi galdera berri iritsi dira Europar Epaitegira, eta honek onartu egin ditu. Beraz IRPHaren “bigarren epaiketa europarra” laster iritsiko da.

Testuinguru horretan, eta epaiketaren bigarren urteurrenarekin, IRPH Stop Gipuzkoatik gogorarazi nahi dugu lehen epaiketa hartan PP eta PSOEren Espainiako Gobernuek banketxeen interesen alde eta hiritarren eskubideen aurka egin zutela. Horregatik, plataformatik idatzi bat helarazi diegu Espainiar Kongresuko talde guztiei. Bertan, PSOE eta Unidas Podemos-i eskatzen diegu gobernuak prozedura berrietan esku hartu dezala kaltedunen alde eginez edo gutxienez neutrala izan dadila eta ez dadila aurkeztu. Gainontzeko taldeei eskatu diegu Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu dezatela, gobernua jarrera horretara bultzatzeko.

Taldeei bidali diegun dokumentua hemen ikus dezakezu.

PSOE eta Unidas Podemos-en gobernuak ez die erantzuten IRPHa bertan behera uzteko eskaerei

PSOEren jarrera ezaguna da: askotan egin dute gu babestearen itxura, baina euren eskuetan egon den guztietan IRPHaren lapurreta mantentzea ahalbideratu dute.

Unidas Podemos-en kasua ezberdina da: orain dela ez asko arte ez dute erantzukizun kargurik izan, baina gaur egun Espainiako Gobernuaren parte dira, eta presidenteordetza bat eta Kontsumo Ministerioa dituzte, besteak beste. Zertan nabaritu dugu IRPHaren kaltedunok Unidas Podemos gobernura iritsi izana. Ezertan ere ez. IRPHak indarrean jarraitzen du.

Testuinguru honetan, 2020ko abenduaren 15ean Iñigo Errejón Más País alderdiko diputatuak Espainiako Kongresuan idatzizko erantzuna eskatzen duen galdera hau sartu zuen, non gogorarazten duen IRPHa bertan behera uztea gobernua eta bere borondate politikoaren esku dagoela eta galdetze duen ea gobernuak IRPHa bertan behera uzteko asmorik ba ote duen.

PSOE eta Unidas Podemos-en gobernuaren erantzuna 2021eko otsailaren 11an iritsi da, eta adarjotze bat da, IRPHaren inguruko legedia zerrendatzera mugatzen baita.

Badirudi beraz Unidas Podemos gobernura iristeak ez duela ezer aldatu: IRPHa “cuestión de estado” da, eta estatu espainiarreko erakundetatik ezin dugu ezer onik espero. Gure itxaropenak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian jarrita daude.