Kutxabankek gezurra esan dio CNMVri IRPHaren inguruan

KUTXABANKek CNMVri GEZURRA ESAN DIO

IRPHari LOTURIKO DIRUTZA ESAN DUENA BAINO HANDIAGOA DA EDO AURKAKO EPAI BATEN BELDUR DA ETA KOPURU HORI JAITSI NAHIAN DABIL

GUK DAIKUGULA EZ DA BEZEROEI ALDAKETARIK PROPOSATZEN ARI, ETA BERAZ DATUA ITXURALDATUKO ZUELA USTE DUGU

Donostia, 2019-9-9

IRPHaren inguruan Europar Batasuneko Justizia Epaitegiko Abokatu Nagusiaren iritzia ezagutu bezperan, Kutxabankek CNMVri adierazi dio IRPHari loturiko bere maileguen saldoa 727 milioi eurotakoa zela 2019ko ekainaren 30ean. Dokumentu berdienan, esan du aurkako epai baten probabilitatea baxua dela uste duela.

Bi baieztapen hauetako bat gezurra da.

Banketxeak berak CNMVri urte amaieran eman izan dizkion datuen arabera, 2019ko ekainaren 30ean IRPHari loturiko maileguen saldoa 1.100 milioi euro ingurukoa behar luke. Halaxe ikusten da azken bost urtetako bilakaera ikusten bada (bezeroak bere mailegua ordaintzen ari direlako eta ez delako IRPHari loturiko mailegu berririk sinatzen):

• 2014/12/31: 2.039 milioi €
• 2015/12/31: 1.785 milioi €
• 2016/12/31: 1.593 milioi €
• 2017/12/31: 1.398 milioi €
• 2018/12/31: 1.235 milioi €
• 2019/6/30: 1.100 milioi € (kalkulua)

Beraz Kutxabankek itxuraldatutako datu bat eman du edo ez da egia aurkako epai baten beldur ez dela, eta IRPHari loturiko dirutza jaisteko abiada biziko lasterketa bati ekin dio. Guk dakigula ez da bezeroei inolako akordiorik proposatzen ari, eta beraz uste dugu modu nahikoa zabarrean moldaturiko datua eman duela.

Edozein modutan, gogorarazi behar da IRPHaren baliogabetzeak atzerako eragina izango lukeela, eta beraz garrantzitsua ez da egun duen saldoa baizik eta guztira zenbateko dirutza izan den. Eta 2014 aurretiko datuetara jota saldo hori 4.500 milio eurotakoa zela ikus dezakegu. 2013 urte bukaeran IRPH Cajas desagertu zenean mailegu asko Euriborrari lotu ziren kontratuak hala ezartzen zuelako, baina bezero haiek orain dirua berreskuratzeko aukera izan dezakete.

IRPHa Europako Epaitegian: prozesua ulertzeko gida

IRPH Stop Gipuzkoak Europar Batasuneko Justizia Epaitegian IRPHaren inguruan ematen ari den prozesua ulertzeko eta aldeen iritziak ezagutzeko gida bat argitaratu du. Tresna honekin 2019ko irailaren 10an goizeko 9:30tan ezagutuko diren Abokatu Nagusiaren ondorioak ulertu ahal izango dira.

Bi formatutan jaitsi dezakezu gida: JPG formatuan eta PDF formatuan.

Download (PDF, 301KB)

Kutxabank, Europak IRPHaren aurka egiten badu kalte handiena izango duen banketxea

KUTXABANK, EUROPAK IRPHaren AURKAKO EPAI BAT EBATZI EZKERO GEHIEN GALDUKO LUKEEN ENTITATEA

PORTZENTUALKI, INDIZE EZTABAIDAGARRI HORI GEHIEN APLIKATU DUEN BANKETXEA DA

IRAILAREN 10ean EUROPAKO EPAITEGIKO ABOKATU NAGUSIAREN IRITZIA EZAGUTUKO DA ETA, HILABETE BATZUK BERANDUAGO, EPAIA

BI ABOKATU GIPUZKOARREK HASI ZUTEN EPAITEGIETAKO BORROKA ETA EUROPARAINO ERAMATEA LORTU DUTE
Donostia, 2019-9-2

Irailaren 10ean, goizeko bederatzi eta erdietan, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiko abokatu nagusiak argitara emango du mailegu kopuru garrantzitsu baten gainean eragina duen IRPH indize espainiarraren auzian duen iritzia. Abokatu nagusiaren iritzia ez da epaitegiarentzat loteslea, baina epai gehienek abokatu nagusiaren irizpidearekin bat egiten dute. Ahozko saioa pasa den otsailaren 25ean izan zen Luxemburgen, eta abokatu nagusiaren txostena argitaratzea da epaia ebatzi aurretik egin beharreko azken urratsa. Epaia 2019ko bukaera aldera edota 2020aren hasieran iritsiko dela uste da.

Aldeen artea ikusmin oso handia dago, IRPHaren klausulak baliogabetu ezkero banketxeek kaltedunei itzuli beharreko dirutza milaka milioi eurotakoa baita.

IRPHak kalteturiko mailegu kopuru zehatzaren daturik ez dago, baina IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren kalkulua 1,3 milioietakoa da. Ez da ezagutzen halaber zenbat familiak galdu zuen etxea Euriborrari loturiko maileguak baino garestiagoak ziren hileroko kuotak ordaindu ezin zituztelako. Ez dakigu zenbat familia egoten diren hotzak neguan berogailua ordaindu ezin dutelako edota zenbat geratzen diren etxean udan oporretara joateko dirurik ez dutelako. Gurasoek IRPHa ordaindu dezaten elikadura egoki bati edota unibertsitatera joateari uko egin beharra izan duten gaztetxoen kopurua ere ezezaguna da.

Baina bada publikoa den datu bat, eta hori banketxe handiek IRPHari loturiko maileguetan duten bolumen da. Espainiako estatuko bost banketxe handienen artean 16.530 milioi euro pilatzen dituzte, modu honetan banatuta: Caixabank dago buruan, 6.700 milioirekin, eta ondoren datoz Santander 4.300 milioirekin, BBVA 3.100 milioirekin, Bankia 1.600 milioirekin eta Sabadell 830 milioi eurorekin.

Baina IRPHa gehien aplikatzen duten banketxeen zerrendan txikiagoa den eta burtsan kotizatzen ez duen banketxe bat ere sartzen da. Kutxabank da, 2018 urtearen amaieran 1.235 milioi zituen IRPHari loturiko maileguetan eta beraz rankinean bosgarren postuan dago. Eta balio absolutuak alderatu ordez IRPH maileguek banketxeen aktiboan duten pisu erlatiboa kontuan hartzen badugu ikusten da Kutxabank dela estatuan banketxerik inplikatuena (bere kapitalaren %2,27a IRPH maileguak dira). Ondoren datoz Caixabank (%2,19) eta Bankia (%0,78). Gainontzeko banketxeek ez dute %0,5a gainditzen.

Baina hori ez da guztia. Kutxabankek badu gainera iraganean gaur egun existitzen ez den IRPHaren aldaera bat aplikatu zien mailegu kopuru handi bat. IRPH Cajas delako indizea zen, 2013ko amaiera arte argitaratu zen, eta Kutxabankek ahalik eta gehien luzatu zuen bere aplikazioa, legearen mugetara iritsi edota gaindituaz. Entzungor egin zien IRPH Cajas aplikatzeari berehala uzteko udaletxe ugarik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek edota Gasteizko Legebiltzarrak egin zizkioten eskariei. Mailegu horiek gaur egun Euribor+%1 ordaintzen dute, baina atzerako eragina duen epai batek berauengan eragina izango luke, eta ondorioz Europako epaiaren inguruko Kutxabanken kalkulutan presente daute. 2012ko datuak hartzen baditugu, IRPH Cajas desagertu aurrekoak, Kutxabanken IRPH maileguen bolumena 4.500 milioi eurotakoa zen, eta horrek bere aktiboen %8,4a suposatzen zuen.

Kopuru horiekin baieztatzen da Kutxabank dela erlatiboki IRPHa gehien aplikatu duen banketxea. Eta absolutuan ere euskal bankuak bigarren postua du estatu espainiarrean, Caixabankek bakarrik gainditzen duelarik. Caixabakek ere badu iraganean IRPH Cajas aldaera aplikatzen zien mailegu kopuru handi bat.

Kutxabank eta Caixabank dira ondorioz Europako epaitegietara begira arduratuen daudenak. Europako epai horrek amaiera eman diezaioke Donostiako merkataritza arloko epaitegietan Kutxabanken aurkako auzibide batekin hasi zen borroka judizialari. Auzibidea IRPH Stop Gipuzkoa plataformak aurkeztu zuen, Maite Ortiz eta José María Erauskin etxegabetzeen aurkako abokatuen laguntza boluntarioarekin. Epaia 2014ko apirilaren 29an izan zen ebatzia, eta Espainiako estatuan IRPHa baliogabetu zuen lehena izan zen. Epai haren bitartez Kutxabank zigortua izan zen IRPH indizea aplikatuz kobraturiko diruak itzultzera. Euskal banketxeak helegitea jarri zuen epai haren aurka eta baita haren ondoren izan ziren guztien aurka, eta Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen auzia. 2017ko abenduaren 14ean Gorenak atzera bota zuen Ortiz eta Erauskinek Arabako Probintzia Auzitegian IRPHa baliogabetuz lortu zuen epai bat, eta banketxeek lasaitua hartu zuten. Baina lasaitasun hori ez zen luzerako izan banketxeen bulegoetan, Ortiz eta Erauskinek gaia Europar Batasuneko Justizia Epaitegiraino eramatea lortu baitzuten orduan, Bartzelonako auzitegi batetan aurkezturiko galdera prejudizial baten bitartez.

Orain begirada guztiak Luxenburge aldera jarrita daude, eta kalteturiko familiak baikorrak gara. Europako epaitegian banketxeek Espainiako gobernuaren laguntza izan dute, zeinek auzian parte hartzea erabaki duen banketxeen alde egiteko, bai idatziz (Espainiako gobernua PPren eskutan zegoenean prestaturiko txosten baten bitartez) bai ahoz (PSOEren gobernupean Luxenburgeko ahozko saioan esku hartuz). Baina kaltedunok pozik ikusi dugu Ortiz eta Erauskinek egindako defentsari Europako Batzordea batu zaiola, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzirikoa zuzentzeko proposatuaz. Gogoratu behar da gainera Espainiako Auzitegi Gorenean bertan izan zela boto partikular bat, bi magistratuk sinatu zutena, eta esaten zuena IRPHa salbatuko zuela zirudien epai hura Europako zuzenbidearen aurkakoa zela. Baikor izateko nahikoa arrazoi badago hortaz, eta espero dugu justizia egingo dela eta banketxeek indize hau aplikatuaz kobraturiko guztiak itzuli beharko dizkigutela.

Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentralak IRPHa baliogabetzen duen epai bat posible ikusten dute

2019ko uztailaren 5ean Europako Batzordeak Espainiako egoera finantzarioaren zaintzaren inguruko hamaikagarren txostena argitaratu du. 2014ko urtarrileko erreskate edo laguntza finantzariorako programaren ondorengo zaintza hau Espainiak erreskateko 41.300 milioien %75a itzuli artean mantenduko da, eta beraz txosten gehiago izango dira. Txostena Europako Banku Zentralarekin elkarlanean egin dute eta baikorra da: Espainiako banku sektoreak errentagarritasun, likidezia eta kapitalizazio onak dituela dio, nahiz eta zehaztapen batzuk ere gehitzen dituen.

Etorkizuneko erronkei dagokienean, epaitegietako arriskuei erreferentzia labur bat egiten zaie. Epaitegietako auziek banketxe askorengan eragin adierazgarria izan dutela esaten da, azalduaz saltzeko jardute ezegokiak izan direla gehienetan arrazoia. Preferenteen inguruko epaien kostuak dagoeneko ordainduta edota hornituta daudela dio txostenak, baina arrisku potentzial berrien azaleratzeaz ohartarazten du. Eta bi gai aipatzen ditu: maileguen eraketa gastuak eta IRPH indizea. Txostenaren arabera, bi gai hauen inguruko etorkizuneko epaiek “kaltetutako banketxe batzuen errentagarritasunari eragin ahal diezaiokete”.

Estatuko komunikabide askok Europako Batzordearen txostenak IRPHari erreferentzia egin izanda azpimarratu du, eta Europako Epaitegiak gariaren inguruan erabaki zain gaudenez kaltetu asko arduratu egin dira. Uler genezake Batzordea IRPHagatik Espainiako banketxeak zigortzearen ondorioen inguruan ohartarazten ari dela, eta ondorioz banketxeen aldeko kanpaina egiten. Ezin ahaztu daiteke Espainiako estatuak Europako Epaitegiaren aurrean bere burua aurkeztu duela banketxeen alde egiteko eta erabili dituen argudioen artean dagoela IRPHa baliogabetzeak izango lukeen ustezko eragina. Txosten honen aurrean kaltedun asko ezkor izatea ulergarria da, estatu espainiarrean ohituta baikaude botereen arteko banaketa gabeziari eta Epaitegi Goren eta gobernu zentrala (edozein koloretakoa izanda ere) beti banketxeen alde lotsarik gabe egiteari.

Baina ez gaitezen azalean geratu: txostenak ez du esaten IRPHa baliogabetzeak Espainiako sistema finantzarioaren egonkortasuna arriskuan jarriko lukeenik. Eta hori da Espainiako gobernuak erabili duen argudioa IRPHa baliogabetu ezkero honek atzerako eraginik ez izatea eskatzeko. Txostenak dio banketxeen errentagarritasunari eragin ahal diola, ez egonkortasunari ezta bideragarritasunari ezta bere etorkizun edota biziraupenari. Gainera, eragina “kaltetutako banku batzuetara” mugatzen du. Ez sistema finantzarioari, ez banketxe guztiei, ezta kaltetutako banketxe guztiei ere. “Kaltetutako banketxe batzuei” bakarrik. Ez da beraz mezu alarmista bat. IPRHaren klausulak baliogabetzea zerbait sinesgarri bezala hartzen du, gerta daitekeena, eta beraz kaltedunok baikortasunera mugitu behar gaitu.

Ezin ahaztu da Europako Batzordeak ere bere burua aurkeztu duela Europako epaitegiaren aurrean IRPHaren auzian, eta kaltedunon eskubideen alde eta Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka egin duela. Gainera, Luxenburgon 2019ko otsailean egin zen ahozko saioan Batzordearen ordezkariak Espainiako ordezkariari behin baino gehiagotan egotzi zion ez zuela frogatu IRPHa baliogabetzeak Espainiako finantza sistemaren egonkortasunari eragingo liokeenik. Txosten honek ez du egoera aldatzen: Europako Batzordeak uste du justiziak kaltedunon alde egin behar duela, ez du uste eragina Espainiako finantza sistemarentzat hilgarria litzakeenik eta beraz lapurtu zaigun guztia itzultzearen alde dago.

Icamalaga-k Erauskini eginiko gonbidapena kendu dio

Malagako Icamalaga Abokatuen Elkargoak atzera bota du urteroko kongresu juridikoan IRPHaren aurkako epaitegietako borrokaren nondik norakoak azaldu zitzan José Mari Erauskini luzatu zion gonbidapena.

Malagako Icamalaga Abokatuen Elkargoak 2019ko urrian bere 15. Kongresua ospatuko du. Urteroko hitzordu horretan abokatuek gaurkotasuna duten gaiak aztertzen dituzte. Banketxeen eta kontsumoaren inguruko zuzenbidean, begi-bistakoa da IRPHaren gaiak gaurkotasun itzela duela, Europako Justizia epaitegiak Espainiako Auzitegi Gorena zuzenduz ebatzi dezakeen epaiaren zain gauden honetan, eta banketxeen aldetik kezka nabarmena denean. Gainera kongresua urrian ospatuko da, irailean Abokatu Orokorraren iritzia ezagutu eta hilabetera. José Mari Erauskin edota Maite Ortizen hitzaldi batek interes oso handia izango luke beraz, IRPHaren inguruan aitzindari baitira, Espainiako Auzitegi Gorenean borrokatu baitzuten eta Europar Batasuneko kasua ere beraiek baitaramate.

Erauskinek ezagutzera eman du plazer handiz onartu zutela gonbidapena, agendak blokeatu zituztela eta hegaldi bila hasi zirela. Gainera, hitzaldia emateagatik kobratzeari uko egin zioten eta dirua Malagako animalien aldeko elkarteetara bideratzeko eskatua zuten.

Baina hau guztia okertu egiten da bere hitzaldia ez dela aurrera eramango esateko idazten dioten mezu elektronikoa jasotzean. Azalpenak eskatzen ditu eta esaten diote “antza denez duela 3 urteko gertakari bat” dela arrazoia. Geroago gehitzen dute Francisco Javier Lara Peláez Icamalaga-ko dekanoarekin izan zela ustezko istilua, eta Erauskinek argitzen du ez duela gizon hori ezagutzen.

Ez zaigu sinesgarria iruditzen Icamalaga-k ez gogoratzea ustezko gertakari hori kongresuaren egitaraua prestatzean, eta egitarau hori profesionalen artean banatzen hasten denean gogoratzea. Gainera Erauskinek dio ez duela gizona ezagutzen! Ez dakigu benetako arrazoiaren atzean banketxeen dei bat egon daitekeen, baina kongresuaren egitaraua jadanik argitratu da eta banketxxen inguruko gaien artean ez dago IRPHaren arrastorik.

Icamalaga-ri eskatzen diogu ez dezala presioen aurrean amore eman. Eta kongresura joatekoak diren abokatuei eskatzen diegu egin dezatela presioa beraientzat interes handikoa den hitzaldia ospatu dadin. Kaltedun bezala, IRPHaren gaia zuzenbidearen profesionalei aitzindari eta adituek azaldua izatea nahi dugu.

Webgunearen seigarren urteurrena

Gaur, 2019ko uztailaren 4an, webgune honen 6. Urteurrena ospatzen dugu. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkartearen eskutik irphstop.plazan.net bezala abiarazi genuen, gero irphstop.net izatera igaro ginen eta azkenik irphstop.eus domeinua hartu genuen.

Sei urte hauetan IRPHaren aurkako borrokan erreferentziako webgunea izan gara, epaien datu base handienarekin eta IRPHaren inguruko albiste guztiekin.

Gainera gaur 3 urte dira webgune honetan esklusiban Juan Etxeberria Murgiondo doktoreak IRPHaren inguruan prestaturiko txostena argitaratu genuela. Etxeberria doktorea Estatistika Aplikatuan Katedradun Akreditatua da, eta bere txostenean egiaztatzen du entitateek IRPHaren emaitza eragin, manipulatu eta baldintzatu dezaketela, eta banaka zein taldean egin dezaketela hori gainera.

Lapurreta honekin lehenbailehen amaitu eta urte gehiago ez betetzea espero dugu!