Helegitea jarri dugu, IRPHa Auzitegi Gorenak eta Europak epai dezaten

150312_recursoTS

Gaur Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiaren aurrean agerraldia egin dugu, jarri dugun helegitearen berri emateko. Helegite honen bidez, IRPHa Espainiako Auzitegi Gorenak eta Europakko Justizia Auzitegiek epaitzea lortuko dugu. Hauxe da agerraldian zagutzera eman dugun komunikatua:

KUTXABANKen IRPHa MAILA GORENEKO EPAITEGIETAN EPAITUA IZANGO DA

AUZITEGI GORENERA JOKO DUGU, EUROPAKO EPAITEGIEI GALDERA EGINEZ

GURE HELBURUAK: IRPHa BALIOGABETU ETA LAPURTURIKOA ITZULTZEA

ABUSU HONEN ERANTZULE POLITIKOAK SALATZEN DITUGU

Donostia, 2015-3-12

Gipuzkoako IRPHaren kaltedunen elkartea, Kaleratzeak Stop plataformaren babesarekin, Probintzia-Auzitegi honetan abusuzko IRPH indizearen aurka jarriko dugun helegitearen berri ematera gatoz.

Epaitegietako borroka luzea izaten ari da. IRPHa baliogabetzen duten hogeita hamar epaitik gora lortu dugu. Justiziak arrazoia eman digu eta Kutxabank zigortu du indize honen arabera bidegabe kobraturikoak atzerako eraginez itzultzera. Baina Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak epai hauen artean lehena bertan behera utzi du, eta ondorioz Espainiako Auzitegi Gorenera joko dugu, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari aurretiko galdera eginez gainera.

Maite Ortiz eta José María Erauskin buru dituen gure talde juridikoak oraintxe azalduko ditu gure argudio juridikoak. Baina abusu honen erantzule politikoak ere salatu nahi ditugu. IRPHak 1,3 milioitik gora familia kaltetzen ditu estatu espainiarrean, eta banketxe ugarik aplikatzen dute. Baina hemen, Euskal Autonomia Erkidegoan eta batez ere Gipuzkoan, Kutxa da, orain Kutxabank, indize hau krudelkeria handiz aplikatu diguna.

Gipuzkoarrok gipuzkoarrontzat sorturiko aurrezki kutxetatik datorren entitatea izan da abusu hau bereziki aplikatu duena, ahalik eta gehien luzatu duena eta gaur egun aplikatzen jarraitzen duena. Guztion artean eta guztiontzat sortu genuen erakundeak epaitegietan geure burua defendatzera eraman gaitu. Eta astakeria honen errudun Kutxabanken erantzule politikoak dira: PNV, PSE eta PP, Kutxaren administrazio kontseiluan emandako botoekin espresuki eta behin baino gehiagotan IRPHaren abusuari babes eman diotenak. Sufrimendu gehiegi eragin duen abusua, zenbait adiskide etxea galtzeraino.

Horregatik epaitegietan borrokan jarraituko dugu, IRPH guztiak baliogabetu artean. Errudunentzat epaiketa eta zigorra exijitzen dugu.

Bai, ahal da.

ARGUDIO JURIDIKOAK

IRPH Cajas izeneko indizea Espainiako Bankuak kalkulatzen zuen hilero, guztira 46 ziren Aurrezki Kutxek hilabete horretan euren hipoteka-bezero berriei ezarririko interesekin bataz besteko sinple bat eginaz.

Espainiako Bankuak egiten zuen bataz besteko horrek ez zuen Aurrezki Kutxa bakoitzaren bezero kopurua kontuan hartzen, eta ondorioz pisu espezifiko berdina ematen zien Caixabankek eta Pollensako Aurrezki Kutxak aplikaturiko interes tipoei. Ondorioz, kalkulaturiko bataz bestekoak ez zuen inola ere espainiar estatuko merkatuaren errealitatea islatzen.

46 Aurrezki Kutxei pisu espezifiko berdina ematean, horietako bakoitzak bazekien bere eragina 1/46 zela, eta ondorioz Kutxabankek bazekien bere bezero berriei interes tipoa puntu bat igotzearekin bere bezero zaharrei IRPH Cajas indizea 0,0217 puntu igotzea lortu zezakeela.

2013ko abenduaren 2an gure adiskide Juanmi eta Karmenek Donostiako Merkataritza Arloko 1. epaitegian jarri zuten auzibidea onartua izan zen. Kutxabankekin zuten etxebizitza-maileguko IRPH Cajas indizearen baliogabetzea eskatzen zen abusuzkoa izateagatik.

Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak frogatutzat jo zuen Kutxabankek IRPH Cajas indizearen gainean eragina izan zezakeela, eta 2014 apirilaren 29an epaia ebatzi zuen interes tipo hau baliogabetuz eta Kutxabank gure adiskideei IRPH aplikatuaz kobraturiko guztiak itzultzera zigortuaz. Ondoren, IRPH Stop elkarteko beste 32 kidek auzibide berdina aurkeztu zuten, eta guztiak izan ziren epaitegitan berretsiak, Juanmi eta Karmenen kasuan bezalaxe.

Kutxabankek helegiteak jarri zizkien epai hauei guztiei Gipuzkoako Probintzia-Auzitegian, eta horien arteko lehenaren kasuan Merkataritza Arloko Epaitegiaren epaia atzera bota du Probintzia-Auzitegiak. Auzitegiak esan du IRPH Cajas indizea ezin dela abusuzkoa izan legezko tipo bat delako, bere manipulagarritasuna ez dela nahikoa frogatu, eta entitateak bere emaitzan «nolabaiteko eragina» (espainolez, literalki, «cierta influencia») izan dezakeela onartu arren, esan du eragina izateko aukera hau ez dela euriborra bezalako beste kasuetan egon daitekeena baino handiagoa.

IRPH Stop Gipuzkoa plataformak uste du legezko interes tipo bat izateak ez duela bermatzen manipulagarria ez izatea. Modu berean, ezin dugu onartu Kutxabankek indizearen emaitzan izan dezakeen eragina nahikoa ez frogatu izana, formula eta grafikoen bidez frogatu baitugu.

Ezin dugu ulertu Probintzia-Auzitegiak Kutxabankek IRPH Cajas indizearen gainean «nolabaiteko eragina» izan dezakeela onartu eta hala ere interes tipoa ez baliogabetzea. Izan ere, nolabaiteko eragina baldin badago arrazoia ematen digu, horixe baita gure auzibidearen muina, eta ez baitauka inolako garrantzirik eragin hori handia, txikia, nahikoa edo gehiegizkoa izateak.

Azkenik, bere manipulagarritasuna euriborrarena baino handiagoa ez balitz ere honek ez luke IRPH Cajas abusuzko izatetik salbatuko. Eta edozein kasutan euriborraren kalkulurako prozedurak ez du IRPHarenarekin inolako zerikusirik.

Horregatik Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean prozesuan arau-hauste bat izan delako ezohiko helegitea aurkeztu dugu, eta onartua izan bitartean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari honako galdera egitea ere eskatzen da:

93/13/CEE direktibaren 3.1 artikulua gardentasunerako eta banku-zerbitzuen erabiltzaileen babeserako urriaren 28ko 2899/2011 ministerio-agindua bezalako estatu mailako arau baten aurkakoa ote den. Izan ere, arau horrek finantza-entitateei kontsumitzaileekin ezartzen dituzten etxebizitza-maileguetan IRPHa bezalako interes tipoa ezartzea ahalbidetzen die, zeina bataz besteko sinple eta ez haztatu baten bidez kalkulatzen den, entitate horiek beraiek emandako interesekin. Eta ondorioz horietako bakoitzak, guztiek pisu espezifiko berdina dutenez, zehaztasun aritmetikoz ezagutzen du bere jokabideak indize horretan izan dezaken eragin zuzena.

Helegitea jarriko dugu, Gorenera eta Europara

gorena

Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiak atzera bota zuen IRPHa baliogabetzen zuen lehen epaia, Kutxabank abusuzko indize honekin kobraturiko guztiak itzultzera zigortu zuena.

Probintzia-Auzitegiaren epaia aztertu ondoren, gure talde juridikoak Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea erabaki du, arrazoia baitugu: IRPHa abusuzkoa eta kriminala da. Gainera, Europar Batasuneko Justizia-Epaitegiari galdera egiteko eskatuko dugu.

Zatoz helegite honen aurkezpena babestera. IRPHaren abusua Europako epaitegietara eramango dugu, milaka kalteturen mesedetan.

Eguna: martxoaren 12an, ostegunez.
Ordua: 10:30
Lekua: Gipuzkoako Probintzia-Auzitegia (San Martin kalea, 41 – Donostia)

Bai, ahal da.

IRPH Entidades baliogabetzen duen lehen epaia

justicia-irph

IRPH ENTIDADES BALIOGABETZEN DUEN LEHEN EPAIA

ORAINDIK APLIKATZEN DUEN INDIZE HONEKIN KOBRATURIKO GUZTIA ITZULTZERA ZIGORTUA IZAN DA KUTXABANK

MAILEGUA INTERESIK GABE GELDITU DA ORAIN, ETA BERAZ FAMILIAK EZ DU INOLAKO INTERESIK ORDAINDUKO

Donostia, 2015-2-10

Gaur ezagutu den epai baten bitartez, Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak estatu espainiarrean IRPH Entidades delako indizea baliogabetzen duen lehen epaia ebatzi du.

IRPH Entidades delakoa da gaur egun oraindik indarrean dagoen IRPH aldaera bakarra, eta Kutxabank-ek aplikatzen jarraitzen du zenbait mailegutan. Gainera, estatu mailan milioi inguru izan daiteke kalteturiko familia kopurua, eta beraz IRPH Entidades baliogabetu duen lehen epai hau mugarri oso garrantzitsua da indize hauen aurkako borrokan. Epai historikoa da.

Epaiak IRPH Entidades abusuzkoa dela-eta baliogabetu egiten du, eta Kutxabank zigortzen du indize honen arabera kobraturiko guztiak itzultzera. Gainera, Maite Ortiz eta José María Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek informatu dutenez, maileguaren kontratuan ordezko interes egoki bat ez zegoenez mailegua intereskik gabe geratzen da, eta ondorioz kaltetuek ez dute inolako interesik ordainduko aurrerantzean, eta jadanik ordaindurikoak itzuliko zaizkie.

Epaia ebatzi duen epailea Edmundo Rodríguez Achútegui da, Arabako Entzutegi Probintzialean magistratu dena. Ospe handiko epailea da, Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegian laguntza lanetan dabilena.

Epai hau Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epaile honek berak ebatzi eta Kutxabankek helegitea jarri zion IRPH Cajas indizea baliogabetu zuen lehen epaia atzera bota ondoren iritsi da. Gaur ezagutu den epaia Entzutegi Probintzialaren erabakia ezagutu ondoren ebatzi izanak frogatzen du Entzutegiak IRPH Cajas baliogabetu zuen lehen epaia atzera botatzeko erabili dituen argudioak ez direla nahikoa IRPH indizeak abusuzkoak direnik baztertzeko.
Hau ez da harritzekoa, izan ere Entzutegi Probintzialak bere epaian onartu zuen gaiak zalantza larriak sortzen dituela eta berria eta konplexua dela.

Entzutegi Probintzialak IRPH Cajas baliogabetzen duten beste 30 epaitik gora aztertu behar ditu orain, Kutxabankek helegitea jarri baitzien guztiei. Gaur ezaguturiko epaiari esker kaltetuak baikor daude eta uste dute oso litekeena dela beste 30 epaien kasuan Entzutegi Probintzialak epaiak berrestea. Izan ere, auzibide horietan argudio gehiago erabili zituzten eta honek Entzutegi Probintzialaren zalantzak argitzeko balio dezake.

Oharra: epai hau eta beste guztiak eskuragarri dituzu “Epaitegiak” atalean.

Entzutegi Probintzialaren epaiari premiazko erreakzioa

IRPHaren BALIOGABETZEA ATZERA BOTAZEN DUEN ENTZUTEGI PROBINTZIALAREN EPAIAREN AURREKO PREMIAZKO ERREAKZIOA

EPAIAK EZ DU ARGUDIO SENDORIK ERABILTZEN ETA ONARTZEN DU IRPHak ZALANTZA LARRIAK SORTZEN DITUELA ETA KONPLEXUA DELA. ENTITATEEK IRPHan NOLABAITEKO ERAGINA IZAN DEZAKETELA ERE ONARTZEN DU

PLATAFORMAK USTE DU BESTE 30 EPAIAK BAIEZTATUAK IZAN DAITEZKEELA, ETA EDOZEIN MODUTAN AUZITEGI GORENERA
ETA EUROPAKO EPAITEGIETARA IRISTEKO PREST DAGO

Donostia, 2015-1-29

Gaur ezagutu den epai baten bitartez, Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak IRPHa baliogabetu eta Kutxabank bidegabe kobraturikoak itzultzera zigortzen duten 30 epaitetatik lehena atzera bota du.

Premiazko erreakzio honen bitartez, IRPH Stop Gipuzkoa plataformak indize hauek kalteturiko milaka familiei itxaropenerako mezua luzatu nahi die. IRPHaren baliogabetzea, lapurturikoa itzultzea eta desjabeturiko etxebizitzak berreskuratzea helburu duen borrokak aurrera darrai, eta IRPH Stop eta Kaleratzeak Stop plataformen talde juridikoa, Maite Ortiz eta José María Erauskin buru duela, jadanik lanean dabil bide judizialarekin jarraitu eta Epaitegi Gorenera edota Europako epaitegietara ere iristeko.

Epaiaren lehen irakurketa batetan, azpimarragarria egiten da Kutxabanken helegitea ez dela guztiz onartua izan, eta Entzutegi Probintzialak onartzen duela gaiak zalantza larriak sortzen dituela eta berria eta konplexua dela.

Onartezina da Entzutegi Probintzialak, gaiak zalantzak sortzen dizkiola onartu ondoren, kontsumitzailearen aurkako epaia ebaztea, kontsumitzaileek sinaturiko kontratuetan abusuzko klausulen inguruko 93/13/CEE Direktiba urratzen baitu. Europako direktiba horrek argi ezartzen du zalantzarik izan ezkero beti kontsumitzailearen alde egin beharra dagoela. Gainera, Entzutegiak zalantzak dituenez arrazoizkoena Merkataritza Arloko Epaitegiak esandakoa berrestu izana litzateke, gaian aditua baita. Gogoratu behar da Gipuzkoan Entzutegi Probintziala ez dagoela merkataritza arloan espezializatua.

Epaiak dio IRPH Cajas indize ofiziala zela, eta hori ez dute sekula ukatu kaltetuek. Gainera, kaltetuen argudio asko gezurtatu gabe baztertu egiten ditu, salaketan ez zeudela eta aurretiko bistan zehar gehitu zirela ulertzen baitu. Merkataritza Arloko Epaitegiak emandako eta Kutxabankek helegitea jarritako beste 30 salaketek argudio askoz gehiago dituzte, eta beraz oso litekeena da Kutxabankek errekurritu zituen beste 30 epaien kasuan Entzutegi Probintzialak epaiak berrestea.

Bestalde, epaiak dio ez dela frogatu entitateek IRPHarengan influentzia izan dezaketenik, baina horren segidan onartzen du nolabaiteko eragina izan dezaketela. Gauza bat eta bere aurkakoa esate hau guztiz onartezina da. Nolabaiteko eragina izan badezakete, bistan da influentzia izan dezaketela, eta ondorioz banketxeek indize hori inposatzea abusuzkoa eta indarrean dagoen legediaren aurkakoa da.

Entzutegi Probintzialaren jokaeran zalantzak dakusatzagu, eta suposatzen dugu presio handiak izan dituela batere argudio sendorik gabeko epai hau ebazteko.

Arlo politikoan, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak hausnarketarako deia egiten die Kutxabanken jokaeraren erantzule diren PNV, PSE eta PP alderdiei. Herritarron aurrezkiekin eta helburu sozial batekin sorturiko gure aurrezki kutxak hartu duten bidea onartezina da. Gupidarik gabeko banketxe bat da gaur egun Kutxabank, eta herritarrek epaitegietara jo behar dute babes eske. Onartezina da epaitegietako borroka horretan Kutxabankek bere makineria guztia herritarren aurka abian jarri eta epai guztiei helegiteak jartzea, zalantza larriak sortzen dituen gaiak justifikatzen saiatuaz.