IRPH: Europak Gorena zuzendu du berriro, eta kaltetuoi arrazoia eman digu

(Bideoa: duen interesa dela eta, Maite Ortiz eta José María Erauskinen balorazio bideoa gehitu dugu)

IRPH: EUROPAK GORENA ZUZENDU DU BERRIRO ETA ARRAZOIA EMAN DIE KALTETUEI

EUROPAKO EPAI BERRI BATEK DIO ESPAINIAKO AUZITEGI GORENAREN JURISPRUDENTZIA ZUZENBIDEAREN AURKAKOA DELA

MILAKA HERRITARREK BEREN DIRUA BERRESKURA LEZAKETE

AUZITEGI GORENARI IZUGARRI MURRIZTU ZAIZKIO BANKUEI LAGUNTZEN JARRAITZEKO AUKERAK, AGERIKO PREBARIKAZIOAN ERORI NAHI EZ BADU

EPAIAK AGERIAN UTZI DU ESPAINIAKO GOBERNUAK BANKETXEEN ALDE ETA HERRITARREN AURKA ESKU HARTU ZUELA AUZIBIDEAN

IRPH STOP GIPUZKOAK OSO POSITIBOTZAT JO DU GAUR LUXENBURGON EMANDAKO EPAIA

Donostia, 2024-12-12

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IRPH klausulari buruzko epaia ebatzi du gaur berriro, eta bertan Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrera argi eta garbi ezeztatu du.

Epai hau, aurrekoak bezala, Espainiako epaitegi batek, kasu honetan Eva Cerón epaileak, Donostiako (Gipuzkoa) epaitegi batetik bidalitako epaitu aurreko gai bati erantzuteko eman da. Orain arte Europako auzitegiak IRPHari buruz eman dituen epai guztiek arrazoia eman diete kontsumitzaileei, eta hala ulertu dute aurreko galderen egileek; izan ere, Luxenburgoren erantzuna jaso ondoren, kasu guztietan baliogabetu zuten IRPH klausula, abusuzkoa delako. Auzitegi Gorenak, ordea, oso modu irudimentsuan interpretatu ditu Europako epaiak, nahitaez bete beharrekoak baitira, eta orain arte uko egin dio IRPHa baliogabetzat jotzeari.

Europako aurreko epaiek jazarrita, 2020ko azaroan Auzitegi Gorenak onartu zuen klausula ez dela gardena: «klausula ez da gardena, ez baitago jasota erakundeak mailegu-hartzaileei informaziorik eman zienik kontratuan aurreko bi urteetan aplikatuko zen indizearen bilakaerari buruz». Hala ere, errefusatu egin zuen abusuzkotzat jotzea, entitatearen aldetik fede txarrik ez zegoela ulertzen zuelako, horretarako IRPHa indize ofiziala dela argudiatuz.

2022ko urtarrilean, Gorenak bere jarrera aldatu zuen, eta klausula gardena dela esan zuen, IRPHaren balioa eta definizioa BOEn kontsulta daitezkeelako.

Auzitegi Gorenak Europako aurreko epaien inguruan egin dituen interpretazioek prebarikazio salaketak eragin zituzten, baina Probintzia Auzitegi bakar batek ere ez du zalantzan jarri haren doktrina, eta IRPHa baliozkotzeko argudioak kopiatu eta itsatsi besterik ez dute egin. Gorenaren eta probintzia-auzitegi guztien jarrera, gaur ezagutzen den epaia argitaratu arte, Gorenaren baieztapen honetan laburbiltzen da: BOEk «gardentasun-eskakizunak salbatzen ditu, kasu guztietarako». Kontratuak irakurri beharrik ere ez dago.

Orain, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen ekimenez galdetuta, Europatik argitu dute hori ez dela zuzena. IRPH Stop Gipuzkoaren iritziz, Espainiako justiziaren funtzionamendua lotsagarria da eta kalte konponezina eragiten ari da.

Gaur ezagututako epaiak puntuz puntu zuzentzen du Gorenaren doktrina.

Gardentasunari dagokionez, esan du garrantzitsua dela BOEk eta Espainiako Bankuaren zirkularrek haren definizioa eta bilakaera jasotzea, eta argitalpen horiek kontsumitzaileari informazioa emateko bitarteko izan daitezkeela… betiere banketxeak adierazi badio Espainiako Bankuaren zer BOE eta zer zirkular kontsultatu behar dituen. Epaileak, beraz, kontratuak argitalpen horiei erreferentzia zehatza egiten dien aztertu behar du, eta, bestela, kontsumitzaileari kalkulu-metodoa eta indizearen bilakaera azaldu zitzaizkion.

Europak argitu du, gainera, inor harritu ezin duen zerbait: IRPHari buruzko bere aurreko epaietan, bankuak inoiz ez ditu salbuetsi bezeroari Espainiako araudiak eskatutako informazio-liburuxka emateko derrigortasunetik, Europak estatu kideetako legedian aurreikusitako kontsumitzaileen babes-maila handitu dezakeelako, baina inola ere ez murriztu. Ustezko salbuespen hori Gorenaren interpretazio trakets bat besterik ez da… edo behar bezala kalkulatutako maniobra bat, hemerotekari egindako berrikuspen batek aukera ematen baitu 2021eko azaroaren 18an eta 19an, Gorenak 2022ko urtarrilean emandako erabakiaren aurretik, hedabideek hitzez hitz izenburu hau zutela egiaztatzeko: «Europar Batasuneko Epaitekiak IRPHaren baliozkotasuna berresten du bezeroari informazio-liburuxka bat eman beharrik gabe». Gezurra. Espainiako araudiak liburuxka eta eskaintza loteslea eskatzen duen kasuetan, erakundeak horiek eman zituela frogatu beharko du.

Fede onaren eskakizunari dagokionez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak dio, nola ez, IRPH indizea ofiziala izateak ez dakarrela fede onaren presuntzio automatikoa, Gorenak nahi duen bezala. Europako auzitegiak Espainiako magistratuei gogorarazi die profesionalak, fede ona egiaztatzeko, frogatu behar duela ez ziola kontsumitzaileari ezkutatu, ezagutu izan balu iritzia aldaraziko zion informaziorik. Ildo horretan, epaiak azpimarratzen du IRPHa UTB tipoekin kalkulatzeak ordainketak bikoiztea dakarrela. Halaber, diferentzial negatibo bat aplikatu behar zaiola, eta hori gabe mailegua merkatu-moten gainetik egongo dela beti. Espainiako Bankuak hori ohartarazi zien banketxeei, eta erakunde bakar batek ere ez zuen errespetatu ezta jakinarazi ere.

IRPHaren erabilerak erakundeen alde dakarren desorekaren ebaluazioari dagokionez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak hirugarrenez gonbidatzen ditu Espainiako epaileak indize hori eta haren kalkulu-metodoa erabilera zabalduagoko beste batzuekin alderatzera, Euriborrari erreferentzia eginez. Espainiako epaileek argi eta garbi desobeditu dute hori, indizeek etorkizunean izango duten bilakaera aurreikustea ezinezkoa dela argudiatuz. Hala ere, hau erabat faltsua da: matematikoki begi-bistakoa da IRPH duen eta diferentzial negatiborik ez duen mailegu batek merkatuaren batez bestekoaren gainetik jardungo duela beti, eta hori ez da Euriborrarekin gertatzen. Era berean, IRPHa kalkulatzeko, banketxe guztiek emandako datuak hartzen dira, handienetik txikieneraino, emandako datuak haztatzen ez dituen batez besteko sinplea eginez, eta horrek merkatuaren errealitatea islatzen ez duen emaitza ematen du. Euriborra, ordea, entitateen panel adierazgarri batek emandako datuekin egiten da, eta batez bestekotik desbideratutako datuetatik babesten da, % 15 altuena eta % 15 baxuena baztertuz. Estatistika aplikatuko katedradun baten txosten batek ziurtatu zuen IRPH indizea ez dela batere sendoa eta «nabarmen hobetu daitekeena» dela, eta gaineratu zuen «agerikoa eta hutsala» dela erakunde bakoitzak, tamaina edo bolumena gorabehera, IRPHaren hileroko emaitzan «eragiteko gaitasuna» duela, eta gaitasun hori «zehatz-mehatz zifratuta» dagoela.

Epaiak, Gorena zuzentzeaz gain eta bankuen aldeko interpretazio berriei tarterik ez uzteaz gain, eskandalagarria izan arren inor harritu beharko ez lukeen zerbait azalarazi du: Espainiako Gobernua auzian pertsonatu da eta bankuak defendatzeko egin du. IRPH Stop Gipuzkoatik salatu dugun bezala, IRPHa estatu-kontua da, eta Luxenburgon bere aurka irekitako auzietan bankuek beti izan dute Espainiako Gobernuaren laguntza, bai PPren garaian, bai PSOEren garaian. Podemosek eta Sumarrek gobernu horietan parte hartzeak ere ez du aldaketarik ekarri. Kaltedunok argi daukagu bankuei, epaile gehienei eta Espainiako Gobernuari aurre egin behar diegula. Baina argi daukagu arrazoi dugula.

Azkenik, Europako epaiak IRPH klausularen balizko deuseztasunaren ondorioak aipatzen ditu, eta gogorarazten du emaitzak ezin diola inoiz bankuari mesede egin. Ildo horretan, gogorarazi du maileguak ezin badu interes-klausularik gabe jarraitu eta kontsumitzaileak kontratua deuseztatzea nahiago duela erabakitzen badu, bankuak ezin duela maileguan utzitako dirua interesekin berreskuratu. Horrek esan nahi du kontsumitzaileak mailegatutako dirua itzuli beharko lukeela gehienez ere, inolako interesik aplikatu gabe; bankuak, berriz, bezeroak ordaindutako hileko guztiak itzuli beharko lituzke, legezko interesekin handituta. Egoera horretan, kaltetu askok ikusiko lukete beren mailegua bertan behera geratuko litzatekeela eta, gainera, diru-kopuru bat kobratuko luketela.

IRPHaren inguruko Europako epaia abenduaren 12an ebatziko da

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek, IRPHaren aurkako borroka judizialean aitzindari eta aditu direnek, jakitera eman dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IRPHari buruzko epai berria ezagutzera emango duen eguna eta ordua: 2024ko abenduaren 12an izango da, goizeko 9:30tan.

Epaia, beraz, IRPH klausula baliogabetzeko lehen demanda aurkeztu eta 11 urte baino gehiagora iritsiko da. IRPH Stop Gipuzkoa erakundeak 2013ko urriaren 21ean aurkeztu zuen IRPH klausula baliogabetzeko lehen demanda hori, Ortiz eta Erauskin abokatuekin. Orduan, gure abokatuak ergeltzat joak izan ziren klausula honen baliogabetzea eskatzeagatik, baina 11 urte hauetan frogatuta geratu da IRPHa indize kriminala dela eta finantza-erakundeek inposatu izana gehiegikeria hutsa izan zela.

Abenduan ezagutuko dena Europako epaia, aurrekoak bezala, Espainiako estatuko epaitegi batek, kasu honetan Donostiako Lehen Auzialdiko 8. zenbakiko Epaitegiak, igorritako galdera prejudizialei erantzuteko izango da. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IRPHari buruzko bere iritzia eman duen aurreko aldi guztietan, arrazoia eman die kontsumitzaileei, eta haien interesen aldeko irizpideak finkatu ditu. Hala interpretatu dute galderak igorri dituzten epaileek, Luxenburgotik erantzuna jaso ondoren kasu guztietan ebatzi baitute IRPH klausula baliogabea dela. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, ohar horien interpretazio maltzurra eginez, IRPH klausula guztiak ontzat ematea erabaki du, kontratua aztertu ere egin gabe. Horrek prebarikazio salaketak eragin ditu eta abokatu-enpresa ospetsu batek kereilak jarri ditu.

Europako auzitegiak abenduan erantzungo dituen galderen berritasuna da bertan Espainiako Auzitegi Gorena Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurreko epaiei buruz egiten ari den interpretazioa zehazten dela, eta berariaz galdetzen dela interpretazio hori zuzenbidearen araberakoa den. Beraz, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erantzunak atea itxi diezaieke espainiar gorenaren interpretazioei, betiere bankuen aldekoak eta zenbait legelariren ustez irudimen handikoak edota prebariokaziozkoak direnak.

Galderei buruzko xehetasun gehiago jakiteko, gure webguneko sarrera hau kontsulta dezakezu.

IRPHaren inguruko Europako epai berria laister ebatziko da

Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek Kontsumitzaileen Babeserako Aitzindarien Lehen Topaketan parte hartu dute, ekainaren 20an eta 21ean, Oviedon. Erauskinek Espainiako epaile eta auzitegiek banku-kontratazioaren arloan kontsumitzaileen babesean duten utzikeria kritikatu du, eta IRPHaz ere hitz egin du (bideoko 12:45etik aurrera).

Jose Marik iragarri duenez, Luxenburgon bideratzen ari den auzian azkenean ez da ahozko saiorik ezta Abokatu Nagusiaren ondorio izango eta, beraz, Donostiako epaitegi batek igorritako galderei erantzungo dien epaia laster eman beharko litzateke, eta betiere urtea amaitu baino lehen.

Beste behin ere azpimarratu du Europako Batzordeak bere ondorioak aurkeztu dituela eta kontsumitzaileen interesen aldekoak direla eta Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurkakoak.

Gogora dezagun Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak hainbat aldiz epaitu duela IRPH klausula, eta kasu guztietan arrazoia eman digula kaltetuei. Hala ulertu dute aurreko galderak igorri zituzten epaileek, Luxenburgoren erantzuna jaso ondoren kasu guztietan klausula baliogabetu baitzuten abusuzkoagatik. Hala ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu aintzat hartzen epai hauek, eta baliozkotzat jotzen ditu IRPH klausula guztiak, kontratu bakoitzaren baldintzak baloratu ere egin gabe. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak orain erantzun behar dituen galderak Gorenaren jarrera legearekin bat datorren ala ez aztertzera bideratuta daude, eta, beraz, abusu horren aurkako behin betiko kolpea izan beharko lukete.

Berriak Eropako epaitegitik

Bideo honen bidez, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek Europar Batasuneko Justizia Auzitegian IRPH klausularen inguruan jarraitzen ari den prozeduran berritasunak daudela jakinarazi dute. Zehazki, alderdi guztiek beren iruzkinak egin dituztela jakinarazi dute, eta haiek, mandatugilearen abokatu gisa, guztien kopiak jaso dituzte, nahiz eta ez duten horiek argitaratzeko baimenik.

Espainiako Erresuma da kasuan oharrak egin nahi izan dituen estatu kide bakarra. Abokatuek esaten ez badute ere, guk esan dezakegu: Espainiako gobernuak abokatu bati ordaindu dio bankuak defendatzeko eta kontsumitzaileen interesen aurka borrokatzeko. Hori beti izan da horrela, gobernuan dagoen alderdia edozein dela ere, eta uste dugu ez dela aldatuko.

Interesgarriena, dirudienez, Europako Batzordearen idazkian dago, irmotasunez erantzun baitu. Abokatuek pozik daudela diote; beraz, kaltetuek ere pozik egon behar dugu.

Hurrengo urratsa Luxenburgon ahozko ikustaldia egitea izan liteke. Maitek eta Jose Marik esan dute bista hori egin dadila eskatu dutela, baina ez dago bermatuta. Abokatu nagusiaren ondoriorik izango den ere ez dago jakiterik. Eta azken urratsa Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai berri bat litzateke, IRPHari buruzkoa. Gogora dezagun hainbat aldiz eman duela bere iritzia, betiere Espainiako epaileek igorritako epaiketa aurreko gaiei erantzunez. Kasu guztietan arrazoia eman digu kaltetuoi, eta hala ulertu dute auziak igorri zituzten epaileek, kasu guztietan klausula baliogabetu baitzuten abusuzko izateagatik. Hala ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu aintzat hartzen arrazoiak, eta baliozkotzat jotzen ditu IRPH klausula guztiak, haien idazkera edo kontratu bakoitza sinatzeko baldintzak baloratu ere egin gabe. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak orain erantzun behar dituen galderak Gorenaren jarrera legearekin bat datorren ala ez aztertzera bideratuta daude, eta, beraz, abusu horren aurkako behin betiko kolpea izan beharko lukete.

IRPHaren aurkako epaiketa berria izango da Europan

IRPHAREN AURKAKO EPAIKETA BERRIA IZANGO DA EUROPAN

MAITE ORTIZ ETA JOSÉ MARÍA ERAUSKINEK BULTZATURIKO GALDERAK ERANTZUTEKO LANEAN ARI DA EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA EPAITEGIA

DONOSTIAKO LEHEN AUZIALDIKO EPAITEGIAK EUROPAKO EPAITEGIARI HELARAZI ZIZKION GALDEREK AUZITAN JARTZEN DUTE AUZITEGI GORENAK BANKUEN ALDE EGINDAKO INTERPRETAZIOA, ETA BERARIAZ GALDETZEN DUTE HORREN LEGEZKOTASUNARI BURUZ

IRPH STOP GIPUZKOAK USTE DU IRPHAREN AURKAKO BEHIN BETIKO KOLPEA IZAN DAITEKEELA, GORENAREN INTERPRETAZIO MALTZURREI ATEA IXTEAGATIK

Donostia, 2024ko urtarrilaren 26a

Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin abokatu donostiarrek, IRPHaren aurkako borroka judizialean aitzindari eta adituak, aste honetan jakinarazi dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegia beste epaiketa bat izapidetzen ari zaiola IRPHari. Zehazki, jakinarazi dute Europako auzitegiak dei egin diela Donostiako Lehen Auzialdiko 8. Epaitegiaren ekimenez hasitako C-300/23 auzian euren iritzia aurkezteko, eta jadanik erantzun dutela.

Beraz, berretsi egiten da Europako auzitegiak beste erabaki bat hartuko duela indize hori hipoteka-maileguetan aplikatzeari buruz.

Europar Batasuneko Zuzenbidearen interpretazioari buruzko galdera aurrejudizialak aurkezteko aukera jurisdikzio-organoen ahalmena da, eta Europako Auzitegiak gatazka bat nola konpondu behar den argitzeko atea irekitzen du. Bide bera jarraitu zuten Ortizek eta Erauskinek IRPHa lehen aldiz Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eramateko, eta horren ondorio izan ziren Areto Nagusian 2019ko otsailaren 25ean egindako ikustaldia eta 2020ko martxoaren 3ko epaia. Kasu honetan, Eva Cerón epaileak aurkeztu ditu auziak, IRPH aplikatzeagatik Kutxabanken aurka jarritako demanda baten testuinguruan.

Europako Auzitegi batek IRPHari buruzko epaia eman zuen lehen aldi haren ondoren, auzitegi berak gutxienez hiru aldiz ebatzi ditu erabakiak. Horietan guztietan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak arrazoia eman die kontsumitzaileei, eta haien interesen aldeko irizpideak ezarri ditu. Hala interpretatu dute auziak goratu dituzten epaileek, eta europatik jasotako erntzunak aztertu ondoren kasu guztietan ebatzi dute IRPH klausula abusuzkoa dela. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, Luxenburgotik jasotako jarraibideen interpretazio maltzurra eginez, IRPH klausula guztiak baliozkotzeko irizpide bat aplikatzen du, kontratua aztertu ere egin gabe. Horrek prebarikazio-salaketak eragin ditu, eta abokatu talde ospetsu batek kereila bat jarri du.

Eva Cerón epaileak aurkeztutako galderek Espainiako Auzitegi Gorena Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurreko epaiei buruz egiten ari den interpretazioa berariaz zehazten dute. Beraz, Europar Batasuneko Justizia Auzitegia ados dagoen edo ez ikusteko balioko dute, eta bankuei eragiten dieten gaietan beste askotan bezala, Europako auzitegiak berriro zuzendu lezake Espainiako Gorena.

IRPH Stop Gipuzkoatik oso balorazio positiboa egiten dugu ekimenari buruz, eta uste dugu Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak planteatutako gaiei emandako erantzunek behin betiko kolpea eman diezaioketela IRPHari, Gorenaren interpretazio irudimentsu berriei atea itxiko baitiete.

IRPHari buruzko auzi prejudizialak Luxenburgera igortzea albiste ona dela dioen adierazle on bat da Kutxabank aurka agertu zela eta Europari ez galdetzeko eskatu zuela, Gorenak egiten duen interpretazioarekin ados dagoelako. Baina Donostiako epaileak galdetu egin zuen, eta orain baieztatu da Luxenburgo erantzuna prestatzen ari dela.

Cerón epaileak Europako epaitegira igorririko autoa oso ondo oinarrituta dago, eta hainbat xehetasunetan jartzen du arreta: Kutxabankeko kontratuek, beste askok bezala, IRPHaren definizioan alde batera uztea indize hori UTB tipoen batez besteko gisa kalkulatzen dela, eta horrek kontsumitzaileari komisio eta gastuen bikoiztasuna dakarkiola. Gastuen bikoiztasun hori Espainiako Bankuaren zirkular baten xede da. Zirkular horretan, banketxeei ohartarazten zaie beharrezkoa dela IRPHa diferentzial negatibo batekin laguntzea, IRPHari dagozkion maileguak merkatuko prezioaren gainetik egon ez daitezen. Autoak zalantzan jartzen du Kutxabanken fede ona, ez baitu diferentzial negatibo hori aplikatzen, eta, hori gutxi balitz, ez dio kontsumitzaileari jakinarazten bere kontratuak ez duela betetzen Espainiako Bankuaren ohartarazpen hori, eta, beraz, haren mailegua merkatuko batez bestekoa baino garestiagoa izango dela beti. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak orain argitu beharko du erakundeek kontsumitzaileei jakinarazi behar ote zieten Espainiako Bankuaren ohartarazpen hori izan zela (eta ez zela bete).

Epaileak, gainera, beste ondorio gehigarri bat ere sartu du: IRPHa kalkulatzeko, abusuzkoak izateagatik baliogabetzat jo diren elementuak sartu dira, hala nola kontsumitzaileari egozten zitzaizkion gastu batzuk. Donostiako epaitegiak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari galdetu dio ea IRPHa kalkulatzeko erabili diren klausulak baliogabetzat jotzearen ondorioz IRPH klausula bera baliogabe deklaratu behar ote den.

Gardentasun-eskakizunei dagokienez, autoak Europako Epaitegiari jakinarazten dio Espainiako Gorenak erabaki duela IRPH klausula guztiek gardentasun-kontrola gainditzen dutela, Europako Auzitegiaren aurreko epaiek eskatutako egiaztapenak egin beharrik gabe, eta hori zuzena den galdetzen du.

Halaber, Gorenaren beste irizpide oso polemiko batzuetan ere jartzen du arreta, hala nola bankuak kontratuan erreferentziazko indizearen definizio osoa sartzeko eta indize horren aurreko bilakaerari buruzko informazioa emateko duen betebeharretik salbuestea: epaileak galdetu du ea dispentsa horrek baldintzarik gabekoa eta erradikala izan behar duen, Gorenak baieztatzen duen bezala, edo, aitzitik, antzeko informazioa edo baliokidea eman zela egiaztatzera baldintzatuta egon behar duen. Era berean, Espainiako araudiari muzin egiteko arrazoirik ba ote dagoen ere galdetu da, araudi horrek berariaz behartzen baitu informazio hori ematera.

Epaileak Gorenaren kontraesanen berri eman du. Horren arabera, zoru-klausularen gardentasunik ezak klausula abusuzkoa dela ondorioztatzea dakar, baina berdina ez da aplikagarri IRPHarentzat. Izan ere, gogora dezagun Gorenak ezarri zuela, gardentasunik ez izan arren, IRPH klausula ez dela gehiegizkoa. Galdera baliagarria izango da Europak itxurazko kontraesan hori berrikusteko.

Ortiz eta Erauskinek Europara igorririko erantzuna:

Click to access OBSERVACIONES-AL-TJUE-IRPH.pdf