IRPHa baliogabetzen duen epaia Iruñan, honelako epaia ebazten duen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako azkenean

HEGO EUSKAL HERRIKO LAU HIRIBURUETAKO EPAITEGIEK IRPHa BALIOGABETU DUTE ABUSUZKOA DELAKO

IRUÑEKO EPAITEGI BAT IZAN DA AZKENA, KUTXABANK ZIGORTZEN DUEN EPAI BATEN BIDEZ

Donostia, 2017-4-26

Iruñeko Lehen Instantziako 1 zenbakidun epaitegiak IRPHa baliogabetzen duen epai bat ebatzi du, Kutxabank zigortzen duelarik abusuzko indize hau etxebizitza-mailegu batetan aplikatzeagatik. Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuek lortu dute epaia, eta modu honetan Iruñea honelako epai bat ebazten duen Hego Euskal Herriko azken hiriburu bihurtu da.

Donostia izan zen lehena (bai Hego Euskal Herrian eta baita estatu espainiar osoan ere). Bertan IRPH Stop Gipuzkoa plataformak, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen doako laguntzarekin, 30 epaitik gora lortu zituen. Horien artean lehenak 2014ko apirilaren 29ko data du, eta beraz laster izango da hirugarren urteurrena. Baina epai haiek guztiak bertan behera utzi zituen Gipuzkoako Probintzia Epaitegiak. Epaitegi honek IRPHa baliogabetzearen aurkako jarrera du orokorrean. Hala ere, kasu partikular batzuetan Kutxabank kondenatu du, iruzurrezko praktikak egon direla ebatziaz gainera.

Araba eta Bizkaiko kasuetan, bi probintzia auzitegiek berretsi dituzte jadanik IRPHa baliogabetzen duten zenbait epai. Ikuskizun dago Nafarroan zer gertatuko den, baina eztabaida Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko da laster. Bertan erabakiko da IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen kalkuluen arabera estatu osoan 1.3 milioi hipotekatik gora kaltetu ditzakeen interes tipoa abusuzkoa ote den.

Azpimarratzekoa da erakunde askok jadanik azaldu dutela IRPHa abusuzkotzat hartzearen aldekoa dela euren iritzia. Adibidez Gasteizko Legebiltzarrak, zeinak adierazi zuen «IRPH interes-tipoa opakoa dela, banketxeek eragin diezaioketena, merkatuaren errealitatea jasotzen ez duena eta argi-argiro kaltegarria kontsumitzaileentzat, eta abusuzkotzat jo beharrekoa». Hala eta guztiz ere banketxeek (berriz ere zigortua izan den Kutxabank barne) IRPHa aplikatzen jarraitzen dute, ezagunagoa den Euriborraren gainetik egotean ematen dien etekinei eusteko asmoz.

Epaia, Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuei esker, dagoeneko eskuragarri dago gure webguneko Epaitegiak atalean.

Benidorm-eko epaitegi batek Euribor-a eta IRPH-a baliogabetu ditu abusuzko izateagatik

Benidorm-eko Lehen Instantziako 4. Epaitegiak Caixabankek kaleratu nahi zuen familia baten oposizio-idatzia aztertu du, eta Euribor-a eta haren ordezko bezala aurreikusita zegoen IRPH Cajas indizeak abusuzkoa direla ebatzi du. Kontratua aurrez amaitzeko aukera ematen duen klausula ere baliogabetu du. Ondorioz, etxegabetzea bertan behera utzi eta kaltedunei bidegabe kobraturikoak itzultzeko agindua eman du.

IRPHa baliogabetzen duten epaiak dagoeneko oso ohikoak dira, baina Euribor-aren aplikazioa baliogabetzea benetan deigarria da. Epaiak dio nabarmen eta ezaguna dela zenbait banketxe handik Euriborra manipulatu zutela, eta iruzur horrek partikularren mailegu hipotekarioan eragina duen abusuzko praktika bat suposatzen duela, eta kalte-ordainerako eskubidea dutela.

Ondoren, epaiak IRPHa aztertzen du, eta Euribor-a baino kaltegarriagoa dela dio. Autoak gehitzen du IRPHaren ezaugarri direla gardentasun eza eta kontratuan banketxeen alde eragiten duen desoreka, eta abusuzkoa delako baliogabetzen du.

Epai ausarta da zalantzarik gabe, Caixabankek etxegabetu nahi zuen familiarekin justizia egiten duena. Epaia dagoeneko eskuragarri dago gure webguneko Epaitegiak atalean.

IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bizkaian: lau bigarren instantzian eta bi irmo lehen instantzian

Dagoeneko lau dira Bizkaiko Probintzia Auzitegiak IRPH erreferentzia indizea baliogabetuz ebatzi dituen epaiak, Javier Viaña abokatuak emandako epaiak ikusi ondoren IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak baieztatu ahal izan duenez.

2017ko otsailean ebatziak izan diren epai hauekin, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Arabakoarekin bat egiten du, Espainiar estatuan IRPHa erreferentzia indize bezala ezartzea baliogabetzen duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik. Irizpide honek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak duenarekin talka egiten du, Gipuzkoakoa delarik EAEn IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu ez duen bakarra. Bi kasu partikular dira salbuespena, non Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Kutxabank zigortu zuen bezeroei iruzur egiteagatik gaur egun desagerturik dagoen IRPH Cajas indizearen ordez IRPH Entidades aplikatzean.

Bestalde, Barakaldoko Lehen Instantziako Epaitegiak ebatziriko bi epai irmo dira dagoeneko, banketxeak ez baitu helegiterik aurkeztu. Javier Viaña abokatuak lorturiko epaiak dira hauek ere, eta garrantzitsuak dira halaber, orain artean estatu osoan IRPHa baliogabetu eta irmo diren lau epai bakarrik ezagutzen baitziren.

Kasu guztietan IRPH Entidades indizean oinarrituriko interesak itzultzera zigortzen da Banco Popular banketxea.

IRPHaren kaltedun guztientzat oso berri pozgarriak dira. Espainiako Auzitegi Gorenak laster aztertu beharko du gaia, eta indizea baliogabetzearen aldeko argumentuak indartzera datoz Bizkaiko epai hauek guztiak. Izan ere, Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiei helegitea jarri zien Kutxabankek, eta beraz hurrengo borroka garrantzitsua Gorenean izango da.

Aipaturiko epaiak eskuragarri daude dagoeneko gure webguneko “Epaitegiak” atalean, eta esteka hauen bitartez ere bai: AP1, AP2, AP3, AP4, Irmoa.

IRPHa baliogabetzen duten epai berriak Bartzelonan

Bartzelonako probintziatik IRPHa baliogabetzen duten bi epai berri iritsi zaizkigu, eta dagoeneko zintzilikatu ditugu Epaitegiak atalean, IRPHaren inguruko epaien datu-baserik handienean.

Lehenbizikoa Bartzelonako Merkataritza Arloko 3. Epaitegikoa da, eta 2016ko ekainekoa da, nahiz eta guk gaur jaso dugun. Gogoratu kaltetua edota abokatua baldin bazare eta epai bat helarazi nahi badiguzu irphstop@gmail.com helbidera bidali dezakezula. Epai honek Bankiaren mailegu bateko IRPH Cajas indizearen aplikazioa baliogabetzen du. Epailea Isabel Giménez García Anderea da, eta Magistratu-Epailea da.

Bigarren epaia Mataró-ko Lehen Instantziako 1. Epaitegikoa da, eta 2017ko otsailaren 10ko data du. BBVAren mailegu batetan IRPH Cajas indizearen aplikazioa baliogabetzen du, mailegua interesik gabe gelditzen delarik. Epailea Pablo Izquierdo Blanco, hau ere Magistratu-Epailea eta Mataró-ko epaitegietako dekanoa. Epai oso garrantzitsua da. Badakigu komunitate juridikoan epai honen zain jende asko zegoela.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak IRPHa baliogabetu du abusuzkoa delako, estatu osoan hori egin duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Hirugarren Sekzioko bi epaiek IRPH indizea baliogabetu dute. Modu honetan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Arabakoarekin bat egin du, espainiar estatu osoan IRPH indizea baliogabetu duen bigarren Probintzia Auzitegia delarik. Irizpide honek Gipuzkoako Probintzia Auzitegiarenarekin talka egiten du, Gipuzkoakoa delarik EAEn IRPHa abusuzkoa delako baliogabetu ez duen Probintzia Auzitegi bakarra. Izan ere, Auzitegi gipuzkoarrak Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak ebatziriko dozenaka epai utzi ditu bertan behera, IRPHaren aplikazioa ontzat emanez. Salbuespen bakarra bi kasu konkretu lirateke, non Gipuzkoako Auzitegiak Kutxabank zigortu zuen bi familiari iruzur egiteagatik, IRPH Cajas indizea IRPH Entidades-ekin ordezkatu baitzien kontratuan aurreikusia zuten Euribor ordezkoa ez aplikatzeko asmoarekin.

Gipuzkoan Merkataritza Arloko Epaitegiaren eta Probintzia Auzitegiaren artean ematen den aurrez aurreko hau espainiar estatuko beste probintziatan ere errepikatzen da. Izan ere, zenbatezinak dira jadanik merkataritza arloko eta lehen instantziako epaitegiek IRPHaren aurka ebatzi dituzten epaiak, baina orain arte Arabakoa zen irizpide horrekin bat egin zuen Probintzia Auzitegi bakarra.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaiek, IRPH Stop Gipuzkoak eskuratu ahal izan dituenak eta laster gure datu basean zintzilikatuko ditugunak, 2017ko otsailaren 8ko data dute eta Banco Popular banketxea zigortzen dute babes ofizialeko bi etxebizitzen gaineko maileguetan bidegabe kobraturikoak itzultzera. Ñabardura garrantzitsua da, asko baitira IRPHari loturiko mailegua duten babes ofizialeko etxebizitzak.

Orokorrean berri bikaina da IRPHaren kaltedun guztientzat, gure irizpidea indartzen baitu Espainiako Auzitegi Gorenak auzia aztertu beharko duen honetan. Izan ere, Arabako epaiei helegitea jarri zien Kutxabankek, eta hurrengo borroka garrantzitsua Gorenean emango da beraz.

Europako justizia epaitegiaren azken epaiak IRPHaren aurkako argudioak ematen ditu

Azken aldian Europako justiziak benetako justizia egiten duela ikusten ari gara, Espainiako banketxe eta epaileei egurra emanez eta kalteturiko familien itxaropena elikatuaz. Dagoeneko zortzi dira hipoteken inguruko iruzurra eta Espainiako gobernu eta epaitegien konplizitatea salatzen dugunoi arrazoia ematen diguten epaiak. Ezagunena 2016ko abenduaren 21ekoa da, zoru-klausulekin lapurturiko guztia itzultzera derrigortzen duena (hemen ikus dezakezu zer eragin duen IRPHaren kaltedunongan). Azkena berriz 2017ko urtarrilaren 26koa da, eta aldez aurretik kontratua etetearen inguruko klausula baliogabetzen du. Epai hau ere oso garrantzitsua da, PAH elkarteak bere webgunean azpimarratzen duenez 1995 urtetik hona egon diren etxegabetze guztiak bertan behera uzteari atea irekitzen baitio.

Urtarrilaren 26ko epaiak beste gai batzuk ere aztertzen ditu gainera, eta IRPHaren aurkako borroka juridikoan oso erabilgarriak izango diren argudioak ematen ditu. IRPHan aditua den José Maria Erauskin abokatuak, Maite Ortizekin batera borroka honetan aitzindaria denak (biak dira gure plataformaren abokatu boluntario), Facebook-eko bere horman eman zuen ezagutzera berria, eta IRPHaren aurkako borrokan erabiltzeko asmoa dutela gehitu zuen. José María Erauskinek azpimarratzen duenez, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaiak honakoa dio:

En caso de que el órgano jurisdiccional remitente considere que una cláusula contractual relativa al modo de cálculo de los intereses ordinarios, como la controvertida en el litigio principal, no está redactada de manera clara y comprensible a efectos del artículo 4, apartado 2, de la citada Directiva, le incumbe examinar si tal cláusula es abusiva en el sentido del artículo 3, apartado 1, de esa misma Directiva. En el marco de este examen, el órgano jurisdiccional remitente deberá, en particular, comparar el modo de cálculo del tipo de los intereses ordinarios previsto por esa cláusula y el tipo efectivo resultante con los modos de cálculo generalmente aplicados y el tipo legal de interés, así como con los tipos de interés aplicados en el mercado en la fecha en que se celebró el contrato controvertido en el litigio principal en relación con un préstamo de un importe y una duración equivalentes a los del contrato de préstamo considerado.

Testu hori “365/360” klausularen gainean idatzia dago. Interesetan ordaindu beharrekoa handitzeko banketxe batzuk erabiltzen duten metodoa da, izendatzailean urte komertzialaren egun kopurua jarriaz (beraz 360gatik zatituaz) eta zenbakitzailean aldiz hilabete bakoitzak duen egun kopuru naturala erabiliaz (eta beraz 365gatik biderkatuaz). Baina IRPHaren gaira ekartzen badugu, ikusten dugu epaileak kontratuko interes arruntak (hau da, IRPHa) nola kalkulatzen diren aztertu behar duela dio, eta gainera orokorrean erabili ohi diren beste metodoekin alderatu (hau da, Euribor-arekin). Arlo horretan, Euribor-arekin alderatuta IRPHa oso indize kaskarra da, aurrez ere hamaika aldiz azaldu dugunez (eta estatistikan katedradun batek txoten batetan egiaztatu duenez) IRPHaren kalkuluak irregulartasunak baititu eta kontsumitzailearentzat kaltegarria baita. Hau oso garrantzitsua da, izan ere IRPH aurkako salaketak atzera bota dituzten epaile askok indizearen kalkulatzeko modua aztertzeari edota hori kontsumitzaileari jakinarazi ote zitzaion egiaztatzeari uko egin baitio.

Berri oso ona da beraz IRPHari loturiko mailegu bat dugun guztientzat, eta gure kalkuluen arabera estatu espainiarrean 1.3 milioi kasutik gora egon daitezke.