Donostia, 2023/7/13
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur jakinarazi du C-265/22 gaiari buruzko epaia, hipoteka-maileguetan IRPH erreferentzia-indizea aplikatzeari buruzkoa. Epaia erabat aldekoa da indize honen kaltedunentzat, eta belarrietatik tira egiten dio Espainiako Auzitegi Gorenari. Auzitegi Gorenak amaitutzat eman zuen auzia, esanez IRPH mailegu bakar bat ere ezin dela abusuzkotzat jo, eta ez dela beharrezkoa mailegu horiek banan-banan aztertzea.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, bere epaian, berriro zuzendu du Gorenaren irizpidea, eta gogorarazi dio Espainiako epaileek kasu bakoitza aztertu behar dutela, eta, gainera, irizpide argi batzuk ezarri ditu. Irizpide horiek oso tarte txikia uzten dute prebarikazio nabarmenik egin gabe IRPHa baliozkotzat jotzeko.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ez du IRPHa baliogabetu, eta ez du esan epaitutako kasuan haren aplikazioa abusuzkoa izan denik, haren irismenetik kanpo dagoelako. Auzia “epaitu aurreko galdera” gisa iritsi da Europara, hau da, epaitegi batek (kasu honetan, Palma Mallorcakoak) bidaliriko kontsulta gisa. Auzitegiak berak epaiaren berri emateko erabili duen prentsa-oharrean gogorarazi duenez, «epaiketa aurreko igorpenak aukera ematen die estatu kideetako auzitegiei, auzi baten testuinguruan, Batasuneko Zuzenbidearen interpretazioari buruzko galderak egiteko Justizia Auzitegiari». «Justizia Auzitegiak ez du auzi nazionala ebazten, eta auzitegi nazionalak ebatzi behar du auzia, Justizia Auzitegiaren erabakiarekin bat etorriz. Erabaki hori loteslea da antzeko arazoren baten berri duten gainerako auzitegi nazionalak ere».
Behin hori argituta, epaiak irmotasunez erantzuten dio egindako galderari. Galderak zalantzan jartzen zuen IRPHari diferentzial negatiboa aplikatu behar zaiola kontsumitzaileei ezkutatu izana fede onekoa izatea. Galdera horrek 1994ko zirkular bati egiten dio erreferentzia. Zirkular horren bidez, Espainiako Bankuak gogorarazi zuen IRPHak, bere kalkuluan komisioak eta gastuak sartzean, merkatuko prezioaren gainetik jarduten duela eta jardungo duela beti, eta banketxeei adierazi zien diferentzial negatibo bat aplikatu behar zutela anomalia hori konpentsatzeko. Bestela, kontsumitzailea merkatuarena baino prezio handiagoa ordaintzera behartuko luken kontratu bati lotuta geratuko litzateke. Europako Auzitegiak erabaki du Espainiako estatuko epaileei dagokiela egiaztatzea IRPH duten maileguek diferentzial negatiboa dutela. Eta ez badaramate diferentzial negatibo bat, kasuen % 99an gertatzen den bezala, bankuak frogatu egin beharko du kontsumitzaileari jakinarazi ziola bere maileguak ez zuela betetzen Espainiako Bankuaren zirkular bat, eta, ondorioz, batez bestekoa baino garestiagoa izango zela beti.
Espainiako epaitegiek, Gorenak barne, egiaztapen hori egin behar dute orain. 1994ko zirkularra banketxeei zuzendua zen, eta ez kontsumitzaileei, eta horrek argi eta garbi uzten du profesionalak bazuela informazio hori, eta ez zela kontsumitzaileak erraz eskuratzeko modukoa. Banketxeak, egoera horretan, kontsumitzaileari informazio hori ezkutatzeak kontsumitzaileari bestela hartuko ez zuen erabaki bat hartzea eragin ziezaiokeen baloratu behar zuen. Inork sinatuko al luke Espainiako Bankuaren jarraibideen aurkako kontratu bat, jakinik gainera merkatukoak baino baldintza okerragoekin lotzen duela? Bistan da ezetz.
Horregatik esan dezakegu gaurtik aurrera are zailagoa izango dela Espainiako epaile batek IRPH mailegu bat baliozkotzat jotzea, prebarikazio seinalerik eman gabe.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IRPHari buruz ebatzi zuen lehen epaia 2020ko martxoaren 3koa da. Ondoren, beste bi izan dira, gaur ezagutzera eman dena baino lehenagokoak. Aurreko hiru aldietan, gaurkoan bezala, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IRPHa baliogabetzat jotzera behartzen duten irizpideekin erantzun die helarazitako galderei. Hala ulertu zuten galderak igorri zituzten epaitegiek, Luxenburgoko argibideak jaso ondoren klausula baliogabetu baitzuten kasu guztietan. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, interpretazio desberdina egin du beti, eta horrek prebarikazio-salaketak eragin ditu. Gaur ezagutu den laugarren epaiaren ondoren, beti bankuen aldeko jarrera hori justifikatzen oraindik eta zailagoa egingo zaio. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur emandako irizpidearekin Espainiako Gorenak IRPH baliogabetzat jotzen ez badu, are nabarmenagoak izango dira prebarikazioaren susmoak.
Gainera, aipatzekoa da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren bosgarren epai bat egongo dela; izan ere, 2023ko maiatzean, Auzitegiak tramitera onartu zuen Donostiako epaitegi baten galdera sorta bat, Gorenak aurreko epaiei buruz egin duen interpretazioari buruz berariaz eta xehetasun handiz galdetzen duena. Epaiak jadanik badu erreferentzia: C-300/23.
Luxenburgon epaitu diren IRPHari buruzko auzibide guztietan, Espainiako gobernuaren jarrera izan da aldatu ez den beste gauza bat, kasu bakoitzean gobernuan zegoen alderdia edozein zela ere. Kasu guztietan, Espainiako gobernuak auzian parte hartzeko eskubidea erabili du, betiere bankuen interesak defendatuz eta herritarren aurka jardunez. PPk eta PSOEk baliabide publikoak inbertitu dituzte idatzizko zein ahozko alegazioak aurkezteko, Europar Batasuneko Justizia Auzitegia IRPHaren ontasunez konbentzitzen saiatzeko. Baina ez dute arrakastarik izan.
IRPH Stop Gipuzkoatik oso balorazio positiboa egiten dugu gaur ezagutu dugun epaiaz. Milaka familiak gero eta gertuago dute bankuek bidegabe kobratutako kopuruak berreskuratzea. Zoritxarrez, beranduegi izango da indize horrek puztutako interesei aurre egin ezinik etxea galdu duten familientzat. Berandu izango da, halaber, bankuak auzitara eramatera ausartu eta aurkako epai bat jaso duten familientzat, naiz eta gaur berriz ere frogatu den epai horiek kontsumitzaileen babeserako Europako araudia urratzen dutela. Nork konponduko du legearen aurkako epai horiek eragindako kaltea?